
221. zk., 2024ko azaroaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (189 KB - 7 orri.)
- EPUB (314 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5172
AGINDUA, 2024ko urriaren 14koa, lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 14ko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak ebazten dituena. Agindu horren bidez ezartzen da dirulaguntzak emateko erregimena 2024an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.
AURREKARIAK
1.– 2024ko maiatzaren 22ko EHAAn, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 14ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez ezartzen baita dirulaguntzak emateko erregimena 2024an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.
2.– 2024ko maiatzaren 14ko Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak, 2024ko irailaren 4an egindako bileran, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatu zituen, eta organo kudeatzaileari eman zion ebaluazio horren emaitzaren berri. Organo horrek lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari aurkeztu zion eskabideei buruzko ebazpen-proposamena.
Hala bada, organo kudeatzaileak egindako proposamena kontuan hartuta eta lehen aipatutako Aginduaren 13. artikuluak emandako ahalmena erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatutako entitateei dirulaguntzak ematea; hor jaso dira emandako zenbatekoak ere.
Bigarrena.– II. eranskinean adierazitako eskaerak ez onartzea, bertan azaltzen diren arrazoiengatik.
Hirugarrena.– 2024ko maiatzaren 14ko Aginduan arautako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek, aginduaren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.
Jakinarazten da, halaber, emandako dirulaguntzek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua bete beharko dutela.
Laugarrena.– Dirulaguntza bi ordainketatan jasoko da; lehenengoa, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar, esleipen-agindua jakinarazi eta hura onartzeko epea igarotakoan ordainduko da; eta, bigarrena, gainerako ehuneko berrogeita hamarra, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2025eko martxoaren 1a baino lehenago justifikatu beharko baita.
Ordainketa izapidetu aurretik, entitate onuradunek onartu egin beharko dute esleitutako dirulaguntza. Hartara, dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
Bosgarrena.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2025eko martxoaren 31 baino lehen, esteka honen bidez https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko txosten laburra, egindako jarduerak eta lorturiko emaitzak adierazita.
b) Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu daitezke gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.
Faktura eta egiaztagiri guztiak espedienteri gehituko zaizkio. Aurkeztutako fakturek diruz laguntzen den jardueraren gastu guztiak justifikatu beharko dituzte.
c) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa jaso dela berariaz aipatzen duten agiri guztien aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak), deialdiaren aginduan ezarritako baldintzen arabera.
d) Egindako gastuen zerrenda zehatza –jardueraren zenbateko osoaren besteko kopurua– (deialdi-aginduaren II. eranskina edo pareko dokumentua).
e) Ekitaldian parte hartzeak eragindako aurrekontu likidatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da xede bererako eskuratutako beste edozein laguntza, baldin eta eskabideak aurkezteko unean laguntza horiek egiazki jasoko ziren jakiterik ez bazegoen (deialdi-aginduaren I. eranskina edo pareko dokumentua).
Seigarrena.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatu batzuetatik beste dirulaguntzaren edo laguntzaren bat jaso bada, dirulaguntza emateko agindua aldatu egin daiteke. Horretarako, lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak dagokion likidazio-agindua emango du, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.
Zazpigarrena.– Ez-betetzeak izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 eta 36.2 artikuluan ezarritakoak, eta lege horren 40. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez izapidetuko dira.
Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta legezko interesak.
Zortzigarrena.– Agindu honen berri banan-banan emango zaie interesdun guztiei, nahiz eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 14a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS