Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2024ko urriaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4909

94/2024 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioaren akordioaren 2024-2025 ikasturterako luzapena eta aldaketa, Ertzaintzako langileei zuzendutako euskalduntze-ikastaroak lan-ordutegitik kanpo antolatzeko.

Gobernu Kontseiluak, 2024ko uztailaren 16an egindako bilkuran, Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioaren akordioaren 2024-2025 ikasturterako luzapena eta aldaketa onartu zuen, Ertzaintzako langileei zuzendutako euskalduntze-ikastaroak lan-ordutegitik kanpo antolatzeko. Bada, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioaren akordioaren 2024-2025 ikasturterako luzapena eta aldaketa, Ertzaintzako langileei zuzendutako euskalduntze-ikastaroak lan-ordutegitik kanpo antolatzeko. Ebazpen honen eranskinean azaltzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 21EKO 94/2024 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOAREN AKORDIOAREN 2024-2025 IKASTURTERAKO LUZAPENA ETA ALDAKETA, ERTZAINTZAKO LANGILEEI ZUZENDUTAKO EUSKALDUNTZE-IKASTAROAK LAN-ORDUTEGITIK KANPO ANTOLATZEKO.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 5a.

Alde batetik, Bingen Zupiria Gorostidi, Segurtasuneko sailburua, Lehendakariaren ekainaren 24ko 25/2024 Dekretuaren bidez izendatua.

Bestetik, Ibone Bengoetxea Otaolea, Jaurlaritzako Lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lehendakariaren ekainaren 24ko 20/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) lehendakari gisa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu eta euskaltegiak arautzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean aurreikusitakoaren arabera.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– 2022ko irailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE), 2022-2023 ikasturtean zehar Ertzaintzako langileentzako lanorduetatik kanpoko euskalduntze-ikastaroak antolatzeko kudeaketa-gomendioari buruzko akordio bat sinatu zuten. Akordio hori azaroaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (227. zk.), eta indarrean egon zen 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era arte.

Bigarrena.– Hitzarmenaren helburua da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eskumenekoak diren jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak HABEren esku uztea, Ertzaintzako langileentzako euskalduntze-ikastaroak antolatzeko, lanorduetatik kanpo, bai aurrez aurre, bai autoikaskuntzaren modalitatean.

Hirugarrena.– Hasierako kreditua 600.000 eurokoa izan zen, honako urte hauetan banatuta:

– 400.000 euro 2022ko ekitaldirako.

– 200.000 euro 2023ko ekitaldirako.

2023ko ekitaldian, Ertzaintzako langileek lanorduetatik kanpo euskalduntze-ikastaroak egiteko egin zituzten eskaerak hasieran aurreikusitakoak baino handiagoak izan ziren. Hori dela eta, 2023ko ekitaldirako kreditua ez zen nahikoa izan, eta 134.870,44 euro handitu zen. Ondorioz, azken kreditua 734.870,44 eurokoa izan zen, honela banatuta:

– 400.000 euro 2022ko ekitaldirako.

– 334.870,44 euro 2023ko ekitaldirako.

Laugarrena.– 2023ko irailaren 29an, gomendio horren lehen luzapena sinatu zen 2023-2024 ikasturterako. Luzapena 2023ko azaroaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (216. zk.), eta 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era arte egon zen indarrean. 850.000 euroko kreditua bideratu zen, honela banatuta:

– 550.000 euro 2023ko ekitaldirako.

– 300.000 euro 2024ko ekitaldirako.

Gaur egun, egoera berean gaude, eta 2024ko ekitaldira bideratutako kreditua ez da nahikoa aurkeztutako eskabideei aurre egiteko. Hori dela eta, 150.000 eurotan handitzen da 2024ko urteko zenbatekoa, 1.000.000 eurokoa izanik azken kreditua, honela banatuta:

– 550.000 euro 2023ko ekitaldirako.

– 450.000 euro 2024ko ekitaldirako.

Bosgarrena.– Kudeaketa-gomendioak luzapena aurreikusten du, gehienez ere lau ikasturteraino. Alderdiak ados daude 2024-2025 ikasturterako bigarren luzapenarekin.

Era berean, 2024-2025 ikasturterako eskaeretan goranzko joerari eustea aurreikusten da; beraz, 2023-2024 ikasturtearen amaierako kreditua mantenduko da eta 1.000.000 euroko kreditua bideratuko da, honako urte hauetan banatuta:

– 550.000 euro 2024ko ekitaldirako.

– 450.000 euro 2025eko ekitaldirako.

Seigarrena.– Aurreko guztiagatik, esku hartu duten alderdiek erabaki dute kudeaketa-gomendioaren akordioa aldatzea eta bigarren aldiz luzatzea, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– 2024-2025 ikasturterako, 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era arte, bigarren aldiz luzatzea honako akordio hau: Kudeaketa Gomendioa, Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) artekoa, Ertzaintzako langileei zuzendutako lanorduetatik kanpoko euskalduntze-ikastaroak antolatzeko. Akordio hori 2022ko irailaren 22an sinatu zen (azaroaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 227. zenbakia).

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren zazpigarren klausula aldatzea, eta honela idatzita uztea:

«1.– 2022-2023 ikasturterako hasierako indarraldian, gomendio hau finantzatzeko kreditua 734.870,44 eurokoa da; horietatik 400.000 euro 2022ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 334.870,44 euro 2023ko ekitaldirako konpromiso-kredituari.

2.– 2023-2024 ikasturterako lehenengo luzapenean, kudeaketa-gomendio hau finantzatzeko kreditua 1.000.000 eurokoa da; horietatik 550.000 euro 2023ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 450.000 euro 2024ko ekitaldirako konpromiso-kredituari.

3.– 2024-2025 ikasturterako bigarren luzapenean, kudeaketa-gomendio hau finantzatzeko kreditua 1.000.000 eurokoa da; horietatik 550.000 euro 2024ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 450.000 euro 2025eko ekitaldirako konpromiso-kredituari».

Adierazitakoarekin ados daudela adierazteko, bi aldeek kudeaketa-gomendioaren aldaketa eta luzapena sinatu dute.

Segurtasuneko sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen presidentea,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala