Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2024ko azaroaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZA
5070

EBAZPENA, 2024ko urriaren 18koa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako eraginak eta segurtasun-arriskuak ebaluatzeko arduradunaren lanpostu bat betetzeko deialdia onartzekoa.

Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, lanpostu-zerrendetan ezarritakoari jarraikiz, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketaren eta izendapen askearen bidez beteko dira. 97. artikuluan eta hurrengoetan hutsik dauden lanpostuak lehiaketa bidez hornitzeko deialdia arautzen da.

Deialdi honen xedea da hutsik dagoen lanpostu bat lehiaketa-prozeduraren bitartez betetzea. Funtzionarioei erreserbatuta dagoen eta aurrekontuan jasota dagoen lanpostu horrek 28. lanpostu-mailako osagarria dauka.

Abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 5. eta 8. artikuluetan (Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Legea) xedatuta dagoenaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako (DBEA) eraginak eta segurtasun-arriskuak ebaluatzeko arduradunaren lanpostu bat betetzeko deialdia onartzea.

Bigarrena.– Ebazpen honen eranskin gisa doazen deialdiko oinarriak onartzea.

Hirugarrena.– Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariaren aurrean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da bi hilabeteko epean Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

Bosgarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 18a.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria,

UNAI ABERASTURI GORRIÑO.

ERANSKINA.
DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZAKO ERAGINAK ETA SEGURTASUN-ARRISKUAK EBALUATZEKO ARDURADUNAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO BERARIAZKO MEREZIMENDUEN LEHIAKETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK.

Lehenengoa.– Lehiaketaren xedea.

Oinarri hauen xedea da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako (DBEA) eraginak eta segurtasun-arriskuak ebaluatzeko arduradunaren lanpostu bat betetzeko merezimenduen lehiaketarako deialdia egitea. Hona hemen lanpostuaren ezaugarriak:

1.– Izena: eraginak eta segurtasun-arriskuak ebaluatzeko arduraduna.

2.– Lanpostu-zerrendako kodea: 10.

3.– Taldea: A/A1.

4.– Kidegoa eta eskala:

a) EAEko Administrazio Orokorreko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa – Informazio Sistemetako Fakultatiboen Eskala.

b) Lurralde historikoetako foru-organoetako antzeko kidego eta eskalak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetakoak eta, halaber, abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 2. artikuluak aipatzen dituen beste entitate batzuetakoak.

c) Goi Mailako Kidegoa (A1 sailkapen-azpitaldea) – Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Informazio Sistemetako Fakultatiboen Goi Mailako Eskala.

5.– Lanpostu-mailako osagarria: 28.

6.– Berariazko osagarria: I-A.

7.– Euskarazko hizkuntza-eskakizuna: 4.

8.– Derrigortasun-data: derrigortasun-datarik gabe.

9.– Dedikazio-araubidea: % 100.

10.– Lantokia: Vitoria-Gasteiz.

11.– Eginkizunak:

a) Aholkua ematea teknologiaren «artearen egoerari» buruz, baita teknologia hori datuen babesean aplikatzearen eraginari buruz ere, eta ondorio horiei aurrea hartzeko beharrezkoa den ezagutza sortzea.

b) Prospekzio teknologikoko azterlanak eta bestelako jarduketa batzuk sustatzea, teknologiaren garapena datuen babesarekin eta ukituen eskubideekin uztartzea erraztu ahal izateko.

c) Segurtasun Arrakalen Erregistroa kudeatzea, arrakala horien bilakaeraren eta ebazpenaren jarraipena egitea eta, hala badagokio, Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritzari ondorioen berri ematea, arau-hausteen zantzuak ikusten dituenean.

d) Tratamenduen arduradunek aurretiko kontsultarako aurkezten dituzten eragin-ebaluazioak gainbegiratzea; zeregin hori betetzeko, irizpena eta gomendioak koordinatzea Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatearekin, DBEOren 36. artikuluaren arabera.

e) Laguntza ematea arrisku-azterketak gainbegiratzen, datuak babesteko ordezkariek hala eskatzen dutenean, metodologiari, norainokoari eta ondorio gisa hartu beharreko neurriei buruz.

f) Tratamenduaren arduradunek komunikatutako datuak babesteko ordezkariak erregistratzea eta haien publizitatea egitea.

g) Datuak babesteko ordezkariak eta tratamenduen arduradunak sentsibilizatzea erantzukizun proaktiboaren printzipioa betetzeari buruz, bereziki diseinutik abiatutako eta lehenetsitako datu-babesari buruzko printzipioa aplikatzeari eta arrisku-azterketak eta datuen babesaren gaineko eraginaren ebaluazioak egiteari dagokionez.

h) Prebentziozko auditoriako programak planifikatu eta kudeatzea, programa horiek tratamenduaren arduradun edo eragileen esparru jakin bati buruzkoak edo tratamendu-jardueraren mota zehatz bati edo datuen babesaren arloko araudia betetzearekin lotutako alderdi jakin batzuei buruzkoak direla ere. Horretarako, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Estatutuaren 11. artikuluan ezartzen diren jarduketak egin ahalko dira.

i) Ikuskaritzako eta Aholkularitza Juridikoko Unitateari laguntza eta babesa ematea ikuskaritza-lan zirkunstantzialetan eta aurretiazko ikerketa-jarduketetan, ekipoen azterketekin, datuak transmititzeko eta datuetara irispidea izateko sistemekin eta segurtasun-neurriak arrisku-azterketetara egokitzen direla egiaztatzearekin zerikusia duten jarduerak eta eskatzen zaizkion bestelakoak burutzeko.

j) Idazkaritza Nagusiko Unitateari laguntza ematea DBEAren zerbitzurako informazio-sistemak planifikatzen, garatzen eta kudeatzen.

k) DBEAko datuak babesteko ordezkari gisa, gutxienez Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak esleitzen dizkion eginkizunak izango ditu.

Bigarrena.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.

1.– Parte hartu ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-administrazioetako eta toki-administrazioetako nahiz haien mendeko administrazio instituzionaletako eta haiei dagokien sektore publikoko erakundeetako karrerako funtzionarioek (A1 sailkapen-azpitaldea), baldin eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo seme-alabak edo senitartekoak zaintzeko eszedentzian badaude eta lanpostu-zerrendan zehaztutako baldintza eta eskakizunak eta deialdi honetan eskatutakoak betetzen badituzte. Era berean, zerbitzu aktiboan berriz sartuz, borondatezko eszedentzian, beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan eta borondatezko lan-utzialdian edo etenaldian dauden karrerako funtzionarioek ere parte har dezakete, betiere egoera horietarako ezarritako iraupen-denbora bete badute.

Nolanahi ere, lehiaketan parte hartzeko, karrerako funtzionarioek A1 azpitaldeko plaza izan beharko dute jabetzan: EAEko Administrazio Orokorreko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa – Informazio Sistemetako Eskala, Goi Mailako Kidegoa (A1 sailkapen-azpitaldea) – Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Informazio Sistemetako Fakultatiboen Goi Mailako Eskala, lurralde historikoetako foru-organoetako antzeko kidego eta eskalak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetakoak.

2.– Ezin izango dute lehiaketan parte hartu honako hauek:

a) Lehiaketan lortu ostean, aurreko bi urteetan plaza hartu duten langile funtzionarioek, jatorrizko administrazioa edo parte hartzen duen kidegoa alde batera utzita. Denbora-muga hori salbuetsiko da langileek lehiaketan lortutako lanpostuarekiko atxikipena galdu badute.

b) Eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioek, egoera horrek dirauen artean.

c) Borondatezko eszedentzian edo familiaren bateratzeagatiko egoeran daudelarik, jarduneko zerbitzura itzultzeko gutxienez eskatutako denbora eman ez duten langileek.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) deialdia argitaratzen den eguna izango da eskatutako betekizunak betetzeko eta alegatzen diren merezimenduak izateko erreferentzia-data.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak

Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak, DBEAren lehendakariari zuzenduak, DBEAren egoitzan aurkeztuko dira (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71, 3. solairua 01008 Vitoria-Gasteiz) edo, bestela, bide telematikoak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro elektroniko orokorraren edo Estatuko Administrazio Orokorraren erregistro elektroniko orokorraren bitartez, 15 egun balioduneko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako edozein bulego eta erregistrotan ere aurkeztu ahalko dira.

Izangaiek eskaerarekin batera deialdian eskatutako baldintzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuko dute, DBEAren esku ez badago.

Parte hartzen duten pertsonek behar bezala egiaztatutako desgaitasun bat badute, eskabidean lanpostua moldatzea eska dezakete, betiere erakundearen testuinguruan gehiegizko aldaketa ez bada.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, DBEAren web-orrian eta iragarki-oholean onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko da. Zerrenda horretan izangaien izena, bi abizenak eta, hala badagokio, ez onartzeko arrazoia azalduko dira. Baztertuak izan direnek hamar egun izango dituzte akatsak zuzentzeko eta/edo alegazioak aurkezteko.

Laugarrena.– Puntuazioak, baremoak eta merezimenduak.

Lehiaketa honetan bi fase zehazten dira: bata merezimendu orokorrena eta bestea berariazko merezimenduena. Bigarren fasera (berariazko merezimenduak) igarotzeko lehenengo fasea gainditu beharko da.

Lehiaketa honetan gehienez ere 40 puntu lortu ahalko dira.

Lanpostua lortzeko beharrezkoa da fase bakoitzean aipatutako gutxieneko puntuaziora iristea.

Lanpostua esleitzeko merezimenduen balorazioa baremo honen arabera egingo da:

1.– Merezimendu orokorrak.

Merezimendu horiek baloratzeko bi irizpide hartuko dira kontuan: lanpostuarekiko harremana eta merezimenduaren baliozkotasun-maila formala. Gehienez 20 puntu lor daitezke, eta gutxienez 10 puntura iritsi beharko da fase hau gainditzeko.

a) Maila pertsonal finkatuaren balorazioa (puntu 1):

Maila pertsonala honako baremo honen arabera baloratuko da:

– Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 28 edo handiagoa izatea: puntu 1.

– Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 27, 26 edo 25 izatea: 0,5 puntu.

– Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 24 edo txikiagoa izatea: 0,125 puntu.

b) Egindako lanaren balorazioa (10 puntu):

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den data baino lehenagoko hamar urteetan egindako lana baloratuko da, bete behar den lanpostuaren eginkizunei dagokienez. Balorazio horretatik salbuetsiko da behin-behineko langile modura egindako lana.

Gehienez 10 punturekin baloratuko da, puntuak honela banatuta:

– Lehiatzen den lanpostuaren eduki berbera duen buru-lanpostuan aritzeagatik: 0,25 puntu hilabete bakoitzeko.

– Lehiatzen den lanpostuaren antzeko edukia duen lanpostuan aritzeagatik: 0,125 puntu hilabete bakoitzeko.

Faktore horiei erreparatuz, egindako lanak hil osoen arabera baloratuko dira, eta gutxienez 6 hilabeteko esperientzia beharrezkoa izango da. Hala, zatikiak baztertuko dira. Bakarrik administrazio publikoan lanpostuak betetzearen inguruko esperientzia baloratuko da.

DBEAko lanpostuetan lortutako esperientzia administrazio honetako Idazkaritzak ziurtatuko du.

Beste administrazio publiko batzuetan lanpostuak bete dituztenen esperientzia lanpostuaren monografiaren arabera baloratuko da, eta lan-esperientzia egiaztatzen duen dokumentuaren bitartez egiaztatuko da. Hori dagokion administrazioak egingo du, eta betetako eginkizun eta zereginak agertuko dira.

c) Titulazioak eta gradu akademikoak (2 puntu).

Titulu akademiko ofizialak izateagatik, lanpostuari dagozkion eginkizunei lotuta badaude eta plaza eskuratzeko eskatutakoak ez badira, gehienez 2 puntu emango dira. Halaber, atal honen barruan unibertsitateen berezko tituluak, masterrak eta graduondokoak, unibertsitateek eta unibertsitate-eskolek emandakoak, baloratuko dira, hori guztia honako baremo honen arabera:

– Doktore-gradua: 2 puntu..

– Goi-mailako titulu bakoitza: 1,50 puntu.

– 250 ordutik gorako graduondoko bakoitza: puntu 1

– 250 ordu bitarteko graduondoko bakoitza: 0,5 puntu.

Titulu horietako edozeinengatik puntuak ematen badira, ez dira baloratuko trebakuntza- eta hobekuntza-ikastaroei buruzko d) atalean.

d) Trebakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak (2 puntu).

Deialdia EHAAn argitaratzen den data baino lehenagoko hamar urteetan trebakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak gainditu badira, horiek lanpostuaren berezko eginkizunekin zuzeneko harremana duten gaiei buruzkoak izan badira (eskatzen den lanpostuan edo jardueren edo ezagutzen arloan garatu behar diren jarduerekin zuzeneko harremana) eta diploma edota bertaratze-ziurtagiria edota, hala badagokio, aprobetxamenduaren ziurtagiria eman bada, gehienez 2 puntu emango dira honako baremo honen arabera:

– 200 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitza: puntu 1.

– 100 ordutik gorako ikastaro bakoitza: 0,5 puntu.

– 60 ordutik gorako ikastaro bakoitza: 0,25 puntu.

– 20 eta 60 ordu bitarteko ikastaro bakoitza: 0,15 puntu.

Behin baino gehiagotan egindako ikastaroak ez dira baloratuko, azkenekoa edo interesdunak aukeratzen duen hori izan ezik.

Ez dira baloratuko akademia pribatuek emandakoak, ezta fakultate edo eskolen ikasketa ofizialen planen barruan dauden jakintzagaiak eta masterren nahiz graduen osteko moduluak ere.

e) Argitalpenak (puntu 1).

Eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia duten argitalpenak puntu 1ekin baloratuko dira gehienez:

– Prestigio profesional aitortua duten aldizkarietan: puntu 1 gehienez.

– Gainerako argitalpenak: 0,75 puntu gehienez.

f) Irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera (2 puntu).

Deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizunekin edo lanpostuok betetzeko eskatzen diren trebetasunekin zerikusia duten arloetan burututako irakaskuntza-eta ikerkuntza-jarduerengatik –IVAPek eta/edo beste administrazio publikoren batek antolatu edo homologatuak, edo prestigio aitortua duten erakundeek emanak– 2 puntu emango dira, gehienez. Azken 15 urteetan egindako jarduera baino ez da baloratuko, honako baremo honen arabera:

– Ikastaro-ordu bakoitzeko 0,025 puntu, gehienez 1,5 puntu, betiere eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia badu ikastaroak.

– Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako komunikazioengatik edo bertan modu nabarmenean parte hartzeagatik, 0,25 puntu gehienez.

– Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako komunikazioengatik, 0,75 puntu gehienez.

– Ikerketa-proiektuetan parte hartzeagatik, puntu 1 gehienez.

g) Antzinatasuna (2 puntu).

Gehienez 2 punturekin baloratuko da, honako baremo honen arabera:

– Administrazio publikoetan zerbitzuan A1 azpitaldean emandako urtebete bakoitzeko: 0,20 puntu urte bakoitzeko, gehienez 2 puntu. Urtebete baino gutxiago irauten duten zerbitzuak hilabeteka baloratuko dira, proportzioan.

Ondorio horietarako, karrerako funtzionarioaren izaera eskuratu baino lehenago emandako zerbitzuak eta beren-beregi onartutako kidego edo eskalan sartu baino lehenagokoak konputatuko dira. Aldi berean betetako zerbitzuak ez dira birritan konputatuko.

2.– Berariazko merezimenduak.

Fase honetan merezimenduak lanpostuaren ezagutza eta trebezia aipagarrienen arabera baloratuko dira. Lanpostua lortu nahi dutenek honako proba hauek egin beharko dituzte:

a) DBEAko Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatearen kudeaketa-memoria bat egitea (10 puntu).

Alderdi hori gehienez 10 punturekin baloratuko da. Gutxienez 5 puntu lortu beharko dira proba gainditzeko.

Memoria 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratzeaz batera, izangaien eskura jarriko da Unitateari dagozkion antolaketa- eta eginkizun-alderdiei eta edukiei buruzko oinarrizko dokumentazioa.

Merezimendu hori deialdiko lanpostuaren eduki funtzionalean oinarrituko da, eta memoria horrek Unitatearen funtsezko alderdiei buruz eta beraren helburuei buruz kudeaketa-proiektu baten edo jarduketa-egitarau baten oinarrizko ildoak zehaztu beharko ditu.

Batzordeak honako hauek baloratu ahalko ditu, besteak beste: memoriaren egitura eta barne-koherentzia, arloaren ezagutza edo menderatze-maila, esparru teorikoa, etorkizuneko ikuspegia, antolaketa estrategikoa, egindako proposamenak, ekarpenak, ondorioak eta alderdi osagarriak edo berritzaileak.

b) Memoriaren defentsa (10 puntu).

Merezimendu hori gehienez 10 punturekin baloratuko da. Gutxienez 5 puntu lortu beharko dira hutsik dagoen lanpostua esleitzeko.

Lehiakideak memoria azaldu beharko du, eta balorazio-batzordeak edukiari buruzko galderak egin ditzake.

Balorazio-batzordeak gutxienez 7 egun naturaleko aurrerapenarekin jakinaraziko du defentsa noiz egingo den.

Batzordeak lehiakidearen azalpena eta hari egindako galderen erantzunak edo memoriaren edukia komunikatzeko trebetasuna baloratuko ditu. Halaber, besteak beste, honako alderdi hauek baloratuko ditu: erabilitako bitartekoak, arloaren menderatze-maila, aurkezteko argitasuna edo laburtzeko gaitasuna.

Bosgarrena.– Merezimenduen eta eskakizunen balorazioa eta egiaztapena.

Deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren eguna erreferentziatzat hartuta baloratuko dira merezimenduak.

Eskabidearekin batera, alegatutako merezimenduak aipatzen dituen adierazpena aurkeztuko da nahitaez. DBEAren esku daudenean izan ezik, merezimenduak dokumentuen bitartez egiaztatuko dira parte hartzeko eskaerarekin.

Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu eta justifikatutakoez besteko merezimenduak ezin izango dira baloratu, eta epe horren barruan alegatu eta gero justifikatzen direnak ere ez.

Seigarrena.– Balorazio-batzordea.

Balorazio-batzordeak merezimenduak baloratuko ditu, eta lanpostua esleitzeko proposamena egingo du. Batzorde hori deialdia egiten duen agintaritzak izendatuko du, eta batzordekideen ordezko guztiak aipatuko ditu. Honako hauek izango dira batzordeko 3 kideak:

– Batzordeburua: Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Kontseilu Aholku-emailearen lehendakaria.

– Idazkaria: A taldeko eta A1 azpitaldeko karrerako funtzionario bat, hitzarekin eta botoarekin jardungo duena.

– Batzordekide bat: A taldeko eta A1 azpitaldeko karrerako funtzionario bat.

Balorazio-batzordeak adituak izendatzeko eska diezaioke deialdia egin duen agintaritzari, aholkulari modura, hitzarekin baina botorik gabe, jardun dezaten.

Balorazio-batzordearen osaerak kideen egokitasuna eta kualifikazioa bermatu behar ditu. Helburu horrekin, deialdia egin duen organoak zainduko du batzordeko kideek ezagutzen dutela deialdiko lanpostuen eduki funtzionala, bai eta deialdian erabiltzen diren merezimenduak hautatzeko eta egiaztatzeko teknikak ere.

Deialdiko lanpostua atxikia dagoen maila kontuan hartuta, balorazio-batzordea osatzen duten langileek titulazio-talde bereko edo goragoko karrerako funtzionarioak izan beharko dute. Ahal dela, gutxienez erdiak deialdiaren postuko arlo funtzionalean ezagutzak izango dituzte, edo eginkizun horietan arituko dira.

Balorazio-batzordeak independentzia osoz, zuhurtzia teknikoz eta objektibotasunez jardungo du, eta bere proposamenak lotesleak izango dira administrazioarentzat. Balorazio-batzordeak zuhurtzia teknikoz jardun behar badu ere, bere erabaki eta proposamenek arrazoiak jaso beharko dituzte, halaxe xedatzen baita araudian eta deialdi honen oinarrietan.

Balorazio-batzordearen eraketa eta jarduna oinarri hauetan ezarritakoaren bidez, aplikatu beharreko araudiaren bidez, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen bidez arautuko dira.

Balorazio-batzordean parte hartzeagatik bertaratzeak, laguntzak eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak eta zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak xedatutakoaren mende egongo dira.

Prozedura honen ondorioz balorazio-batzordeak egiten dituen komunikazio eta jakinarazpen guztiak DBEAren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko dira.

Zortzigarrena.– Esleipen-proposamena eta berdinketen ebazpena.

Balorazio-batzordeak esleipen-proposamena egingo du eta, azkenean, esleipen-proposamena puntu gehienak lortu dituenaren aldekoa izango da, betiere deialdiaren oinarrietan eskatzen diren gutxieneko puntuen berdina edo hortik gorakoa bada.

Lehiaketan, oro har, puntu-berdinketarik badago, kontuan hartuko dira honako irizpide hauek:

– Berariazko merezimenduak, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkeraren arabera, puntu gehienetik gutxienera zenbatuta. Merezimenduek puntuazio bera badute, deialdian azaldutako hurrenkeraren arabera.

– Berdinketak jarraitzen badu, merezimendu orokorren fasean berdinketa hausteko irizpidea erabiliko da.

Bederatzigarrena.– Ebazpena.

Balorazio-batzordearen esleipen-proposamena, balorazioaren emaitza kontuan hartuta, DBEAren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko da. Proposamen horren aurka, lehiakideek erreklamazioa aurkeztu ahalko dute hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Erreklamazio horiek balorazio-batzordeak ebatziko ditu.

Lehiakideek, borondatez, lehiaketa osoan parte hartzeari uko egin diezaiokete. Atzera-egitea epe hori amaitu baino lehen egingo da.

Erreklamazioak eta atzera-egiteak aurkezteko epea amaitutakoan, balorazio-batzordeak erreklamazio eta atzera-egite horiek ebatziko ditu eta esleipen-proposamena helaraziko dio Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariari, eta hark onartuko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean.

Esleipendunak lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko du eta, ondorioz, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du, non eta, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, deialdi publikoaren bidez beste destino bat lortu ez duen, izan gerora sortutako baliaezintasunagatik, izan jarduneko zerbitzuaz besteko egoera batera igarotzeagatik, edo behar beste justifikatutako eta deialdia egin duen organoak antzemandako bestelako arrazoiengatik.

Lanpostuaz jabetzeko eguna jatorrizko administrazioko lanpostua utzi eta hurrengoa izango da. Ebazpenean zerbitzu aktibora itzultzea aurrez ikusia badago, lanpostua lehiaketaren ebazpena argitaratu eta hurrengo 3 egun baliodunetan hartu beharko da. Baimenak, lizentziak edo oporrak amaitu arte edo bestelako egoera batean dagoen funtzionarioa berriro lanera itzuli arte atzeratuko da lanpostuaz jabetzea, izan ere, jarduneko zerbitzuan egon arren, ezingo baititu bere zerbitzuak modu eraginkorrean bete. Salbuespen gisa, justifikatutako eta behar bezala arrazoitutako arrazoiengatik, organo eskudunak horien gozamena etetea erabaki ahalko du. Hala ere, antolakuntza-arloko arrazoiak direla-eta, esleipendunak kargua uzteko eta berriaz jabetzeko data zehatza esleipenaren ebazpenean zehaztuko da.

Lehiaketa honen bitartez lanpostua lortzen duen langileak ezingo du beste lehiaketa batzuetan parte hartu lanpostu berria hartu zuenetik bi urte igaro arte. Behin betiko ebazpen bidez esleitutako destinoari ezin zaio uko egin, destino hori borondatezkoa da eta ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortzen.

Hamargarrena.– Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Erregelamendua (EB), pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (DBEO), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez, izaera pertsonaleko datuak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

– Arduraduna: Datuak Babesteko Euskal Agintaritza.

– Helburua: enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea eta funtzionarioen lanpostuetarako lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misioa betetzeko beharrezko tratamendua.

– Informazioaren hartzaileak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta DBEAren webgunean eta iragarki-oholean argitaratzen da.

– Eskubideak: Datuetara irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, bai eta beste eskubide batzuk ere, informazio osagarrian azaltzen direnak.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza duzu gure web-orrian: www.avpd.eus.

– Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda, gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrenda, eta balorazio-batzordeak oinarrietan adierazitako lekuetan agindutako behin-behineko esleipen-zerrenda argitaratzean, publizitate-printzipioa betetzeko behar diren gutxieneko datu pertsonalak jasoko dira, eta datu horiek mantendu egingo dira, harik eta hornidura-prozesu hau amaitu arte eta erreklamazioak edo errekurtsoak egiteko behar den denbora gehigarrian.

Zerrenda horiek klausula bat izango dute, eta bertan adieraziko dute datu pertsonalak dituztela, datuak babesteko gaur egungo legeriarekin bat datozela, eta haien helburu bakarra dela lehiaketaren fasean parte hartzen dutenei informazioa ematea eta, hala badagokio, parte-hartzaileei jakinaraztea. Horrez gain, informazio-paragrafo bat ere edukiko dute, adierazteko datuok ez direla edonork hartu edo erabiltzeko, eta ezin izango direla erreproduzitu -ez osorik ez zatika-, transmititu, edo edonolako errekuperazio-sistema erabilita erregistratu, ukitutako hautagaiek berek horretarako baimenik eman gabe.

Deitutako lanpostuen behin betiko esleipena onartzen duen DBEAko lehendakariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzean, publizitate-printzipioa betetzeko behar diren gutxieneko datu pertsonalak jasoko dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala