
217. zk., 2024ko azaroaren 7a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (210 KB - 13 orri.)
- EPUB (480 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
AUKERAK, GIZARTERATZEAREN EUSKAL AGENTZIA
5086
EBAZPENA, 2024ko urriaren 29koa, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez agintzen baita argitara daitezela Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzian karrerako funtzionarioentzat eta lan-kontratudun langileentzat gordeta dauden lanpostuen zerrendak.
Urtarrilaren 11ko 5/2022 Dekretuak onartzen ditu Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziaren estatutuak eta atxikitzen dira «Trabajo Penitenciario y Formación para el Empleo» zuzenbide publikoko estatu-erakundean zerbitzua ematen zuten langile transferituak. Dekretuko 15.e) artikuluan ezartzen da, halaber, Administrazio Kontseiluak, Zuzendaritzaren proposamenez, langileen plantilla eta lanpostuen zerrenda onartzeko ahalmena duela, betiere, nahitaezko txostena egin ondoren, eta horretarako aplikatzekoa den araudiaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuak aldatzen dituen urriaren 29ko 315/2024 Dekretuaren bidez, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziari atxikitzen zaizkion funtzionarioen eta lan-kontratudun langileen lanpostuak sortzen dira.
Lanpostu-zerrenda honen izapideak urtarrilaren 11ko 5/2022 Dekretuan xedatutakoaren arabera egin dira, eta ezartzekoak diren gainerako arauak ere bete dira; Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan onartuta dauden irizpide orokorrak errespetatu dira.
Horri jarraikiz, Administrazio Kontseiluak 2024ko urriaren 28ko bilkuran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aukerak, Gizarteratzearen Agentzian karrerako funtzionarioentzat eta lan-kontratudun langileentzat gordeta dauden lanpostuen zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Zerrenda horiek ebazpen honen I. eta II. eranskinetan daude jasota, hurrenez hurren.
XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Urtarrilaren 11ko 5/2022 Dekretuaren bidez Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoari transferitutako langileei dagozkien langileen zerrenda onartzetik erator daitezkeen ordainsari-aldeak eta osagarri pertsonal iragankorrak erakundeak ordainduko ditu, atzeraeraginezko ondorioekin, 2022ko otsailaren 1etik aurrera.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako neurri ekonomikoen eraginkortasuna 2025eko urtarrileko nominara atzeratuko da, antolaketa-premiak direla-eta.
3.– Gainerako guztian, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziako lanpostu-zerrendak argitaratzeak ondorioak izango ditu transferitutako funtzionarioak Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kidego eta eskaletan sartzen diren egun berean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio Kontseiluaren 2024ko urriaren 28ko Erabakiak administrazio-bidea agortzen du, eta, aurka egiteko, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian edo interesdunaren bizilekuaren arabera dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 29a.
Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziako zuzendaria,
JUAN CARLOS ROMERO LEON.
RSS