Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2024ko abenduaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
5692

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 20koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinen bidez onartzen den «Altza-Galtzaraborda tarteko instalazioen proiektuak. I. lotea: seinaleztapen-proiektua».

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egin duen jarduketetako bat Donostia-Hendaia linearen pixkanaka bikoiztea da, Donostiatik hasita, eta zatika aurrera eginez, trenbidearen metropoli-eremua eta, ondorioz, eskaintza handitu ahal izateko.

2007ko uztailean, Herrera-Galtzaraborda tartean trazadura-alternatibak aztertzeari ekin zitzaion, eta dokumentua 2008ko azaroan entregatu zen. Dokumentu horren helburua Donostia-Hendaia linearen funtzionamendua hobetzea zen, bai eta salgaien trafikoa sustatzea ere, salgaiak eta bidaiarien trafikoa batera egotea arrazionalizatuz, eta Lurraldearen Arloko Planaren aldaketan formulatutako irizpideak eta helburuak bereziki kontuan hartuz. Proposatutako alternatibaren ondorioz, Herrerako eta Altzako geltokien arteko bikoizketa beharrezkoa da.

2009ko martxoan, EBAOn argitaratu zen Altza/Pasaiako trenbidea bikoizteko eta geltoki berria egiteko informazio-azterlana idazteko zerbitzuaren lizitazioa, eta 2009ko irailaren 11n esleitu zen. Bertan, aurreko azterlanak egin bitartean agerian utzi ziren baldintza guztiak berrikusi ondoren, Herrerako eta Galtzarabordako geltokien artean egin beharreko jarduketaren behin betiko konponbidea definitu eta zehaztu zen.

Informazio-azterlana jendaurrean jarri zen 2010eko azaroaren 23an.

2012ko martxoaren 22ko Ebazpenaren bidez, Ingurumeneko sailburuordeak proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenaren alde egin zuen.

2012ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez, Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeak behin betiko onartu zuen «Herrerako eta Galtzarabordako geltokien arteko bikoizketari eta Altza-Pasaiako geltoki berriari buruzko informazio-azterlana».

2011ko ekainean, Herrera-Altza tarteko eraikuntza-proiektua idazten hasi ziren, eta 2012ko otsailean amaitu zuten.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2012ko maiatzaren 10eko Ebazpenaren bidez, Donostialdeko metroa eraikitzeko proiektua onartu zen. Herrera-Altza tartea.

2012ko ekainean, ETSk Donostialdeko Metroaren Altza-Galtzaraborda tartearen eraikuntza-proiektua idazteko zerbitzua kontratatzeko lehiaketarako deialdia egin zuen. Lehiaketa irabazi zuen enpresak 2014ko urrian eman zion ETSri tartearen eraikuntza-proiektua.

2021eko urtarrilaren 28an, Euskal Trenbide Sarea erakundearen Kontratazio Batzordeak «Donostialdeko Metroaren Eraikuntza-proiektuaren araudia egokitzeko eta eguneratzeko zerbitzua. Altza-Galtzaraborda tartea» izenekoaren espedientea hastea eta lizitazioaren gastua onartzea onartu zuen.

Egokitzapen Proiektu aldatua 2021eko martxoan entregatu zitzaion ETSri, eta hori da obra zibilaren azken erreferentea ondorengo instalazioetako proiektuetako jarduketetarako.

2021eko ekainean, lehiaketa publikoa deitu zen tarte berriko instalazio guztien proiektuak egiteko, lau lotetan banatuta:

1.– I. lotea: Seinaleak;

2.– II. lotea: Komunikazioak;

3.– III. lotea: Elektrifikazioa;

4.– IV. lotea: Instalazio elektrikoak eta ekipoak.

Lau lote horietatik, Idom Consulting, Engineering, Architecture, S.A.U.-ri esleitu zaio I. lotea, dagokigun proiektuari dagokiona.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi laurehun eta hirurogeita hamar mila zortziehun eta berrogeita hamabost euro eta hirurogeita lau zentimokoa da (2.470.855,64). BEZa barne hiru milioi bostehun eta berrogeita hamazazpi mila zazpiehun eta laurogeita bost euro eta hiru zentimokoa da (3.557.785,03); eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bi milioi bederatziehun eta berrogei mila hirurehun eta hamazortzi euro eta hogeita bat zentimokoa da (2.940.318,21), BEZa kanpo.

Obrak egiteko hamabi (12) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektuak xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea «Altza-Galtzaraborda tarteko instalazioen proiektua. I. lotea: seinaleztapen-proiektua». Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi bostehun eta berrogeita hamazazpi mila zazpiehun eta laurogeita bost euro eta hiru zentimokoa da (3.557.785,03) da, eta obrak egiteko epea hamabi (12) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 20a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala