Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2024ko azaroaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5176

AGINDUA, 2024ko azaroaren 6koa, Hezkuntza sailburuarena, 2024-2025 ikasturteari dagokion ikastetxeei buruzko informazioa eredu bateratuaren bidez biltzeko dena.

Hezkuntza-plangintza eta kudeaketa arloetako beharrei erantzun ahal izateko eta estatistika-ondorioetarako, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan informazio-bilketa bateratua egingo da, 2024-2025 ikasturteari buruz. Horretarako, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eta Hezkuntza Sailburuordetzaren proposamenez, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztiek ahalik eta zehaztasun eta doitasun handienez bete beharko dituzte, Hezkuntza Sailaren aplikazioak erabiliz, berariaz sortutako eta izen hauekin multzokatutako dokumentuak edo formularioak: Eskola Jarduera, Ordutegiak, Espediente Akademikoak, Notak eta Faltak (azken aktak) eta HPB-Hezkuntza Premia Bereziak.

Bigarrena.– Ikasturtean zehar, Hezkuntza Sailak zer galdetegi bete behar diren komunikatuko dio ikastetxe bakoitzari, eta epeak eta prozedura egokiak adieraziko ditu.

Hirugarrena.– Ikastetxeko zuzendariak gainbegiratu beharko du ereduak nola bete diren, informazioaren zehaztasuna bermatuz. Dokumentuak bete ondoren, hala badagokio, bidali egingo dira, ezarritako prozedurak eta epeak errespetatuz, eta, ondoren, behar denean, berrikusteari ekingo zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, Hezkuntza sailburuordeari eta Hezkuntzako Lurralde ordezkariei esku ematen zaie, agindu honetan ezartzen dena garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 6a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala