Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2024ko urriaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4914

AGINDUA, 2024ko urriaren 1ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko 2024ko deialdiaren oinarriak.

Abere-ustiategietan dauden Animaliak Babesteko Europako Hitzarmenaren ondorioz (Estrasburgon sinatu zen, 1976ko martxoaren 10ean, Espainiak berretsi zuen eta 1988ko azaroaren 6an jarri zen indarrean), Europako Erkidegoak animalien ongizatearen arloko hainbat xedapen eman ditu.

Ildo horretan, azpimarratzekoak dira abere-ustiategietan dauden animaliak babesteko Europan egin diren zuzentarauak eta horiek askotariko etxalde motetara zabaldu izana. Horien artean, Estatuko legedirako transposizio nabarmenena martxoaren 10eko 348/2000 Errege Dekretukoa da –Kontseiluaren apirilaren 21eko 441/01 EDaren bidez aldatua–, zeinaren barruan sartzen baitira hainbat printzipio, adibidez: estabulazioa, janaria, ura eta zaintza egokiak ematea, animalien behar fisiologiko eta etologikoen arabera, bereganatutako esperientziari eta ezagutza zientifikoari jarraituz. Halaber, animalien zaintzaileek bete beharreko baldintzak jasotzen ditu.

Bestalde, Euskadin, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 35. artikuluan, xedapen arautzaileak ezartzen ziren, bai abere-ustiategien titularrentzat bai haien instalazioentzat, ustiategi horietan dauden animalien ongizatea zaintze aldera.

Era berean, 2020ko maiatzaren 20an, Europako Batzordeak «Baserritik mahaira» estrategia aurkeztu zuen, Europako Itun Berdearen esparruko funtsezko ekimenetakotzat jota. Hemendik 2050era bitartean klima-neutraltasuna lortzen laguntzeko, Estrategiak EBko egungo elikadura-sistema eredu jasangarri baterantz eraman nahi du, eta estrategia horren helburu estrategikoetako bat animalien ongizatea hobetzea da.

Estrategia horren isla da, gainera, kontsumitzailea gero eta sentsibilizatuago dagoela etiketan animalien ongizatearen ziurtagiria duten produktuak eskatzeari dagokionez.

Europako Batzordeak ziurtagiri horiei buruz araudi espezifikorik ez duenez, ziurtatzeko hainbat eredu eta eskema sortu dira. Estatuan, Welfair ziurtagiria nabarmentzen da, IRTAk eta Neikerek egindako ikerketa-jardueraren ondorioz sortutako zigilua. Ziurtagiri hori Europako erreferentziazko Welfare Quality eta AWIN ziurtagirietan oinarritzen da eta etxaldeetan, haztegietan eta hiltegietan dauden animalien ongizatearen kalitatea sakon ebaluatzen eta kontrolatzen du, honako espezie hauei dagokienez: behiak, txerriak, ardiak, ahuntzak eta oiloak, oilaskoak, untxiak eta indioilarrak. Gainera, lanbidearteko (Interporc edo Avianza, besteak beste) edo GKEek (ANDA, adibidez) sustatutako ziurtagiriak daude. Nazioartean are handiagoa da ziurtagirien kopurua, gehienak GKEek sustatuak (RSPCA eta AHA, beste askoren artean). Ziurtagiri bakoitzak bere eskakizun espezifikoak ditu, batzuk ebaluatzeko errazagoak dira eta beste batzuk konplexuagoak. Hala ere, ezagutza zientifikorik berrienari jarraikiz, ziurtagiriek batez ere animalien egoeran oinarritutako adierazleak erabili behar dituzte, horretarako animalien ongizatea ziurtatzeko baliozkotuta dauden irizpideak erabiliz.

Agindu honek abeltzaintza-arloko elkarte edo ustiategi talde zehatzei laguntzea du helburu, hain zuzen ere ustiategietan animalien ongizatea bermatzen duen ziurtagiria lortzeko kostuak ordaintzeko, ziurtagiria lortzen laguntzen duten ekintzen bidez; izan ere, ziurtagiri horrek animalien ongizatea babesten laguntzen du, baita elikagai-sistemak eredu jasangarriagoetara bideratzen ere. Ildo horretan, agindu honek minimis erregimeneko laguntza batzuk planteatzen ditu ustiategiek animalien ongizatearen ziurtagiri bat lor dezaten laguntzeko, eta laguntzek aurrerantzean jarraipena izatea aurreikusten da.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Dirulaguntzen deialdi hau, halaber, jasota dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan. Agindu horren bidez onartzen da, hain zuzen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluari jarraikiz. Laguntza hau sartuta, elikadura ekologikoagoa, lokalagoa, jasangarriagoa eta osasuntsuagoa izatea sustatu nahi da, eta, horretarako, ingurumena eta animalien ongizatea errespetatuko dituzten ekoizpen-sistemak sustatuko dira.

Laguntza horiek 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Batzordearen Erregelamenduari atxikitzen zaizkio –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa–. Horrez gain, honako arau hauek aplikatuko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2024ko deialdiko oinarriak onartzea. Oinarriak agindu honen eranskinean jasota daude.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 1a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Laguntzaren xedea eta helburua.

Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko laguntzen 2024ko ekitaldirako deialdia egitea da agindu honen xedea.

Laguntza horien helburua honako hau da: behar diren gastuak finantzatzea animalien ongizatea kontrolatzeko barne-prozedura egin eta ezartzeko, arduradunei prestakuntza emateko eta animalien ongizatearen ziurtagiria eskuratzeko.

2. oinarria.– Dirulaguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen programa honek printzipio hauek bete behar ditu: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, dirulaguntza eman duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasuna, eta dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen gainerako guztiak.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lehiaketa bidezko norgehiagokaren bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

4.– Programa honi jarraituz emango diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubideari atxikita daude.

Estatu kide bakoitzak enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango laguntza eman aurreko hiru ekitaldietan.

Muga hori gaindituz gero, emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

Minimis laguntzak emantzat joko dira, onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazten zaion unetik aurrera.

3. oinarria.– Finantzaketa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira oso-osorik, eta 142.000,00 euroko aurrekontu-kreditua erabiliko da horretarako.

4. oinarria.– Onuradunak.

Banakako ustiategien pertsona fisiko titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradun, bai eta egoitza EAEn duten entitate pribatuak ere, tartean, kooperatibak, enpresak, elkarteak edo nekazaritzako ustiategiak biltzen dituzten bestelako elkarteak. Nolanahi ere, ustiategi guzti-guztien barne-auditoretzako kontrol-prozeduraren ezarpenean operadore-lanak egin behar dituzte, ustiategiok helburu hauek badituzte: animalia-jatorriko elikagaien ekoizpena eta/edo merkaturatzea, azpisektore hauetan: txerriak, erruteko hegazti-hazkuntza, landako oilaskoa, ardi-esnea, ahuntz-esnea, behi-esnea, behi-okela eta untxia.

Pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeen kasuan, pertsonalitate juridikorik ez badute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 11.4 artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

5. oinarria.– Betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira, honako arau hauen arabera: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 8. eta 13. artikuluak; eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea. Hauek dira betekizunak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoirik ez sorraraztea, haien errudun deklaratuak izateagatik.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean izatea, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez izatea zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahal izango da, dagokion erregistroan.

l) Eskatzaileak jakinarazi behar du ea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo ente publiko zein pribaturen bati, bai eta eskuratu duen ala ez ere. Halaber, 2021., 2022. eta 2023. urteetan minimis araubideari atxikita eskatu eta/edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztu behar du.

m) Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea. Alegia, hau:

– Eskatzaileak zigor- eta administrazio-zehapenik ez izatea sexu-diskriminazioagatik, eta dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazita ez izatea, 1/2023 Legegintzako Errege Dekretuari jarraikiz (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).

– Elkarte edo antolakunde profesionalak, enpresenak edo bestelakoak izanik, zuzendaritza-organoetako emakumeen eta gizonen kopuruan, gutxienez, oreka egotea, urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritako definizioaren arabera.

n) Ez zaie laguntzarik emango, ez zuzenean ez zeharka, LGTBI fobia gauzatzen, eragiten edo sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei, publikoei, pribatuei edo finantzaketa mistokoei, konbertsio-terapiak barne, 4/2023 Legearen 82. artikuluari jarraikiz (4/2023 Legea, otsailaren 28koa, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko dena).

2.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen taldeetako kideek, onuraduntzat har daitezkeenek, 1. apartatu honetan jasotako betekizunak bete beharko dituzte.

Gainera, 1. apartatu horretan ezarritako betekizunek eragina izango dute, halaber, zuzendariak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, lehenagoko enpresa batzuen jarraipena direla ebatzi daitekeen enpresetan, edo horien eraldatze, bat-egite edo ondorengotzagatik eratorri direnetan.

3.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitate ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute lege horretan onuraduna edo entitate laguntzailea izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela apartatu honetan xedatzen den bezala. Apartatu hau betetzeko, enpresa hornitzaileari aurretiaz kobratzeko modua ematen dioten finantzaketa guztiak baliozkotzat joko dira, baldin eta kostua bezeroaren kontura bada eta ordaindu ezean hornitzailearen aurka jotzerik ez badago.

Oinarri arautzaileetan beste epealdirik edo unerik ezarri ezean, egiaztapena egiteko 10 egun balioduneko epealdia egongo da dirulaguntza emateko proposatutako interesdunei behin-behineko ebazpena jakinarazten zaienetik.

Entzunaldiaren izapidea egiten ez bada, prozeduran ez dagoelako eta interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak baino ez direlako hartzen kontuan, egiaztapena egiteko 10 eguneko epealdia egongo da organo instrukzio-egileak behin betiko ebazpenaren proposamenaren aurretik berariaz egindako errekerimenduaren jakinarazpenetik.

Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da, eta, gero, hura lortzen denean, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.

4.– Halaber, dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

a) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Ziurtagiriak, edozein dela ere, animalien ongizatea ebalua dezala, batez ere animalien egoeran oinarritutako adierazleen bidez.

c) Diruz laguntzekoak diren gastuak 2024. urtean eginak izatea eta ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatu baten barruan kokatzea.

6. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoa betez:

a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskaerak.

– Aurrez aurre: eskabideak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

Alabaina, ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.

– Bide elektronikoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206904

Eskaera izapidetzeko eta dokumentuak aurkezteko moduak (elektronikoa zein aurrez aurrekoa) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

b) Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan adierazitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, eskaeretarako inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da. Eredu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206904

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapide ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206904

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

7.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.

8.– Laguntzen eskatzaile bakoitzak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia bana, edo pertsona juridikoa legez eta modu baliozkoan eratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioarena (bestek beste, dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria).

b) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarriotan eskatutako baldintzak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztietan egia dioela adierazteko.

Gero, 20/2023 Legearen 9.5 artikuluarekin bat etorriz, erantzukizunpeko aitorpenean biltzen diren puntuen egiazkotasuna dokumentazio ordezkatua aurkeztuta berretsi beharko da, eta hori dirulaguntza emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehenago egin beharko dute onuradun gisa aurkezten direnek.

c) Eskabideak ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua izan beharko du, eta ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatu beharko ditu (NUE – Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta).

Planak gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzea, sistemaren arduradunari prestakuntza ematea, autokontrol-prozedura idaztea eta barne-auditoriak egitea.

d) Eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

e) Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeek eskabidean berariaz adierazi beharko dituzte kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa. Era berean, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

f) Hala badagokio, Kalitatea erregimenekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

g) Beharrezkoa bada, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen baldintzak betetzen dituztela eta 9.1.A oinarrian aurreikusitako puntuazioa gehitzeko eskubidea ematen dutela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.

9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu bere IFK, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, hark berariaz aurka egiten dionean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko du. Hori guztia Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 8. apartatuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean, eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezina duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. apartatuko 68. artikuluan xedatutakoa betetzeko, interesduna legez behartuta badago eskabidea modu telematikoan aurkeztera eta modu presentzialean aurkezten badu, betebehar hori bete gabe utzita, eskatuko zaio hori zuzentzeko eta eskabidea legez ezarritako bide elektronikotik aurkezteko. Errekerimendu hori betetzen ez badu, aurrez aurreko aurkezpenak ez du izango ez baliorik ez eraginik. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea izango da eskabidea aurkezteko epea.

Ondorio horietarako, eskabidearen aurkezpen elektronikoa –zuzentzearen ondorioz eginikoa– oinarri honetan ezarritako epetik kanpo egiten bada, eskabide hori ez aurkeztutzat joko da.

13.– Edonola ere, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa behar bezala ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo dokumentazio osagarria eskatu ahal izango dizkio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eskatzaileari.

14.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren arabera:

Autokontrol-sistema ezartzearen ondoriozkoak:

– Sistemaren arduradunaren prestakuntza.

– Autokontrol-prozedura idaztea.

– Barne-auditoriak egitea:

• Joan-etorrien kostuak.

• Langileen kostuak.

Ziurtapenetik eratorritakoak:

– Enpresa ziurtatzailea azpikontratatzea.

– Ziurtapen-eskemaren kuotak.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren diru-zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako diru kopuruak, eta horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

Aurkezturiko eskaintzen artean aukeratzeko, zeinak justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean sartu behar diren, efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Ez bada eskaintza merkeena aukeratzen, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.

3.– Proiektuen gehieneko exekuzio-epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da.

8. oinarria.– Laguntzen kudeaketa eta prozedura.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Agindu honi lotuta aurkeztutako laguntza-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da.

3.– Balorazio Batzordeak hiru kide izango ditu. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako kide hauek izango dira: Juan Ramón Puy Pitarque jauna, zerbitzuburua, batzordeko lehendakaria izango da, Gorka Ruiz de Eguino Etxeberria jauna eta Jon Esparta Larrakoetxea jauna; azken biak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariak. Jon Esparta Larrakoetxea idazkaria izango da.

Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak arloko adituei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

4.– Balorazio Batzordeak, 9. oinarrian jasotako laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboei jarraituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman baloratuko du.

5.– Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahal izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Balorazio Batzordearen espedientea eta txostena ikusi ondoren, organo kudeatzaileak behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamena interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdiak ezartzen duen eran, eta 10 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

Interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da entzunaldiaren izapidea egiteko beharrik izango. Kasu horretan, proposatzen den behin-behineko ebazpena behin betikoa izango da.

7.– Interesdunek alegazioak egiten badituzte, horiek aztertu ondoren egingo da behin betiko ebazpenaren proposamena, non datu hauek eman beharko diren: dirulaguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, ebaluazioa eta ebaluazioa egiteko erabili diren irizpideak.

8.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.

9.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

10.– Laguntza emateko prozeduraren ebazpena titularrak emango du, kasu honetan, Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeak.

9. oinarria.– Zenbatekoa eta esleipen-irizpideak.

Laguntza lehia-erregimenean emango da jasotako eskabide guztietarako. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80rainokoa izango da; gehienez 50.000 euro proiektuko.

1.– Adjudikatzeko irizpideak.

A) Eskabideak biltzen duen ustiategi kopuruaren arabera, gehienez 30 puntu:

– 25 ustiategi baino gehiago: 8,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 1,5 puntu gehiago).

– 11-25 ustiategi: 17 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 3 puntu gehiago).

– 1-10 ustiategi: 25,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 4,5 puntu gehiago).

B) Taldeak azpisektorean duen pisuaren arabera, gehienez 20 puntu:

– Azpisektoreko ustiategien artean % 50 edo gehiago, 15 puntu.

– Azpisektoreko ustiategien artean % 50 baino gutxiago, 20 puntu.

C) Eskatzaileak Kalitatean parte hartzea (Kalitateak ziurtatutako ustiategiak): 20 puntu.

2.– Laguntza zenbatekoa den.

– 70 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 80.

– 40-69 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 70.

– 40 puntu baino gutxiago dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 60.

3.– Dirulaguntzak lehiaren eta zenbateko erabilgarriaren arabera emango dira, eta oinarrietan ezarritako mugaraino esleituko dira, kreditu erabilgarriaren barruan. Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren aurreikusten den zenbatekoa baino, zenbateko hori onuradunen artean hainbanatuko da, dagokion proportzioan.

Hala ere, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen 15.b) artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunek zenbateko osoa jasoko dute, hainbanatu gabe.

4.– Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izango interesdunek eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.

10. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate- eta errekurtso-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertu ondoren, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin duen proposamena ikusirik, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeak ebatziko du eskatutako laguntzak eman ala ez, ebazpen bakar baten bitartez.

– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK.

2.– Diruz lagundutako zenbatekoa.

3.– Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

4.– Minimis laguntza bat dela, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduari atxikia –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa berau–.

5.– Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeen kasuan, ebazpenean berariaz adierazi beharko dira kide bakoitzak proiektua exekutatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa.

B) Baztertu diren eskabideei dagokienez:

1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, ezagutzera eman dadin, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1. apartatuko b) letrarekin bat etorriz; hala ere, aurreikusitako laguntzen ebazpenaren komunikazio indibidualizatua egin beharko da gero.

Hala ere, onuradunei argitalpenaren berri emango zaie Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Agindu honek ondorioak dituenetik aurrera sei hilabete igarota, ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ukatu zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena argitaratzen denetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

6.– Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

11. oinarria.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, bai eta beste hauek guztiak ere: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluko betekizunak, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta laguntza bakoitzeko betebehar espezifikoak; honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanari buruzko ebazpena argitaratu eta hamabost eguneko epean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diruz laguntzen den jarduera egitea 12. oinarrian ezarritako epean.

c) Zertarako eman den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.

d) Beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua zati batean edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

f) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko kontrol-organoei jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

g) Deialdi honen 5. oinarriko 1.j) apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskatu eta eskuratzen bada, horren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik. Era berean, 2021., 2022. eta 2023. urteetan minimis araubidera atxikitako bestelako laguntzarik eskatu duen edo ez eta lortu duen edo ez jakinaraztea, baita horien zenbatekoa ere.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz.

i) Merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan izatea ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

j) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

k) Finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du ea egunean dauden tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango dio prozedura horri, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo behar den agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

12. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen den proiektua gauzatu dela justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:

a) Aurkeztutako proiektuan gauzatutako jarduketen justifikazio-memoria, autokontrol-sistemak ezartzeko gastuen, ziurtapen-gastuen eta egindako prestakuntzaren fakturak eta ordainagiri originalak barne hartuta.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

c) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du ea egunean dauden tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

3.– Laguntzak behar bezala kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2025eko urtarrilaren 15era artekoa izango da.

4.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskabide horrek arrazoitua izan beharko du.

13. oinarria.– Ordainketa.

1.– Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuz.

2.– Ez da laguntzen aurrerakinik edo konturako ordainketarik emango.

3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 12. oinarriaren 1. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Behin dokumentazioa osatuta, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa egin dezan.

4.– Proiektua ez bada ezarritako gehieneko epeetan exekutatzen edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko dokumentuak ez badira epearen barruan aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute.

5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak dagokion Hirugarrenen Erregistroan izena emanda egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

14. oinarria.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira, laguntzaren xede den jardueraren kostu errealeraino, 17. oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

Hala ere, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearekin bat, onuradun batek ezingo du 300.000 eurotik gorako zenbatekoa jaso aurreko hiru urteak biltzen dituen aldian, edozein direla ere laguntzaren xedea edo helburua eta laguntza ematen duen administrazio-organoa. Zenbateko hori gaindituz gero, eman beharreko zenbatekoak murriztu egingo dira, baimendutako gehieneko mugaraino, 17. oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

15. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea. Horretarako, Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko, hala badagokio, eta, hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. Tituluan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aurrean.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeak ebazpena emango du, aldaketa onartzeko edo ezeztatzeko. Aldaketa onartuz gero, ebazpen horretan bertan, laguntza emateko jatorrizko ebazpena aldatuko da, baldin eta edukiren bat aldatu bada.

Aldaketek ezin izango dute inola ere handitu 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera emandako laguntza.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez da aldatuko laguntza emateko ebazpena, kontuan harturik, nolanahi ere, oinarri honen 3. apartatuan aurreikusitakoa gerta daitekeela.

3.– Baldin eta proiektuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordearen likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

16. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileek atzera egin ahal izango dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko diote Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 11. oinarriko 1.c) letran ezarritako betebeharrarekin bat etorrita–, baldin eta Administrazioak ez badu ordainketarik egin. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpenaren bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

Aurkeztutako ukoa ez da onartuko, entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

17. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua zati batean betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (zati batean edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio itzul diezazkion Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari hartutako laguntzak eta haien berandutze-interesak (proiektuaren gauzatze-mailaren arabera), bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.2 artikuluarekin, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea.

Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion, baita interesdunari ere. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak.

18. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazioa lortzeko:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa1-eu.shtml

ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntzaren eskabide-inprimakia webgune hauetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206904

Oinarrizko eduki hau du:

Eremu generikoak:

– Identifikazio-agiriaren mota.

– NAN zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoek soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoek soilik).

Honako hau ordezkatzen du:

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

– IFK zenbakia.

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Helbide elektronikoa.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Abisuak jasotzeko mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.

Honako agiri hauek ditu:

– Eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia bana, edo pertsona juridikoa legez eta modu baliozkoan eratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioarena.

– Ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua, ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatuta (NUE – Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta). Honako gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzea, sistemaren arduradunari prestakuntza ematea, autokontrol-prozedura idaztea eta barne-auditoriak egitea.

– Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzea adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, hau da:

– Ez nago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Ez dut eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, ez naute ezein prozeduratan kaudimengabetzat jo, ez naiz konkurtsoan deklaratua izan –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez nago esku-hartze judizialaren pean, eta ez naute desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

– Ez dut eragin administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu nautela.

– Ez nago honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ere: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez daukat Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.

– Ez dut egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako ezein herrialde edo lurraldetan.

– Egunean nago EAEko Administrazioak edo haren mendeko entitateek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauzkat.

– Ez dut jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ebazpen irmo baten bidez.

– Ez nago sartuta Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahal izango da, dagokion erregistroan (elkarteen kasuan).

– Ez dut administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, edo neurri zuzentzaile egokiak ez gauzatzeagatik eta zehapena ez ordaintzeagatik.

– Bete dut, hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota, eta ez dut egiaztatu hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri diren.

– Konpromisoa hartzen dut aurretik adierazi dudana betetzeko, adierazpen hau aurkezten dudanetik hasi eta deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arteko denbora-tarte osoan.

– Konpromisoa hartzen dut adierazitako inguruabarretan gerta daitekeen edozein aldaketa jakinarazteko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

– Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea. Alegia, hau:

• Pertsona edo entitate eskatzaileak ez du zigor- eta administrazio-zehapenik sexu-diskriminazioagatik, eta ez du galarazita dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera, 1/2023 Legegintzako Errege Dekretuari jarraikiz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

• Elkarte edo erakunde profesionalak, enpresenak edo bestelakoak izanik, zuzendaritza-organoetako emakumeen eta gizonen kopuruan oreka egotea gutxienez, urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritako definizioaren arabera:

a) Zuzendaritza-organoko kideen guztizko kopurua: _____

b) Emakume kopurua: _____

c) Gizon kopurua: _____

• 9. oinarrian ezarritako puntuazio gehigarria jaso nahi izanez gero, entitate eskatzailearen titularra edo titularkidea emakumezkoa dela, horren egiaztagiriak aurkeztuta.

Honako informazio hau ere eskatuko zaie onuradunei:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan abiarazi duten itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean sartuta dagoen edo ez.

– Eskatu ditu/Ez ditu eskatu eta Lortu ditu/Ez ditu lortu diruz laguntzekoa den gastu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide ekonomikoak administrazio publiko edo ente publiko zein pribaturen baten eskutik. Halaber, 2021., 2022. eta 2023. urteetan minimis araubideari atxikita eskatu edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztea: Lortu baditu,

2021: lortutako zenbatekoa: ______________ eta entitate deitzailea: ________________

2022: lortutako zenbatekoa: ______________ eta entitate deitzailea: ________________

2023: lortutako zenbatekoa: ______________ eta entitate deitzailea: ________________

____ Eskabide honekin batera doazen dokumentu guztiak egiazkoak direla adierazten du.

___ Behar izanez gero, markatu: EZ diot Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari baimenik ematen eskatzailearen NANa eta IFK automatikoki egiaztatzeko, ez eta eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak egiaztatzeko ere. Beraz, agiri horiek eskabidearekin batera aurkezten ditut.


Azterketa dokumentala