
217. zk., 2024ko azaroaren 7a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (195 KB - 13 orri.)
- EPUB (250 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZA
5069
EBAZPENA, 2024ko urriaren 18koa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Arlo Juridikoko eta Ikuskaritzako arduradunaren lanpostua betetzeko deialdia onartzen duena.
Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lanpostuen zerrendetan ezarritakoaren arabera beteko dira, lehiaketa eta izendapen askeko sistemen bidez. 97. artikuluak eta hurrengoek lanpostu hutsak lehiaketa bidez betetzeko deialdia arautzen dute.
Deialdi honen xedea da funtzionarioentzat gordetako 28. lanpostu-mailako osagarria duen lanpostu huts bat betetzea. Lanpostu hori aurrekontuz hornituta dago eta lehiaketa-prozeduraren bidez bete behar da.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 5. eta 8. artikuluen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako (DBEA) Ikuskaritza eta Arlo Juridikoko arduradunaren lanpostu bat betetzeko deialdia onartzea.
Bigarrena.– Ebazpen honen eranskin gisa doazen deialdiko oinarriak onartzea.
Hirugarrena.– Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Bosgarrena.– Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 18a.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria,
UNAI ABERASTURI GORRIÑO.
ERANSKINA
DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZAKO IKUSKARITZA ETA ARLO JURIDIKOKO ARDURADUNAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO MEREZIMENDUEN LEHIAKETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Lehiaketaren xedea
Oinarri hauen xedea da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako (DBEA) Ikuskaritza eta Arlo Juridikoko arduradunaren lanpostu bat betetzeko merezimenduen lehiaketarako deialdia egitea. Hona hemen lanpostuaren ezaugarriak:
1.– Izena: Ikuskaritza eta Arlo Juridikoko arduraduna.
2.– Lanpostu-zerrendako kodea: 9.
3.– Taldea: A/A1.
4.– Kidegoa eta eskala:
a) EAEko Administrazio Orokorreko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa – Fakultatiboen Eskala Juridikoa.
b) Lurralde historikoetako foru organoetako antzeko kidego eta eskalak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetakoak eta, halaber, abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 2. artikuluak aipatzen dituen beste entitate batzuetakoak.
c) Goi Mailako Kidegoa (A1 sailkapen-azpitaldea) – Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Fakultatiboen Goi Mailako Eskala Juridikoa.
5.– Lanpostu-mailako osagarriaren maila: 28.
6.– Berariazko osagarria: I-A.
7.– Euskarazko hizkuntza-eskakizuna: 4.
8.– Derrigortasun-data: derrigortasun-datarik gabe.
9.– Dedikazio-araubidea: % 100.
10.– Lantokia: Vitoria-Gasteiz.
11.– Eginkizunak:
a) Jardueren legezkotasuna gainbegiratzea.
b) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legean aipatzen diren instrukzio-prozesuei lotutako ikuskapenak egitea.
c) Txosten juridikoak egitea arlo juridikoan.
d) Lege-xedapenen proposamenak egitea arlo juridikoan.
e) Irizpideak ezartzea arlo sektorialean.
f) Jarduerak aholkatzea arlo sektorialean.
g) Jarduerak koordinatzea eta ereduak, jardunbide egokien eskuliburuak eta abar egitea eta tratamenduen arduradunen eta erabiltzaileen eskura jartzea.
Bigarrena.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.
1.– Parte hartu ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-administrazioetako eta toki-administrazioetako nahiz haien mendeko administrazio instituzionaletako eta haiei dagokien sektore publikoko erakundeetako karrerako funtzionarioek (A1 sailkapen-azpitaldea), baldin eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo seme-alabak edo senitartekoak zaintzeko eszedentzian badaude eta lanpostu-zerrendan zehaztutako baldintza eta eskakizunak eta deialdi honetan eskatutakoak betetzen badituzte. Era berean, zerbitzu aktiboan berriz sartuz, borondatezko eszedentzian, beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan eta borondatezko lan-utzialdian edo etenaldian dauden karrerako funtzionarioek ere parte har dezakete, betiere egoera horietarako ezarritako iraupen-denbora bete badute.
Nolanahi ere, lehiaketan parte hartzeko, karrerako funtzionarioek A1 azpitaldeko eskala hauetako plaza bat izan beharko dute jabetzan: EAEko Administrazio Orokorreko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa – Fakultatiboen Eskala Juridikoa, EAEko lurralde historikoetako foru organoetako eta toki-administrazioetako antzeko kidego eta eskalak, edo Goi Mailako Kidegoa (A1 sailkapen-azpitaldea) – Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Fakultatiboen Goi Mailako Eskala Juridikoa.
2.– Ezin izango dute lehiaketan parte hartu hauek:
a) Aurreko bi urteetan plaza bat lehiaketaren bidez lortu duten langile funtzionarioek, jatorrizko administrazioa edo parte hartzen duen kidegoa alde batera utzita. Denbora-muga hori salbuetsiko da langileek lehiaketan lortutako lanpostuarekiko atxikipena galdu badute.
b) Eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioek, egoera horrek dirauen artean.
c) Borondatezko eszedentzian edo familiaren bateratzeagatiko egoeran daudelarik, jarduneko zerbitzura itzultzeko gutxienez eskatutako denbora eman ez duten langileek.
3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) deialdia argitaratzen den eguna izango da eskatutako betekizunak betetzeko eta alegatzen diren merezimenduak izateko erreferentzia-data.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.
Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak, DBEAko lehendakariari zuzenduak, DBEAren egoitzan aurkeztuko dira (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71, 3. solairua 01008 Vitoria-Gasteiz) edo, bestela, bide telematikoak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro elektroniko orokorraren edo Estatuko Administrazioen erregistro elektroniko orokorraren bitartez, 15 egun balioduneko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako edozein bulego eta erregistrotan ere aurkeztu ahalko dira.
Izangaiek eskaerarekin batera deialdian eskatutako baldintzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuko dute, DBEAren esku ez badaude.
Parte hartzen duten pertsonek behar bezala egiaztatutako desgaitasun bat badute, eskabidean lanpostua moldatzea eska dezakete, betiere erakundearen testuinguruan gehiegizko aldaketa ez bada.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, DBEAren web-orrian eta iragarki-oholean onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko da. Zerrenda horretan izangaien izena, bi abizenak eta, hala badagokio, ez onartzeko arrazoia azalduko dira. Baztertuak izan direnak hamar egun izango dituzte akatsak eta/edo alegazioak zuzentzeko.
Laugarrena.– Puntuazioak, baremoak eta merezimenduak.
Lehiaketa honetan bi fase zehazten dira: bata merezimendu orokorrena eta bestea berariazko merezimenduena. Bigarren fasera (berariazko merezimenduak) igarotzeko lehenengo fasea gainditu beharko da.
Lehiaketa honetan gehienez ere 40 puntu lortu ahalko dira.
Lanpostua lortzeko beharrezkoa da fase bakoitzean aipatutako gutxieneko puntuaziora iristea.
Lanpostua esleitzeko merezimenduen balorazioa baremo honen arabera egingo da:
1.– Merezimendu orokorrak.
Merezimendu hauek baloratzeko bi irizpide hartuko dira kontuan: lanpostuarekiko harremana eta merezimenduaren baliozkotasun-maila formala. Gehienez 20 puntu lor daitezke eta gutxienez 10 puntura iritsi beharko da fase hau gainditzeko.
a) Maila pertsonal finkatuaren balorazioa (1 puntu):
Maila pertsonala baremo honen arabera baloratuko da:
– Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 28 edo handiagoa izatea: 1 puntu.
– Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 27, 26 edo 25 izatea: 0,5 puntu.
– Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 24 edo txikiagoa izatea: 0,125 puntu.
b) Egindako lanaren balorazioa (10 puntu):
Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den data baino lehenagoko hamar urteetan egindako lana baloratuko da, bete behar den lanpostuaren eginkizunei dagokienez. Balorazio horretatik salbuetsiko da behin-behineko langile modura egindako lana.
Gehienez 10 punturekin baloratuko da, puntuak honela banatuta:
– Lehiatzen den lanpostuaren antzeko edukia duen buru lanpostuan aritzeagatik: 0,25 puntu hilabete bakoitzeko.
– Lehiatzen den lanpostuaren antzeko edukia duen lanpostuan aritzeagatik: 0,125 puntu hilabete bakoitzeko.
Faktore horiei erreparatuz, egindako lanak hil osoen arabera baloratuko dira eta gutxienez 6 hilabeteko esperientzia beharrezkoa izango da. Hala, zatikiak baztertuko dira. Administrazio publikoan lanpostuak betetzearen inguruko esperientzia bakarrik baloratuko da.
DBEAko lanpostuetan lortutako esperientzia administrazio honetako Idazkaritzak ziurtatuko du.
Beste administrazio publiko batzuetan lanpostuak bete dituztenen esperientzia lanpostuaren monografiaren arabera baloratuko da eta lan-esperientzia egiaztatzeko duen dokumentuaren bitartez egiaztatuko da (azken hori dagokion administrazioak egingo du eta betetako eginkizun eta zereginak agertuko dira bertan).
c) Tituluak eta gradu akademikoak (2 puntu).
Titulu akademiko ofizialak izateagatik, lanpostuari dagozkion eginkizunei lotuta badaude eta plaza eskuratzeko eskatutakoak ez badira, gehienez 2 puntu emango dira. Halaber, atal honen barruan unibertsitateen berezko tituluak, masterrak eta graduondokoak, unibertsitateek eta unibertsitate-eskolek emandakoak, baloratuko dira, hori guztia baremo honen arabera:
– Doktore gradua: 2 puntu.
– Goi-mailako titulu bakoitza: 1,50 puntu.
– 250 ordutik gorako graduondoko bakoitza: 1 puntu.
– 250 ordu bitarteko graduondoko bakoitza: 0,5 puntu.
Titulu horietako edozeinengatik puntuak ematen badira, ez dira baloratuko «d) trebakuntza eta hobekuntza ikastaroak» izeneko atalean.
d) Trebakuntza eta hobekuntza ikastaroak (2 puntu).
Deialdia EHAAn argitaratzen den data baino lehenagoko hamar urteetan trebakuntza eta hobekuntza ikastaroak gainditu badira, horiek lanpostuaren berezko eginkizunekin zuzeneko harremana duten gaiei buruzkoak izan badira (eskatzen den lanpostuan edo jardueren edo ezagutzen arloan garatu behar diren jarduerekin zuzeneko harremana) eta diploma eta/edo bertaratze-ziurtagiria eta/edo, hala badagokio, aprobetxamenduaren ziurtagiria eman bada, gehienez 2 puntu emango dira baremo honen arabera:
– 200 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitza: 1 puntu.
– 100 ordutik gorako ikastaro bakoitza: 0,5 puntu.
– 60 ordutik gorako ikastaro bakoitza: 0,25 puntu.
– 20 eta 60 ordu bitarteko ikastaro bakoitza: 0,15 puntu.
Behin baino gehiagotan egindako ikastaroak ez dira baloratuko, azkenekoa edo interesdunak aukeratzen duen hori izan ezik.
Ez dira baloratuko akademia pribatuek emandakoak, ezta fakultate edo eskolen ikasketa ofizialen planen barruan dauden jakintzagaiak eta masterren nahiz graduen osteko moduluak ere.
e) Argitalpenak (1 puntu).
Eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia duten argitalpenak 1 punturekin baloratuko dira gehienez:
– Prestigio profesional aitortua duten aldizkarietan: 1 puntu gehienez.
– Gainerako argitalpenetan: 0,75 puntu gehienez.
f) Irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera (2 puntu).
Deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizunekin edo lanpostuok betetzeko eskatzen diren trebetasunekin zerikusia duten arloetan burututako irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduerengatik –IVAPek eta/edo beste administrazio publikoren batek antolatu edo homologatuak, edo prestigio aitortua duten erakundeek emanak– 2 puntu emango dira, gehienez. Azken 15 urteetan egindako jarduera baino ez da baloratuko, baremo honen arabera:
– Ikastaro ordu bakoitzeko 0,025 puntu, gehienez 1,5 puntu, betiere eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia badu ikastaroak.
– Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako komunikazioengatik edo bertan modu nabarmenean parte hartzeagatik, 0,25 puntu gehienez.
– Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako txostenengatik, 0,75 puntu gehienez.
– Ikerketa-proiektuetan parte hartzeagatik, 1 puntu gehienez.
g) Antzinatasuna (2 puntu).
Gehienez 2 punturekin baloratuko da, baremo honen arabera:
– Administrazio publikoetan A1 azpitaldean lanean emandako urtebete bakoitzeko: 0,20 puntu urte bakoitzeko, gehienez 2 puntu. Urtebete baino gutxiago irauten duten zerbitzuak hilabeteka baloratuko dira, proportzioan.
Ondorio horietarako, karrerako funtzionarioaren izaera eskuratu baino lehenago emandako zerbitzuak eta beren-beregi onartutako kidego edo eskalan sartu baino lehenagokoak konputatuko dira. Aldi berean betetako zerbitzuak ez dira birritan kontatuko.
2.– Berariazko merezimenduak
Fase honetan merezimenduak lanpostuaren ezagutza eta trebezia aipagarrienen arabera baloratuko dira. Lanpostua lortu nahi dutenek proba hauek egin beharko dituzte:
a) DBEAko Unitate Juridikoaren eta Ikuskaritzaren kudeaketa-memoria bat egitea (10 puntu).
Alderdi hori gehienez 10 punturekin baloratuko da. Gutxienez 5 puntu lortu beharko dira proba gainditzeko.
Memoria 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratzeaz batera, izangaien eskura jarriko da Unitateari dagozkion antolaketa- eta eginkizun-alderdiei eta edukiei buruzko oinarrizko dokumentazioa.
Merezimendu hori deialdiko lanpostuaren eduki funtzionalean oinarrituko da eta memoria horrek Unitatearen funtsezko alderdiei buruzko eta beraren helburuei buruzko kudeaketa-proiektu baten edo jarduketa-egitarau baten oinarrizko ildoak zehaztu beharko lituzke.
Batzordeak alderdi hauek baloratu ahalko ditu, besteak beste: memoriaren egitura eta barne koherentzia, arloaren ezagutza edo menderatze-maila, esparru teorikoa, etorkizuneko ikuspegia, antolaketa estrategikoa, egindako proposamenak, ekarpenak, ondorioak eta alderdi osagarriak edo berritzaileak.
b) Memoriaren defentsa (10 puntu).
Merezimendu hori gehienez 10 punturekin baloratuko da. Gutxienez 5 puntu lortu beharko dira hutsik dagoen lanpostua esleitzeko.
Lehiakideak memoria azaldu beharko du eta Balorazio Batzordeak edukiari buruzko galderak egin ditzake.
Balorazio Batzordeak gutxienez 7 egun naturaleko aurrerapenarekin jakinaraziko du defentsa noiz egingo den.
Batzordeak lehiakidearen azalpena eta hari egindako galderen erantzunak edo memoriaren edukia komunikatzeko trebetasuna baloratuko ditu. Halaber, alderdi hauek ere baloratuko ditu: erabilitako bitartekoak, arloaren menderatze-maila, aurkezteko argitasuna edo laburtzeko gaitasuna.
Bosgarrena.– Merezimenduen eta eskakizunen balorazioa eta egiaztapena.
Merezimenduak baloratzeko, deialdiaren oinarriak EHAAn argitaratzen diren eguna hartuko da kontuan.
Eskabidearekin batera, alegatutako merezimenduak aipatzen dituen adierazpena aurkeztuko da nahitaez. DBEAren esku daudenean izan ezik, merezimenduak dokumentuen bitartez egiaztatuko dira parte hartzeko eskaerarekin.
Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu eta justifikatutakoez besteko merezimenduak ezin izango dira baloratu, eta epe horren barruan alegatu eta gero justifikatzen direnak ere ez.
Seigarrena.– Balorazio Batzordea.
Balorazio Batzordeak merezimenduak baloratuko ditu eta lanpostua esleitzeko proposamena egingo du. Batzorde hori deialdia egiten duen agintaritzak izendatuko du eta batzordekideen ordezko guztiak aipatuko ditu. Honako hauek izango dira batzordeko 3 kideak:
– Batzordeburua: Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Kontseilu Aholku-emailearen lehendakaria.
– Idazkaria: A taldeko eta A1 azpitaldeko karrerako funtzionario bat, hitzarekin eta botoarekin jardungo duena.
– Batzordekide bat: A taldeko eta A1 azpitaldeko karrerako funtzionario bat.
Balorazio Batzordeak adituak izendatzeko eska diezaioke deialdia egin duen agintaritzari, aholkulari modura, hitzarekin baina botorik gabe, jardun dezaten.
Balorazio Batzordearen osaerak kideen egokitasuna eta kualifikazioa bermatu behar ditu. Helburu horrekin, deialdia egin duen organoak zainduko du batzordeko kideek ezagutzen dutela deialdiko lanpostuen eduki funtzionala, bai eta deialdian erabiltzen diren merezimenduak hautatzeko eta egiaztatzeko teknikak ere.
Deialdiko lanpostua atxikia dagoen maila kontuan hartuta, Balorazio Batzordea osatzen duten langileek titulazio-talde bereko edo goragoko karrerako funtzionarioak izan beharko dute. Ahal dela, gutxienez erdiak deialdiaren postuko arlo funtzionalean ezagutzak izango dituzte edo eginkizun horietan arituko dira.
Balorazio Batzordeak independentzia osoz, zuhurtzia teknikoz eta objektibotasunez jardungo du, eta bere proposamenak lotesleak izango dira administrazioarentzat. Balorazio Batzordeak zuhurtzia teknikoz jardun behar badu ere, bere akordio eta proposamenen arrazoiak jaso beharko dituzte, halaxe xedatzen baita araudian eta deialdi honen oinarrietan.
Balorazio Batzordearen eraketa eta jarduna oinarri hauetan ezarritakoaren bidez, aplikatu beharreko araudiaren bidez eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen bidez arautuko da.
Balorazio Batzordean parte hartzeagatik egindako bertaratzeak, lankidetzak eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak eta zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak xedatutakoaren mende egongo dira.
Prozedura honen ondorioz Balorazio Batzordeak egiten dituen komunikazio eta jakinarazpen guztiak DBEAren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko dira.
Zortzigarrena.– Esleipen-proposamena eta berdinketen ebazpena.
Balorazio Batzordeak esleipen-proposamena egingo du eta, azkenean, puntu gehien lortu dituenaren aldekoa izango da esleipen-proposamena, baldin eta puntuazioa deialdiaren oinarrietan eskatzen diren gutxieneko puntuen berdina edo hortik gorakoa bada.
Lehiaketan, oro har, puntu-berdinketarik badago, kontuan hartuko dira irizpide hauek:
– Berariazko merezimenduak, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkeraren arabera, puntu gehienetik gutxienera zenbatuta. Merezimenduek puntuazio bera badute, deialdian azaldutako hurrenkeraren arabera.
– Berdinketak jarraitzen badu, aurreko puntuan aipatutako irizpidea jarraituko da, merezimendu orokorren fasean puntu gehien lortzen duenaren alde.
Bederatzigarrena.– Ebazpena.
Balorazio Batzordearen esleipen-proposamena, balorazioaren emaitza kontuan hartuta, DBEAren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko da. Proposamen horren aurka, lehiakideek erreklamazioa aurkeztu ahalko dute hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Erreklamazio horiek Balorazio Batzordeak ebatziko ditu.
Lehiakideek, beren borondatez, lehiaketa osoan parte hartzeari uko egin ahal izango diote. Atzera egitea epe hori amaitu baino lehen egingo da.
Erreklamazioak eta atzera-egiteak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak erreklamazio eta atzera-egite horiek ebatziko ditu eta esleipen-proposamena helaraziko dio Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariari; hark onartuko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean.
Esleipendunak lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko du eta, ondorioz, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du, salbu eta, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, deialdi publikoaren bidez beste destino bat lortu ez badu, izan gerora sortutako baliaezintasunagatik, izan jarduneko zerbitzuaz besteko egoera batera igarotzeagatik, edo behar beste justifikatutako eta deialdia egin duen organoak antzemandako bestelako arrazoiengatik.
Lanpostuaz jabetzeko eguna aurreko lanpostua utzi eta hurrengoa izango da. Ebazpenean zerbitzu aktibora itzultzea aurrez ikusia badago, lanpostua lehiaketaren ebazpena argitaratu eta hurrengo 3 egun baliodunetan hartu beharko da. Baimenak, lizentziak edo oporrak amaitu arte edo bestelako egoera batean dagoen funtzionarioa berriro lanera itzuli arte atzeratuko da lanpostuaz jabetzea, izan ere, jarduneko zerbitzuan egon arren, ezingo baititu bere zerbitzuak modu eraginkorrean bete. Salbuespen gisa, justifikatutako eta behar bezala arrazoitutako arrazoiengatik, organo eskudunak horien gozamena etetea erabaki ahalko du. Hala ere, antolakuntza-arloko arrazoiak direla-eta, esleipendunak kargua uzteko eta berriaz jabetzeko data zehatza esleipenaren ebazpenean zehaztuko da.
Lehiaketa honen bitartez lanpostua lortzen duen langileak ezingo du beste lehiaketa batzuetan parte hartu lanpostu berria hartu zuenetik bi urte igaro arte. Behin betiko ebazpen bidez esleitutako destinoari ezin zaio uko egin, borondatezkoa da eta ez du kalte-ordainerako eskubiderik sortzen.
Hamargarrena.– Datuen Babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (DBEO), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez, datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
– Arduraduna: Datuak Babesteko Euskal Agintaritza.
– Helburua: enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea eta funtzionarioen lanpostuetarako lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea.
– Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misioa betetzeko beharrezko tratamendua.
– Informazioaren hartzaileak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, webgunean eta DBEAren iragarki-taulan argitaratzen dira.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza www.avpd.eus webgunean kontsulta daiteke.
– Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda, gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrenda, eta Balorazio Batzordeak agindutako behin-behineko esleipen-zerrenda oinarrietan adierazitako lekuetan argitaratzean, publizitate-printzipioa betetzeko behar diren gutxieneko datu pertsonalak jasoko dira, eta datu horiek mantendu egingo dira, harik eta hornidura-prozesu hau amaitu arte eta erreklamazioak edo errekurtsoak egiteko behar den denbora gehigarrian.
Zerrenda horiek klausula bat izango dute, eta bertan adieraziko dute datu pertsonalak dituztela, datuak babesteko gaur egungo legeriarekin bat datozela, eta haien helburu bakarra dela lehiaketaren fasean parte hartzen dutenei informazioa ematea eta, egoki denean, parte-hartzaileei jakinaraztea. Era berean, informazio-paragrafo bat erantsiko dute, non jasoko baita zerrenda horiek ez direla sarbide publikoko iturri, eta ezingo direla erreproduzitu, ez osorik, ez zati batean, ez transmititu, ezta erregistratu ere, informazioa berreskuratzeko ezein sistemaren bidez, ukitutakoen baimenik gabe.
Deitutako lanpostuen behin betiko esleipena onartzen duen DBEAko lehendakariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzean, publizitate-printzipioa betetzeko behar diren gutxieneko datu pertsonalak jasoko dira.
RSS