
239. zk., 2024ko abenduaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (267 KB - 12 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5644
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Durangoko «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko abuztuaren 8an, Durangoko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Ingurunet sistemaren bidez, «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko irailaren 17an, Euskadiko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Durangoko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok egin ahal izan zitzan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Durangoko «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Durangoko «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremuak 2.591,00 m2-ko azalera hartzen du, Durangoko hirigune historikoaren hiri-lurzoruan dagoena; lursail nahiko laua da, eta honako muga hauek ditu: ekialdean, Mañaria ibaia; mendebaldean, Ermodo kalea eta udalerriko hiri-bilbean finkatutako etxebizitza-eraikinak; hegoaldean, BS+4 eta BS+5 etxebizitza kolektiboko bizitegi-eraikinak, zeinetara Montevideo kaletik sartzen baita; eta iparraldean, antzinako trenbide-trazadura, orain udal-espazio publikoa dena. «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Durangoko hiri-bilbean dago, sartuta eta ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbidea du. Halaber, oinarrizko elementuak ditu: ura, saneamendua, elektrizitatea eta telefonia; izan ere, bizitegira bideratutako eta hirigintzaren aldetik garatutako lursailez inguratuta dago.
Planaren xedea hiri-lurzoruko lurzati hori xehetasunez antolatzea da, indarrean dagoen hirigintza-araudira (2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) eta erabilera berrietara egokitzeko. Xede hori indarrean dauden arau subsidiarioetan agertzen da. Antolamendua, gainera, legeria akustikoak, hidraulikoak eta irisgarritasuna sustatzekoak baldintzatzen du, bai eta eraikinaren inguruan oinezkoentzako espazio bat sortzeko asmoak ere. Espazio horrek eremuko elementu bereziak hartuko ditu bere baitan (Mañaria ibaia, trenbidearen trazadura zaharraren ardatz berdea eta zuhaitz autoktonoak).
Antolamendu-proposamenak ondoko bi eraikinetan biltzen du bizitegirako hirigintza-aprobetxamendu osoa, eta, hala, bolumen jarraitua osatzen da. Eremuaren mendebaldean dagoen eraikinak, Ermodo kalearen ondoan, sustapen libreko etxebizitzak hartuko ditu; aldiz, eremuaren ekialdean dagoenak, babes publikoko etxebizitzak hartuko ditu. Etxebizitza libre kolektiboko azpieremuaren azalera 1.010,05 m2-koa da, eta BOE eta PTE erregimeneko etxebizitza kolektibora bideratutako azpizona 253,70 m2-koa.
Eraikinak BS+4+At profila du (lerrokadurak lerrokadura nagusitik atzeraematen dira, dokumentazio grafikoan ezartzen denaren arabera), eta 13 metroko eraikuntza-hondoa du (11 metro atikoan). Guztira, eta gehienez ere, honako hau aurreikusten da: 38 etxebizitza berri, 28 etxebizitza libre, babes ofizialeko 5 etxebizitza eta prezio tasatuko beste 5, 4.334,80 m2-ko sabai-azaleran. Bizitegitarako sabai-azalerari 319 m2-ko sabai-azalera gehitzen zaio, merkataritza-erabilerarako.
Sekzioetatik ondorioztatzen denez, Planak sestra azpian 2 solairu aurreikusten ditu gehienez. Ildo horretan, Planaren Hirigintza Arauen 17.6 artikuluak adierazten duenez, sestra azpiko solairuen gehieneko eraikuntza-okupazioa O.3 planoan grafiatutako azalerak definitzen du, eta 18. artikuluak adierazten du sestra azpian ibilgailuentzako aparkaleku kopurua finkatzen duen araudia betetzeko behar beste solairu egin ahal izango direla.
Berdeguneak eraikin berriaren iparraldean eta ekialdean biltzen dira, eta bertan dauden elementuei balioa ematea dute helburu (trenaren trazadura zaharra –etorkizunean, ardatz berdea– eta Mañaria ibaia). Berdegunea eraikin berrirako sarbideek soilik aldatuko dute: oinezkoentzako 3,00 m-ko espaloi batek eta ibilgailuentzako 5 m-ko zabalerako sarbide batek (oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea), aldameneko Trenbide kaletik. Hala, tokiko sistemetara bideratutako azalera 1.327,25 m2-koa da: 997,25 m2 espazio libre eta berdeguneetarako, eta 330 m2 ibilgailuen eta oinezkoen bideetarako.
Antolamendua gauzatzeko, Ermodo kaleko 2, 4 eta 6 zenbakiko eraikinak eraistea aurreikusten da.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak hiru antolamendu-aukera jasotzen ditu: 1. alternatiba «ez esku hartzekoa» edo Durangoko Arau Subsidiarioen arabera indarrean dagoen antolamendua da eta, beste arazo batzuen artean, ez du barne hartzen Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen arabera nolabaiteko babesa duen etxebizitza-erreserba. 2. eta 3. alternatibak ekainaren 3ko 2/2006 Legean ezarritakora egokitzen dira, eta antzekoak dira. Hala, Planak garatutako alternatiba (3. alternatiba) zergatik aukeratu den azaldu da: indarrean dagoen hirigintza-legeria betetzeaz gain, hobeto egokitzen zaio lurzatiaren konfigurazioari, planteatutako bizitegi-erabilera ahalbidetzen duten egiturazko elementuak kokatzeari dagokionez, eta ingurumen-eraginak minimizatzen ditu.
Plana garatzeko honako hauek idaztea eta izapidetzea aurreikusten da: birpartzelazio-proiektu bat (hala badagokio), urbanizatzeko jarduketa-programa bat, urbanizazio-proiektu bat, eraikuntza-proiektu bat eta urbanizazioko obra osagarrien proiektu bat.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen edo ez.
1.– Planaren ezaugarriak.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Durangon indarrean dauden Arau Subsidiarioen esparruan, Planak hiribildu horretako hirigune historikoko hiri-lurzoruko lurzati baten antolamendu xehatua indarreko hirigintza-araudira (2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) eta erabilera berrietara egokitzen du. Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere.
Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-gogoetak integratzeko egokia dela ondorioztatu da, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.
Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, natura-ondareari, urei eta uholde-arriskuari, kutsadura akustikoari, hondakinei eta isurpenei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari buruz indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
Azkenik, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Planak antolatutako eremuak 2.591,00 m2-ko azalera hartzen du Durangoko hirigunean eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, erabiltzen ez diren etxebizitzak, lokalak eta baratzeak hartzen ditu.
Eremuko natura-elementu garrantzitsuena Mañaria ibaia da; «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen ekialdeko mugarekin bat dator. Ibai hori Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko (ES017) «Ibaizabal Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da; eremuarekin muga egiten duen Mañaria ibaiaren zatia «Ibaizabal I» gainazaleko ur-masari dagokio, zeina «Ibai kantabriar-atlantiko karedunak» motakoa baita eta egoera ekologiko «eskasean» baitago. Azterketaren eremuak jabari publiko hidraulikoa eta haren zortasun- eta zaintza-eremuak ukitzen ditu, Mañaria ibaiarekin lotuta daudenak. Ibaia, aldi berean, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartzen da, hornidura-harguneak dituen masa gisa (Ibaizabal-I, kodea: ES059MAR002780) eta espezie mehatxatuen interes bereziko eremua (bisoi europarra).
Eremuaren gehiengoa artifizializatuta dago, eta ez dator bat Natura 2000 Sareko naturagune babestuekin, ez eta inbentarioan jasotako beste eremu babestu edo natura-intereseko ezein eremurekin ere; era berean, ez du inbentarioan edo katalogoan jasotako paisaia-baliorik, ez eta babestutako kultura-ondareko elementurik ere. Halaber, eremuak ez du bat egiten EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko guneekin edo lekuekin, eta Batasunaren intereseko habitatekin ere ez.
Litologia bat dator ibai jatorriko kuaternarioko lurrazaleko deposituekin, zeinek iragazkortasun altua baitute porositateagatik. Baratze eta lorategien eremuan, lurzoru naturalak mantentzen dira, eraldatu gabe; aldiz, eremu urbanizatuetan, lurzoruak betegarri antropikoek ordezkatu dituzte.
Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Balmaseda-Elorrio lurpeko ur-masaren gainean dago, Ibaizabal ibaiaren kuaternarioko deposituei eta ibaiadar nagusiei lotuta dago, eta egoera kimiko ona du. Eremua bat dator interes hidrogeologikoko eremuarekin.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute. Horrez gain, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du lehengo eremuan honako hauek daudela: zuhaitz apaingarrien baratzeak (Ligustrum japonicum, Picea abies, Cupressus sempervirens), fruta-arbolak (Prunus avium), baratze-espezieak eta lahardi dentso bat. Bestalde, ibaiertzeko landarediaren zerrendan, ibaiertzeko basoen bereizgarri diren espezie autoktono batzuk aipatzen dira, hala nola haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior), urkiak (Betula alba) eta sahatsak (Salix atrocinerea), baratzeko espezieekin eta espezie erruderalekin nahasita; era berean, espezie exotiko inbaditzaileak identifikatzen dira, hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Galinsoga parviflora.
Planaren eremuak bat egiten du Bisoi Europarra Kontserbatzeko Interes Bereziko Eremuarekin. Plan hori ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartu da Bizkaian (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik). Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duenez, landara eginiko bisitan ez da hauteman bisoiaren presentziaren zantzurik eremuan, eta ez da aurkitu haren ugalketarako habitat egokirik edo eremuan presentzia egonkorra duenik. Bestalde, ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.).
Eremua Durangoko ikuspen-arroari dagokio, eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia da, eta hondo lauko alubioi-lautadaren jabari geomorfologikoan kokatzen da. Eremuak ez du katalogatutako paisaia-baliorik.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanak ondorioztatzen du, egungo zein etorkizuneko egoeran, kanpoko kalitate akustikoko helburuak gainditu egiten direla, batez ere bizitegi-erabilera duten eremuetan (A), lurzatiaren mendebaldean eta ipar-mendebaldean. Lurzatiaren gainerakoan ez lirateke gaindituko erreferentziako KAHak. Etorkizuneko egoeran, fatxadako balioei dagokienez, proiektatutako bizitegi-blokearen mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko fatxadan KAHak gaindituko dira (fatxadako balio txarrenak: egunez 64 dBA, arratsaldez 63 dBA eta gauez 54 dBA). Planaren xede den eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu batean dago, hain zuzen, Tecnaliak 2018ko martxoan egindako «Durangoko zarataren aurkako ekintza-plana; 2018-2022 aldirako egoera» planean. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, «Durangoko zarataren aurkako 2024-2029ko ekintza-planean» (Tecnaliak 2023an egina) ZPA-2 (Frai Juan Zumarraga kalea - Landako etorbidea ardatza) eta ZPA-4 (Montevideo - Faustebide ardatza) lehentasunezko jarduketa-eremuetarako proposatutako neurriekin, litekeena da «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen ingurune akustikoa hobetzea. Nolanahi ere, inpaktu akustikoaren azterketak fatxaden eta bao handien (leihoak, kasu) isolamendu akustikoaren mailak ezartzen ditu, barnealdeetako kalitate-helburuak betetzeko.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, Planaren eremuan 100 urteko errepikatze-denborako uholdeak daude. Aurkeztutako dokumentazioak adierazten duenez, Planak aurreikusten du beheko solairuko espazio bizigarriak T500 uraldirako uholde-arriskuaren kotaren gainetik ezarriko direla (113,67 MIMG), eta garajeak, berriz, uholdeen kasuan bolumen osoa estankoa eta egonkorra izango dela bermatzeko moduan egingo dira.
Bestelako arriskuei dagokienez, ez da identifikatu Ihoberen inbentarioko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzatien presentziatik eratorritako arriskurik, ez eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia izateagatik ere. Era berean, ez da arrisku handirik hautematen salgai arriskutsuak errepidez edo trenbidez garraiatzeagatik, ez eta Seveso II Zuzentarauaren mende dauden enpresetatik gertu egoteagatik ere; era berean, ez da arriskurik identifikatu baso-suteen edo sismikotasunaren ondorioz.
Deskribatutakoa aintzat hartuta, aurreikusitako eraispenekin eta etxebizitza-eraikin berria eraikitzearekin lotuta daude Plana garatzearen ondoriozko eragin nagusiak. Obrak egiten diren artean, honako ondorio hauek izango dira: hondakinak sortzea, lurzorua okupatzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, nagusiki hiritarra den eremu batean.
Uholde-arriskuko eremuarekin bat etortzeari dagokionez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetako 45. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
Eremuaren ekialdeko muga eta bisoi europarraren interes bereziko eremua (Mañaria ibaia) bat etortzeari dagokionez, espeziearen Kudeaketa Planean xedatutakoa beteko da. Plan horren arabera, HAPB Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sailaren nahitaezko txostenaren mende dago.
Bestalde, kontuan hartu beharko da indarreko legeriak ezarritako kalitate akustikoko helburuak gainditzen direla bizitegi-lurzorua nagusi den eremuetan, eta zuzenketa-neurriak ezarri behar direla.
Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere natura-ondareari, urei eta uholde-arriskuari, kutsadura akustikoari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera eta Planetik eratortzen diren jarduketak, eta txosten honetan ezartzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak betetzen badira, ez da espero jarduketek eragin nabarmenik izatea ingurumenean.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, urei eta uholdeei, kutsadura akustikoari, hondakinei eta isurketei dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.
3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Planaren hirigintza-araudiak Planaren helburu gisa Mañaria ibaiaren ertzean zuhaitz autoktonoak kontserbatzea jasoko du, eta eremuko espazio libreetan zuhaitz autoktonoak landatzea.
– Planaren hirigintza-arauetan berariaz jaso beharko da birlandaketan ez direla inola ere inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak erabiliko.
– Planaren hirigintza-araudiak neurri hauek jasoko ditu flora-espezie aloktono inbaditzaileen hedapenaren aurka:
• Bertan dauden aleen aireko zatiak, sustraiak eta errizomak mekanikoki ezabatzea gomendatzen da.
• Belar-sastrakak kentzean lortutako hondakinak edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, propaguluak ez sakabanatzeko. Hondakin horiek baimendutako zabortegietara eraman beharko dira, edo, bestela, erre egin beharko dira, eta horretarako dagozkien baimenak lortu beharko dira.
• Kontuz ibili behar da espezie inbaditzailerik ez duten beste eremu batzuetara propagulurik ez sakabanatzeko, eta arreta berezia jarri behar zaie erabiltzen diren makinei, erremintei, arropari eta oinetakoei.
• Birlandaketetan ez da espezie inbaditzaileak dituzten eremuetatik datorren landare-lurra berrerabili behar, oso litekeena delako espezie inbaditzaileen propaguluak izatea. Dena den, lur hori betegarri gisa erabil daiteke. Nolanahi ere, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.
– Mañaria ibaia bisoi europarrarentzat interes bereziko eremua denez «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearekin bat egiten duen tartean, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola) Kudeatzeko Plana aplikatuz (Bizkaiko Foru Aldundiaren 118/2006 Foru Dekretua), tarte horretan egingo diren jarduketek Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sailaren aldez aurreko baimena beharko dute, eta, horretarako, dagokion nahitaezko txostena eskatuko da.
Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.
– Planak berariaz jasoko du Plana garatzeko erabiliko den urbanizazio-/eraikuntza-proiektuarekin batera «Zaharberritze-proiektu» bat egongo dela. Bertan, proiektua gauzatzeak eragindako arlo guztiak jasoko dira, jarduketak gauzatzeko behar besteko xehetasun-mailarekin garatzen dituztenak, aurrekontua barne.
Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, eta, hala, landareztatze- eta lorategi-lanetan inbaditzaileak izan daitezkeen flora-espezieak sartzeko arriskua murriztuko da, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
Uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.
– Kontuan hartuko dira urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) uholde-arriskuko eremuak kudeatzeko irizpideak, bai eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) xedapen arautzaileen 45. eta 46. artikuluetan eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 atalean ezarritako baldintzak ere.
Jabari publiko hidraulikoa eta haren babes-eremuak babesteari buruzko neurriak.
– Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa) ezarritakoa kontuan hartuta.
Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.
– Behar-beharrezko diren azaleretara mugatuko da zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dira (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abarrak); lehendik zegoen egoeraren aldean jariatzea handitzen bada, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko dute horien bitartez.
Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten dugu hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela.
Mañaria ibaiko uren kalitatea babestera bideratutako neurriak.
Planak azkenean hartuko dituen zehaztapenen artean, ibai-uren kalitatea babesteko neurri hauek jasoko dira:
– Obrak egin bitartean solidoak Mañaria ibaiko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezarriko ditu, adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
– Hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta mantentze-lanak, urak kutsatu ez daitezen.
– Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Zaraten eraginak murrizteko neurriak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira garapen berriak gauzatu kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan –aurreikusitako eraikinen kasuan, leihoak dituzten fatxada guztietan, altuera guztietan, eta, eraikinik ez duten guneetan, lurzorutik 2 metroko altueran–, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
– Nolanahi ere, «Durangoko zarataren aurkako 2024-2029ko ekintza-planean» (Tecnaliak 2023an egina) ZPA-2 (Frai Juan Zumarraga kalea - Landako etorbidea ardatza) eta ZPA-4 (Montevideo - Faustebide ardatza) lehentasunezko jarduketa-eremuetarako ezarritako neurriak beteko dira.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan eraikin handien barrualderako aurreikusten diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira. Horretarako, Udalak auzi hori justifikatzeko txostena egin beharko du, dagokion lizentzia eman aurretik, eta kanpoko giroa babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko ditu.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.
– Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, mailegua behar duen hurbileko obra batean balorizatzea lehenetsiko da. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea eragoztea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Aurreikusitako eraispenak egitean (Ermodo kaleko 2, 4 eta 6), arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
– Kultura-ondarearen babesa: hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Durangoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Durangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, «EU 6. Trenbidea» egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 5a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS