Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2024ko abenduaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5660

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Lazkaoko osasun-zentroaren plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko abuztuaren 6an, Lazkaoko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Lazkaoko osasun-zentroaren plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia jasotzen zuen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko irailaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Lazkaoko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Lazkaoko osasun-zentroaren plan berezia (aurrerantzean, plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lazkaoko osasun-zentroaren plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Eduki hau jasotzen du:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua Lazkaoko erdigunean dago, «Erdigune» 9. hirigintzarako esku-hartze eremuaren barruan. Eremu horren azalera 39.335,00 m2 da eta zenbait zuzkidura-ekipamendu daude bertan; osasun-zentroa, besteak beste.

Zehazki, osasun-zentroak 762 m2-ko lurzatia hartzen du hiri-lurzoruan, «h.10 Ekipamendu komunitarioko lurzatiak» eta «f.10 Hiri-espazio libreak» kalifikazioarekin, Lazkaoko Hiri Antolaketako Arauetan (2009ko otsailaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 33. zenbakian argitaratu ziren).

Azken urteotan, Lazkaoko biztanleriak eta osasun-zentroak zerbitzua ematen dien beste udalerri mugakide batzuetakoak ere gora egin dute; eta herritarrek eskatutako osasun-zerbitzu berriak ezarri dira. Hortaz, egungo instalazioak ez dira nahikoak. Hori dela eta, egungo instalazioak eraitsi eta eraikin berri bat egin nahi da toki berean, eraikuntza-profil honekin: sotoko solairua eta goiko hiru solairu izango ditu, 845,00 m2-ko oinplanoa eta 2.535,00 m2-ko sabai eraikigarria sestra gainean. Horretarako, beharrezkoa da osasun-zentroak gaur egun hartzen duen lurzatia ondoko lursail urbanizaezinetara zabaltzea eta, beraz, Lazkaoko egiturazko plangintzaren indarreko dokumentua aldatu beharko da.

Planteatutako beharrei ahalik eta lasterren erantzuteko, lehen fase bat definitu da, eta, anbulatorioaren eraikinak hartzen duen hiri-lurzoruan, beste eraikuntza bat antolatu da osasun-zentrorako. Plangintza orokorra aldatu ondoren, bigarren zabaltze-fase bati ekingo zaio.

Planak aipatutako lehen faseari erantzuten dio, eta eraikin berriaren lerrokadurak eta sestrak xehetasunez antolatzea du helburu. Planak sotoko eta sestra gaineko hiru solairuko profila duen eraikin bat proiektatzen du; 348,00 m2-ko oinplanoa eta 1.050,00 m2/(t)-ko sabai eraikigarria izango ditu –egungo eraikinarena 501 m2(t)-koa da–.

Eraikina Urbaraundi errekatik (ibilgu estalia) 5 metrora dago, eta planoetan definitutako sestratik zenbatzen hasita 12 metroko gehieneko altuerarekin planteatzen da –muga horretatik salbuetsita daude haien izaera eta aurreikusitako erabileragatik garaiera handiagoa izan behar duten elementuak–. Planak jarduera-esparruan dauden azpiegitura guztiak mantentzen ditu. Energia elektrikoaren, argiteria publikoaren, telekomunikazioen eta gas-banaketaren sareak eginda daude. Saneamendu-sare berria, banatzailea izatea aurreikusten dena, inguruan dauden kolektoreekin konektatu arte zabalduko da.

Ez da ezagutzen lur-mugimenduaren azken balantzea, baina, soto bat egiteko indusketen aurreikuspena kontuan hartuta, soberakinak sortuko dira.

Plana garatzeko, Hirigintza-jarduketako Programa (HJP) eta, dagozkion eraikuntza- eta urbanizazio-proiektu osagarriak aurreikusten dira.

Planak 0 alternatiba edo «ez esku-hartzea» eta antolamenduko bi alternatiba biltzen ditu, 1. eta 2. alternatibak izenekoak. 0 alternatiba baztertu egiten da, administrazioak ezin duelako funtsezko zerbitzu bat, zehazki, osasun-zerbitzua eskaini, hazten ari den biztanleriaren eskakizunetara egokitutako baldintzetan. 1. alternatiba, zeina lehendik dagoen eraikinari profila handitzea eta hura mantentzea baita, baztertu egiten da eraikinaren egiturazko bateraezintasun teknikoengatik; altuera handitzea eragozten dute. Azkenik, lehendik dagoen eraikin osoa eraistea erabaki da, lurzati eraikigarri berri bat utziz, soto-solairuko eta sestra gaineko hiru solairuko profila izango dituena (2. alternatiba).

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planaren Hirigintza-jarduketako Programa (HJP) baten bidez eta dagozkion urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez egitea aurreikusten da; era berean, dagozkion obra-lizentziak lortuko dira.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokaleku, izaera, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak anbulatorio eraikin berria agintzen du gaur egun osasun-zentro gisa erabiltzen den lurzatiaren barruan, indarrean dauden Lazkaoko Hiri Antolaketako Arauen arabera. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: urak, zarata eta kutsadura akustikoa, soberakinen kudeaketa, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak 762 m2-ko lurzoru artifizializatua du, Lazkaoko osasun-zentroaren eraikina hartzen duena. Eraikin horren zati batek beheko solairuko profila du (zaharrena), eta gainerakoak (geroago erantsia) bi solairuko profila.

Eremua «Oriako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017), eta Urbaraundi errekaren ezkerreko ertzean dago, zeinak ubide estalia baitu, eta Agauntza ibaira isurtzen da, eremutik 75 bat metrora ibaian behera. Lurzatia Agauntza ibaiaren zaintza-eremuan dago eta, ekialdeko mugan, Urbaraundi lurpeko errekastoaren zortasun hidraulikoko eremuan. Eremuak ez du barne hartzen Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

Porositatea dela eta, iragazkortasun ertaina duten alubioi-metakin eta alubioi-kolubialei dagokie litologia. Lurzoruak antropizatuak dira, eta ez dute balio agrologikorik.

«Hegoaldeko antiklinorioaren» lurpeko ur-masaren gainean dago eta, oro har, egoera onean dago. Eremua bat dator aipatutako lurpeko ur-masaren Beasaingo laugarren sektorearekin eta interes hidrogeologikoko eremuarekin, nahiz eta eremuan akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia izan.

Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-zonek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute, eta ingurumen-dokumentu estrategikoak berresten du hori.

Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako eremurik ere. Dirudienez, eremuan dagoen fauna hiri-inguruneetara egokitutako espezie arruntak dira.

Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere.

Planaren xede den lurzatian ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik. EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren arabera (EJ, 2005), Ordiziako ikuspen-arroan dagoen eremuak oso hiri-paisaia gizatiartua du ezaugarri.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibaiaren uholde-arriskurik, eta planaren eremua Urbaraundi errekaren zortasun-eremutik kanpo geratzen da, baina Agauntza ibaiaren zaintza-eremuaren barruan; halaber, ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziak eragindako arriskurik. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, planak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jaso du, eta horren arabera aldi guztietan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak beteko dira, bai gaur egungo egoeran, bai etorkizunekoan.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, eraikin berria eraikitzeko obrak egitearekin lotuta daude planaren ondorio nagusiak, zehazki, hauek: lurzorua okupatzea, hondakinak sortaraztea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar; hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean.

Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, planaren eraginak ez dira oso handiak izango oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada (bereziki, urei, zaratari eta kutsadura akustikoari eta soberakinen, hondakinen, isurketen kudeaketari buruzkoa) eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Lazkaoko osasun-zentroaren plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera gauzatuko dira, bai, halaber, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, baita ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera ere.

Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.

Planak esplizituki jasoko du eraikuntza-/urbanizazio-proiektuak «zaharberritze-proiektua» izan behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen, eta non jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango duen, aurrekontua barne.

Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin.

Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio maileguak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak balorizazioari. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Gainazaleko urak babesteari buruzko neurriak.

Eremua Agauntza ibaiaren zaintza-gunean dagoela kontuan hartuta, edozein obra edo lan egiteko arroko erakundearen aldez aurreko administrazio-baimena beharko da, kasu honetan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena. Uraren Euskal Agentzian izapidetuko da.

Saneamenduari dagokionez, URA-Uraren Euskal Agentziaren txostenaren arabera, eremuko hondakin-urak Goierriko Saneamendu Sistema Orokorrean sartu beharko dira, Legorretako Gaikao HUAn tratatzeko.

Gainera, agentziak gogorarazten duen legez, jabari publiko hidraulikoa kutsa dezaketen euri-urak isurtzeko baimen-prozedura bete beharko da, kasu honetan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren aurrean.

Azkenik, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 48. artikuluaren arabera, hirigintza-garapen berriek behar-beharrezkoa diren azaleretara mugatu beharko dute zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dituzte (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abar); lehendik zegoen egoeraren aldean jariatze-urak ugaritzen badira, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko dute sistema horien bitartez, planean aurreikusita dagoen bezala.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; uretara ezer isurtzea eragoztea; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarrak aztoratzen dituzten jarduerak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak aldi batean pilatzeko guneak, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko eremuak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Lazkaoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

– Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea eta/edo sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Lazkaoko osasun-zentroaren plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Lazkaoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Lazkaoko osasun-zentroaren plan berezia onesten lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroak 19.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala