Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2024ko azaroaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
5077

315/2024 DEKRETUA, urriaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako langile funtzionarioen eta lan-kontratudunen lanpostuen zerrendak onartzen dituzten Dekretuak aldaraztekoa.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei gordetako lanpostu-zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, adibidez, hor daude ekainaren 26ko 105/2007 Dekretua eta maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretua, funtzionarioentzat eta lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatzen dituztenak, hurrenez hurren; bi kolektiboen analisi funtzionalen prozesuen ondorioz. Bestalde, hor dago maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretua ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzekoa.

Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostu-zerrendak. Beraz, aldian-aldian, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren aldeko ebazpena jaso duten aldaketak sartu behar dira lanpostu-zerrendetan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko uztailaren 6ko 11/2022 Legearen 45. artikuluan agindutakoa betetzeko.

Uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez onetsi zen Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa. Hala, karrerako funtzionarioak eta lan-kontratudun langileak transferituko dira ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuan ezarrita dagoenaren arabera, 2021eko urriaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta, aurrerantzean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikiko zaizkio –gaur egun, Justizia eta Giza Eskubideen Saila, Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena)–.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak hiru hilabeteko epea ezartzen du, aipatutako legea argitaratzen denetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko lanpostuen zerrenda onartzeko, bai eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren arabera transferitutako langileak dagokien kidego eta eskaletan sartzeko ere (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen aldaketaren bidez sortutako kidego eta eskalak, hain zuzen).

2021eko urriaren 18an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialak aurreakordioa lotu zuen, EAEko espetxe-administrazioan zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoei aplikatu beharreko aldi baterako eta salbuespenezko lan-baldintzen inguruan. Aurreakordio hura Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 2ko bilkuran onartu ondoren berretsi egin zen, eta argitaratu (Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 2ko 74/2021 Ebazpenaren, urtarrilaren 5eko EHAAn). Aurreakordio horretan, ontzat eman zen funtzionario eta lan-legepeko langile transferituen behin-behineko ordainsariak egokitzea –uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren eranskinean zerrendatuta datoz langileok–, eta aldi baterako osagarri pertsonal bat sortu zen, langileak transferitzekoak zituzten urteko ordainsari gordinen eta, aurreakordioaren arabera, kategoria edo sailkapen-talde/azpitalde bakoitzerako erreferentziatzat hartzen diren ordainsarien arteko aldea berdintzeko.

Aurreakordio horrek adierazten du, halaber, behin-behineko zenbateko horiek aldi batez ordainduko direla, zehazki, 2021eko urriaren 1etik hasi eta jaso beharreko ordainsariak behin betiko zehaztuko dituen lanpostu-zerrenda (LPZ) osatu arte, eta, lanpostu-zerrenda hori onartzen denez geroztik, hala badagokio, transferitutako langile guztien ordainsariak egokituko direla, 2021eko urriaren 1era arteko atzeraeragina aplikatuz. Halaber, aurreakordioan adierazten da ordainsariak behin betiko zehazteak ez duela ekarriko LPZ argitaratu arte sortutako eta ordaindutako zenbatekoak itzultzea, eta, kasu horretan, langileek osagarri pertsonal iragankor bat jasotzen jarraituko dutela, LPZn zehaztutako behin betiko ordainsarien eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuan jasotakoen arteko aldeagatik, baina azkenduko egingo dela langilea borondatez beste lanposturen batera mugituz gero.

2022ko apirilaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialak akordioa lortu zuen lekualdatze-lehiaketaren bidez EAEko espetxe-administrazioan destinoa lortu duten funtzionarioei aplikatu beharreko lan-baldintzei buruz (Gobernu Kontseiluaren 2022ko irailaren 20ko Erabakiaren bidez berretsi zen eta Lan Harremanen zuzendariaren 2022ko urriaren 7ko Ebazpenaren bidez argitaratu, urriaren 19ko EHAAn). Akordio horren arabera, aldi baterako ordainsari-araubidea ezarri zen, lekualdatze-lehiaketaren bidez 2022ko otsailaren 24an lanean hasitako langileentzat, uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez transferitutako langileen antzera. Kasu honetan, behin-behinean ordaindu beharreko aldi baterako osagarri pertsonala zehazteko, erreferentziatzat hartu ziren Estatuko espetxe-administrazioak 2021eko irailaren 1ean argitaratutako lekualdatze-lehiaketaren deialdian jasotako ordainsariak, alabaina adieraziz lanpostu-zerrenda onartu ondoren, hala badagokio, egokitu egingo direla eragindako langileen ordainsariak, 2022ko otsailaren 24ra arteko atzeraeraginarekin.

Gobernu Kontseiluak, 2022ko uztailaren 12an hartutako erabakiaren bidez, ontzat eman zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren 2022ko martxoaren 25eko erabakia, EAEko espetxe-administrazioan zerbitzuak ematen dituzten langileen zenbait alderdi espezifikoak arautzekoa. Besteak beste, hartutako neurrietako bat izan zen EAEko espetxeen transferentziaren ondorioz hutsik dauden lanpostuak aldi baterako betetzeko deialdia onartzea, bai eta C1 eta A1 eta A2 azpitaldeetako lanpostuen eskaintza egiteko oinarri espezifikoak ere.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2022ko abuztuaren 30eko Ebazpenaren bidez, Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako espetxeetako laguntzaile lanposturako (C1 azpitaldea) lan-poltsa eratzeko hautaketa-prozesurako deialdia egin zen, eta lanpostuen behin-behineko ordainsari-baldintzak ere adierazi ziren oinarrietan; zehazki, adierazita geratu zen euskal espetxe-administrazioa osatzen duten lanpostuen zerrenda argitaratu arte, aldi baterako osagarri pertsonal bat ordainduko zela, 2022ko otsailaren 24an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan sartutako langileek jasotzen dituzten guztizko ordainsariekiko aldea berdintzeko.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2023ko azaroaren 13ko Ebazpenaren bidez, deialdia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioari atxikitako A taldeko eta A1 eta A2 azpitaldeetako lanpostuak bitarteko langileen izendapenaren bidez betetzeko lan-poltsa sortzeko hautaketa-prozesurako, eta lanpostuen behin-behineko ordainsari-baldintzak ere jaso ziren oinarrietan; zehazki, aldi baterako osagarri pertsonal bat ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoan titulazio-talde bakoitzerako indarrean den gutxieneko ordainsari-mailari dagozkion urteko ordainsari gordinen eta 169/2021 Dekretuan esleitutako ordainsarien arteko aldeagatik, transferentziaren unean dagoeneko badauden lanpostuetarako izendapenetan. Ordainsariak lanpostu-zerrenda onartzean zehaztuko dira behin betiko.

Mahai Sektorialaren erabaki horiek, hasiera batean 2023ko abenduaren 31ra arte indarrean egotekoak zirenak, 2024ko abenduaren 31ra arte luzatu dira, Gobernu Kontseiluaren 2024ko maiatzaren 28ko Erabakiaren bidez, horrek ontzat eman zuenez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren 2023ko abenduaren 21eko Akordioa (Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren irailaren 19ko 93/2024 Ebazpenaren bidez argitaratu zen, urriaren 2ko EHAAn).

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko karrerako funtzionario izendatuko dira uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez transferitutako langileak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legean aurreikusitako kidego eta eskaletan sartuko dira (Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak aldatu zuen lege hori).

Irailaren 30eko 3/2021 Legearen bidez, Aukerak sortu zen, Gizarteratzearen Euskal Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailari atxikita; gaur egun, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduaren bidez, erakunde horren jarduerak abian jartzea erabaki zen, 2021eko azaroaren 24tik aurrera.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren urtarrilaren 11ko 5/2022 Dekretuaren bidez, Aukerak Gizarteratzeko Euskal Agentziaren estatutuak onartu ziren, eta agentzia horretara atxiki ziren Espetxe Lana eta Enplegurako Prestakuntzarako zuzenbide publikoko Estatuko erakundean zerbitzuak ematen zituzten langile transferituak (13 guztira). Atxikipen horrek 2022ko otsailaren 1ean izan zituen ondorioak.

Abenduaren 7ko 147/2022 Dekretuaren bidez, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuak aldatzeko dekretuaren bidez (abenduaren 20ko EHAA), gizarte-langile multzotik eta argiketari multzotik transferitutako lan-kontratuko langileen lanpostuei dagozkien plazak sortu ziren.

Horiek horrela, Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko urriaren 29an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Ontzat ematea funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, Dekretu honen I. eranskinekoak, maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartu zirenez gero (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzekoa).

Bigarren artikulua.– Ontzat ematea lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, Dekretu honen II. eranskinekoak, urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez onartu zirenez gero.

Hirugarren artikulua.– Ontzat ematea funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, Dekretu honen III. eranskinekoak. Maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuak onetsi zituen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzekoa. Aurrerantzean Aukerak-Gizarteratzeko Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoari atxikiko zaizkio lanpostuok.

Laugarren artikulua.– Ontzat ematea lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, Dekretu honen IV. eranskinekoak, urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez onartu zirenez gero. Aurrerantzean Aukerak-Gizarteratzeko Euskal Agentziari atxikiko zaizkio lanpostuok.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondorio ekonomiko eta administratiboak.

1.– Oro har, eta Gobernu Kontseiluaren 2021eko azaroaren 2ko eta 2022ko irailaren 20ko erabakietan aurreikusitakoarekin bat etorriz (erabaki horiek Mahai Sektorialaren 2021eko urriaren 18ko eta 2022ko apirilaren 5eko erabakiak berretsi zituzten, hurrenez hurren), dekretu honi atzeraeraginezko ondorioak emango zaizkio, baita ondorio ekonomiko eta administratiboak ere: 2021eko urriaren 1etik hasita, uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren eranskinean zerrendatutako funtzionario eta lan-kontratudun langile transferituei dagokienez, eta 2022ko otsailaren 24tik hasita, data horretan lekualdatze-lehiaketaren bidez administrazio honetan sartutako funtzionarioei dagokienez.

2.– Lanpostuen zerrenda argitaratzeak berekin ekarriko du dagokion ordainsari-eguneratzea eta, ondorioz, kendu egingo da akordio horien arabera transferitutako langileek jasotzen dituzten aldi baterako osagarri pertsonala. Baldin urteko ordainsari guztiak handiagoak balira behin-behinean ordaindutakoak baino, dagozkion atzerapenak aitortuko lirateke, langilez langile, banaka; alabaina ez da likido negatiborik sortuko, ordainsari horiek txikiagoak izanez gero behin behinean jasotakoak baino.

3.– Lanpostuen zerrenda argitaratzearen ondorioz, langileren batek murriztuta izango balitu aipatutako akordioak aplikatuz jasotzen dituen ordainsari finkoak nahiz aldizkakoak, aldeagatiko osagarri pertsonal eta iragankorra jasotzeko eskubidea izango luke, harik eta bere borondatez beste lanpostu batera joan arte. Osagarri hori ez da xurgagarria izango, inolaz ere, eta ordainsari orokorretarako aplikagarria den osagarriaren ehuneko berean handituko da, indarrean dagoen bitartean.

4.– Aurreko bi apartatuetan aipatutako neurriak transferitutako egitura-plazetan aldi baterako beharrak betetzeko izendatutako bitarteko funtzionarioei ere aplikatuko zaizkie, Gobernu Kontseiluaren 2022ko uztailaren 12ko Erabakian aurreikusitakoaren arabera (erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren 2022ko martxoaren 25eko Akordioa eta dagozkion lan-poltsa espezifikoen deialdiak onartu ziren), bai eta arrazoi beragatik eta ezaugarri bereko lanpostuetan kontratatutako aldi baterako lan-kontratudun langileei ere.

5.– Aurreko bi paragrafoetako neurrien eraginkortasuna atzeratu egingo da, antolaketa-kontuengatik, 2025eko urtarrileko nomina arte.

6.– Gainerakoan, Euskadiko Espetxe Administrazioko lanpostu-zerrendaren aldaketak transferitutako funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidego eta eskaletan sartzen diren egunean bertan izango ditu ondorioak, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu baten bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 29an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala