
214. zk., 2024ko azaroaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (146 KB - 9 orri.)
- EPUB (412 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
5014
EBAZPENA, 2024ko urriaren 23koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei dirulaguntzak emateko 2024. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko.
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuak (2003ko urriaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 198. zenbakia) euskal etxeei eman beharreko dirulaguntzak arautzen ditu. Dirulaguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko dira. Aipatutako dekretuaren 7. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, bidezkoa da 2024ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egitea.
Deialdi hau Lehendakaritzaren 2024-2027 Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori Gizarte Koordinazio eta Komunikazioko idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen eta egoitza elektronikoan argitaratuta dago: https://www.euskadi.eus/proiektua/lehendakaritzaren-2024ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2lehen/eu/
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, Idazkaritza Nagusiei dagokie dirulaguntzen deialdia egitea eta ematea, beren jardun-arloei dagozkien gaietan. Ildo horretatik, eta gaia kontuan hartuta, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiaren titularrari dagokio.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Euskal etxeei 212.000 euroko dirulaguntzak emateko deialdia egitea. Dirulaguntza horiek 2024ko ekitaldiari dagozkio eta atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko dira. Eranskinean (Euskal etxeei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak. Dirulaguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko dira) jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; hala ere, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 23a.
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
ANDER CABALLERO BARTUREN.
RSS