Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2024ko abenduaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
5694

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 20koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinen bidez onartzen baita «Altza – Galtzaraborda tartearen elektrifikazio proiektua».

EAEko Trenbide Sarearen Gipuzkoako Lurralde-Plan Sektorialaren aldaketak, Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2005eko urtarrilaren 25eko Aginduaren bidez hasieran onartua, Altza auzoan (Donostia / San Sebastián) geltoki berri bat ezartzea aurreikusten du, baita Pasaiako geltokia lekuz aldatzea ere, traza berri eta lurpeko baten arabera.

Beste aukera batzuk jasotzen zituzten azterlanen ostean, 2010eko uztailean «Herrera eta Altzako geltokien arteko bikoizketari eta Altza/Pasaiako geltoki berriari buruzko Informazio Azterlana» egin zen. Azterlan horretan Herrera eta Galtzarabordako geltokien arteko bikoizketa sartzen da, eta Dostialdeko metroaren zati izango da.

2012ko otsailean amaitu zen Herrera-Altza tartearen eraikuntza-proiektua, dagoneko lanak amaituta daude, eta tartea martxan dago.

2014ko abenduan Altza-Galtzaraborda tartearen eraikuntza-proiektua idazten amaitu zen. Proiektuaren barruan sartzen dira aurreko zatiarekin lotzen den lineako tunela (Altzako geltokiaren maniobra-gunetik) tartearen amaieraraino, Sasuategui kaleko larrialdi-irteera eta Pasaiako eta Galtzarabordako geltokiak (azken hori oinarrizko proiektuaren mailan, hurrengo zatiarekin koordinatzeko).

Gaur egun, Altza-Galtzaraborda tartea eraikitzeko lanak martxan daude.

Obra zibilari dagozkion azterlanek eta proiektuek ez dute barne hartzen geltokiko eta trenbideko instalazio elektrikoen definizioa, eta beharrezkoa da instalazioen proiektuak diseinatzea horiek behar bezala definitzeko.

Arestian azaldutakoaren ondorioz, beharrezkotzat jotzen da Altza-Galtzaraborda tarteko instalazio elektrikoen, ekipoen eta trenbide-instalazioen proiektuak ETSren sarean erabilitako diseinu- eta egikaritze-irizpideei jarraiki egitea, eta proiektu honen xedea elektrifikazio-sistema definitzea da.

Proiektua Euskal Trenbide Sareak (ETS) eskatuta idatzi da, eta Altz-Galtzaraborda tartea elektrifikatzeko proiektua gauzatzeko behar den ekipamendua aztertzea, definitzea eta baloratzea du helburu.

Proiektu honen baitan katenaria zurruna jartzea aurreikusten da, Altzako geltokian egungo linea amaitzen den gunetik Galtzarabordako azaleran dagoen egungo geltokiaren ondoan egin berri den trenbide bikoitzeko tunelaren irteeraraino. Era berean, Galtzarabordako estazioaren inguruan lehendik dagoen elektrifikazioa (eredu konbentzionala) egokitzea aurreikusten da, trenbidearen konfigurazio berria kontuan hartuta.

Proiektu honen helburua da, halaber, Pasaiako geltoki berrian jarri beharreko katenariaren ebakigailuak zehaztea eta Altzako geltokian daudenak handitzea. Ebakigailu berriak ETSko katenaria ebakigailuen teleaginte-sisteman sartzea ere aurreikusten da.

Altza-Galtzaraborda tartearen elektrifikazioak zerbitzuan dagoen Donostialdeko Metroaren gainerako linearen antzeko ezaugarriak ditu. Linea hori lurpekoa da eta katenaria zurruna du unitateak elikatzeko. Hona hemen tarte horretako elektrifikazioaren ezaugarri orokorrak:

• Tren-unitateak aireko kontaktu-linearen bidez elikatzen dira.

• Unitateen elikadura-tentsio nominala 1.500 Vcc-koa da.

• Katenariaren diseinu-abiadura 80 km/h-koa da.

• ETS motako azpiegituraren galiboa hartzen da galibo gisa.

• Aireko kontaktu-linea elikatzeko, ibilbidean zehar azpiestazio batzuk banatzen dira. Aireko kontaktu-linea elektrifikazio-sektoretan banatzen da, eta sektore horiek konektatzen diren azpiestazioak zehazten ditu.

• Trakzioko itzulera-sistema errei bitartez egiten da.

• Trenbide bakoitzaren aireko kontaktu-linea modu independentean elikatuko da, eta lineak ez daude elkarren artean konektatuta. Kasu berezietan bi katenariak konekta daitezke matxurarik izanez gero linearen funtzionaltasun handiagoa lortzeko, eta horretarako by-pass ebakigailuak instalatzen dira.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua milioi bat bederatziehun eta hemeretzi mila eta bi euro eta bederatzi zentimokoa da (1.919.002,09). Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua bi milioi zazpiehun eta hirurogeita hiru mila ehun eta hirurogeita hamaika euro eta hamaika zentimokoa da (2.763.171,11) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bi milioi berrehun eta laurogeita hiru mila seiehun eta hamabi euro eta berrogeita bederatzi zentimokoa da (2.283.612,49) BEZa kanpo.

Obrak egiteko bederatzi (9) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi dute proiektua eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Altza-Galtzaraborda tartearen elektrifikazio proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bi milioi zazpiehun eta hirurogeita hiru mila ehun eta hirurogeita hamaika euro eta hamaika zentimokoa da (2.763.171,11) da, eta obrak egiteko epea bederatzi (9) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 20a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala