Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2024ko azaroaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL TRENBIDE SAREA
5442

EBAZPENA, 2024ko azaroaren 14koa, Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren Kontrataziorako Ordezko Batzordeko lehendakariarena, «Mundakan (Bizkaia) geltokiaren inguruan dagoen lursaila okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko emakida» onartzen duena (Concesión_Mundaka).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Euskal Trenbide Sareak duen ondarearen barruan, beste ondasun eta eskubide batzuen artean, sortu zenetik eraiki diren azpiegiturak daude, bai eta lehendik zeuden eta Eusko Jaurlaritzaren dekretuen bidez atxiki zitzaizkionak ere. Hala berresten du, azken kasu horretarako, ekainaren 6ko 118/2006 Dekretuaren 2.2 artikuluak (118/2006 Dekretua, ekainaren 6koa, Eusko Trenbideak SAren kapitala hainbat ekarpen itzuliz gutxitzea baimentzen duena eta lehendik dauden trenbide-azpiegituren administrazioa Euskal Trenbide Sareari atxiki eta gomendiotan emateko dena). .

Bigarrena.– Abuztuaren 25eko 2488/78 Dekretuaren bidez, , besteak beste, trenbideak eta tranbiak ezarri, antolatu, ustiatu eta ikuskatzeko eskumenak eskualdatu zitzaizkion Eusko Kontseilu Nagusiari; trenbide eta tranbia horiek, betiere, Estatukoak ez zirenak izan behar zuten, oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen zirenak eta Renfen sartuta ez zeudenak.

Hirugarrena.– 1987ko irailaren 1ean, FEVEk tren-zerbitzu hauek Eusko Kontseilu Nagusiaren esku uzteko entrega-akta sinatu zen: Bilbo-Irun, Zornotza-Gernika-Bermeo eta Zorrotza-Portua trenbideen zerbitzuak.

Entrega-akta horretan, ados jarrita, bere garaian transferitutako trenbide-zerbitzuei lotutako ondasunen inbentarioak daude, eta horien artean daude txosten honetako lurrak, Mundakako geltokiaren inguruan daudenak, Zornotza-Bermeo linearen barruan.

Laugarrena.– Mundakako Udalak, 2024ko ekainaren 20ko erregistro elektronikoaren bidez (sarrera-erregistroaren zenbakia: 534), doako jabari publikoko emakida eskatu du, Mundakako geltokiaren ondoko lurrak aldi baterako okupatu eta erabiltzeko, 50 urterako.

Udalak, onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, trenbideko herri-jabariko ondasunak okupatu eta aldi baterako erabili nahi ditu lehen deskribatutako lurretan, txosten teknikoaren plano erantsien arabera.

Udalaren asmoa da obra batzuk egitea tren-geltokiaren eta Mundakako portuaren arteko lotura hobetzeko oinezkoentzat. Horretarako, ibilgailuen aparkaleku publikorako orain erabiltzen den zabalgunearen kota jaitsiko luke, eta aparkalekua bestela antolatzen hasi, eta horrek geltokiaren sarreretan eta irteeretan oinezkoak erosoago ibiltzea ekarriko luke.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Hasitako espedientearen xedea, aurrekarietan aipatzen dena, hau da: onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako jabari publikoko emakida bat ematea arautzea, bat etorriz Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 68.a) artikuluan aurreikusitakoarekin, Mundakako geltokiaren inguruan Zornotza-Bermeo lineako trenbidearen jabari publikokoa den 800,00 m2-ko azalera okupatzeko eta zati batean erabiltzeko (erabilera komun berezia) eta ibilgailuen aparkaleku publikoa dagoen tokian hobetzeko obrak egiteko.

Bigarrena.– Higiezin hori herri-jabariko ondasuna da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunekoa, eta haren kudeaketa Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS) ente publikoari atxikita dago. Ondasun horren zati bat emakidadunak proposatutako jarduerarako erabiliko da, eta, horretarako, emakidadunak behar dituen espedienteak izapidetu beharko ditu, bere kontura eta arriskuak berak hartuz, emakida ustiatzeko eska daitezkeen edozein eratako lizentzia eta baimen guztiak eskuratzeko.

Hirugarrena.– Erreferentziako espedienteko dokumentazioa eta informazioa aztertu da, eta behar bezala betetzen da azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoa (2/2007 Legegintzako Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena, herri-jabariko emakidei buruzkoa).

Laugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategineko 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ETSri dagokio administrazio-emakidei buruzko espedienteak izapidetzea, entitate horri atxikita baitago ondasuna.

Bosgarrena.– Emakidarako erabakian sartu beharreko edukiari dagokionez, espedientean jasotako dokumentazioan eta informazioan honako hauek daude (Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 72. artikulua):

– Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.

– Emakidaren araubide ekonomikoa.

– Eman beharreko bermea, hala badagokio.

– Kontserbazio- eta mantentze-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak bere gain hartzea, eta konpromisoa hartzea ondasuna bere izaeraren arabera erabiltzeko eta hartutako egoeran entregatzeko.

– Ondasuna erabiltzeak edo bertan egin beharreko jarduerak eskatzen dituen lizentzia eta baimen guztiak bere kontura lortzeko konpromisoa.

– Okupazioaren ondoriozko erantzukizuna bere gain hartzea, eta, hala badagokio, dagokion aseguru-poliza formalizatzeko betebeharra aipatuz.

– Lagatzaileak emakidaren bidez lagatako ondasuna ikuskatzeko ahalmena gordetzea, hura emakidako baldintzen arabera erabiltzen dela bermatzeko.

– Luzatzeko eta subrogatzeko epea eta araubidea, hala badagokio; nolanahi ere, aldez aurreko baimena beharko da.

– Azkentzeko arrazoiak.

Seigarrena.– Aukeratutako esleipen-prozedura zuzenean esleitzekoa da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategineko 81. artikuluan arautua, eta, zuzenean emateko, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93. artikuluaren 1. apartatuan eta lege horren 137.4 artikuluko a) letran ezarritakoari jarraituko zaio.

Hona hemen emakida artikulatzeko modua eta baldintzak:

– Mundakako Udalak bere erantzukizunpean eta bere kontura eta kargura egin beharko ditu lortu nahi den onura publiko edo interes publiko edo sozialerako beharrezkoak diren lanak. Oinezkoentzako konektagarritasuna hobetzeko eta aparkalekua berrantolatzeko proiektuaren barruan, Mundakako Udalak ziurtatu beharko du ETS/ETko langileentzako bi (2) aparkaleku erreserbatu/jarriko direla doan eta modu iraunkorrean.

– Horretarako, dagokion egikaritze-proiektua aurkeztu beharko dio ETSri –zehazki, Ondare Sailari (https://www.etsrfv.euskadi.eus/autorizacion/autorizacion-de-obras-en-en-zonade-dominio-publico-ferroviario-zona-de-servidumbre bre-yafeccion/webets00-general/es/)–, hark aztertu ondoren dagokion baimen-ebazpenaren proposamena idatz dezan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Planean ezarritako zehaztapenekin (plan hori Eusko Jaurlaritzaren 41/2001 Dekretuaren bidez onartu zen), bai eta Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearekin, hura aldatzen duen abenduaren 19ko 26/2022 Legearekin eta Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren preskripzio orokorrekin ere (erregelamendu hori abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

– Udalak lortu nahi duen erabilera-mota edo -erregimena aldi baterako erabilera da, onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, eta 50 urteko ekoizpen-okupaziora edo behin eta berriz egiaztatzeko premiara mugatuta dago.

– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 72. artikuluaren arabera, ETSk ikuskatzeko eta zaintzeko administrazio-ahalmenei eutsiko die, bai txosten honen xede diren herri-jabariko ondasunei dagokienez, bai Udalak egiten dituen instalazio, lan edo eraikuntzei dagokienez; hori guztia, herri-jabariko emakidaren xede diren lurrak eskabidearen eta txosten honen arabera okupatzen eta erabiltzen direla bermatzeko.

– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 76.1 artikuluko azkentzeko kausak gorabehera, eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 32. artikulua aplikatuz (2387/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori), ETSk edozein unetan utzi ahal izango du eraginik gabe edo/eta aldatu ahal izango du emakida hau, baldin eta emakidaren ondoriozko okupazioa eta/edo aldi baterako erabilera bateraezina bada gerora onartutako segurtasun-arauekin, trenbidearen jabari publikoan kalteak eragiten badira, interes publikoko jardueretarako erabiltzea eragozten bada edo trenbide-azpiegituraren beharrengatik bada, eta Mundakako Udalak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

Horri dagokionez, eta informazio gisa, aurreratu behar da ETSren proiektu-zorroaren barruan honako jarduketa hauek hauteman direla, aztertzen ari garen emakidari eragiten diotenak, bai emakidaren eremuan zuzenean egiteagatik edo egitekoak izateagatik, bai erabilera-tituluari dagokion eremuari zeharka eragiteagatik edo/eta elkarreraginagatik: (i) Zornotza-Bermeo lineako 24+900 eta 26+115 kilometroen arteko zatian trenbideak berritzea, (ii) Bermeoko adarrean KAEa berritzea Mundakako geltokiaren eta Bermeoko geltokiaren arteko tartean (25+815 km - 28+779 km), (iii) Mundakako geltokiko 26+125 sarrerako orratz-bidea Bermeoko 28+600 geltokiraino berritzeko proiektua, (iv) Bermeoko adarrean Itsasbegi geltokiaren eta Mundaka artean KAEa berritzea (23+681 km – 25+815 km), eta (v) Mundakako geltoki berria.

– ETSk hasieran onetsitako okupazioan eta aldi baterako erabileran sortutako edozein aldaketa egiteko, dagokion baimena beharko da, eta baimen hori Mundakako Udalak tren-azpiegituraren administratzaileari eskatu beharko dio aurrez.

– Mundakako Udalak bere gain hartuko ditu kontserbazio-, mantentze-, zaintza- eta segurtasun-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak, bai eta jabari publikoko emakidaren xede diren lursailak beren izaeraren arabera aldi baterako erabiltzeko konpromisoa ere, eta Udalak berak hartu beharko du konpromisoa lursailak erabiltzeko edo bertan egin beharreko jarduerarako behar dituen lizentzia eta baimen guztiak lortzeko bere kontura.

– Aldi baterako okupazio horretatik ezin izango da ETSrentzat inolako erantzukizunik sortu. Eskatzailea arduratuko da mantentze-lanez eta segurtasunaz ezarritako epean, eta udalak, edo haren izenean diharduenak, ETSren jabetzei edo instalazioei eragindako kalteen erantzule izan beharko du, bai eta lursail horien okupazioaren eta aldi baterako erabileraren ondorioz hirugarrenei eragindako kalte pertsonal eta/edo materialen erantzule ere.

– Horretarako, eskatzaileak, edo haren izenean diharduenak, aipatutako kontingentziak estaliko dituen aseguru-poliza bat entregatuko du ETSn. Poliza horretan, gainera, ETS eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra aseguratu gehigarri gisa hartuko dira, hirugarrenaren izaera galdu gabe. Poliza horrek frankizia bat adierazten badu, eskatzaileak edo haren izenean diharduenak berak aurre egingo dio frankiziaren zenbatekoari.

– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 85.2 artikuluak behin betiko bermea arautzen du, emakidadunak eratu beharrekoa, hari eskatu ahal zaion betebehar gisa emakida esleitzeagatik. Ikuspegi subjektibotik, kontuan hartzen da alderdi interesduna administrazio publikoa dela, bere gain hartzen duena emakidaren garapen egokiaren gaineko erantzukizuna, eta, ikuspuntu objektibotik, kontuan hartzen da bai lortu nahi den erabileraren onura publiko edo interes publiko edo sozialaren izaera eta bai erabileraren doakotasuna eta/edo irabazi-interesik eza, eta, azkenik, kontuan hartzen da emakidari lotutako obrak egiteko behar den fidantzaren errealitatea. Horregatik guztiagatik, azken fidantza hori, berez, berme egokitzat eta nahikotzat jotzen da, eta, hala, paragrafo honen hasieran aipatutako behin betiko bermetik salbuesten da eta/edo hura alde batera uzten da.

– ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango, interesdunak kaltetuta ateratzen badira eta, oro har, instalazioen okupazioak eta aldi baterako erabilerak hirugarrenei kalteak eragiten badizkiete.

– Era berean, ETSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak ez dute inolako erantzukizunik izango, eskatzaileak, okupatzaileak edo edozein hirugarren erabiltzailek trenbide-instalazioetan eta lursailetan kalteak eragiten badituzte.

– Mundakako Udalaren erantzukizuna izango da trenbide-instalazioetara bidegabe egiten den sarrera oro, bai eta trenbide-instalazioei eragindako galera edo kalte oro ere, eta hark ordaindu beharko ditu orubea okupatzen den bitartean sortzen diren konponketa-gastuak eta erantzukizunak.

– Mundakako Udalaren ordezkari gisa jarduten duenak eta lurra okupatzen dutenek bete egin beharko dituzte ETSko langile teknikoek ematen dizkieten argibide guztiak.

– Jabari publikoko emakida hau 50 urterako izango da, emakida sinatzen den egunetik zenbatzen hasita, lurzatia aldi baterako okupatzeko eta erabiltzeko, aldez aurretik eskatzen diren onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko xedeetarako. Epe hori ez da luzatuko.

– Era berean, Mundakako Udalaren aldeko doako jabari publikoko emakida baten premisari dagokionez, emakida honek ezin izango dio irabazizko onura eta/edo aprobetxamendurik ekarri administrazio horri, hala nola erabiltzaileek Udalari geratzeko edo aparkatzeko ordaindu beharreko baimenak ezartzeak edo arautzeak dakartzatenak.

Horiek horrela, Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren Kontrataziorako Ordezko Batzordeak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– «Mundakako geltokiaren inguruan (Bizkaia) dagoen lursaila okupatu eta erabiltzeko jabari publikoko emakida» onartzea Mundakako Udalaren alde, onura publikoko edo interes publiko edo sozialeko helburuetarako, eta berrogeita hamar (50) urterako, emakida sinatzen den egunetik hasita, eta luzatzeko aukera kontuan hartu gabe onartzea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bilbao, 2024ko azaroaren 14a.

Kontrataziorako Ordezko Batzordeko lehendakaria,

ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.


Azterketa dokumentala