Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2024ko urriaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4910

95/2024 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, suteak itzaltzeko helikoptero baten erabilera elkarrekin finantzatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako hitzarmena, eta behar den publizitatea egin dadin, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, suteak itzaltzeko helikoptero baten erabilera elkarrekin finantzatzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 21EKO 95/2024 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAKO FORU-ALDUNDIEN ARTEKOA, SUTEAK ITZALTZEKO HELIKOPTERO BATEN ERABILERA ELKARREKIN FINANTZATZEKO.

Txurdinaga (Bilbao), 2024ko abuztuaren 30a.

HAUEK BILDU DIRA:

Batetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Gobernu Kontseiluak gaitua 2024ko otsailaren 13ko bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa esku hartzeko.

Bestetik, Jone Berriozabal Bóveda andrea, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru-diputatua, Arabako Foru Aldundiak gaitua 2024ko ekainaren 25ean egindako bilkuran, Arabako Foru Aldundiaren izenean eta ordezkari gisa esku hartzeko.

Bestetik, Arantzazu Atucha Lejarreta andrea, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurune eta Jasangarritasun Saileko foru-diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiak gaitua, 2023ko azaroaren 23an eta abenduaren 21ean egindako bileretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa esku hartzeko.

Eta bestetik, Xabier Arruti Olazabal jauna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuko foru-diputatua, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitua 2023ko azaroaren 28an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa esku hartzeko.

Alderdiek dagozkien karguen arabera hartzen dute esku, eta beren erakundeen izenean eta haiek ordezkatuz erabakiak hartzeko dituzten eskumenak baliatuz, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Klima-aldaketa muturreko fenomeno meteorologikoak eragiten ari da, gero eta maiztasun eta intentsitate handiagoarekin; besteak beste, tenperatura oso altuak eta bero-boladak. Horrek baso-suteak izateko arriskua dakar berekin.

Suteak itzaltzeko baliabide ugari izan arren, EAEko hiru lurralde historikoetan ez dago aireko baliabiderik. Era berean, Segurtasun Sailaren aireko baliabideen parkeko aparatuak egokiak dira salbamendu-lanetarako, baina ez dute balio baso-suteak itzaltzeko.

Hori dela eta, egoera hiru foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean aztertu ondoren, beharrezkotzat jotzen da helburu horretarako berariaz diseinatutako aireko baliabide bat izatea eta, hala, lehendik zeuden ekipoak osatzea.

Horretarako, EAEko behar espezifikoei hobekien erantzun diezaieketen aire-ekipoak zein izan daitezkeen aztertu da, eta Segurtasun Sailak partida bat sartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorreko klima-aldaketari buruzko ardatz estrategikoan, Larrialdiei Aurre Egiteko Programan txertatua, EAEn suteak itzaltzeko aireko baliabideen errentamendua finantzatzeko. Halaber, hiru foru-aldundiek ere finantzatuko dute errentamendu hori.

Bigarrena.– Hitzarmen hau Euskal Autonomia Erkidegoak (aurrerantzean, EAE) segurtasun publikoaren, babes zibilaren eta larrialdien arloan dituen eskumenen bidez gaitzen da. Horretarako, kontuan hartu dira, batetik, tokiko autonomia, eta, bestetik, Lurralde Historikoen Legeak eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak, hurrenez hurren, foru-aldundiei eta udalei suteak itzaltzeari buruzko araudi autonomikoa betearazteko ematen dieten eskumena.

Hirugarrena.– EAEko Administrazio Orokorraren esku-hartzearen oinarri den titulua EAEko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan jasota dago. Artikulu horren arabera, EAEko erakunde erkideei dagokie pertsonak eta ondasunak babestea eta beren lurraldean ordena publikoa mantentzea. Agindu horrek lotuta egon behar du botere publikoek oinarrizko eskubideen eraginkortasuna zaintzeko duten betebeharrarekin, zeinen artean bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea baitaude. Ondasun juridiko horiek nabarmen arriskuan jartzen dituzten gertaera batzuk jatorri naturalekoak edo giza jatorrikoak dira, hala nola hondamendi meteorologikoak, ezbeharrak edo beste istripu larri batzuk.

Babes zibilak mota guztietako erasoek eta elementu naturalek edo ezohiko elementuek pertsonei eta ondasunei eragindako kalteak saihestu, gutxitu edo zuzentzeari begira egindako ekintzen multzoari heltzen dio, kalteak eragiten direnean eta ondorioak hain larriak direnean, ezen hondamen publiko izendapena jasotzen duten.

Laugarrena.– Suteen prebentzioaren eta itzalketaren alorrean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak ezartzen du Estatuaren eta autonomia-erkidegoaren legeriaren arabera, udalerriaren eskumenak izango direla, besteak beste, babes zibila eta suteen prebentzio eta itzalketa. Gainera, 26. artikuluan xedatzen du 20.000 biztanletik gorako udalerriek, besteak beste, zerbitzu hauek eman beharko dituztela: babes zibila eta suteak itzaltzea.

Zerbitzu hori aipatutako udalerriek eman ahal izango dute, edo, bestela, foru-aldundiek, hau da, zerbitzua benetan ematen dutenek. Beraz, hitzarmen hau foru-aldundiei ere aplikatzen zaie bigarren baldintza horrekin.

Horrela jasotzen du Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1 artikuluak; izan ere, artikulu horretan adierazten denez, lege horretan eta aplikatu beharreko legerian xedatutakoaren esparruan, udalerriek eskumen propioa izango dute babes zibila, emergentziak, eta suteen prebentzioa eta itzaltzea antolatzeko eta kudeatzeko.

Bosgarrena.– EAEko lurralde historikoek, suteen aurkako defentsaren alorrean, erakunde erkideen legeria betearazteko eskumena dute, Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen Arteko Harremanen gaineko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.c).4 artikuluak ezarritakoaren arabera. Bestetik, Larrialdien Kudeaketari buruzko testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legeak 45.2 artikuluan arautzen ditu alor horretan foru-aldundiek dituzten eskumenak.

Seigarrena.– Aurreko gogoetak kontuan hartuta, alderdiek ondo dakite esku hartzen duten administrazioak lankidetzan aritzeko bideak eratu behar direla, haietako bakoitzak dituen zereginak ahalik eta ondoen egin ahal izateko, zeinek zuzenean eragiten baitute suteak prebenitzean eta itzaltzean.

Zazpigarrena.– Adierazitako helburuak lortzeko tresna aproposa da alderdien arteko lankidetza-hitzarmen bat. Horren bidez, beren gain hartzen dute suteak itzaltzeko helikoptero baten erabilera batera finantzatzeko betebeharren elkarrekiko erregimena, herritarrei emateko zerbitzuak hobetzeko asmotan.

Aipatutako aurrekariak kontuan hartuta, alderdiek erabaki dute lankidetza-hitzarmen hau sinatzea. Hauek dira hitzarmena osatuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak batera finantzatzea EAEn suteak itzaltzen lagunduko duen helikopteroa erabiltzeak eragindako gastuak.

Bigarrena.– Prozedura operatiboa.

Alderdi sinatzaileek, beren eskumenak baliatuz, hitzartu dute suteak itzaltzen laguntzeko erabiliko den helikopteroa hitzarmen honen eranskinean jasotako prozedura operatiboan jartzen den moduan erabiliko dela.

Prozedura operatibo honen helburua da erabakitzea suteak itzaltzeko helikopteroa mobilizatzeko eskaeren aurrean alderdiek nola jokatu behar duten.

Hirugarrena.– Alderdien betebehar ekonomikoak.

1.– Helikopteroa erabiltzeagatiko kostuaren zenbateko zehatza eta helburu horretara bideratutako urteko gehieneko aurrekontua «Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailerako helikoptero bat alokatzea» helburu duen kontratazio-espedientearen adjudikaziotik ateratzen dena izango da.

2.– Administrazio bakoitzak konpromisoa hartzen du kontratu horretan finkatutako xedapen-kostuak finantzatzeko, jarraian adierazten den moduan:

– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila: kostu horien % 17,50.

– Arabako Foru Aldundia: kostu horien % 22,32.

– Bizkaiko Foru Aldundia: kostu horien % 32,66.

– Gipuzkoako Foru Aldundia: kostu horien % 27,52.

Era berean, administrazio bakoitzak konpromisoa hartzen du helikopteroa bere lurraldean erabiltzen duen ordu bakoitzeko kostuak finantzatzeko, kontratuan ezarritako prezioaren arabera. Aireko baliabidea EAEtik kanpo ateraz gero, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dagokion autonomia-erkidegoari ordainaraziko dizkio gastuak. Dena den, EAEren lurraldetik kanpo egiten den jarduna eremu mugakide batean egiten bada, defentsa-helburuekin eta foru-aldundietako batek eskatuta, finantzaketa eskaera egin duen foru-aldundiaren kontura izango da.

3.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako zerbitzuei dagozkien zenbatekoak ordainduko dizkio enpresa kontratistari.

4.– Foru-aldundiek aldez aurretik egingo dizkiote funtsen transferentziak Segurtasun Sailari, 2. apartatuan hartutako konpromisoen arabera, Segurtasun Sailak fakturen ordainketa kudeatu ahal izan dezan, jarraipen-batzordeak finkatutako aldizkakotasunean.

Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Jarraipen-batzorde bat sortuko da hitzarmen honetan jasotakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko, hura gainbegiratzeko eta kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko.

2.– Alderdi sinatzaileek bina pertsona izendatuko dituzte batzordea osatzeko. Segurtasun Saileko titularrak izendatutako pertsonetako bat izango da batzordeburua. Gainerako batzordekideak arloan eskumena duen foru-saileko titularrek izendatuko dituzte.

3.– Zehazki, batzordeak ondoko funtzioak beteko ditu:

a) Hitzarmena interpretatzea eta betetzen dela zaintzea.

b) Hitzarmen honetan jasotako jardueren jarraipena egitea eta, hala badagokio, hitzarmena aldatzeko proposamena egitea.

c) Koordinazioa sustatzea, Hitzarmenaren helburuak lortzeko beharrezkoak eta egokiak diren ekintza guztietarako.

d) Hirugarren klausulan aipatzen diren ordainketen aldizkakotasuna zehaztea.

4.– Hitzarmenak indarrean dirauen artean eta edozein alderdik hala proposatzen duenean, batzordeak bilera egingo du, aurretik deialdia egin ostean. Batzordea urtean behin egingo du ohiko bilkura.

5.– Batzordea behar bezala eratzeko behar den quoruma kideen gehiengoa izango da, eta erabakiak adostasunez hartuko dira.

6.– Jarraipen-batzordearen funtzionamenduari buruzko hitzarmenak espresuki jasotzen ez dituen gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluaren 3. atalean arautzen den kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

Bosgarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzio eskuduna.

1.– Hitzarmen hau administratiboa da, eta, beraz, bere xedea dela eta, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-eremutik kanpo dago, 4. artikulutik 11. artikulura ezarritakoaren arabera.

2.– Hitzarmena interpretatzeko eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen ordenamendu juridikoa beteko du.

3.– Laugarren klausulan adierazitako jarraipen-batzordeari esleitutako funtzioak ezertan galarazi gabe, hitzarmen hau garatzen eta gauzatzen den bitartean alderdien artean sor daitezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira.

Seigarrena.– Indarraldia, berrikuspena eta azkentzea.

1.– Hitzarmen honek bi urteko indarraldia izango du, errentamendu-kontratua sinatzen denetik zenbatzen hasita. Indarraldia amaitu baino lehen, alderdiek beste bi urtez luzatzea erabaki ahal izango dute, espresuki eta idatziz, baina luzapen hori helikopteroaren errentamendu-kontratuaren iraupenak baldintzatuko du.

2.– Alderdietako edozeinek eskatu ahal izango du hitzarmena berrikusteko, helburua hobeto betetzeko beharrezkoa denean. Aldaketarik balego, hitzarmenean txertatu beharko dira, eta alderdiek sinatu egin beharko dituzte.

3.– Hitzarmen hau alderdietako edozeinek indargabetu ahalko du. Salaketa idatzizko jakinarazpen bidez egin beharko da, eta, gutxienez, hitzarmenaren muga-eguna edo luzapenaren muga-eguna heldu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko zaie gainerako alderdiei.

4.– Hitzarmenari Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 51. eta 52. artikuluetan jasotako azkentze-arrazoiak aplikatu ahal izango zaizkio.

Horrela adierazten eta xedatzen dute alderdiek; eta, ados daudela adierazteko, sinatu egin dute, goiburuan jasota dagoen lekuan eta egunean.

Segurtasuneko sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua,

JONE BERRIOZABAL BÓVEDA.

Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurune eta Jasangarritasun Saileko foru diputatua,

ARANTZAZU ATUCHA LEJARRETA.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Saileko foru diputatua,

XABIER ARRUTI OLAZABAL.

ERANSKINA
PROZEDURA OPERATIBOA

1.– Prozeduraren helburua.

Prozedura honen helburua da aireko baliabidearen mobilizazio- eta funtzionamendu-mekanismoak ezartzea, bai suteak itzaltzeko eremuan, bai prebentzio-, zaintza- eta analisi-ekintzekin lotutako lanetan.

2.– Lotutako prozedurak.

(Ikus .PDF)

3.– Mobilizazio-eskaera.

Suteak itzaltzeko, eta baita prebentzio-, zaintza- eta analisi-ekintzetarako ere, aireko baliabidearen mobilizazio-eskaera baso-sutea itzaltzeko ardura duenak egin beharko du, edo, bestela, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren (SOS-Deiak) zerbitzuaren arduradunak, kasuan kasuko foru-aldundiaren Koordinazio Zentroaren bidez.

Baso-sutea bada eta baso-suteen plan bat martxan badago, Suteak Itzaltzeko Zuzendaritza Teknikoak egindako eskaera plan aktiboa zuzentzen duenak baliozkotu egin beharko du (Planaren Zuzendaritza).

Hala badagokio, eskaera eta baliozkotzea Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora (SOS-Deiak) helarazi beharko dira, kasuan kasuko foru-aldundiaren Koordinazio Zentroaren bitartez.

Eskaeran honako informazio hau agertuko da:

– Mobilizazioa eskatzen duen sutea itzaltzeko arduradunaren izen-abizenak.

– Plan aktiboaren zuzendariaren izen-abizenak, hala badagokio.

– Mobilizazioaren ordua (berehalako mobilizaziorik behar ez bada).

– Helibaldea zabaltzeko lekuaren proposamena, ezagutzen bada, edo brigada jasotzeko lekua.

– Aireko baliabidearen eta sutea itzaltzeko arduradunaren edo hark eskuordetzen duen pertsonaren arteko komunikazio-kanala (JOA).

SOS-Deiak zentroak sutea itzaltzeko aireko baliabidea mobilizatu ondoren, eskatzaileari baliabidea adierazitako gunera iritsiko den ETA (Estimated Time of Arrival) jakinaraziko zaio, kasuan kasuko foru-aldundiaren zentro koordinatzailearen bidez.

SOS-Deiak zentroak une oro jakinaraziko dio kasuan kasuko foru-aldundiko koordinazio zentroari mobilizatutako aireko baliabidearen posizio erreala.

Aireko baliabidearen mobilizazioa prebentzio- edo ebaluazio-lanetarako eskatzen bada, mobilizatu nahi duen foru-zuzendaritzak egin beharko du eskaera. Eskaera, gutxienez, egun bat lehenago egin beharko da, ahal izanez gero. Suteak itzaltzeko lanak badaude edo Euskalmetek baso-suteen arriskuagatik alerta laranja edo alarma gorria dagoela esanez gero, mobilizatzeko aukera aztertuko da, aipatu lanetarako.

4.– Sos-Deiak-en mobilizazio-prozedura.

4.1– EAEn suteak itzaltzeko lanak egiteko eskaera bakar baten aurrean mobilizatzea.

Aireko baliabidea mobilizatzeko eskaera bakar bat baldin badago, SOS-Deiak zentroak kudeatuko du, telefono edo irrati bidez helikopteroaren operazio-baseari jakinarazpena igorriko dio. Eskaeratik eta jarduketatik jaso beharko duen informazio hau helaraziko du:

– Sutearen kokapena.

– Sutearen ezaugarriak.

– Sutea itzaltzeko eskatu duen arduradunaren izen-abizenak; edo, prebentzio- edo ebaluazio-lanen kasuan, eskaera egin duen foru-departamentuko zuzendariarenak.

– Komunikazio-kanala, aurreko paragrafoan aipatutako pertsonekin edo funtzio hori eskuordetu zaion pertsonarekin (JOA).

– Eremuko baldintza meteorologikoak.

SOS-Deiak zentroak intzidentziak kudeatzeko sisteman irekitako jarduketan operazio-basera igorritako informazio guztia jasoko du, eta dagokion aldundiarekin partekatu du. Halaber, honako ordu hauek idatzi beharko dira jarduketan:

– Aireko baliabideari irteteko zer ordutan eskatu zaion.

– Baliabidea eskatutako gunera zer ordutan iristea espero den (ETA).

– Aireko baliabidearen irteera-ordua (3. egoera).

– Aireko baliabidearen iriste-ordua (4. egoera).

– Basera itzuli den ordua (1. egoera).

– Basera iritsi den ordu errela.

Prozedura bat idatziko da LAEMZren eta operadorearen artean, helikopteroak egiten duen jarduera bakoitzean honako ordutegi hauek erregistratzeko:

– Sutearen aurrean jardutea (jarduketaren izena, data eta hasiera-ordua)

– Aireko baliabideari zein ordutan eskatzen zaion irteteko.

– Aireko baliabidearen turbina martxan zer ordutan jarri den (baseak irrati bidez jakinarazi beharko du).

– Turbina zer ordutan itzali den.

SOS-DEIAKek aireko baliabideari buruz eskuragarri dagoen informazio guztia bidaliko dio zerbitzu hori eskatu duen foru-aldundiko Koordinazio Zentroari.

SOS-Deiak zentroak aireko baliabidearen mobilizazioaren eta, hala badagokio, desmobilizazioaren berri emango die kaltetuak izan ez diren gainerako foru-aldundiei.

4.2– EAEn suteak itzaltzeko lanak egiteko eskaera bat baino gehiagoren aurrean mobilizatzea.

Aldi berean eskaera bat baino gehiago izaten bada, lehentasunen zerrenda hau ezarriko da:

– Sutea itzaltzeko lanei emango zaie lehentasuna, egoerak prebenitzeko edo ebaluatzeko jardueren aurretik.

– Sutea itzaltzeko lanen barruan, lehentasuna emango zaie pertsonen edo basokoak ez diren ondasunen segurtasunari kalte larria eta berehalakoa eragin diezaieketen horiei.

Aireko baliabidea sute batean lanean ari bada eta lehentasun handiagoko beste sute batera mobilizatzeko eskaera jasotzen bada, puntu honetan deskribatutakoaren arabera, lehentasun handiagoa duen sute horretara mobilizatuko da, urgentzia handienaz, itzaltzen ari den sutearen lanak amaitu baino lehen, sutea itzaltzeko arduradun teknikoa kasuan-kasuko foru-aldundiko koordinazio zentroaren bidez jakinaren gainean jarri ondoren.

EAEko baso-suteen arriskuagatiko larrialdi-plan berezia martxan badago, larrialdi-fasean eta 2. egoera operatiboan, planaren zuzendaritzak erabakiko du zerk duen lehentasuna.

4.3– EAEtik kanpoko suteak itzaltzeko lanak egiteko eskaera baten aurrean mobilizatzea.

Autonomia-erkidego batek EAEtik kanpo suteak itzaltzeko lanak egiteko mobilizazioa eskatzen badu, baliabidea mobilizatzeko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren oniritzia beharko da.

SOS-Deiak zentroak mobilizazio horren berri emango die foru-aldundietako koordinazio-zentroei, mobilizazio-orduari eta mobilizatu den lekuari buruzko datuak emanez.

Aireontziak zerbitzua ematen amaitzen duenean, SOS-Deiak zentroak foru-aldundietako koordinazio-zentroei jakinaraziko die.

Nolanahi ere, mobilizazioa egiteko, lan-eremuan helibaldea zabaltzeko trebatuta dauden langileak beharko dira, edo, halakorik ezean, beste foru-aldundi bateko langileak, trebakuntza jaso dutenak eta libre daudenak.

4.4.– EAEn prebentzio- edo ebaluazio-lanak egiteko eskaera baten aurrean mobilizatzea.

Eskaera baliabidea SOS-Deiak zentrora mobilizatu nahi duen foru-zuzendariak egin beharko du, eguna eta ordua adieraziz. Mobilizazio-eskaera, gutxienez, egun bat lehenago egin beharko da, ahal izanez gero.

Baliabidea mobilizatzeko, ezinbestekoa izango da sutea itzaltzeko lanak egiteko eskaerarik ez egotea. Prebentzio- edo ebaluazio-lanak dirauten artean, sute bat itzaltzeko baliabidea behar bada, irteera bertan behera utzi edo aireko baliabidea basera itzul dadin eskatu daiteke, sutea itzaltzera bideratzeko.

Suteak itzaltzeko lanak badaude edo Euskalmetek baso-suteen arriskuagatik alerta laranja edo alarma gorria dagoela esanez gero, balioetsi egingo da aipatu lanetarako mobilizatzeko aukera.

5.– Aireko baliabidearen eta sutea itzaltzeko ardura duenaren (edo hark eskuordetzen duenaren) arteko komunikazioak.

Aireko baliabidea dokumentu honetako 4. puntuan ezarritakoaren arabera aktibatuko da. Hegaldian, aireko baliabidea harremanetan jarriko da sutea itzaltzeko arduradunarekin (edo komunikazioak eskuordetu dizkion pertsonarekin) adierazitako baliabidearen bidez, eskura duen informazioa berresteko eta informazio osagarri hau lortzeko:

– Sute mota. Baso-sutea den (hedadura, frontearen eta hegalaren luzera, sugarraren luzera, ikuspena, erregai mota...).

– Helibaldea zabaltzeko hargunea.

– Brigada ontziratzeko hargunea.

– Aireko baliabideari esleitutako helburua.

– Aireko baliabideari esleitutako lan-eremuan jarduten duten lurreko baliabideak.

– Beste aireko baliabide batzuk lanean.

– Dauden oztopoak eta zailtasun orografikoak.

– Haizearen norabidea eta intentsitatea.

– Sutetik hurbilen dagoen ur-hargunea, ezagutzen bada.

– Deskargatzeko gune librea (lurreko langileak).

– Deskargak zuzentzea (jitoak).

6.– Iraupen luzeko suteetarako ordutegia luzatzea.

Egunsentitik aireko baliabidea beharko dela aurreikusten den iraupen luzeko suteetan, zerbitzua eskatu duen foru-zuzendaritzak, kaltetutako foru-aldundiaren koordinazio-zentroaren bitartez, SOS-Deiak zentroari premia hori duela jakinarazi beharko dio aurreko eguneko 17:00ak baino lehen, ahal izanez gero. SOS-Deiak zentroak operadoreari abisua emango dio, pilotu eta mekaniko bana gehiago mobiliza ditzan, egunsentitik ilunabarrera aireko baliabideak zerbitzua emango duela bermatzeko.

7.– Kudeaketa operatiboa.

EJSSk emandako zerbitzuaren kudeaketa operatiboari buruzko informazioa emango du plataforma informatiko baten bidez, foru-aldundiei dagokion guztiaren inguruan. Gutxienez, foru-aldundi guztiak barne hartzen dituen zerbitzuen parteak emango dira, bai eta emandako zerbitzuak behar bezala funtzionatzen duen edo ez antzemateko edo zerbitzua hobetzeko arloak hautemateko estatistikak ere.

Foru-aldundiek aireko baliabidearen kudeaketari buruz beharrezkotzat jotzen duten beste edozein informazio eskatu ahal izango diote EJSSri.


Azterketa dokumentala