Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2024ko abenduaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5691

AGINDUA, 2024ko azaroaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dirulaguntzak emateko dena, ikastetxe publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko plaza berrien azpiegitura-gastuak finantzatzeko, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (NextGenerationEU).

NextGenerationEU funtsak eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP).

NextGenerationEU finantza-tresna Europako Kontseiluak onartu zuen 2020an, eta haren elementu nagusia Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) da. Mekanismo horren helburua da Europar Batasuneko estatuen inbertsio eta erreformei laguntzea, suspertze jasangarria eta erresilientea lortzeko, eta, aldi berean, Batasuneko lehentasun ekologiko eta digitalak sustatzea.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana da Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak datozen urteetan egingo dituen jarduketak planifikatu eta garatzeko oinarrizko erreferenteetako bat; plan horri esker, zenbait ekintza ezarri ahal izango dira hezkuntza eta ezagutza, etengabeko prestakuntza eta gaitasunen garapena eraginkortasunez sustatzeko.

Ildo horretatik, Ministerioak erreforma- eta inbertsio-proiektuak diseinatu ditu giza kapitala indartzeko; izan ere, giza kapitala funtsezkoa da inbertsio- eta erreforma-planak nahi den eragina izan dezan, bai epe laburrean jarduera sortzen, bai epe ertain eta luzera ekonomiaren eta lan-aukera berrien egitura indartzen.

Suspertze Planeko palanka-politiketan, eta zehazki, VII. palankan (Hezkuntza eta ezagutza, etengabeko prestakuntza eta gaitasunen garapena), 21. osagaia dago: hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra barne. Esparru horretan garatu du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak (HLHM) Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea sustatzeko lurralde-lankidetzako programa, titulartasun publikoko plaza berriekin (batez ere, 1 eta 2 urteko haurrentzat).

Programa hori eta programako jarduketak gauzatzea eta garatzea autonomia-erkidegoei dagokie, dituzten eskumenen arabera. Lurralde-administrazio horien protagonismoa bat dator, gainera, EBko funtsak exekutatzeak iradokitzen duen kogobernantza-espirituarekin; hori gorabehera, autonomia-erkidegoek jarduketa horiek arrakastaz gauzatu ahal izateko finantza-baliabideak behar dituzte.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko Kontseiluaren exekuzio-erabakiak (Council Implementing Decision-CID) ezartzen duenaren arabera, hau da CID helburua: «309 helburua»: Haur Hezkuntzako lehen ziklorako plaza berriak sortzea. Deskribapena: Haur Hezkuntzako lehen zikloa sustatzea, titulartasun publikoko plaza berriak sortuta (eraikin berriak edo zaharberritzea/birgaitzea eta ekipamendua, gutxienez, 60.000 plazatan –2020 amaierarekin alderatuta–, eta gastu operatibo horietatik, gehienez, 40.000 plaza, 2025era arte).

Programaren azken xedea da haurrek Haur Hezkuntzako lehen zikloan plaza irisgarria, eskuragarria, inklusiboa eta kalitate handikoa izateko duten eskubidea zabaltzea, Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko plaza berriak sortuta (batez ere, 1 eta 2 urtekoentzat).

2004ko azaroaren 19an, azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua argitaratu zen, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena (2., 3., 4., 5., 6. eta 11. artikuluak eta lehenengo, bigarren, hirugarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak). Azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan. Horrela, bada, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak, tarte horietako eskaintza betetzeko lehentasun-irizpideen artean, ezartzen du titulartasun publikoko haur-eskolak sustatu behar direla, egungo eskaintza sendotuz.

Hezkuntzako sailburuaren martxoaren 19ko Aginduaren bitartez, lehenengo deialdia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dirulaguntzak emateko, ikastetxe publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko plaza berrien azpiegitura-gastuak finantzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, lehia bidezko konkurrentzia-prozeduraren bitartez.

Deialdia Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartutako Hezkuntza Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartu zen, eta Sailaren euskadi.eus webgunean argitaratu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez. Deialdi hau 2025. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoko da, aurreko deialdiaren beharrizan eta helburu berari erantzuten dion heinean.

Lehenengo deialdia ebatzi ondoren, egiaztatu da zenbait udalek ez zutela eskabiderik aurkeztu, ezarritako epearen barruan aurkezterik izan ez zutelako; halaber, egiaztatu da ez dela esleitu eskuragarri dagoen kreditu guztia. Ondorioz, Haur Hezkuntzako lehen zikloko plaza berrien sorrera ahalik eta modu eraginkorrenean sustatzeko, bigarren deialdi hau egingo da, segidako konkurrentziaren bidez.

Deialdi hau izapidetzeko, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 39. artikuluan eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 3.1.c) artikuluan ezarritakoa beteko da –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa da agindu hori–; izan ere, kreditu egokia eta nahikoa dago aurrekontuen 2025eko eta 2026ko ekitaldietan. Era berean, kontuan hartuko da Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 39. artikuluan xedatutakoa: «hurrengo ekitaldietako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea egiteko aukera ezartzen da, gastu-konpromisoa formalizatzeko fasera arte, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eta REACT-EU programatik datozen funtsekin finantzatzen den edozein espedientetarako, xede horretarako erabilitako tresna edo negozio juridikoa edozein dela ere».

Hori dela eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei laguntzak emateko deialdia onartzea eta oinarriak ezartzea, 2021eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean sortutako titulartasun publikoko Haur Hezkuntzako lehen zikloko plaza berrien azpiegitura-gastuak finantzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek prozedura-gaietan arautzen ez duenerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Baimena ematen zaio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, agindu hau betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntza Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 26a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala