
232. zk., 2024ko azaroaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (197 KB - 9 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5459
EBAZPENA, 2024ko azaroaren 18koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena. Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta instituzionaleko langileei eta bai IVAP Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin lankidetza-hitzarmena izenpetu duten entitate publikoetako langileei, 2024-2025eko ikasturteko bigarren lauhilekorako.
Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen du botere publikoek neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.
Legeak xedatutakoa garatzeko, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, zeinaren bitartez arautu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua. Duela gutxi, dekretu hori indargabetu egin du 19/2024 Dekretuak (19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzekoa).
Nolanahi ere, dekretu berriaren laugarren xedapen iragankorrak ezartzen du IVAPek 2025eko urtarrilaren 1era arteko epea izango duela bertan jasotako aurreikuspenetara egokitzeko. Horregatik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak pixkanaka egokituko du bere jarduna, eragiten dioten arau-aurreikuspen berriak betetzeko adierazitako data baino lehen. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta instituzionaleko langileek eta IVAPekin lankidetza-hitzarmena izenpetu duten entitate publikoetakoek 2024-2025eko ikasturteko bigarren lauhilekoan 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunen araberako ikastaroak egiteko deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 18a.
IVAPeko zuzendari-postua hutsik dagoelako sinatzen du (maiatzaren 4ko 133/ 2021 Dekretuaren 6.3 eta 8.2f artikuluak)
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Koordinazio eta Kudeaketako idazkaria,
NAGORE ALBERDI BERASALUZE.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta instituzionaleko eta euskal erakunde publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntza sustatzea eta bultzatzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak.
1.– Entitate hauetako langileek parte hartu ahal izango dute Hizkuntza Prestakuntzako Zerbitzuaren deialdi honetan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta instituzionala.
Aurrekoa gorabehera, langile hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan: Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko langileek, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzako langileek eta Justizia Administraziokoek. Langile horiek guztiek beren eremuetarako berariaz egiten diren deialdietan parte hartu ahal izango dute, haien dimentsioaren eta behar espezifikoen arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioak eta haien organismo autonomoak.
c) Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako Batzar Nagusiak.
d) Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.
e) Euskal Herriko Unibertsitatea (administrazio eta zerbitzuetako langileak).
f) Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.
2.– Ebazpen honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko apartatuan adierazitako entitate publikoek baldintza hauek bete beharko dituzte, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adieraziak (agindu horretan, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko entitate publikoei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua araututa dago):
2.1.– Hizkuntza normalizatzeko bere plana izan beharko du onetsia.
2.2.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat izenpetu izana aipatutako aginduaren II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.
3.– Edonola ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza eskainiko du, bere aurrekontu-baliabideen arabera.
Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.
Hemen zerrendatutako alderdiak arautzeko, 2024-2025eko ikasturteko deialdi orokorretako oinarriak aplikatuko dira:
– Ordu-kredituari buruzko araubidea.
– Administrazioko taldeak antolatzea.
– Matrikula-orriaren bitartez eskolatzea.
– Eskolara joatea eta asistentzia kontrolatzea.
– Ikastaroak hasita daudela hastea.
– Ikastaroak behin betiko uztea.
– Ikastaroak aprobetxatzeko irizpideak.
– Eskaintzen diren moduluak (egunea 2/3 ordukoak, trinkoak)
Administrazioko taldeak osatze aldera, deialdi osagarri honetan mailaketa-proba bakarra egingo da.
Aipatutako alderdiak arautzeko, bi ebazpenok hartuko dira kontuan:
Batetik, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta instituzionaleko langileei dagokienez, IVAPeko zuzendariaren 2024ko maiatzaren 8ko Ebazpena hartuko da erreferentziatzat, haiei 2024-2025eko ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten diena (2024-05-20ko EHAA; 97. zenbakia).
Bestetik, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten entitate publikoetako langileei dagokienez, IVAPeko zuzendariaren 2024ko maiatzaren 8ko Ebazpena hartuko da erreferentziatzat, haiei 2024-2025eko ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten diena (2024-05-20ko EHAA; 97. zenbakia).
Laugarrena.– Interesdunak bete beharreko baldintzak.
Oraingo deialdi honetan, interesdunek otsailetik ekainera arte egin ahal izango dute eskaera, betiere baldintza hauen pean:
a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, otsailean, ikastaro trinkoak bakarrik eskatu ahal izango dituzte, hau da, bost orduko ikastaroak edo barnetegia (hilabeteko barnetegia edo lau hilekoa).
b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu-aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.
Modulu-aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.
Betiere, HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute, hilabeteko barnetegiak izan ezik.
c) Ikastaroa 2024ko urrian hasi ez dutenek ordu-kreditu positiboa izan behar dute otsailean eskolatzeko.
Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroak.
5.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduetan.
Ebazpen honen II. eta III. eranskinetan adierazten dira deialdi honetan eskaintzen diren eta lanorduetan egin daitezkeen ikastaroak eta moduluak.
Deialdi hau 2024-2025eko ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu diren 2024ko maiatzaren 8ko ebazpenetan iragarri bezala.
II. eranskinean, IVAPek antolatutako aurrez aurreko ikastaroetarako aurreikusitako moduluak ageri dira, baita haien ordutegia eta egutegia ere. IVAPek egokitzat jotzen dituen egokitzapenak egin ditzake, bai hasierako eta amaierako datetan, bai eranskin horretan adierazitako ordutegietan. Gainera, modulu edo ordutegi jakin batean taldea osatzeko ikasle kopuru nahikorik ez badago, komenigarritzat jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango ditu.
5.2.– Eskabideak nola egin lanorduetako ikastaroetarako.
5.2.1.– IVAPekin lankidetza-hitzarmena sinatua duten erakunde publikoetan (udalak, foru-aldundiak, EHU, eta abar) diharduten langileak.
Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko. Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek pentsatuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.
IVAPek, eskabideak aztertu eta gero, eskatzailearen erakundeari jakinaraziko dio zein baztertu diren.
5.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak.
Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egin behar du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak.
Interesdunak, ez badu aukerarik https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko, bere saileko edo entitateko solaskideari jakinaraziko dio zer ikastaro egin nahi duen, eta hark grabatuko du eskabidea IVAPeko euskara-ikastaroak kudeatzeko aplikazioan.
Interesdunak atxikita dauden sailek eta entitateek lanorduetako eskabideak ikusi ahal izango dituzte.
Sail bakoitzak IVAPen aplikazio informatikoaren bidez kudeatuko ditu eskabideak, eta IVAPek berariaz jakinarazten dion epean baimendu edo ukatu beharko ditu.
Gero, sailek eta entitateek lanorduetako eskabideak onartu edo atzera botako dituzte.
IVAPek pentsatuko du sail edo entitateek onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintza guztiak.
5.3.– Lanorduetako eskabideak egiteko epea.
Eskabideak IVAPeko aplikazioen bitartez izapidetzeko epea hauxe izango da: azaroaren 29tik abenduaren 13ra bitartekoa.
Eusko Jaurlaritzako sailek abenduaren 18ra arteko epea izango dute jasotako eskabideak izapidetzeko.
5.4.– Aldi baterako langileak eta lanorduetako ikastaroak.
Administrazio orokorreko eta instituzionaleko langileen sailek eta entitateek egiaztatu beharko dute, aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza betetzen dela edo izendapena indarrean dagoela ikastaroak dirauen bitartean.
IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakundeek eta sailek ere egiaztatu beharko dute, aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza betetzen dela edo izendapena indarrean dagoela ikastaroak dirauen bitartean.
Seigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.
6.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduz kanpo.
Lanorduz kanpoko ikastaroen ezaugarriak deialdi honen III. eranskinean adierazten dira.
6.2.– Eskabideak nola egin lanorduz kanpoko ikastaroetarako.
6.2.1.– IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten entitateetako langileak.
Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko. Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek pentsatuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.
IVAPek, eskabideak aztertu eta gero, eskatzailearen erakundeari jakinaraziko dio zein baztertu diren.
6.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak lanorduz kanpoko ikastaroetarako.
Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egin behar du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak.
Interesdunak, ez badu aukerarik https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko, bere saileko edo entitateko solaskideari jakinaraziko dio zer ikastaro egin nahi duen, eta hark grabatuko du eskabidea.
6.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko epea.
Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak IVAPeko aplikazioen bitartez izapidetzeko epea hauxe izango da: azaroaren 29tik abenduaren 16ra bitartekoa.
IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten entitateetako langileen eskabideak IVAPeko aplikazioaren bitartez izapidetzeko epea hauxe izango da: azaroaren 29tik abenduaren 13ra bitartekoa.
6.4.– Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Administrazio orokorreko eta instituzionaleko aldi baterako lan-kontratuko langileek edo bitarteko funtzionarioek egiaztatu egin beharko dute euren administrazioarekin lan-hitzarmena dutela ikastaroak dirauen bitartean. Horretarako, lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.
IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten entitateek egiaztatu beharko dute, aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza betetzen dela edo izendapena indarrean dagoela ikastaroak dirauen bitartean.
6.5.– Matrikula-orriaren bidez finantzatutako ikastaroak kudeatzea.
Lanorduz kanpoko ikastaroak matrikula-orriaren bidez kudeatuko dira.
Euskaltegi homologatuetako ikastaroetan lanorduz kanpo egin beharreko ikastaroen eskaintza deialdi honen III. eranskinean dago jasota.
IVAPek matrikula-orri bat emango dio euskara-ikastaroetan parte hartzeko baimena duen pertsonari, berak aukeratutako euskaltegi homologatuan baimendutako moduluan matrikula dadin.
Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea, ikastaroa hasi baino lehen.
IVAPek ordainduko du matrikula, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:
a) Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon behar du.
b) Egin daitezkeen ikastaroek HABEk araututakoak izan behar dute, eta deialdi honen III. eranskinean jasota egon.
Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula orria onartuko du eta kostu osoa ordainduko du. Inola ere ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko bestelako gasturik (joan-etorriak, materialak, eta abar).
Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo.
Ikaslea ez bada matrikulatzen inongo euskaltegitan, ikasleak edo solaskideak baja erregistratu beharko du Solaskidegune aplikazioan.
Zazpigarrena.– Ikastaroen hasiera.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du onartua izan den eskatzaileak eskolan. Hortaz, IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren horien eskaerak.
Lauhileko honetan beste modulu batean hasten diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentea ikastaro trinkoa izango da:
– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatu nahi duten ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta gero aldatuko dira 2 orduko ikastarora.
– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatu nahi duten ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.
Zortzigarrena.– Datuen babesa.
Datu pertsonalak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, arau hauek betez: (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia. Tratamendu hori EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzeko eta ebaluatzeko da, eta, hala badagokio, programatzeko eta bertaratzea kudeatzeko, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzeko ere.
Tratamenduaren arduraduna Administrazio publikoaren Euskal Institutuko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren datuak babesteko ordezkariaren aurrean, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatu ahal izango dira, baita aplikatu beharreko araudiak aurrez ikusitako beste edozein eskubide ere.
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak hauei jakinaraziko zaizkie: EAEko langileen arloan eskumena duten organismoei (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio-planaren betetze-mailari buruzko ebaluazio-txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko). Datuak ez zaizkie jakinaraziko hirugarrenei, legeak kontrakoa agintzen ez badu.
Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua hemen kontsultatu dezakezu:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK
1.– BARNETEGIKO IKASTAROAK.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian edo Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira. Hau da ikastaroen egutegia:
Maizpide (Lazkao): otsailak 17-ekainak 25.
Aurten Bai (Zornotza): otsailak 17-ekainak 25.
Barnetegiko ikastaroak euskaltegien egutegira eta ordutegira egokituko dira.
IVAPek matrikularen eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.
2.– BOST ORDUKO IKASTAROAK.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatuko du; izan ere, eskola orduez gain, ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora ere gehitu beharko da.
Bost orduko ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena izango dute. Deialdi honi dagokion bost orduko ikastaroa bigarren lauhilekoan egingo da eta honako iraupena izango du:
Otsailak 17-ekainak 27 (hiru ebaluazio egingo dira).
2025eko apirilaren 17tik 25era arteko egunak, biak barne, ez dira eskola-egunak izango.
IVAPek matrikula gastuak hartuko ditu bere gain.
3.– MODULU-ALDAKETAK.
3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:
Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek egutegi hau izango dute: otsailaren 17tik ekainaren 20ra.
2025eko apirilaren 14tik 25era arteko egunak, biak barne, ez dira eskola-egunak izango.
Matrikula-orria betez matrikulatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia izango dituzte.
3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:
Bi orduko ikastarotik bost orduko taldera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.
Matrikula-orria betez matrikulatzen diren ikasleek, berriz, euskaltegiaren egutegia eta ordutegia izango dituzte.
III. ERANSKINA
MATRIKULA ORRIAREN BIDEZ FINANTZATUKO DIREN IKASTAROAK
1.1.– LANORDUETAKO IKASTAROAK:
1) Aurrez aurreko ikastaroak.
(Ikus .PDF)
1.2.– LANORDUZ KANPOKO IKASTAROAK:
1) Aurrez aurreko ikastaroak (1. HE, 2. HE eta 3. HE)
Trinkoak.
(Ikus .PDF)
2/3 ordukoak.
RSS