Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2024ko abenduaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5642

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 26koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserria babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentu kategorian, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumenaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserria, historiaren eta kulturaren aldetik duten interesa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserria, Monumentu kategorian, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, aintzat harturik ebazpen honen I. eranskinean finkatutako mugaketa, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotako berezko babes araubidea.

Babes-espediente hau abiarazteak Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserria, berezko babes-araubidea berehala eta behin-behinean aplikatzea ekarriko du, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes ertaineko ondasunetarako aurreikusitako babes-araubide orokorra eta berezia ere.

Bigarrena.– Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserria, Monumentu kategorian, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta berezko babes araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Markina-Xemeingo Udalari, Etxebarriko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Sailei jakinaraztea, prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin behar bada, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da nahitaez.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Markina-Xemeingo Udalari, Etxebarriko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Sailei, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eta mugaketaren eraginpeko higiezinen jabeei.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 26a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak, alde batetik, baserriaren eraikina bera eta labearen eraikin osagarria hartzen ditu, eta, bestetik, baserriaren ingurua. Horrenbestez, eremuak honako muga hauek ditu:

Ipar-mendebaldean, +120 kota topografikoa eta 48-060-007-00025 eta 48-060-007-00031 nekazaritza-lurzatiak; Hego-ekialdean, honako hauen arteko loturak osatzen duen poligonalak zehaztutako muga: eraikin nagusiaren fatxadarekiko paraleloa, 25 metrora trazatua; eta labetxearen eraikin osagarriaren fatxadarekiko paraleloa, 20 metrora trazatua.

Ipar-ekialdean, baserriaren ipar-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 35 metrora trazatua; Hego-mendebaldean, baserriaren eraikinaren hego-mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, 35 metrora trazatua.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Iparragirre baserriaren eta haren eraikin osagarriaren eta ataurrearen ingurumen-balioak eta ikusizko balioak babestu behar direlako. Deklaratutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko beharrezkoa den ingurunearen mugaketak berekin dakar eraikin nagusiaren eta eraikin osagarriaren inguruko lurrak, baserriko ataurrea eta Iparragirre muinoaren zati mugatua babestea, eraikinaren berezko izaera eta inguru horretako paisaia-balioak babesteko. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik, haren ingurunea ere hartzen du.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Bi isurialdeko estalkia eta ipar-hego norabideko gailurra dituen baserria, ekialderantz 40 gradu inguru biratua, gaur egun bi familiakoa dena, Markina-Xemeinen kokatua, Iparragirre muinoaren gainean, 130 eta 125 koten arteko plataforman, 540622,967-4790117,512 koordenatuetan.

Oinplano angeluzuzenekoa da, 18,00 m zabal eta 22,00 m sakon, eta gorputz bat dauka atxikita hego-mendebaldeko fatxadan, 8,00 m zabal eta 12,00 m sakon. Baserriaren jatorrizko estalkiaren hego-mendebaldeko isurkiaren luzapenaren azpian dago, eta, beraz, atzealdean 26 metro inguruko fatxada du.

Eraikin nagusiaren estalkia bi isurialdekoa da. Atzeko isurki txiki bat du, miru-buztan itxurakoa, eta fatxada nagusian, hego-ekialdera orientatuta, egurrezko beso adierazgarriek eutsitako hegal zabal bat.

Hego-ekialdeko orientazio horretan, baserriak ataurre-espazio bat hartzen du, Iparragirre baserriak berak eta eraikin osagarri batek osatua. Eraikin horrek oinplano angeluzuzena du, 7,00 m zabal eta 11,00 m sakon, eta bi isurkiko estalkia. Jatorrian, ogia egiteko labe bat hartzen zuen (labetxea), eta gaur egun biltegi eta garaje gisa erabiltzen da.

Ipar-ekialdeko orientazioan, baserriak bere egitura funtzional eta eraikuntzako zaharrenak mantentzen ditu, honako hauek barne: lehenengo solairura sartzeko kanpoko eskailera, beheko solairurako sarbidea ateburu monolitiko handi batekin, eta ukuilurako sarbidea, burudun ate dobeladun eta exekuzio dotoreko batetik. Orientazio horretan, landa-inguruneko erabilera zerbitzarietarako kanpoko espazio batzuk kontserbatzen dira, hala nola lastategia, eskorta, aska latsarriarekin, eta baserriari lotutako baratzetarako lurzatiak.

Baserriaren atzealdea ipar-mendebaldeko orientaziokoa da, eta harlangaitzezko horma bat du, eraikinaren apareju zaharrenaren zati bat kontserbatzen duena, kareorez aglomeratua, eta zati bat harlangaitz garaikidez egina.

Hego-mendebaldeko norabidean, eraikinak bolumen atxikia du, eta, bolumen horrekin, baserrirako harrera-espazioa eta alboko sarbidea gehitzen zaizkio, eraikinaren bolumetriarekin bateragarria dena eta haren funtzionaltasuna hobetzen laguntzen duena.

Eraikin nagusiko fatxada simetrikoki antolatutako konposizioa da, beheko solairua, lehen solairua eta ganbara dituen eraikuntza-profilaren barruan. Beheko solairuan arkupe nagusia dago, arku eskartzano zabalarekin eta alde bakoitzean bao dinteldu batekin.

Lehenengo solairua harlangaitz zarpiatuz eta zurezko bilbaduraz egina dago. Zurezko balkoi bat du erdiko arkuaren gainean, aldenik alde. Balkoian sartzeko bi ate daude, eta fatxadaren zati horrek, gainera, beste lau bao ditu, bi balkoiaren alde banatan, guztiak ere konposizio simetrikoko ordena bati jarraituz kokatuta.

Apaingarri gisa, XVI. mendearen erdialdeko gargola bat nabarmentzen da, iparraldeko fatxadan (ipar-ekialdera begira). Estalkiak burdina forjatuzko haize-orratza du, lirio loreko gurutzearekin.

Eraikinaren materialek kalitate ona dute, batez ere hareharrizko eta kareharrizko harlanduzko harriagatik, zeinarekin fatxada nagusiko beheko solairuko zatia egina dagoen. Nabarmentzekoa da arkupea, arku beheratu handikoa, kareharrizko harlanduz eraikia, bai eta ipar-ekialdeko orientazioan dauden bi sarbideak ere, zaharragoak direnak eta dotoretasunez eginda daudenak.

«Labetxea» eraikin osagarriari dagokionez, ogi-labe bat hartzeko eraiki zutena, zeina gaur egun desagertuta dagoen, eraikin tradizionala da, harlangaitzezko hormak ditu, kareharrizko harlanduzko eskantzuekin, eta zeramikazko teilaz egindako estalkia du, bi isurialdekoa, jatorrizko zurezko zutabe eta jazenen gainean.

Iparragirre multzo historikoa da, XVI. mendearen lehen herenean dokumentatutako jatorrizko kokalekutik abiatuta eraikia, eta gaur egun ez da garai horretako elementurik identifikatu. Egungo egitura, zeharkako lau hormartekoa eta luzetarako hiru hormartekoa, XVII. mendearen bigarren herenean egindako esku-hartzean finkatu zen. Geroago, XIX. mendearen hasieran, eraikina bi bizitzako eraikin bihurtu zen.

Markina-Xemeingo Erdotza auzoko paisaian txertatutako baserria da, monumentu-proportzioa du, eta inguruan interes handia du dituen arkitektura-, eraikuntza- eta paisaia-balioengatik.

Bai eraikin nagusia bai osagarria, eta bien artean mugatzen duten ataurrea, kultura-balioak dituen multzo bakarra dira, eta ondare-benetakotasunaren printzipioa mantentzen dute kokapenari, diseinuari, eraikuntza-sistemei, instalazioei, materialei, estetikari eta erabilerari dagokienez, bai eta osotasun-printzipioa ere multzoaren jatorrizko egoera kontserbatzeko neurriari dagokionez.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrizanean oinarrituta justifikatzen da, eta Iparragirre baserria, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedura hastearen ondorioz.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Jarraian zehazten den babes-araubide partikularra I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da, hurrenez hurren.

3. artikulua.– Kultura-balioak.

1.– Iparragirre baserriaren kultura-baliotzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari izaera garrantzitsua ematen diotenak, eta, horrenbestez, interesgarria egiten dutenak belaunaldiz belaunaldi aitortzeko eta transmititzeko.

2.– Iparragirre baserriaren kultura-balioak honako hauek dira:

2.1.– Balio historiko-antropologikoa eta ingurumenekoa:

Ikuspegi historiko-antropologikotik, XVI. mendean dokumentatutako eraikina da, gaur arte nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerari lotutako erabilera jarraituarekin.

Bere kokapenak, bere izena daraman muinoan eta Iturretara doan bide historikoaren ondoan, eraikinari ingurumen-balioa gehitzen dio.

2.2.– Balio artistikoa eta arkitektonikoa:

Ezaugarri aipagarriak:

– Tipologia: Bizkaiko teilatu-hegal zabaleko, erdiko atariko eta egurrezko goiko itxituren tipologiaren barruan dago, kanpoko itxurari dagokionez.

– Konposizio bolumetriko berezia: eraikin nagusiak eta alboko labeak osatzen dute, ataurrearekin batera.

– Haritz-egurrezko egitura-armazoia, bai egituran, bai estalkian.

– Espazioaren eta funtzioaren antolamendua: oinplano simetrikoa eta etxebizitza iraunkorreko eremua beheko solairuaren aurreko tartera murriztuta (beheko solairuaren gainerakoa, ukuilua), eta bi familiako etxebizitzaren erabilerari lotutako birbanaketa.

– Kanpoko elementu estetiko-konposiziozkoak: Konposizio simetrikoa, beheko solairua, lehen solairua eta ganbara dituen eraikuntza-profil baten barruan. Maila artistikoan, beso landuak aipatu behar dira, bai eta ipar-ekialdeko altxaerako bi ateak ere.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide partikular honetako preskripzioak lotesleak dira, eta higiezina araubide horren arabera kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioak bete egin beharko dituzte hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek, eta babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak aurreikusten duen bezala. Lege-agindu hori betetzeko, tresna horiek aldeko txostena izan beharko dute, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak emana.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Babes-araubide partikular honen eraginpeko ondasuna, baimenei, erabilerari, jarduerari, defentsari, zehapenei, arau-hausteei eta gainerakoei dagokienez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren mende egongo da.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluak ezartzen duenez, babes-araubide berezi honi lotutako ondasunaren jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta daude hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak betetzera, ondasunaren osotasuna ziurtatzeko eta haren galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek agintaritza eskudunei edo funtzionario arduradunei eman beharko diete Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko beharrezkoa den informazioa eta ondasunaren sarbidea, eta Bizkaiko Foru Aldundiak berariaz baimendutako ikertzaileei hura aztertzeko baimena eman beharko diete, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.2 artikuluan adierazitako baldintzetan. Era berean, babestutako kultura-ondasunaren jabe edo edukitzaile legitimoak diren pertsonek hura bisitatzeko aukera eman beharko dute, aipatutako Legearen 32.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Babestutako ondasuna osorik edo zati batean eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

II. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBATZEKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide berezi honi atxikitako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoaren baimena beharko dute. Era berean, eta lege horren 46. artikuluak agintzen duen bezala, baimena nahitaezkoa izango da hirigintza-lizentziak eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeek bermatuko dute, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, ondasunaren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaikuntza, haren balioa nabarmentzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide partikular honetan zehaztu ez den guztian.

8. artikulua.– Baimendutako eta debekatutako erabilerak.

1.– Monumentuaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak ondasun horien kontserbazioa eta balioestea bermatu beharko ditu, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.

2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, erabilera onargarritzat joko dira, oro har, ondasunari balioa ematea ahalbidetzen duten erabilera guztiak. Hala ere, Iparragirre baserriaren lehentasunezko erabileratzat hartzen dira honako hauek: bizitegi-erabilera, hirugarren sektoreko erabilera, ekipamendu-erabilera, eta turismoarekin eta landa-ostatuarekin lotutako erabilerak.

3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunean kalteak eragiten dituzten erabilerak, edo ondasun horretan inpaktuak eragiten dituztenak edo 3. artikuluan definitutako balio kulturalen baten aurka egiten dutenak.

9. artikulua.– Sektoreko araudia eta irisgarritasunekoa aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduketa-mugekin, betiere babestutako ondasunaren balio kulturalak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunaren arloan, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk jasotzen dira mugikortasun urriko pertsonek modu autonomoan sartu ahal izateko, betiere egiten diren jarduketak bateragarriak badira ondasunaren kultura-balio babestuekin.

Horri dagokionez, Iparragirre baserrira eraikinaren beheko solairutik sar daiteke. Sartu nahi den erabileraren arabera, dagokion irisgarritasuna bermatu behar bada, irisgarritasuna bermatzeko laguntza mekanikoak instalatzea proposatu ahal izango da, betiere jatorrizko egitura-armazoia mantentzearekin bateragarriak badira eta eraikinaren estalkiaren profilaren gainean kasetoiak altxatzea eragiten ez bada.

10. artikulua.– Esku-hartzearen proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide partikular honi lotutako ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeek proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, ondasunaren izaerarekin eta esku-hartzearekin berarekin bat datorrena. Proiektu hori ondasunaren titularrak aurkeztu beharko dio Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari, hark onar dezan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, hura egiaztatzeko eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak dagokion memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

3.– Babestutako ondasunaren edozein zaharberritze-lan egiteko, ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko da. Proiektua eta esku-hartzearen memoria profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, eta ahalik eta berme handienarekin gauzatzeko gaitasun teknikoa dutela egiaztatu beharko dute. Esku-hartzearen izaerak hala eskatzen duenean, ondasunaren beharretara egokitutako diziplinarteko talde bat ere sartu beharko da.

2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betez, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeak eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzera bideratuko dira.

Era berean, edozein erabilera-aldaketa onartuko da, baldin eta ondasunaren balio babestuei eragiten ez badie eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak ezartzen baditu, babes-araubide partikular honen 8. artikuluan ezarritako baldintzetan.

12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasuneko zaindu beharreko elementuak.

Babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutako kultura-balioak kontuan hartuta, kultura-ondasun babestuko zaindu beharreko elementuak honako hauek dira:

– Egungo bolumenaren konfigurazioa, eraikin nagusiak eta alboko labeak osatua, solairu, fatxada eta estalki guztiekin.

– Eraikinaren lerrokadurak, sestrak eta kokapena.

– Fatxaden gaur egungo osaera eta estetika: dauden baoen kopurua eta kokapena, materialak, estetika- eta konposizio-baliabideak, apaingarriak, kromatismoa eta jatorrizko arotzeria.

– Zurezko egitura-armazoia.

– Eraikinaren jatorrizko banaketa eta antolamendu espazio-funtzional globala, lehen solairura patinez sartzeko kanpoko eskailera barne.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Oro har, ez da baimenduko higiezinaren eta zaindu beharreko elementuen kultura-balioei kalte egiten dien esku-hartzerik, ez eta babes-araubide partikular honen beste edozein xedapenen aurka doan esku-hartzerik ere. Aitzitik, baimendutako esku-hartzeak eraikinaren elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatzen dituztenak izango dira.

2.– Horretarako, jarraian, babestutako ondasunean eta zaindu beharreko elementuetan, babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definituta daudenetan, aplikatu beharreko esku-hartze araubidearen zehaztapen espezifikoak aipatzen dira:

a) Ez da onartuko eraikinaren bolumena (baserria eta eranskina) aldatzea, ez eta azalera aldatzea ere, baldin eta aldaketa horiek jatorrizko eraikinari erantsitako eraikinak egitea, edo oinplanoaren luzera edo zabalera handitzea badakarte. Estalkiaren jatorrizko antolaeran ere ez da aldaketarik onartuko.

b) Fatxaden egungo osaera eta materialak, horiek osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadetan dauden baoen kopurua mantendu behar dira, eta horien jatorrizko formak, tamainak eta proportzioak mantendu behar dira. Fatxadetan egiten den esku-hartze oro fatxaden eta fatxaden konposizio- eta apaindura-elementuen berreskurapena eta zaharberritzea izango da. Hala ere, fatxadetan aldaketa partzialak onartuko dira, baldin eta konposizio orokorrean funtsezko aldaketarik eragiten ez badute eta balio estilistiko berezia duten elementuak errespetatzen badira. Fatxada nagusian bao berriak irekitzea salbuespenezko esku-hartzea izango da, eta organo eskudunak baimena emanez gero, itxituraren bilbadura-egitura errespetatu beharko da. Beharrezko bizigarritasun-baldintzak justifikatu ondoren, bao berriak ireki ahal izango dira alboko fatxadetan, baldin eta lehendik daudenen tamaina, ezaugarri eta material antzekoak badituzte eta zurezko arotzeria erabiltzen bada.

c) Eraikinaren kanpoko akaberen egitura edo konposizioa modu berreskuraezinean aldatzen duten garbiketa-tratamenduak ez daude baimenduta.

d) Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, bai fatxadako hutsarteetan, bai ateetan. Arotzeria ordeztu behar izanez gero, jatorrizkoaren material generiko berarekin egin beharko dira (egur industrializatua eta ijeztua onar daiteke), salbu eta Bizkaiko Foru Aldundiko kontrol-agintaritzak elementuari aitortzen dion kultura-balioak behartzen badu elementu hori arotzeria tradizionaleko tekniken eta materialen bidez berreskuratzera.

e) Kultura-ondasunaren egiturazko antolamendu orokorra mantendu behar da, zurezko egitura-armazoiak osatua. Egoera txarrean dauden egiturazko elementuak beste berri batzuekin ordeztu ahal izango dira, bai eta egituraren eta zimenduen osaeran egonkortasuna eta segurtasuna handitzea dakarten bestelako jarduketak ere, betiere eraikinaren egitura orokorra mantentzen bada egituraren material orokorrari eta tipologiari dagokionez. Halaber, sendotze- eta indartze-jarduketak onartuko dira, baldin eta, kontrol-agintaritzaren iritziz, materialaren aldaketa partzialak, material beraren klase-aldaketak (onargarria zur industrializatua eta ijeztua) edo merkatuan eskuragarri dauden eta ondarearekin bateragarriak diren teknika bereziak aplikatzea eskatzen badute.

f) Barne-berrantolaketa espazio-funtzionala onartzen da erabilera berrien beharretara egokitzeko, betiere eraikinaren jatorrizko antolamendu globalaren ezaugarriak, kanpoko sarbide-sistema, egitura, fatxadak, bolumetria eta jatorrizko elementu artistiko eta arkitektonikoak errespetatzen badira.

g) 3. artikuluan definitutako kultura-balioak eta 12. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestuko zaindu beharreko elementuen balioak kaltetzen dituzten elementu degradatzaileak ezabatzeko esku-hartzeak baimenduko dira. Era berean, aplikatzekoa den hirigintza-legeriak higiezinak kontserbatzeko betebeharrari buruz baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

h) Behar diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

14. artikulua.– Kultura-ondasun babestuaren ingurunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 49. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, babes-ingurunea deklaratutako kultura-ondasunaren parte da. Horri dagokionez, I. eranskinean definitutako eta mugatutako babes-ingurunerako babes-araubide espezifiko hau jasotzen da.

2.– Ingurunearen landa-izaera zaintzea eta indartzea helburu duten esku-hartzeak baimentzen dira. Higiezinaren jarduerarekin lotutako altzariak edo instalazio berriak instalatu behar izanez gero, inguruneko landa-giroarekin harmonizatu beharko dira, eta ez diete kalterik egingo babestutako ondasunaren kultura-balioei, betiere ez badaude artikulu honen 3. puntuko ikusizko kutsadura eta kutsadura akustikoa sortzen duten elementuen zerrendan.

3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunaren gainean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentua ikustea eragotziz, zailduz edo desitxuratuz eta haren testuinguru-balioak degradatuz.

Horri dagokionez, I. eranskinean mugatutako ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, haien eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren ikusmen- edo akustika-nahasmendua sortzen duten kasuetan:

– Eraikin berriak babestutako ondasunaren inguruan.

– Altuera, bolumetria edo distantzia dela-eta monumentuaren pertzepzioa nahas dezaketen aldi baterako edo izaera iraunkorreko eraikuntzak edo instalazioak.

– Energia-hornidurarako, -sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, baldin eta, beren ezaugarriengatik eta kokapenagatik, babes-araubide berezi honi atxikitako ondasunaren kultura-balioak kaltetzen badituzte.

– Hiri-altzari handiak jartzea, babestutako ondasuna eta haren ingurunea desitxuratu dezaketenak.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, tamaina eta kokapen handikoak izateagatik (zabor-edukiontziak) babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa zaildu dezaketenak.

– Zarata-maila handiak sortzen dituzten edo ibilgailu astunen trafikoa sortzen duten jarduerak edo instalazioak, babestutako kultura-ondasuna ikustea zailtzen edo desitxuratzen dutenak.

4.– Dagoeneko ingurune horretan kokatuta dauden eta inolako babesik jaso ez duten elementuei dagokienez (egurtegia, hego-ekialdeko eraikina, baserriaren aurreko errepidea, eta abar), bere lekuan mantenduz gero, egin beharreko edozein esku-hartzek landa-ingurunearekin, zeinean dauden eta zeinari zerbitzua eman behar dioten, duten elkarrizketa hobetzen lagundu beharko du nahitaez, eta, horretarako, akaberak, materialen kalitatea, bolumetriaren egokitzapena eta abar hobetuko ditu.


Azterketa dokumentala