Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2024ko abenduaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
5693

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 20koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Topoaren saihesbidearen seinaleztapen proiektua».

Aurreko Etxebizitza, Garraio eta Herri Lan Sailak Donostialdean dauden trenbide-lineak errendimendu altuko lurpeko trenbide-linea bilakatzeko jarduerak zehaztea eskatu zion ETSri.

Premisa horiei jarraituz, 2009ko urrian ETSk Donostiako Metroaren Azterlan Informatiboaren idazketa esleitu zuen. Aipatutako kontratuaren barruan, lanak zenbait azterlan independentetan banatu ziren:

• Donostiako Metroaren funtzionaltasunaren eta eskariaren azterlana.

• Lugaritz-Anoeta tartearen Azterlan Informatiboa.

• Loiolako Erriberetako Trukatzailearen Azterlan Informatiboa.

• Irun-Hondarribia tarteko Azterlan Informatiboa.

Ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Lugaritz eta Morlans arteko linea berriaren oinarrizko diseinua berriz aztertzeko erabakia hartu zuen. Aldaketa horren ondorioz, Lugaritz – Easo tarteari buruzko azterlan informatibo berria idatzi eta izapidetu behar zen. Obra zibileko kontratu horrek ez ditu instalazioak barne hartzen, eta proiektuak idatzi behar dira horiek definitzeko.

Ondorioz, seinaleztapen proiektua idaztea beharrezkoa da.

Proiektuaren helburua Topoaren saihesbidean egin beharreko jarduerak zehaztea da, Lugaritz (orain dagoena) eta Easo (eraiki berria) geltokien arteko eraikuntza berriko adarra seinaleztatzeko.

Horretarako, definituko dira: eraikuntza-prozesuak, egin beharreko jardueren zerrenda, instalatu (edo kendu) beharreko elementuen deskribapena, elementu horien guztien arteko integrazioa, eta ekonomia- eta ingurumen-baldintzen definizioa, bai eta segurtasun eta osasun-arlokoak ere.

Bereziki, proiektuaren helburua hau izango da:

• Trenbide bikoitz banalizatu eta elektrifikatuko adar berria ustiatzeko baldintzak ezartzea.

• Lugaritzeko estazioan Bentaberriko geltokiarekin lotuta dauden ustiapen-baldintzen gaineko eraginak identifikatzea, eta horiek erabiltzeko baldintza berriak ezartzea.

• Bide-adar berrian eta ukitu diren eremuetan, alboetan, seinaleak jartzea, EuskoTreneko Zirkulazio eta Seinaleen Araudiaren arabera.

• Alboko seinaleztapen horren gainean trenak detektatzeko sistema bat definitzea, linearen gainerako zatiekin.

• Tokiko aginte-postutik eta Amarako aginte-postutik ibilbideak egin ahal izatea.

• Orratzak mugitu ahal izatea, bai zelaitik, bai lehen aipatutako tokiko aginte-postutik edo Amarako aginte zentraleko postutik.

• Maniobra araubideko ibilbideen segurtasuna handitzea, talonamendu edo bestelako irregulartasunen ondorioz trenen bat errailetatik ateratzen denerako.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi berrehun eta laurogeita zazpi mila seiehun eta hogeita zortzi euro eta hamabi zentimokoa (2.287.628,12) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hiru milioi berrehun eta laurogeita hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita hamabost euro eta hirurogeita hamalau zentimokoa (3.293.955,74) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: hiru milioi berrehun eta laurogeita hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita hamabost euro eta hirurogeita hamalau zentimokoa (3.293.955,74), BEZa barne.

Obrak egiteko hamalau (14) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa hauei buruz: beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzea, edukia, sinadurak eta alderdi formalak, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiak eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukia.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Topoaren saihesbidearen seinaleztapen proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi berrehun eta laurogeita hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita hamabost euro eta hirurogeita hamalau zentimokoa (3.293.955,74) da, eta obrak egiteko epea hamalau (14) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 20a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala