
209. zk., 2024ko urriaren 25a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4916
EBAZPENA, 2024ko urriaren 7koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez irekitzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak betetzeko lan-poltsak.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduak (zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak kudeatzeko araudia) 8. artikuluan aurreikusten du lan-poltsak irekiko direla azken oposizioan parte hartu eta, oposizioaren lehen ariketan, gutxieneko notaren ehuneko 40ko edo gehiagoko puntuazioa lortu duten pertsonak sartzeko, baldin eta haietan sartu nahi badute.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Agindu horretan oinarrituta, Justizia Administrazioko Zuzendaritza honek ebatzi du Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidegoetako lanpostuak betetzeko sortutako lan-poltsak irekitzea, oinarri hauen arabera:
1.– Deialdiaren xedea.
Auzitegiko Medikuen Kidegoko, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko eta Laguntza Judizialeko Kidegoko lan-poltsetan ez dauden eta deialdi honetako bigarren artikuluko baldintzak betetzen dituzten pertsonen lan-poltsak handitzea da deialdi honen xedea.
2.– Deialdi honetan nork parte hartu ahal izango duen.
Aurreko puntuan aipatutako kidegoetakoren batean sartzeko deitzen diren eta amaitutako azken hautaprobetan (2019-20-21eko EPE) parte hartu duten pertsonek eskatu ahal izango dute lan-poltsetan onartzeko, baldin eta oposaketaren lehen ariketan gutxieneko notaren ehuneko 40ko edo gehiagoko puntuazioa lortu badute.
Hautaketa-proba batzuk prozesua gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda BOEn argitaratzen denean amaituko dira.
Hauek dira erreferentzia-eskaintzak:
JUS/241/2022 Agindua, martxoaren 24koa, Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan barne-sustapenez sartzeko hautaketa-prozesurako deialdia egiten duena.
JUS/242/2022 Agindua, martxoaren 24koa, Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegora barne-sustapenez sartzeko hautaketa-prozesurako deialdia egiten duena.
JUS/1254/2022 Agindua, abenduaren 7koa, Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetan txanda irekiko sistema orokorraren bidez sartzeko hautaketa-prozesurako deialdia egiten duena.
JUS/1287/2022 Agindua, urriaren 22koa, Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionalean txanda irekiko sistema orokorraz sartzeko hautaketa-prozesurako deialdia egiten duena.
3.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Lan-poltsetan sartzeko eskatzen dutenek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko uztailaren 11ko Aginduan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
4.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
4.1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek izapide hauek egin beharko dituzte bitarteko elektronikoen bidez:
a) Eskabidea aurkeztea. Lan-poltsa batean baino gehiagotan sartu nahi izanez gero, kidego bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko du parte-hartzaileak.
b) Hala badagokio, erantsitako dokumentazioa aurkeztea.
4.2.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, harekin batera doan dokumentazioa aurkezteko, horretarako prestatutako inprimaki elektronikoa erabiliko da, eta helbide honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091008
4.3.– Eskabidea eta deialdiarekin zerikusia duen beste edozein dokumentu bitarteko ez-elektronikoen bidez aurkeztuz gero, aurkeztu gabekotzat joko da.
4.4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, 15 egun baliodunez.
5.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
– Alegatutako euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen tituluaren ziurtagiri ofiziala edo homologazioa, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko. Erregistro horretan jasota ez badago, egiaztatu egin beharko da.
– Ikasketa ofizialak euskaraz egiteagatik egiaztapena salbuetsita izatea.
– Kidegora sartzeko eskatzen den tituluaren ziurtagiri ofiziala, edo beste titulu ofizial batzuk, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Hezkuntza Ministerioko tituluen erregistroan egiazta ditzan, bai unibertsitatekoak bai unibertsitatez kanpokoak.
Alegatutako tituluak 1992a baino lehen lortu badira (unibertsitate-titulu ofizialak), edo 1991a baino lehen eman badira (unibertsitatez kanpoko titulu ofizialak), eta erregistro horietakoren batean inskribatzeko eskatu ez bada, aurkeztu egin beharko dira.
– Agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria, Zuzenbideko Lizentziaturaren lehen hiru ikasturteak gainditu izana edo Zuzenbideko Graduko 180 kreditu lortu izana egiaztatzen duena.
6.– Eskabideak aurkezteko modua.
Izapide horiek egiteko, izangaiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoetako bat izan beharko du. Bitarteko horiek hemen daude jasota: https://www.euskadi.eus/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/web01-sede/es/; besteak beste:
a) Izenpek emandako pertsona fisikoen ziurtagiriak, B@kQ barne.
b) Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).
c) NAN elektronikoa.
7.– Behin-behineko zerrendak.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak egin ondoren, Nire karpeta egoitza elektronikoan argitaratuko dira.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, hamar egun balioduneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
8.– Behin betiko zerrendak.
Alegazioak ebatzi ondoren, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak argitaratuko dira Nire karpeta egoitza elektronikoaren bidez.
Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
9.– Errekurtsoak.
Deialdi honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 7a.
Justizia Administrazioko zuzendaria,
MARÍA DOLORES MOVILLA RIVAS.
RSS