
232. zk., 2024ko azaroaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (293 KB - 18 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5461
AGINDUA, 2024ko azaroaren 14koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Irungo Aduanetako Agenteen eta Aduanazainen Ordezkarien Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa.
2024ko otsailaren 1ean, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean sartu zen Irungo Aduanetako Agenteen eta Aduanazainen Ordezkarien Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko otsailaren 9ko Aginduaren bidez onartutako testua da aldatzen dena (2010eko martxoaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen agindu hori).
Estatutuak aldatzeko erabakia 2024ko urtarrilaren 23an hartu zuten elkargokideek, eta horrela jasota dago organo horretako idazkariak, presidentearen oniritziarekin, 2024ko urtarrilaren 31n egin zuen ziurtagirian.
Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Kontseilu Nagusiaren nahitaezko txostena jaso da. Ez zaio txostenik eskatu sail eskudunari, ez baitago halakorik Eusko Jaurlaritzaren egungo egituran. Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostena eskatu eta egin zen.
Aipatutako txostenetan proposatutako aldaketak egin ondoren, elkargoak estatutuen amaierako testua aurkeztu du.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkideagoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardunean, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikulua; eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 11.1.m) artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan xedatutakoari dagokionez.
Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan aurreikusitako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea Irungo Aduanetako Agenteen eta Aduanazainen Ordezkarien Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Aldatutako estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, agindu honen eranskin gisa, eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta, beronen aurka, zeinak amaiera ematen baitio administrazio-bideari, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 14a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA
IRUNGO ADUANETAKO AGENTEEN ETA ADUANAZAINEN ORDEZKARIEN ELKARGO OFIZIALA
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Izena, izaera, eremua eta funtzionamendua.
1.– Irungo Aduanetako Agenteen eta Aduanazainen Ordezkarien Elkargo Ofiziala (aurrerantzean, Elkargoa) zuzenbide publikoko korporazioa da, berezko nortasun juridikoa eta bere helburu espezifikoak betetzeko gaitasun osoa dituena bere lurralde-eremuan, eta independentziaren eta demokrazia parte-hartzailearen printzipioek zuzentzen dute.
Bere jardun-eremua Irungo Aduanaren barrutia da.
2.– Korporazioak, bere jarduerari dagokionez, men egin beharko die indarrean dauden xedapenei eta Espainiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Kontseilu Nagusiaren (aurrerantzean, Kontseilua) erabakiei, eta bere funtzionamendua estatutu hauetan zehaztutakora egokitu beharko du.
2. artikulua.– Egoitza.
1.– Elkargoaren egoitza Irunen dago: Euskadi plaza 4, 1. solairua (ZAISA).
2.– Elkargoaren Batzar Nagusiak egoitza aldatzea erabaki dezake. Kasu horretan, elkargokideei eta kasuan kasuko administrazio-agintariei jakinaraziko die.
3. artikulua.– Ordezkaritza.
Elkargoak, bere jardun-eremuaren barruan, lanbidea ordezkatu eta defendatuko du Administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean, eta legitimazioa izango du lanbidearen eta elkargokideen interesei eragiten dien edozein auzitan alderdi izateko, eta eskariak egiteko eskubidea baliatu ahal izango du, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritakoaren arabera.
4. artikulua.– Xedea eta eginkizunak.
1.– Korporazio honen funtsezko helburuak dira aduanetako agenteen eta aduanazainen ordezkarien lanbidea antolatzea, haien ordezkaria izatea eta elkargokideen interes profesionalak zaintzea. Horrek ez du esan nahi Administrazio Publikoak (aurrerantzean, Administrazioa) eta Kontseiluak eskumenik izango ez dutenik.
2.– Bere lurralde-eremuan, egiteko hauek dagozkio:
1) Lanbide-jardunari buruzko Elkargoko arauak betetzen direla zaintzea, legezko bateraezintasunak zorrotz betez; lanbide-deontologiako printzipioei eta aduanetako agenteen eta aduanazainen ordezkarien eginkizunak eta eskumenak arautzen dituzten indarreko xedapenek ezartzen dituzten betebehar guztiei eustea, bere eskumen-esparruan.
2) Estatutu hauek eta, hala badagokio, barne-araudia betetzea eta elkargokideei betearaztea, baita Elkargoko organoek beren eskumeneko arloan ezarritako arauak eta hartutako erabakiak ere.
3) Elkargokideen ahalik maila tekniko, etiko eta kultural handiena sustatzea, eskura dituen bitarteko guztiak erabiliz.
4) Lanbidea arautzen duten arauen idazketan eta aldaketan dagokion lekuan esku hartzea, Kontseiluaren bidez, arauak tokiz gaindikoak edo Estatukoak direnean.
5) Elkargokideei aholku ematea, beharrezkoa bada, Administrazioarekiko harremanetan.
6) Azterlanak egitea, txostenak egitea, estatistikak egitea eta Elkargoaren helburuekin zerikusia duten eta haren ekimenez eskatu edo egitea erabakitzen diren beste jarduera batzuk egitea, eta gai judizialetan aditu gisa esku hartzeko eskaera egin dakiekeen elkargokideen zerrenda auzitegiei ematea edo bere aldetik izendatzea, dagokion moduan eta betiere legeei jarraikiz.
7) Elkargoaren ordezkariak izendatzea ordezkaritza eskatu zaion erakunde, batzorde, epaimahai eta erakunde publiko edo pribatuetarako.
8) Intrusismo profesionaleko kasuak Administrazioaren eta Justizia Auzitegien aurrean salatzea eta jazartzea, eta behar diren jarduketak egitea, bai zuzenean, bai Kontseiluaren bitartez.
9) Lanbideari eragiten edo kalte egiten dioten jarduketekin zerikusia duten lege-hauste ezagunak salatzea eta jazartzea.
10) Elkargokideei diziplinazko zehapenak eta zuzengarriak ezartzea, hala badagokio, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean eta estatutu hauetan araututako zehapen-prozeduraren bidez.
11) Elkargokideen kuotak eta ekarpen ekonomikoak finkatzea, indarrean dauden arauek ezarritako mugen barruan.
12) Funtsak biltzea eta administratzea, diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontua eginez, bai eta haien likidazioa eta balantzea ere, eta elkargokideen Batzar Nagusiari aurkeztea, onar ditzan.
13) Antolamendu- eta funtzionamendu-estatutuak egitea eta onartzea.
14) Barne-araudia idaztea eta, hala badagokio, argitaratzea, zeina elkargokideen Batzar Nagusiak onartu beharko baitu, bai eta hura behar bezala interpretatzeko, garatzeko eta aplikatzeko egokitzat jotzen diren arauak ere.
15) Elkargokideen arteko lehia desleiala saihestea.
16) Elkargokideak modu askean eta berariaz eskatzen duenean, elkargokideen konturako ordainsarien fakturak kobratzea eta horretarako ezartzen den zenbatekoa edo ehunekoa jasotzea.
17) Lanbide-jardunarekin zuzenean edo zeharka lotutako beste edozein xede. Horiek hobeto betetzeko komenigarritzat jotzen diren sailak, zerbitzuak edo batzordeak sortu ahal izango ditu. Lanbide-jardunean eta Elkargoaren funtzionamenduan eragina izan dezakeen guztiaren berri eman beharko zaie elkargokideei.
18) Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 24. artikuluarekin zerikusia duten guztiak.
1. TITULUA
ELKARGOKIDEAK
5. artikulua.– Elkargoko kide egitea.
1.– Elkargokide izan ahalko dira EBko beste edozein estatu kidetan legez ezarritako aduanetako agenteak eta aduanazainen ordezkariak, aduana-araudiaren arabera.
2.– Aduanetako agenteak eta aduanazainen ordezkariak borondatez egin ahal izango dira Elkargoko kide, jarduten duten ala ez kontuan hartu gabe, baina estatutuen 6. artikuluan elkargokide izateko ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
3.– Elkargokideek, Elkargoko kide izateagatik, estatutu hauek eta estatutuon arau osagarriak bete beharko dituzte.
6. artikulua.– Elkargoko kide egiteko eskaera.
1.– Elkargoan sartzeko, interesdunak eskaera bat aurkeztu beharko dio Elkargoko lehendakariari. Baldintza hauek bete beharko ditu hori egin ahal izateko:
1) Nazionalitate espainiarra izatea, edota Europar Batasuneko estatu kideren batekoa.
2) Adinez nagusia izatea eta ezintasun-kausarik ez edukitzea.
3) Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren mendeko aduanazainen ordezkarien erregistroan inskribatuta egotea, Aduanan deklarazioak egiteko eskubidea eta aduana-ordezkariaren figura arautzen dituen martxoaren 19ko 335/2010 Errege Dekretuan adierazitakoaren arabera.
4) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren edo antzeko zergaren baten alta justifikatuta izatea, lanbidean jardun nahi dutenentzat.
5) Legean, estatutuetan eta barne-araudian ezarritako sarrera-eskubideak ordainduta izatea.
2.– Jardun gabe Elkargoko kide egitea eskatu nahi dutenek aurreko puntuan aipatutako baldintzak bete beharko dituzte, 4.a izan ezik.
7. artikulua.– Eskaera ukatzea.
Elkargoan onartzeko eskaera kasu hauetan bakarrik ukatu ahal izango da, beharrezko bermeak aurkeztu ondoren:
1.– Eskatutako dokumentuak aurkezten ez direnean edo haien benetakotasunari edo nahikotasunari buruzko arrazoizko zalantzak sortzen direnean; kasu horretan, Gobernu Batzarrak dagokion ikerketa abiaraziko du.
2.– Eskatzailea lanbidean jarduteko desgaitzen duen epai irmo baten bidez kondenatua izan denean.
3.– Diziplinazko espediente bat dela-eta ezarritako zehapen baten ondorioz, zehapen horrek irauten duen bitartean.
4.– Eskatzailea beste elkargo batetik diziplinaz kanporatu dutela egiaztatzen denean, harik eta birgaitu dutela egiaztatzen den arte.
Eskaera Elkargoko Idazkaritzan sartu eta gehienez ere hamabost eguneko epean jakinarazi beharko zaio ebazpena interesdunari.
8. artikulua.– Lotutako pertsonak.
Elkargokide izan gabe, Elkargoarekin lotuta egon daitezke pertsona fisiko eta juridikoak. Lotutako pertsonak hitzik eta botorik gabe joan ahal izango dira batzar nagusietara, eta estatutu hauetako 10.3, 10.4 eta 10.5 artikuluetako betebeharrak bete beharko dituzte.
9. artikulua.– Kuotak.
Elkargokideak behartuta daude kuotak garaiz ordaintzera. Horiek Elkargoaren Batzar Nagusiak finkatuko ditu urtero; ohikoak eta ezohikoak izan daitezke, eta, bi kasuetan, finkoak, aldakorrak edo mistoak.
Finkoak izango dira elkargokide guztientzat kopuru jakin eta berdinean ezarritakoak.
Elkargokide bakoitzak egiten duen lanaren proportzioan ezarritakoak izango dira aldakorrak.
Kuota mistoak izango dira zati batean kopuru finko batekin ordaintzen direnak, eta, gainerakoan, egindako lanaren proportzioan.
10. artikulua.– Elkargokideen eskubide eta eginbeharrak.
1.– Elkargokide guztiek bizitza korporatiboan aktiboki parte hartzeko eskubidea eta betebeharra dute; bereziki, batzar nagusietara joateko, bai eta, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera, beren karguak leialtasunez betetzeko ere.
2.– Elkargokideek eskubidea izango dute Elkargoak haien interes profesionalak defendatzeko, lehia desleialaren aurka babesteko, lanbideari buruzko gaietan aholku emateko eta maila teknikoa igotzeko.
3.– Elkargokide guztiek Elkargoari jakinarazi behar dizkiote ezagutzen dituzten intrusismo profesionaleko kasuak.
4.– Elkargokide guztiek egunean izan behar dituzte Elkargoko kuotak, eta Batzar Nagusiak ezartzen dituen ekarpen ekonomiko-korporatiboak jasan beharko dituzte.
11. artikulua.– Liburua-Aurkibidea.
Elkargoak aurkibide-liburu bat izango du, eta bertan jasoko dira, ordena-zenbakiarekin batera, elkargokide bakoitzaren izena, sozietate-izena, helbidea, alta-eguna eta, hala badagokio, baja-eguna, identifikazio fiskaleko zenbakia eta beharrezkotzat jotzen diren oharrak. Elkargokideen ordena-zenbakia finkoa eta aldaezina izango da.
Elkargokideek Elkargoari jakinarazi beharko diote arlo horretan gertatzen den aldaketa oro.
12. artikulua.– Elkargokide edo lotutako pertsona izateari uztea.
Elkargokide edo lotutako pertsona izateari utziko zaio kasu hauetan:
1.– Interesdunak Elkargoari jakinarazten badio, idatziz, uko egiten diola kide izateari, edo borondatezko baja eskatzen badio.
2.– Elkargokidea edo lotutako pertsona Elkargotik diziplinaz kanporatzen bada, estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.
3.– Lanbidean aritzeko desgaikuntza epai irmoz ezartzen bazaio elkargokideari edo lotutako pertsonari.
4.– Ohiko edo ezohiko kuotak sei hilabetez ordaintzen ez badira, ordainketaren errekerimendu fede-emailea egiten denetik zenbatzen hasita, bai eta falta astun edo oso astunengatiko diziplinazko espedienteen ondorioz ezarritako isunak ordaintzen ez badira ere. Ez ordaintzeagatiko bajaren kasuan, ordaintzeke dauden Elkargoko kuotak ordaintzeak, sortutako legezko interesekin, Elkargoko alta automatikoki birgaitzea ekarriko du, beste baja-arrazoiren bat dagoen kasuetan izan ezik.
5.– Elkargokidea edo lotutako pertsona hiltzen bada.
2. TITULUA
ZUZENDARITZA- ETA GOBERNU-ORGANOAK
13. artikulua.– Gobernu-organoak.
Elkargoaren gobernu-, zuzendaritza- eta administrazio-organoak elkargokideen Batzar Nagusia eta Gobernu Batzarra dira, eta estatutu hauetan, profesionalen elkargoei buruzko legerian eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezartzen denaren arabera arautuko dira.
1. KAPITULUA
GOBERNU BATZARRA
1. ATALA
IZAERA, OSAERA ETA ERAGINKORTASUNA
14. artikulua.– Izaera.
Gobernu Batzar batek zuzenduko du Elkargoa. Gobernu Batzarra kide anitzeko organoa izango da, eta berari dagokio elkargoa zuzentzea eta administratzea.
15. artikulua.– Osaera.
Gobernu Batzarra gutxienez 4 elkargokidek eta gehienez 10ek osatuko dute, eta horietako batek, gutxienez, kargu hauek izango ditu:
– Lehendakaria.
– Lehendakariordea.
– Diruzaina.
– Idazkaria.
Hautatutako gainerako elkargokideek bokalen postuak beteko dituzte.
16. artikulua.– Bilerak.
Gobernu Batzarra hiru hilean behin bilduko da gutxienez, eta, nolanahi ere, lehendakariak deituta edo batzarkideen ehuneko hogeik eskatuta. Deialdia egiteko epea 48 ordukoa izango da, premiazko kasuak daudenean izan ezik.
2. ATALA
HAUTESKUNDE-ARAUAK
17. artikulua.– Hautagarri izateko baldintzak.
1.– Lehendakaria eta gainerako karguak elkargokideen artean hautatuko dira.
2.– Baldintza hauek betetzen dituzten elkargokide guztiak izango dira hautesle eta hautagarri:
1) Betebehar guztiak egunean izatea.
2) Lanbide-jarduna etenda ez izatea.
3) Diziplinazko espedientean ezarritako zehapenak bete izana, hala badagokio.
4) Pertsona juridikoak; kasu horretan, ordezkatuko dituen pertsona fisikoa izendatu beharko da.
3.– Berritu behar diren karguen agintaldia amaitu baino hogei egun lehenago, Gobernu Batzarrak bidezkoa dena aginduko du Elkargoan hautapena iragartzeko, eta botoa emateko eskubidea duten elkargokideen zerrenda argitaratzeko eta azaltzeko agindua emango du.
18. artikulua.– Karguen iraupena eta kargu-uztea.
1.– Gobernu Batzordeko karguen iraupena lau urtekoa izango da, eta gehienez ere ondoz ondoko hamabi urtez aritu ahal izango da kargu berean, gerta daitezkeen berrautapenak kontuan hartuta.
2.– Gobernu Batzarreko kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:
1) Kargualdia bukatzea.
2) Interesdunak karguari uko egitea.
3) Gobernuko edo Administrazio Publikoko (Estatukoa, autonomia-erkidegokoa, tokian tokikoa edo instituzionala) izaera betearazleko kargu baterako izendapena izatea.
4) Epai irmo bidezko kondena izatea, kargu publikoak betetzeko desgaikuntza dakarrena.
5) Falta astun edo oso astunengatiko diziplinazko zehapen irmoa izatea.
6) Hautagarritasun-baldintzak galtzea.
7) Batzar Nagusiak zentsura-mozioa onartzea.
3.– Heriotzagatik, kargua uzteagatik edo beste arrazoiren batengatik lanposturen bat hutsik geratzen bada, Gobernu Batzarrak egokitzat jotzen duen elkargokidearekin bete ahal izango du behin-behinean, ondoren izendapena Batzar Nagusiaren esku uzteko.
19. artikulua.– Hauteskunde-deialdia.
Abenduan horretarako deitutako Ohiko Batzar Nagusian bildutako elkargokideek aukeratuko dituzte karguak, betiere Kontseilu Nagusiko karguak aukeratzeko hauteskundeen aurretik, eta estatutuetan eta Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritako betekizun eta formalitateak betez. Batzarra egin eta hurrengo hamabost egunen barruan, Elkargoak Gobernu Batzarraren osaera jakinaraziko die Kontseiluari eta Kontseilu Nagusiari.
20. artikulua.– Hautagaiak eta hautagai-zerrendak onartzea.
1.– Elkargoko edozein zuzendaritza-kargutarako hautagai gisa aurkeztu ahal izango dira elkargokide guztiak, betiere estatutu hauetako 17. artikuluan hautagarriak izateko ezarritako baldintzak eta hurrengo ataletan azaldutako formalitateak betetzen badituzte.
2.– Hautagaiek Elkargoko Gobernu Batzarrari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztuko dute hautagaitza, hauteskundeetarako ezarritako eguna baino hamar egun baliodun lehenago gutxienez.
3.– Elkargoko Gobernu Batzarrak, aurkeztutako idazkiak aztertu ondoren, ados egonez gero, hautagaiak aldarrikatu eta argitaratuko ditu, denak jakinaren gainean egon daitezen. Era berean, hautagaiak aurkezteko idazkiek eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenean, idazkien eraginkortasunik ezaren arrazoiak argitaratuko dira.
4.– Hautagai gisa aurkezten den elkargokideak zuzendaritza-karguren bat betetzen badu Gobernu Batzarrean, kargu berria aldarrikatzeak berekin ekarriko du zuzendaritza-karguari uko egitea eta kargu horretan jardunean aritzea.
21. artikulua.– Hautapen-prozedura.
1.– Hauteskundeak egiteko, hauteskunde-mahai bat eratuko da. Presente dauden bi elkargokidek (zaharrenak eta gazteenak) osatuko dute, eta Elkargoko lehendakaria izango da mahaiburua.
Gobernu Batzarrak izendatutako bi elkargokide ere egongo dira mahaian; idazkari zenbatzaile izango dira.
Hautagai bakoitzak artekari bat izendatu ahal izango du elkargokideen artetik, hauteskunde-eragiketetan ordezkatuko duena.
2.– Boto-kontaketak publikoak izango dira, eta mahaiak egingo ditu bozketa amaitzean; horrez gain, dagozkion aktak egingo dira eta emaitza jendaurrean jarriko da.
3.– Boto gehien lortu dituzten hautagaiak izendatuko dira karguetarako. Berdinketa gertatuz gero, berdindutako hautagaien artean bigarren bozketa bat egingo da, eta berdinketak jarraitzen badu, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera jokatuko da.
22. artikulua.– Lehendakaria eta lehendakariordea.
Lehendakariak Elkargoaren ordezkaritza izango du egintza ofizial edo kudeaketa-egintza guztietan, Gobernu Batzarraren erabakiak betearaziko ditu, legezko arauek ematen dizkioten ahalmen eta eginkizun guztiak baliatuko ditu eta kalitateko botoa izango du berdinketak ebazteko.
Lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du kargua hutsik dagoenean, edo hura gaixorik dagoenean.
23. artikulua.– Diruzaina.
Diruzainak gizarte-funtsak zainduko ditu, eta kobrantzak eta ordainketak egingo ditu.
24. artikulua.– Idazkaria.
Idazkariak batzarrek egiten dituzten bilkuren fede emango du, eta dagozkion aktak egingo ditu; akta horiek horretarako prestatutako liburuan jasoko dira. Halaber, beharrezkoa denean, idazkariak Elkargoaren dokumentuak egingo ditu, lehendakariaren oniritziarekin.
25. artikulua.– Eginkizunak.
Gobernu Batzarrak, Batzar Nagusiari berariaz esleitu ez zaizkion eginkizunez gain, hauek ere izango ditu:
1.– Elkargokideei dagokienez:
1) Elkargoko kide egiteko jasotzen diren eskaerak onartzeari buruz ebaztea.
2) Elkargokideen jokabide profesional zuzena zaintzea, bai elkarrekiko harremanetan, bai hirugarrenekiko harremanetan.
3) Ekintza egokiak sustatzea lanbidean jarduteko legezko gaikuntzarik ez dutenei horretan aritzea eragozteko.
4) Gobernu Batzarreko karguak betetzeko hauteskunde-deialdiak argitaratzea.
5) Elkargokideei bidezko diren diziplinazko espedienteak irekitzea.
2.– Elkargoari dagokionez:
1) Elkargoaren funtsak bildu eta administratzea.
2) Aurrekontuak idaztea eta kontuak elkargokideen Batzar Nagusiari urtero aurkeztea.
3) Banku-kontuak irekitzean edo eskualdatzean funtsak mugitzeko baimena ematea.
4) Elkargoaren zerbitzuko langileak kontratatzea, eta haien eskudantziak eta Elkargoko diziplina-araubideari eta sariari buruzko guztia finkatzea.
3.– Organismo ofizialei dagokienez:
1) Elkargokideak defendatzea haiek beren eginkizun profesionalak betetzen dituztenean.
2) Elkargoaren izenean, Elkargoaren eremuan lanbidea hobeto garatzeko egokitzat jotzen diren hobekuntza guztiak bultzatzea, bai eta aduanetako agente eta komisio-hartzaileen interes profesionalari eragin diezaiokeen oro ere.
4.– Gobernu Batzarraren eginkizuna izango da, halaber, Elkargoaren erabakiak betearaztea, bai eta estatutu hauetako beste artikulu batzuetan esleitzen zaion beste edozein ere.
26. artikulua.– Erabakiak.
Gobernu Batzarraren erabakiek balioa izan dezaten, bertaratutako kideen botoen gehiengo soila izan beharko dute.
Gainera, erabakiak baliozkoak izan daitezen, kideen erdiek gehi batek osatu behar dute Batzarra.
2. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIAK
27. artikulua.– Izaera eta eginkizunak.
Batzar Nagusia Elkargoko organo subiranoa da, eta elkargokide guztiek bete behar dituzte haren erabakiak.
Elkargokide guztiek osatzen dute.
Batzar Nagusiak eskudantzia hauek izango ditu, besteak beste:
1.– Estatutuak onartzea eta aldatzea.
2.– Ohiko eta ezohiko aurrekontuak onartzea eta Gobernu Batzarrak prestatzen dituen kontuak aurkeztea.
3.– Elkargoaren jabetzako ondasunen inbertsio-proposamenak onartzea.
4.– Komenigarritzat jotzen duenean, batzorde bereziak sortzea, hala eskatzen duten gai profesionalak hobeto aztertzeko.
5.– Gobernu Batzarra osatu behar duten pertsonak hautatzea.
6.– Gobernu Batzarreko kideen jarduna aztertzea, onartzea edo, hala badagokio, gaitzestea, estatutu hauetan ezartzen diren arauen arabera.
28. artikulua.– Bilerak.
1.– Ohiko Batzar Nagusia urtean behin bilduko da, lehen seihilekoan, batzar horren kudeaketa, balantzea eta emaitzen kontua aztertzeko, eta haren esku uzten diren gai guztiak ebazteko, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
2.– Elkargoan egiten diren beste batzar nagusi guztiak ezohikoak izango dira, eta horietan deialdian agertzen diren gaiak baino ezingo dira jorratu. Ezohiko batzar nagusiak Gobernu Batzarrak erabakitzen duenean bilduko dira, baita elkargokideen % 20k eskatzen dutenean ere, eta argi eta garbi adierazi beharko da deialdiaren eskaeran eta xedean.
29. artikulua.– Deialdia.
1.– Batzar Nagusietarako deialdia Gobernu Batzarraren erabakiz egingo da: ohiko batzarretarako, gutxienez hamar egun lehenago egingo da deialdia, eta ezohiko batzarretarako, gutxienez bi egun lehenago. Deialdi hori argitaratu eta jakinarazi egingo da, gai-zerrenda adierazita.
2.– Komunikazioa bidaltzen denetik Batzar Nagusia egiten den arte, Elkargoko Idazkaritzan egongo dira eztabaidatuko diren gaien aurrekariak, elkargokideen eskura, estatutu hauetako 37.5. artikuluan jasotako kasuan izan ezik.
3.– Elkargokideen % 20k ezohiko Batzar Nagusia egitea eskatzen badute, Gobernu Batzarrak gehienez hamabost eguneko epean deitu beharko du, dagokion eskaera Elkargoko Idazkaritzan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Halaber, Gobernu Batzarrak deia egiteko erabakia hartu eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan egingo da batzarra.
30. artikulua.– Eraketa.
1.– Lehenengo deialdian, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera deitutako batzar nagusiak balio osoz eratuko dira batzarra osatzen duten elkargokideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean; bigarren deialdian, berriz, bertaratutako elkargokideen kopurua edozein dela ere.
2.– Elkargoko lehendakariak eta Gobernu Batzarreko kideek osatuko dute mahaia, eta azken horiek lehendakariak izendatuko ditu, gai-zerrendako gaiak zuzentzeko.
3.– Elkargokideren bat ezin bada bertaratu, bertaratzea eragozten duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiengatik, beste elkargokide bati eskuordetu ahal izango dio bere ordezkaritza, idatziz, estatutu hauen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.
31. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Lehendakaria izango da batzar nagusien buru eta gidari lehenengo deialdian (adierazitako egunean eta orduan) eta, hala badagokio, bigarren deialdian, eta, lehendakaria ez badago, lehendakariordea. Lehendakaria eta lehendakariordea ez badaude, berriz, Gobernu Batzarrean denbora gehien daraman kidea; eta kide guztiak antzinatasun berekoak badira, Gobernu Batzarreko kiderik zaharrena. Gobernu Batzarreko idazkaria izango da Batzar Nagusiko idazkaria, eta, azken hori ez badago, lehendakariak horretarako izendatutako Gobernu Batzarreko kidea.
2.– Lehendakariak bilkura hasi ondoren, gai-zerrendako gaiak eztabaidatu eta bozkatuko dira, estatutu hauetan ezartzen den moduan.
32. artikulua.– Bozketak.
1.– Ohiko zein ezohiko batzar nagusietan, elkargokide guztiek izango dute boto-eskubidea, baldin eta elkargokide horiek egunean badituzte Elkargoko betebeharrak.
2.– Bozketa batean guztien adostasuna dagoela ulertuko da baldin eta, lehendakariak eztabaidagai jarritako mozioa onartzen den galdetzean, elkargokide batek ere ez badu adierazten onartzearen aurka dagoela. Bestela, lehendakariak bozketa egitea proposatu ahal izango du. Guztien adostasuna ez badago, bertaratutako elkargokideen botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak, estatutu hauetan jasotako kasuetan izan ezik.
3.– Bozketak hiru motatakoak izan daitezke: ohikoak, izenezkoak eta boto-paper bidezkoak.
1) Ohiko bozketa lehendakariak ezartzen duen hurrenkeraren arabera egiaztatuko da: eztabaidatzen den mozioa onartzen dutenak, onartzen ez dutenak eta abstenitzen direnak. Bozketa mota hori egingo da bertaratutakoen hogeiren batek hala eskatzen duenean.
2) Izenezko bozketa honela egingo da: elkargokideak bi abizenak esango ditu eta, ondoren, «bai», «ez» edo «abstenitu egiten naiz», eta gutxienez bertaratutakoen hamarrenak eskatzen duenean egingo da.
3) Boto-paper bidezko bozketa Batzar Nagusira bertaratutakoen herenak eskatzen duenean egin beharko da, edo lehendakariak, mahaiaren adostasunarekin, proposatzen duenean, bozkatu beharreko mozioak elkargokideen ohoreari eragiten diola iritzita.
4.– Ordezkari bidezko botoa, onartzen den kasuetan, modu fidagarrian eman beharko da.
33. artikulua.– Zentsura-mozioa.
1.– Gobernu Batzarraren edo bertako kideren baten aurkako zentsura-mozioa horretarako deitutako ezohiko Batzar Nagusian soilik aurkeztu ahal izango da, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
2.– Hauek izango dute zentsura-mozioak aurkezteko legitimazioa:
1) Gobernu Batzarrak berak, kideren bati edo batzuei dagokienez.
2) Gutxienez elkargokideen % 20k.
3.– Zentsura-mozioa aurkeztu dutenek ezin izango dute beste moziorik aurkeztu batzar beraren edo batzarreko kide beraren aurka sei hilabeteko epean.
4.– Zentsura-mozioa onartzeko, lehenengo deialdian elkargo-erroldaren bi herenen aldeko botoa beharko da, eta, bigarren deialdian, bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa. Gainera, bozketa horretarako ez da onartuko ordezkari bidezko botoa.
5.– Gobernu Batzarreko kide jakin batzuen aurkako zentsura-mozioa onartzeak eragindako kideak kargutik kentzea ekarriko du, bai eta kargu huts horiek betetzeko hauteskundeak egitea ere.
6.– Gobernu Batzar osoaren aurkako zentsura-mozioa onartzeak Gobernu Batzarra berehala desegitea ekarriko du.
Zentsura-mozioa onartu duen Batzar Nagusiak berak izendatuko du behin-behineko Gobernu Batzarra, eta horrek hauteskundeetarako deia egin beharko du hogeita hamar eguneko epean, Gobernu Batzar berria hautatzeko.
3. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
34. artikulua.– Aurrekontua.
Elkargoaren Gobernu Batzarrak gastuen eta sarreren ohiko aurrekontuak egingo ditu urtero, baita ezohikoak ere, halakorik balego, Batzar Nagusiari aurkezteko, onar ditzan.
35. artikulua.– Ohiko eta ezohiko baliabideak.
1.– Hauek izango dira Elkargoaren ohiko baliabideak, besteak beste:
1) Korporazioak dituen ondasun eta eskubideen emaitzak.
2) Elkargokideek Elkargoan sartzeko dituzten eskubideak eta elkargokideek aldian-aldian ordaindu beharko dituzten kuotak.
3) Aduanako dokumentuak direla-eta ezar daitezkeen tasak edo kargak.
4) Elkargoaren argitalpenekin lortzen diren onurak.
5) Elkargokideen eta erabiltzaileen jarduera profesionala errazteko inprimaki eta produktu informatikoen salmentarekin lortu daitezkeen onurak.
6) Izapidetze- eta aholkularitza-zerbitzuengatik eta Elkargoak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuengatik sortzen diren onurak.
2.– Hauek izango dira, besteak beste, ezohiko baliabideak:
1) Erakunde publiko edo pribatuek Elkargoari ematen dizkioten dirulaguntzak edo dohaintzak.
2) Elkargokideen Batzar Nagusian halakotzat erabakitako ezohiko kuotak.
36. artikulua.– Baliabideak bideratzea.
Ohiko eta ezohiko baliabide guztiak Profesionalen Elkargoei buruzko Legeak eta estatutuetako arauek esleitutako betebeharrak betetzeko soilik erabili beharko dira.
37. artikulua.– Inbertsioa, administrazioa eta zaintza.
1.– Elkargoko Gobernu Batzarrak inbertitu, administratu eta zainduko du Elkargoaren ondarea.
2.– Lehendakariak ordainketak aginduko ditu, eta diruzainak betearaziko ditu aginduak.
Funtsak mobilizatzeko, beharrezkoa izango da Gobernu Batzarrak zehazten dituen bi pertsonak edo karguk elkarrekin edo batera sinatzea.
3.– Diruzainari dagokio Elkargoaren diru-sarrerak administratzea eta kobratzea.
4.– Gobernu Batzarrak erabakiko du nola eraman behar den Elkargoaren kontabilitatea.
5.– Elkargokideek ekitaldi bakoitzeko kontuak aztertu ahal izango dituzte, deialdia egiten denetik ohiko Batzar Nagusia egin baino berrogeita zortzi ordu lehenagora arte.
38. artikulua.– Ondasunak eskuratzea eta eskualdatzea.
Ondasun higiezinak erosi edo saltzeko, Batzar Nagusiaren aldeko erabakia beharko da, lehenengo deialdian elkargo-erroldaren bi herenek hartua, edo bigarren deialdian bertaratutako elkargokideen bi herenen aldeko botoarekin hartua. Gainera, erabaki mota horretarako ez da onartuko ordezkari bidezko botoa.
39. artikulua.– Ondasunak bideratzea, Elkargoa deseginez gero.
Edozein arrazoirengatik Irungo Aduanetako Agenteen eta Aduanazainen Ordezkarien Elkargo Ofiziala desegiten bada edo legezko izateari uzten badio, desegiteko unean titular ziren elkargokideen artean banatuko da haren ondarea, zati berdinetan.
Laguntza publikorik egonez gero, laguntza horiek arautzen dituzten arauetan ezarritakoa izango da haien xedea.
Irungo Aduanetako Agenteen eta Aduanazainen Ordezkarien Elkargo Ofiziala desegin ahal izateko, beharrezkoa izango da botoa emateko eskubidea duten bertaratutako elkargokideen % 75ek ezohiko Batzar Nagusian (horretarako bakarrik deitutakoan) hori erabakitzea.
Likidazioa egiteko prozedura Eusko Legebiltzarraren lege bidez ezarritakoa izango da, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
40. artikulua.– Xedapen orokorrak.
1.– Ezin izango da zehapenik ezarri, ez bada estatutu hauetan araututako prozeduraren arabera horretarako izapidetutako espediente baten ebazpenaren bidez.
2.– Administrazioari dagozkion ahalmenak gorabehera, legearen eta ezarritako prozeduren arabera, hauek izango dute Elkargo Ofizial honen aurrean zehapen-espedientea irekitzea proposatzeko eskumena: Kontseilu Nagusiak, Elkargoaren Batzar Nagusiak, Gobernu Batzarrak eta edozein elkargokidek.
3.– Zehatzeko ahala Gobernu Batzarrari dagokio. Kontseiluaren eskumena izango da Gobernu Batzarreko kideek egindako faltak epaitzea eta zehatzea.
4.– Ebazpenak betearazi beharrekoak izango dira administrazio-bidea amaitzen badute.
Ezinbestekoak diren kautelazko neurriak hartu ahal izango dira, ematen den ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko. Neurri horiek hartzeko beharrezkoa izango da ebazpen arrazoitua ematea eta ukitutako pertsonari entzunaldia ematea.
5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak xedatzen duenaren arabera, Elkargoak ezartzen diren zehapenak jakinaraziko dizkie zehapen horien berri izan behar dutenei, benetan bete daitezen.
41. artikulua.– Diziplinazko faltak.
Estatutu hauen ondorioetarako, aduanetako agenteek eta aduanazainen ordezkariek egindako arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.
42. artikulua.– Falta oso astunak.
Falta oso astunak dira:
1.– Partikularrekin lankidetza eraginkorra eta dolozkoa izatea legeak eta erregelamenduak hausteko, Administrazioaren interesei kalte eginez.
2.– Kontu ofizialak aldatzea, justifika daitekeen hutsegitea denean salbu.
3.– Lehia desleialagatik zehapen irmoa jaso izana arau-hausteen batzordearen eskutik.
4.– Betebehar profesionalak ez-betetzea, horrek zerbitzuen hartzaileari edo hirugarrenei kalte larria ekartzen dienean.
5.– Lanbide-sekretua urratzea.
6.– Lanbidean jardutea hauetako bat urratuta: administrazio-ebazpen bat edo ebazpen judizial bat, desgaikuntza profesionala edo bateraezintasun administratibo edo judiziala adierazten duena, edota lanbidean jarduteko debekua ezartzen duen legezko xedapen bat.
7.– Dolozko delituak egitea, parte-hartzea edozein izanik ere, lanbidean jardun bitartean.
43. artikulua.– Falta astunak.
Falta astunak dira:
1.– Eskatutako dokumentazioa erregelamenduz ezarritako gutxieneko epean ez gordetzea.
2.– Administrazioak eta Elkargo Ofizialak emandako aginduak ez betetzea. Jardun eta deontologia profesionalaren funtsezko arauak urratzea.
4.– Betebehar profesionalak ez betetzea, horrek zerbitzuen hartzaileari kaltea ekartzen dienean.
5.– Elkargokideek ez betetzea ezagutzen dituzten intrusismo profesionaleko kasuak jakinarazteko duten betebeharra.
6.– Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargoei buruzko maiatzaren 31ko 7/2006 Legean edo hori xedatzen duten arauetan ezarritako nahitaezko prestazio-betebeharra ez betetzea zerbitzu hori emateko behar bezala eskatu eta gero, zerbitzua ematea eragozten duen arrazoi justifikatua egiaztatzen denean izan ezik.
44. artikulua.– Falta arinak.
Arau-hauste arina da jarduera profesionala arautzen duen edozein arau urratzea, betiere arau-hauste astuna edo arau-hauste oso astuna ez bada.
45. artikulua.– Arau-haustea berriro egitea.
Arau-haustea berriro egiten den ala ez zehazteko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 29.3.d) artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.
46. artikulua.– Erantzukizuna.
Beren ahaldunek edo laguntzaileek egindako falta oso astunak edo astunak estaltzen dituzten agente elkargokideek erantzukizuna izango dute, eta falta astunei eta arinei dagozkien zehapenak ezarriko zaizkie, hurrenez hurren. Erantzukizun bera izango dute, baldin eta, Administrazioak edo Elkargoak ahaldun edo laguntzaileen falten berri ematean, enplegatu horiekin lotutako bidezko neurriak hartzen ez badituzte.
Arrazoi berberengatik, erantzukizun eta zehapen berberak izango dituzte agente elkargokideek eta pertsona juridikoek beren ordezkariek eta laguntzaileek Administrazioaren aurrean duten jardunari dagokionez.
47. artikulua.– Diziplinazko zehapenak.
1.– Arau-hauste oso astunen zehapenak izan daitezke honako hauek:
a) Lanbiderako desgaikuntza, urtebete eta egun batetik hogei urtera bitartekoa, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluan ezarritako baldintzetan.
b) 3.005,07 eurotik 30.050,60 eurora bitarteko isuna.
2.– Arau-hauste astunen zehapenak izan daitezke honako hauek:
a) Lanbiderako desgaikuntza, gehienez ere urtebetekoa, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluan ezarritako baldintzetan.
b) 300,51 eurotik 3.005,06 eurora bitarteko isuna.
3.– Arau-hauste arinen zehapenak izan daitezke honako hauek:
a) Ohartarazpena
b) Isuna, gehienez ere 300,51 eurokoa.
48. artikulua.– Zehapen-espedientearen prozedura.
1.– Zehapen-espediente oro banan-banan izapidetuko da, eta antzinatasunaren eta hasiera-urtearen arabera zenbakituko da, hurrenez hurren.
2.– Nolanahi ere, prozedura ofizioz hasiko da, norberaren ekimenez edo salaketa bidez. Ez da izenpetu gabeko salaketarik onartuko. Gobernu Batzarrak baztertu egingo ditu, arrazoitutako ebazpen bidez, argi eta garbi funtsik gabekoak diren salaketak.
3.– Espedientea hasteko erabakian instruktore bat izendatzen da eta, hala badagokio, idazkari bat.
Instruktoreak ofizioz aginduko du, hala badagokio, zehatzeko modukoak diren egitateak eta erantzukizunak zehazteko frogak eta jarduketak egitea, eta, jarduketa horiek ikusita, karguen agiria egingo du, eduki honekin:
1) Ustez erantzule diren pertsonen edo erakundeen identifikazioa.
2) Egotzitako egitateen azalpena.
3) Egitate horiek eragin dezaketen arau-haustea edo arau-hausteak, araudia adierazita.
4). Zehapen aplikagarriak.
5) Zein den zehapena ezartzeko agintaritza eskuduna, eta zer arautan dagoen jasota eskumen hori.
6) Hala badagokio, eragindako kalte-galeren azalpena. Hala badagokio, hartzen diren behin-behineko neurriak.
4.– Kargu-orririk ez da egingo, eta espedientea largesteko eta jarduketak artxibatzeko aginduko da, egindako eginbideek eta frogek egiaztatzen dutenean ez dagoela arau-hausterik edo erantzukizunik. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie.
5.– Kargu-orria eta zehapen-espedientea hasteko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta gutxienez hamar eguneko epea eman behar zaie alegazioak egiteko eta beren eskubideak edo interesak defendatzeko erabili nahi dituzten frogak proposatzeko.
6.– Erruztatuak bere borondatez aitortzen badu bere erantzukizuna, instruktoreak espedientea bidaliko dio ebazteko eskumena duen organoari, hargatik eragotzi gabe espedientea izapidetzen jarraitu ahal izatea, iruzurraren edo beste pertsona edo erakunde batzuk estali izanaren arrazoizko zantzuak badaude.
7.– Froga gauzatzea.
1) Instruktoreak, hala badagokio, proposatutako froga edo frogak egitea aginduko du, eta horiek proposatzen dituenak ordainduko ditu gastuak.
2) Instruktoreak bidegabetzat jo ahal izango ditu proposatutako frogak, baldin eta azken ebazpena ustezko erantzulearen alde aldatzerik ez badute. Froga bidegabea dela adierazteko arrazoiak eman beharko dira.
8.– Ebazpen-proposamena.
48.5. artikuluan adierazitako epea igaro eta proba egin ondoren, instruktoreak dagokion ebazpen-proposamena egingo du. Eduki hau izango du:
1) Espedientepean dagoenari egozten zaizkion egitateak.
2) Egitate horiek dakartzaten arau-hausteen kalifikazioa eta haien araudia.
3) Jarri beharreko zehapena edo zehapenak, zenbatekoa (isunak badira) eta horiek ezartzen dituzten manuak adierazita.
4) Hala badagokio, egiaztatu diren kalte-galerei eta horien erreparazioari buruzko erabakiak.
5) Zein den zehapena ezartzeko organo eskuduna, eta zer arautan dagoen jasota eskumen hori.
9.– Entzunaldiaren izapidea eta ebazpen-proposamena aurkeztea.
1) Ebazpen-proposamena interesdunei jakinarazi behar zaie, hamar eguneko epean alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.
2) Aurreko izapideak bete ondoren, instruktoreak espedientea bidaliko dio ebazteko eskumena duen organoari.
10.– Espedientea ebaztea.
1) Organo eskudunak ebazpen arrazoitua eman beharko du, eta, bertan, interesdunek planteatutako gai guztiak eta espedientetik eratorritako beste guztiak ebatzita utzi beharko ditu.
2) Ebazpenean ezin izango da onartu prozeduraren instrukzioan aztertu ez den egitaterik, haien balorazio juridikoa edozein dela ere.
3) Ebazpenak, egintza mota horietarako legez eskatzen diren elementuak jasotzeaz gain, hauek ere jaso beharko ditu: egitateak, pertsona erantzulea edo erantzuleak, egindako arau-haustea edo arau-hausteak, ezarritako zehapena edo zehapenak, horiek ezartzeko organo eskuduna eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia.
Era berean, hala badagokio, aldatutako egoera jatorrizko egoerara lehengoratzeko arau-hausleari egindako eskakizunari eta eragindako kalte-galerengatiko balizko kalte-ordainari buruz beharrezkoak diren erabakiak aipatuko dira.
11.– Espedientea iraungitzea.
Espedientea hasi eta sei hilabeteko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, prozedura iraungi egingo da, salbu eta prozedura interesdunei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik gelditu denean edo lege honetan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean.
5. TITULUA
BALIABIDEAK
49. artikulua.– Baliabideak.
1.– Administrazio-zuzenbideari lotutako Elkargoaren egintzek eta erabakiek amaiera ematen diote administrazio bideari; horien aurkako errekurtsoa aurkeztu dezakete ukitutako pertsonek eta EAEko Administrazioak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
Edonola ere, berraztertzeko aukerako errekurtsoa ere aurkeztu daiteke ebazpena eman duen organoaren aurrean.
2.– Elkargoek eskuordetutako eginkizunak betez hartutako erabakien eta egintzen aurka, errekurtsoa jarri ahal izango zaio eskuordetza ematen duen administrazioari. Errekurtso horren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio bideari.
6. TITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
50. artikulua.– Estatutuak aldatzea.
Estatutuak aldatzeko ekimena Gobernu Batzarrari dagokio. Elkargokideek ere eskatu ahal izango dute; kasu horretan, gutxienez elkargokideen % 25 beharko da.
Hartzen diren erabakiek kasuan kasuko batzarrean dauden elkargokideen gehiengo osoa izan beharko dute.
RSS