Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2024ko azaroaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
5076

314/2024 DEKRETUA, urriaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuak aldatzen dituena.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta langile lan- kontratudunei gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, besteak beste, ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez eta maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez (dekretu horiek aldatzen dituzte funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei gordetako lanpostuen zerrendak, hurrenez hurren, batzuen zein besteen analisi funtzionalak egiteko prozesuak amaitu eta gero) eta 61/2022 Dekretua, maiatzaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko dena.

Lanpostuen zerrendak Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko tresna dira, eta, beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu diren eta aldeko ebazpena jaso duten aldaketak sartu behar dira aldizka, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera.

Horrenbestez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko urriaren 29ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen I. eta III. eranskinetan jasota daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartu ziren.

Bigarren artikulua.– Onartzea langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak. Aldaketa horiek dekretu honen II. eranskinean daude jasota, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez onartu ziren.

Hirugarren artikulua.– Apirilaren 16ko 45/2024 Dekretuan egindako akatsak zuzentzea, IV. eranskinean zehazten den moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

I.– Dekretu honen I. eta II. eranskinetan zerrendatzen diren aldaketek dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

II.– Dekretu honen III. eranskinean jasotako aldaketek 2024ko azaroaren 17tik aurrera izango dituzte ondorioak.

III.– Dekretu honen IV. eranskinean jasotako aldaketek (huts-zuzenketa) 2024ko maiatzaren 3tik aurrerako atzeraeragina izango dute.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 29an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala