Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2024ko azaroaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5193

AGINDUA, 2024ko azaroaren 5ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailbururarena, modifikatzen duena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko apirilaren 23ko Agindua, zeinaren bidez natura-ondarea babesteari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten pertsona, elkarte, fundazio eta enpresentzako dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezarri eta laguntza horiek emateko deialdia egiten baita 2024. urterako.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko apirilaren 23ko Aginduaren bidez, natura-ondarea babesteari buruzko ezaguera sortzeko proiektuak egiten dituzten pertsona, elkarte, fundazio eta enpresentzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egin zen 2024rako.

Agindu hau argitaratu ondoren, ikusi da komeni dela 2024ko apirilaren 23ko Aginduaren 17. artikuluan ezarritako dirulaguntzaren ordainketen egutegia aldatzea, baita agindu horren 18. artikuluaren c) puntuaren idazkera argitzea ere.

Azaldutakoaren arabera, agindu honen xedea da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko apirilaren 23ko Agindua aldatzea, Agindu horren bidez, natura-ondarea babesteari buruzko ezaguera sortzeko proiektuak egiten dituzten pertsona, elkarte, fundazio eta enpresentzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta 2024rako deialdia egin zen.

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 10.1 artikuluak ematen didan eskumenari jarraituz, Lehendakariaren ekainaren 24ko 24/2024 Dekretuarekin lotuta (24/2024 Dekretua, Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasuneko sailburua izendatzen duena. Sail horretan kokatzen da une honetan Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko apirilaren 23ko Agindua, zeinaren bidez natura-ondarea babesteari buruzko ezaguera sortzeko proiektuak egiten dituzten pertsona, elkarte, fundazio eta enpresentzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten baita 2024rako, honako terminoetan:

1.– 17. artikulua honela geratzen da idatzita:

«17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honela:

a) Lehenengoa, emandako dirulaguntzaren % 20, agindu honen 18.a) artikuluan adierazitako epea igarotakoan ordainduko da, tartean uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, 2025ean. Horretarako, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari: diruz lagundutako jarduerak benetan egin direla eta horien kostua egiaztatzen duen dokumentazioa, eta sortutako dokumentazioa, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntzak ordaintzeko, onuradunak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak ere.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion hirugarrenen erregistro elektronikoan agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Aginduaren 18. artikuluaren c) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«c) Dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko epearen barruan egitea, hau da, eskabidean adierazitako egunetik 2025eko ekainaren 30era bitartean.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 5a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala