Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2024ko azaroaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
5085

AGINDUA, 2024ko urriaren 22koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programarako deialdia egiten duena.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren iritziz, ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.

Kontuan izan da Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan ezarritakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, desegin eta aldatzeari buruzkoa eta sail horien eginkizunak eta jarduketa-arloak finkatzeari buruzkoa (2024ko ekainaren 24a).

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak betetzeko efikazia, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia–, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) oinarrizko manuekin eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2025eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasoko duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan.

Eta oinarri gisa hartu da Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzen baita.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ikerketa-zentroetan dedikazio esklusiboarekin egonaldiak egiteko laguntza-deialdia egitea, norgehiagoka-erregimenean, bi helburu hauek betetzeko: batetik, I+G+b zentro eta organismoetako ikertzaileen eta unibertsitateko irakasleen mugikortasun geografikoa bultzatzea, eta, bestetik, ikertzaile-taldeen lehiakortasuna eta gaitasuna hobetzea.

Egonaldian zehar, ikertzaileek ikerketa-proiektu bat garatu beharko dute, zeina talde hartzailearen lan-ildoan integraturik egongo baita, edo, bestela, goi-mailako lotura eta trukeak ezartzera bideratutako jarduerak burutu beharko dituzte.

Bi modalitate ditu ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programak:

A) A. modalitatea: ikertzaile seniorren mugikortasuna, langile iraunkorrei zuzendua.

B) B. modalitatea: ikertzaile juniorren mugikortasuna, langile ez-iraunkorrei zuzendua.

2. artikulua.– Egingo diren proiektuak.

1.– Mugikortasun-egonaldietan egin beharreko proiektuak deialdi honetan adierazitako helburuari egokitu behar zaizkio.

2.– Honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte proiektuek:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako eskakizunak.

b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza enbrioietan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek Medikamentu bidezko saiakuntza klinikoak arautzen dituen abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta, bestetik, Lege hori garatzen duen araudi orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeak izan daitezkeen arriskuak direla-eta.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

3. artikulua.– Destinoko zentroak.

1.– Honako hauek izan daitezke destinoko zentro: laguntza-eskabideak aurkeztutako proiektu zientifikoaren arloan, prestigio akademikoa eta ikerketakoa aitortua izanik ikerketa-funtzioak esleiturik dituztenak, halako moldez ezen, berme baitira perfekzionamendu profesionala eta proiektuko helburu zientifikoak lortzeko.

2.– Destinoko zentroek, betiere, eskatzen dute hautagaiak bizileku finkoa aldatzea, onartutako mugikortasun-aldi guztian.

3.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta egon beharko dute destinoko zentroek.

4. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

1.– Agindu honetan arautu laguntzak finantzatzeko, 200.000 euro bideratuko dira, era honetan banatuta, 1. artikuluan aipatu bi modalitateen arabera:

A modalitatea: 150.000 euro.

B modalitatea: 50.000 euro.

Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta eskaerok ebaluazioa gainditu badute eta, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako.

5. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragileak dira laguntza hauen entitate onuradunak, eragile-kategoria hauetakoak:

– Unibertsitateen Ikerketa-egiturak.

– Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC).

– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).

– Teknologia-zentroak.

– Ikerketa sanitarioko institutuak (ISI).

Edozelan ere, honako hau hartuko da entitate onuraduntzat: ikertzaileak integratzen dituena, entitate horrek nortasun juridiko propioa badauka, betiere.

Eskabidean eta deialdiaren ebazpenean izendaturik agertzen diren ikertzaileentzako eta jardueretarako soilik erabiliko dituzte laguntzak entitate onuradunek.

2.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak edo entitateak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta horretan itun batek eraginkortasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsiarazita, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

h) Dirulaguntzak lortzeko aukera galdu dutenak, ebazpen irmo baten bidez zehatuta egoteagatik.

i) Dirulaguntzak jasotzeko galarazpenek honako enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bat-egitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo inguruabar haiek izan badira.

e) eta g) apartatuetan aipatzen diren inguruabarrak bete beharrekoak dira bai deialdiko dirulaguntzen entitate onuradun bihurtzeko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

3.– Ezingo dira inolaz ere agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-egoeraren baten eraginpean dauden elkarteak.

Halaber, ezingo dira entitate onuradun izan inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteak, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ez badago betiere, dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela xedatzen duen ebazpen judizial irmorik.

4.– Ezingo dira inolaz ere agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluko h), i) eta j) hizkietan EAEko Administrazioan aplikatzekoa den araubidearen kasu espezifikoetan aurreikusitako debeku-egoeraren baten eraginpean dauden elkarteak.

6. artikulua.– Egonaldien eta hautagaien ezaugarriak eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.

a) Egonaldiak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasiko dira.

b) Egonaldiak gutxienez bi hilabetekoak izango dira, eta gehienez seikoak.

c) Emate-ebazpenean zehaztutako egunetan hasi beharko da egonaldia. Salbuespenez, eta egonaldia hasi baino lehen, hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da, behar bezala arrazoitutako idazki baten bidez. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du egonaldi hori atzeratu daitekeen, eta, behar bezala justifikaturik dagoenean, baimena eman ahal izango du. Ikertzaileak ezinbestean 2025eko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko du destinoko zentroan.

d) Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

e) Proiektua destinoko zentro bakarrean egingo da.

2.– Egonaldietako absentziak, aldaketak eta etenak.

a) Etenik gabe egin behar dira egonaldiak zentro hartzailean. Proiektutik datozen zioen ondoriozko absentziak talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin egin beharko dira, eta entitate onuradunak Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio, kanpoan zein egunetan egon den eta hartarako arrazoia zein izan den zehaztuta.

b) Justifikatutako arrazoiengatik, baimena eman ahal izango da ikerketa-egonaldia aldi baterako eteteko.

Talde hartzailearen lan-ildoan integratutako ikerketa-proiektua etenik gabe garatzea eragozten duten egoerek nabarmen eragiten badute ikerketa egonaldian, eta, horren ondorioz, egonaldia eten beharko balitz, aukera egongo da eten den aldiko denbora berreskuratzeko.

Entitate onuradunak aurkeztu beharko dio etenaldia egiteko eskabidea Ikerketa Zuzendaritzari, eta eskabide horrek talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du. Etenaldia egiteko arrazoia zehaztu beharko da, eta egonaldia osatzeko data berriak adierazi.

Egonaldi hori 2025ean hasi beharko da, eta, salbuespenak salbuespen, bat etorri beharko du zentro hartzailearen aldi akademikoarekin eta/edo ohiko jarduerarekin.

c) Egonaldiez baliatzeko epeetan nahiz dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Ikerketa Zuzendaritzaren baimena.

Etenaldia egiteko eskabidea entitate onuradunak aurkeztu beharko du, eta zentro hartzailearen adostasuna izan beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak izan beharko dute eskabideek, eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak. Proposamen egokia egitearren, egoki iritzitako txostenak eskatu ahal izango ditu Ikerketa Zuzendaritzak. Aldaketek ez dituzte funtsean aldatuko laguntza emateko izan ziren baldintzak, hasteko epeei, egonaldiari, proiektuari, ikertzaileari edo zentro hartzaileari dagokienez, salbu eta horretarako kausak behar bezala egiaztatuak badira.

3.– Ikertzaileak.

Ikertzaile hautagaiek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Lotura funtzionariala edo kontratuzkoa. Eskatzaileek lotura funtzionariala edo kontratuzkoa izan behar dute, lanaldi osoan aritu behar dira, eta zerbitzu aktiboan egon behar dute. Hautagaiak entitate eskatzailearekiko duen lan-lotura egonaldiaren hasieran egiaztatu beharko da, eta egonaldia amaitu arte iraun beharko du.

a.1.– A. modalitatea: entitate eskatzailearekin lotura iraunkorra edo kontratu mugagabea duen ikertzailea.

a.2.– B modalitatea: entitate eskatzailearekin lotura iraunkorrik ez duen ikertzailea. Indarrean den loturaren indarraldiak gutxienez mugikortasuna amaitu artekoa izan behar du. Modalitate honetako eskakizuna da langile eskatzaileak irakasle- eta/edo ikertzaile-lanpostu bat izatea kontsolidazio bidean.

Zehazki, programa edo kategoria hauetako langileak onartuko dira: Ikerbasque Research Fellow programa, irakasle laguntzaile doktorea, irakasle atxikia, Ramon y Cajal programa, Juan de la Cierva programan sartzea, Miguel Servet programa.

b) Doktore izatea. Doktoregoak 2020. urtea baino lehen lortutakoa izan behar du.

c) Entitate eskatzailean gutxienez bi urteko antzinatasuna egiaztatzea.

d) Laguntzarik jaso ez izana, ez programa honen aurreko deialdietan, ez eta antzeko ezaugarriak dituen eta 2023an edo 2024an ikerketa-egonaldi bat egitea dakarren beste edozeinetan ere.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, laguntza-eskabidean jakinarazi gabeko ikerketa-egonaldi bat egiten badu ikertzaileak edo halako bat esleitzen bazaio, horren berri eman beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako ikertzaileek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea izatearen errekonozimendua, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdiaren gaineko ebazpen bidez.

f) Eskabidea egiteko unean, eskakizun guztiak beteta izan beharko dira, zerbitzu aktiboan egotearena salbu, eta hala eutsi beharko zaie egonaldia hasten den egunetik egonaldia amaitu arte.

4.– Laguntzen zenbatekoa.

a) Hileko 1.800 eurotik 2.700 eurora bitartekoa izango da ostaturako eta mantenurako laguntza. Destinoko herrialdeko baldintza ekonomiko eta sozialen arabera finkatuko da zuzkidura, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, Nazioarteko Diru Funtsaren datu hau kontuan izanik: herrialdeen Barne Produktu Gordina (BPG per capita, $ ppp).

NDF-Nazioarteko Diru Funtsak emandako xede herrialdeen per capita errentako ($ ppc) zifretatik abiatuz zehaztuko dira laguntzaren hileko zenbatekoak. Espainiako per capita errenta gisa 100 hartuz kalkulatzen da herrialde bakoitzaren errenta-indizea. 100 indizea edo txikiagoa duten herrialdeek hileko 1.800 euroko ordainsaria izango dute; gainerakoei, kalkulatutako indizearekiko proportzioan igoko zaie dagokien esleipena, 2.700 euro arte gehienez.

b) Laguntza gehigarria emango da destinoko zentrorako joan-etorriko bidaia bakarra guztiz edo partez ordaintzeko. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak ezarpen-zentroa duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Oro har, joan-etorriak garraiobide publiko kolektiboetan egingo dira, eta ibilgailu partikularra erabiltzeko baimena emango da helmugara garraiobide publikoetan iristea ezinezkoa dela frogatzen denean. Aurrekoa gorabehera, norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena eman ahal izango da, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta. Egonaldia hasi baino lehen eskatu beharko zaio baimena Ikerketa Zuzendaritzari, aplikazioaren bidez.

Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.

Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-gehigarri bat emango da.

c) Deialdi honen bidez finantzatutako jardueretan parte hartzen duten entitate onuradunek bidaian laguntzeko aseguru bat izango dute, baldin eta egonaldiak atzerrian egiten badira; eta, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere baliatu dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarri izango da, hala direla frogatuz gero ordenamendu juridikoan onartutako edozein probaren bidez. Laguntzaileen egonaldiaren datek bat egin beharko dute ikertzailearen egonaldiaren datekin.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 14.2 artikulua aplikatuz (administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoz izateko betebeharra ezartzen du), eskabideak inprimaki baten bidez bete beharko dira (I. eranskina). Inprimaki hori telematikoki eskuratu ahal izango da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egoitza elektronikoan, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0286310

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak entitate-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua - https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

Aplikazioan, ziurtagiri elektroniko bidez sartu beharko da (honako helbide elektroniko honetan argitaratuta daude elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.

2.– Behin eskabidea osorik beteta, eta 8. artikuluan zehaztutako dokumentu erantsiak aplikaziora sartuta, entitateak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, bat etorriz, betiere, 1. zenbakian adierazitakoarekin; eta orduantxe geratuko da erregistraturik eskabidea. Sinadura elektroniko bidez egindako eskabide bat baliozkoa izateko, erregistratuta geratu behar du. Hori ziurtatzeko, entitate eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeratuta. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.

3.– Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:

a) Egonaldian zehar egingo den ikerketa-proiektuari buruzko memoria. Egonaldiak hautagaiari eta entitate onuradunari ekar diezazkiokeen onurak jasoko ditu. Gehienez hiru orri.

b) Hautagaiaren curriculum vitaea, inprimaki normalizatuan edo baliokidean, zeinetan jasoko baitira ikerketa-jardunean izandako azken sei urteetako merezimenduak.

Baldin eta hautagaitza batean ikerketa-lana eten egin bada egoera hauetakoren baten ondorioz, hots, iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera; edo liberazioagatik, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak, bada, halakoetan, ziurtatutako etenaldi horren proportzioan luzatuko da ebaluatzeko ikerketa-jardueraren aldia, non eta ez den 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldia (kasu horretan, ebaluatzeko aldia urtebete luzatuko da seme edo alaba bakoitzeko).

c) Zerbitzu-orria, zeinetan jasoko baitira antzinatasuna, eta hautagaiaren eta entitate eskatzailearen arteko kontratu-harremana.

Emandako zerbitzuen orria aurkeztu ezin bada, entitate eskatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

d) Entitate eskatzailean zerbitzu aktiboan egotearen ziurtagiria. Eskabidea egin den unean zerbitzu aktiboan egotearen ziurtagiria ez bada aurkezten, aipatu dokumentua aurkezteko 15 eguneko epea emango da egonaldia hasi aurretik.

e) Ikerketa-jardueraren aldi baterako etena justifikatzen duten egiaztagiriak, 11.2.B) artikuluan jasotako kasuen arabera.

f) Talde hartzailearen historia zientifikoa eta akademikoa, zeinetan jasoko baita ikertzaile-talde hartzaileko arduradunaren curriculum vitaea, azken sei urteetakoa, formatu normalizatuan (txantiloia aplikazioan jasota dago).

g) Laguntza jasoz gero, ikerketa-taldeko arduradunaren konpromisoa, eskatutako epealdian hautagaia bere taldean onartzekoa. Dokumentu horrek egonaldiaren helburuari eta garatuko diren jarduerei buruzko deskripzioa jaso beharko du.

h) Hautagaiari lizentzia ematea edo emateko konpromisoa hartzea. Entitate eskatzaileak emango du lizentzia, eta ikerketako errektoreordeak edo pertsona eskudunak sinatuko du. Dokumentu horrek egingo den egonaldiaren datak eta helburua jaso beharko ditu.

i) Hautagaiaren ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

j) Ikerketa-talde hartzaileko arduradunari dagokionez, ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

k) Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduko 22. artikuluan. Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, eta, horretarako, ez du onuradunen baimenik beharko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik egiten badu, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 8. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 13. artikuluko 2. apartatuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

11. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Hautaketa-batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Hauek izango dira batzordekideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel Alegría (batzordeburua); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz Miñón; eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, Patrizia Larrea Martínez (idazkaria).

Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eska diezazkieke hautagaiak diharduten arloetan itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.

Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.

2.– Laguntzen esleipendunak hautatzeko, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, eskabideak balioesteko orduan:

A) Egingo den proiektuaren edo jardueraren bideragarritasuna eta interes zientifikoa, destinoko zentroa eta proposatutako egutegia kontuan izanik, betiere (12,5 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1.– Helburuen zehaztapen-maila (1,5 puntu)

2.– Proiektuaren berritasuna eta garrantzia (2 puntu)

3.– Eskatzailearen eta talde hartzailearen gaitasuna proposatutako helburuak burutzeko (2 puntu)

4.– Metodologia, lan-plana eta aurreikusitako kronograma egokitzea (3 puntu)

5.– Zer emaitza lortzea espero den eta zer onura ekar lekiekeen pertsona nahiz entitate eskatzaileei (4 puntu)

B) Azken sei urteetan hautagaiak ikerketa-jardunean lortu dituen merezimendu zientifikoak, akademikoak eta kudeaketakoak (20 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1.– Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea. Apartatu honetan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2023ko abenduaren 5eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan argitara eman ziren ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak (4 puntu)

2.– Ikerketa-proiektuetan edo -jardueretan parte hartzea (4 puntu)

3.– Ekarpen bereziak ikerketa-arloan. Besteak beste, hauek balioetsiko dira: Europako ikerketa-partzuergoetan parte hartzea, Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzak lortzea, ikerketa-programak koordinatzea eta zientzia-azpiegiturak sortzea (4 puntu)

4.– Doktoretza-tesiak zuzentzea (3 puntu)

5.– Patenteak eta ezagutza-transferentziako beste ekintza batzuk (3 puntu)

6.– Nazioarte-mailako garrantzia duten biltzarretan parte hartzea (2 puntu)

Puntu honetan, kontuan hartuko da hautagairen baten kasuan ikerketa-lana eten den egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak. Horretarako, ziurtatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da ebaluatzeko ikerketa-jardueraren aldia, salbu eta 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia.

C) Azken sei urteetan, talde hartzaileko ikertzaile arduradunak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak (12,5 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1.– Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea. Apartatu honetan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2023ko abenduaren 5eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan argitara eman ziren ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak (2,5 puntu)

2.– Ikerketa-proiektuetan edo -jardueretan parte hartzea (2,5 puntu)

3.– Ekarpen bereziak ikerketa-arloan. Besteak beste, hauek balioetsiko dira: Europako ikerketa-partzuergoetan parte hartzea, Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzak lortzea, ikerketa-programak koordinatzea eta zientzia-azpiegiturak sortzea (2,5 puntu)

4.– Doktoretza-tesiak zuzentzea (2 puntu)

5.– Patenteak eta ezagutza-transferentziako beste ekintza batzuk (1,75 puntu)

6.– Nazioarte-mailako garrantzia duten biltzarretan parte hartzea (1,25 puntu)

D) Hautagaia hartuko duen zentroaren kalitatea, proiektua aurkeztu den zientzia-arloan (5 puntu).

Unibertsitate-zentroen kasuan, zentro hautatuaren prestigioa baloratzeko, kasuan kasuko zentroak 2024ko Academic Ranking of World Universities sailkapenean (Shanghai rankinga) zein postutan dagoen hartuko da kontuan: 1-100 bitarteko postuetan daudenei, 5 puntu; 101-200 bitarteko postuetan daudenei, 4 puntu; 201-300 bitarteko postuetan daudenei, 3 puntu; 301-400 bitarteko postuetan daudenei, 2 puntu; 401-500 bitarteko postuetan daudenei, 1 puntu; eta 501. postuan eta hurrengoetan daudenei, 0,5 puntu.

B) eta C) apartatuetan, 8. artikuluko i) eta j) apartatuetan adierazitako dokumentuetan barne hartutako datuetatik abiatuz egingo da alderdi horien balorazioa, eta eskuratutako CVetan egiaztatu beharko da. Aurkeztutako ebidentziak bakarrik balioetsiko dira.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira laguntzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hartarako, deialdi bakoitzean aurkeztu eta onartu diren eskariak alderatuko dira, haien artean hurrenkera bat ezartzeko, 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraikiz; eta guztizko puntuazioaren % 50 gainditu eta balorazio handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira, hain justu ere agindu honen 4. artikuluan kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko, gaikuntza berdintasunean berdinketa gertatuz gero sexu ezberdineko ikertzaileen artean lortutako puntuazioan, ikertzaile emakumearen aldeko ebazpena emango da.

Sexu bereko ikertzaileen arteko berdinketak eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakiaren arabera ebatziko dira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta horien zenbatekoak zehazteko, hautaketa-batzordeak txosten bat egingo du, ebaluazioaren emaitzak bilduko dituena, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Zuzendaritzak egingo du ebazpen-proposamena, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.

Proposamenak hauek jasoko ditu: entitate onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz laguntzarik jaso ez duten erreserben zerrenda. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

Ebazpenak hauek jasoko ditu: espedientearen erreferentzia-zenbakia, entitate onuraduna, laguntzaz baliatuko den ikertzailearen NANa, ebaluazioan erdietsitako guztizko puntuazioa, egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datak, egonaldia egingo den zentroa eta herrialdea, eta zuzkidura ekonomiko xehatua (ordainsariak, bidaiak eta bisa).

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat helaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoa erabili behar da sartzeko.

Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.

3.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak badauka argitalpenen berri bidaltzerik interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

4.– Uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak, dagokion ebazpenaren bidez, baldin eta uko-egite horiek emate-ebazpen hau argitaratu eta hurrengo 10 egunetan egiten badira. Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondoren dauden pertsonei emango zaizkie, baldin eta proiektuak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten badira.

Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartuta, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak laguntza onartzeko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

5.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabideak ezetsiak izan direla.

6.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Emandako laguntzen zerrendak publikotasuna izan dezan, EHAAn argitaratuko da, jakinarazpen hori egin eta 6 hilabeteko epean.

8.– Eskaera egiteko unean 6.3.a) artikuluan adierazitakoa betetzen ez duten hautagaiek eskakizun hori betetzen dela ziurtatzeko dokumentua aurkeztu beharko dute, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik 15 eguneko epean. Hori egin ezean, laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta 12. artikuluan deskribatutako prozedurarekin bat emango dira askatutako kantitateak.

14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute. Zehazki, eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik hamar egun igarota onuradunak berariaz uko egin ez badio laguntzari, onartu duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zein helburutarako eman zen, harexetarako erabiltzea.

c) Egonaldia osorik betetzea.

d) Lekualdatutako ikertzaileari emandako zenbatekoak ordaintzea. Entitate onuradunak, ikertzailearengandik destinoko zentroan hasiko delako jakinarazpena jasotakoan eta organo emailetik laguntzaren % 80ko ordainketa aurreratua jasotakoan, tokiz aldatu zen ikertzaileari ordainduko dio zenbateko hori.

Baldin eta zentro onuradunak bere gain hartu baditu bidaia, ostatu edo bisari dagozkion zenbatekoak, horiek ez zaizkio ordaindu beharko ikertzaileari.

Behin jarduera amaitu eta laguntza likidatzean, likidazio horren ondoriozko zenbatekoa helaraziko dio entitate onuradunak ikertzaileari.

e) Horiek gauzatzen direnetik 15 eguneko gehieneko epean, honako hauek jakinaraztea: destinoko zentroetako altak, jarduera-eteteak, aldi bateko kanpoan izateak, uko egiteak eta gainerako gorabeherak; guztia ere, batetik, Ikerketa Zuzendaritza horretaz guztiaz jakitun izan dadin, eta, bestetik, beharrezko bada, berariazko baimena eman dezan.

f) Deialdi honen kariaz jasotako dirulaguntzei buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunen barruan, eskatzen duten informazio guztia ematea.

g) Programa honen babespean egindako jarduerek dakartzaten emaitzak argitaratu edo zabaldu behar izanez gero, berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Ikertzaile Doktoreentzako Mugikortasun Programaren finantzaketa duela.

15. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio uko-egiteak, entitate onuradunak eta laguntzaren ikertzaile onuradunak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira haren ondorio ekonomikoak. Hala ere, bidegabeko ordainketak gauzatu badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira, deialdiaren baldintzen gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Entitate onuradunari ordainduko zaio laguntza.

2.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.

Haietarik lehenengoa, emandako laguntzaren % 80, zentro hartzailean hasi izanari buruzko egiaztagiria entitate onuradunak Ikerketa Zuzendaritzan aurkeztu ostean ordainduko da.

Bigarren zatia, berriz, 2026. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentuak aurkeztu ostean, betiere.

3.– Agindu honen bidez iragarritako laguntzen onuradunak atxikita daude Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubideari, eta,laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

17. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta haien jarraipena.

1.– Laguntza jasotzen duten entitateek justifikatu egin beharko dute finantzaketaren xede zen jarduera burutu dutela; horretarako, informatika-aplikazioaren bitartez, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, hilabeteko epean, jarduera bukatzen denetik aurrera:

a) Egindako egonaldiaren gainean, ikerketa-talde hartzaileko arduradunak emandako egiaztagiria, zeinetan berariaz zehaztuko baitira hasiera- eta bukaera-egunak.

b) Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin batera. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuta. Entitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia jaso beharko du dokumentuak.

c) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Ostatu-gastuei, bidaia-gastuei eta bisa-izapidetzeari –halakorik balego– dagozkien fakturak edo dokumentu baliokideak aurkeztuko dira. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du dokumentu hori.

d) Entitate onuradunak ikertzaileari egindako ordainketen egiaztagiria.

2.– Justifikatutako gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, dirulaguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako dirulaguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko baita. Murrizketa horrek ez dio eragingo ostatu-gastuak justifikatu beharrari.

3.– Egoki iritziz gero, Ikerketa Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horretaz gain, zuzendaritzari berari atxikitako pertsona baten edo batzuen gomendio utzi dezake emandako laguntzaren segimendua, laguntza zertan erabili den ikusteko.

18. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Laguntzaren onuradunak eta/edo aplikazio-zentroak edo entitate kontratatzaileak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako kasuetako batean badaude, edo betetzen ez badituzte agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak, edo egiaztatzen bada ez dituztela betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera, hasiera emango zaio laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzultzeko prozedurari, zeina bat baitator araudiarekin, hori baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. artikuluko oinarrizko araudiaren arabera aplikatu beharrekoa.

Ondorioz, onuradunak ezin izango du laguntza ordaintzea eskatu, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko interesak eskatuko zaizkio, baldin eta onuradunak egoera hauetakoren batean badaude:

a) Onuradunek, guztiz edo partez, bete gabe utzi badituzte deialdi honen oinarriak, dirulaguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Dirulaguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera burutzen badute Ikerketa Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Ikerketa Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen jarraipena egitean, egiaztatzen badu gastua ez datorrela bat proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin.

1.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok berarekin ekar dezake hura emateko ebazpena aldatzea, baldin eta onuradun izateko deialdi honen 1. artikuluan eta 6. artikuluko 1., 2., eta 3. apartatuetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.

2.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzeko). Informazio hau emango da:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza – Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ogasun eta Finantza Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 22a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala