Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2024ko urriaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4864

AGINDUA, 2024ko urriaren 15ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa arautzen eta iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikia suspertzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko.

2024-2028 Gobernu Programa bost ardatzen artean egituratzen da, eta horietatik II. ardatza «Hazkunderako eta ongizaterako eredua» da. Ardatz horren inguruan egituratzen dira, hain zuzen, kalitateko enplegua eta Merkataritza eta Ostalaritza sustatzeko jardun-arloak.

Programan jasotzen den bezala, hurbileko merkataritza aberastasuna garatzeko eta banatzeko motorra da, eta funtsezko eginkizuna betetzen du Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean. Funtsezkoa da, halaber, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta hurbileko produktuak bultzatzeko.

Horrela, tokiko eta auzoko merkataritza sustatu, eta hiri-inguruneak dinamizatzen eta merkataritza-jardueraren bidez gizarte-ehuna kohesionatzen laguntzen da.

«Merkataritza-bonuen» kanpainak 2020, 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldietan egin izan dira, kanpaina bakoitzaren ezaugarriak, zenbatekoak eta exekuzio-aldiak egokituta, egoera ekonomiko aldakorrei erantzuteko, hala nola COVID-19aren ondorioei, lehenik, eta Ukrainako gerraren ondorioei gero, helburutzat hartuta beti merkataritza-sektoreak aurrera egin ahal izatea eta, ondoren, berpiztu ahal izatea, kontsumoa tokiko merkataritzara bideratzea sustatuz.

Aurreikuspen eta ekintza guztiek berariaz erantzun diete beti Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintzako arduradunek eta Eustatek merkataritza-sektoreen azterketetan Merkataritzaren Salmenta Indizeen bidez (handizkakoa zein txikizkakoa) helarazten zituzten datuei eta aurreikuspen ekonomikoei. Horrela, txikizkako merkataritzari erreparatzen badiogu, 2020. urte gorabeheratsuaren balantzeak % 4,9ko jaitsiera ekarri zuen, 2019. urteko salmentekin alderatuta, baina gogoan izan behar da urte horretan elikadura funtsezko jarduera izan zela eta % 3 hazi zela; gainerako produktuak, berriz, % 10,2 jaitsi ziren, eta erregaia, berriz, % 15,9ra. 2021ean, 2020. urtearekin alderatuta, % 3,6ko igoera izan zen, pandemia aurreko zifretatik urrun, eta 2022an 2021. urteko joera mantendu zen, 2021. urtearekiko % 2,9ko igoerarekin, automobilgintzarako erregaiaren azpisektoreetako ekarpen positiboekin.

2023an, Eustatek emandako datuen arabera, Zerbitzuen koiuntura-indizean (2024ko otsailaren 15a), nahiz eta merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktuak desberdinak izan, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren salmenta-indizea % 1,6 jaitsi da 2023. urte osoan, 2022. urtearekin alderatuta; jaitsiera hori oinarrizko horniduren, energiaren, merkataritza-logistikaren prezioen gorakadak, stock-maila handiegiak eta klima-aldaketaren ondorioek eragin dute (muturreko beroa, euri-jasak, ekaitzak). Horrez gain, etxeko ekonomiek kontsumoa geldiarazi dute prezioen igoeragatik eta inflazioagatik.

2024an, 2024ko lehen hiruhilekoko koiuntura-txostenaren arabera, datuek adierazten dute 2024ko lehen hiruhilekoan saltokien salmentak % 40,6 jaitsi direla 2023ko hiruhileko beraren aldean. Inkestan parte hartu dutenen % 22,3k soilik izan du salmenten bolumenaren igoera urte batetik bestera.

Atzerakada antzekoa izan da, bai merkataritza espezializatuan (% 40,4k jaitsiera izan du urtetik urtera), bai merkataritza ez-espezializatuan (% 42,4k salmenten beherakada izan du 2023ko aldi berarekin alderatuta).

Salmentak aurreko hiruhilekoarekin alderatzean, merkataritza-jarduera handienekoari dagokionez, kontsultatutako Euskadiko negozioen % 13,4k soilik izan zituzten salmenta handienak laugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Azpisektore guztiek saldo negatiboa izan zuten hiruhileko arteko salmentetan, eta «Elikaduran espezializatutako merkataritza» eta «Pertsonaren ekipamenduan espezializatutako merkataritza» izan ziren bilakaera okerrena izan zutenak, salmentek % 71 eta % 70,5 egin baitzuten behera, hurrenez hurren. Oro har, guztizkoaren % 61,7k emaitza okerragoak izan zituen, eta enpresen % 24,9k adierazi zuen ez zuela aldaketarik izan salmentetan. Saldo garbi negatiboa izan zuten lurralde guztiek. Bizkaiak -50,6 puntuko saldo garbia izan zuen, Arabak -45,4 puntukoa eta Gipuzkoak -45,8 puntukoa.

Horregatik guztiagatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak uste du 2024. urteko azken hiruhilekoan kontsumoa sustatzeko unea dela, kontsumoaren moteltze nabarmena arintzeko, kontuan izanda, gure ustez, moteltze horrek bi eragile dituela: kontsumitzailearen egoera ekonomikoa, batetik, eta, bestetik, une honetan kontsumoa aisia-, hezkuntza- edo etxebizitza-sektoreetara bideratu izana, merkataritza-jarduerara bideratu ordez.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak «Euskadi bono-merkataritza/Euskadi bono-denda» programa hau ezarri du, kontsumoa sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzako establezimenduetan eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetan. Pizgarri- eta estimulu-sistema berbera da Euskal Autonomia Erkidego osorako, bere lurralde-eremuko merkataritza-establezimenduetan herritarrek eskuragarri dituzten deskontu-bonuen bidez.

Merkataritza-sektorea suspertzeko programa honek Eusko Jaurlaritzak finantzatutako deskontu-bonuak barne hartzen ditu, lurralde historiko bakoitzeko merkataritza-establezimenduen kopuruaren araberako banaketa proportzionalaren oinarrizko irizpidearen arabera banatuko direnak.

Programa honen denbora-garapena sektoreak planteatutako aurreikuspenen arabera diseinatu da. Horretarako, egutegi bat prestatu da, sektorea behar bezala berraktibatzen eta urtarokotasuna gainditzen laguntzeko, bai eta programa lurraldean ahalik eta gehien hedatzeko ere.

Programa hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren lehen aldaketan jasota dago (https://www.euskadi.eus/administrazioaren-iragarkia/2024-2027-eperako-dirulaguntzen-plan-estratejikoaren-aldaketa/web01-tramite/eu/).

Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren abenduaren 15eko 06/2005 Zirkularrean aurreikusitakoa betez, Euskadi Bono-Denda programaren deialdiak ez du inolako izapiderik egin behar Europar Batasunaren aurrean, ematen diren laguntzak ez baitira estatu-laguntzatzat hartzen.

Azaldutako guztiagatik, bat etorrita Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuan xedatutakoarekin, bai, halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Euskadi bono-comercio / Euskadi bono-denda» 2024ko programaren oinarriak onartzea, haren bidez sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburu autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek kudeatutako hiriko merkataritza-jardueran aritzen diren establezimenduetako ondasunak kontsumitzea eta zerbitzuak ematea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Oinarri hauetan aurreikusi ez den guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 15a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programaren oinarriak onartzea, programa horren bidez sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburu autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek kudeatutako hiriko merkataritza-jardueran aritzen diren establezimenduetako ondasunak kontsumitzea eta zerbitzuak ematea, 2024ko ekitaldian.

2. oinarria.– Kanpainaren helburuak.

1.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritzako eta zerbitzuen sektoreko enpresaburu autonomoei eta mikroenpresa eta enpresa txikiei indartzen eta sendotzen laguntzea.

2.– Eskaria estimulatuta, herritarrei eta enpresa-sareari laguntzea, haiengan oinarritzen baitira merkataritza-sektorea eta hiriko merkataritza-jarduera.

3.– Hiriko merkataritza-jarduera dinamizatzea, hark udalerrian eta eskualdean duen eragina sustatuta.

4.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin zuzeneko lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduen maniobra-funtsa hobetzea.

5.– Kontsumoan egon den moteltzea arintzea. Moteltze hori kontsumitzailearen egoera ekonomikoaren ondorioa da, bai eta kontsumoa beste sektore batzuetara bideratu izanaren ondorioa ere, une honetan aisia, hezkuntza edo etxebizitzaren sektoreetara bideratu baita kontsumoa, merkataritza-jardueraren aurretik eman baitzaie lehentasuna.

3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Merkataritza Zuzendaritzaren bitartez, 3.500.000 euroko zuzkidura ekonomikoa emango du programa hau garatzeko, aurrekontu-aplikazio hauetan kontsignatuta:

Erakunde kudeatzailea: 1001212000

Aurrekontu-partida: 1.76121.45100

Aurrekontu-egituraren programa:

2023/001227 – 525.000 euro (Araba)

2023/001229 – 1.155.000 euro (Gipuzkoa)

2023/001228 – 1.820.000 euro (Bizkaia)

4. oinarria.– Laguntzen izaera.

Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

5. oinarria.– Laguntzak kudeatzeko organo arduraduna.

1.– Merkataritza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatzeko organo arduraduna, eta hari dagokio programa behar bezala gauzatzen dela ikuskatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egitea.

2.– Programa honen kudeaketa-lanak eta dirulaguntzen funtsen banaketa elkarlanean egingo dira Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberarekin, Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin (aurrerantzean, EAEko ganberak).

3.– Programa honi esleitutako funts publikoak honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira:

a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bazterkeriarik eza.

b) Administrazio laguntza-emaileak finkatutako helburuak efikaziaz betetzea.

c) Baliabide publikoen esleipen eta erabilera efizientea.

6. oinarria.– Entitate laguntzailea.

1.– EAEko ganberekin lankidetzan banatuko dira «Euskadi Bono-Comercio – Euskadi Bono-Denda» trukatzearen bidez lortzen diren eta diruz lagun daitezkeen funtsak, eta egiaztatuko dira salmenta-eragiketa bakoitzaren baldintzak eta eskakizunak, entitate laguntzaileak baitira ganberok.

2.– Entitate horien lankidetza, programa garatzeko, lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatuko da. Hitzarmen hori Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan jasotako arauen bidez arautuko da, eta lege horietan eta lege horiek garatzeko xedapenetan dirulaguntzen kudeaketan laguntzen duten entitateentzat aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaio entitateari.

7. oinarria.– Onuradunak.

Laguntza hauen onuraduntzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hamasei urtetik gorako pertsona fisikoak, baldin eta hiru lurralde historikoetan banatutako «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» direlakoak eskuratzen badituzte, agindu honetan ezarritako bitarteko eta bideen arabera.

8. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezakeen jarduera.

1.– Kanpainari atxikita dauden eta hiriko merkataritza-jarduerarekin erlazioa duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetako kontsumoa lagunduko da diruz, establezimendu horietan eskuragarri egongo den mota bakarreko deskontu-bonu baten bidez.

2. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» horietako bakoitza 10 euroko deskontu-bonu bat izango da, eta atxikitako establezimenduetan egiten den 30 euro edo gehiagoko erosketan aplikatu ahal izango da.

3.– Deskontu-bonuak trukatzeko erabiliko den sistema hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduetan trukatuko den bonua izango da, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa zorrotz betez, betiere.

Deskontu-bonuak trukatzeko ezarritako epean, establezimenduek aktiboki eskainiko dituzte bonuak, eta erosketaren unean trukatuko dituzte.

Deskontu-bonuen aplikazioa establezimenduek beraiek egingo dute; ondasunak eskuratzen edo zerbitzuak hartzen dituen onuraduna EAEn bizi dela egiaztatu eta identifikatuta.

Betebehar horiek betetzen ez badira, berehala emango zaio programatik baja establezimenduari, eta hari dagozkion bonuak kanpainan sartuko dira, eta 11. oinarrian horretarako ezarritako epean birbanatuko.

4.– Horretarako, entitate laguntzaileak behar diren mekanismoak eduki beharko ditu aurreko apartatuan adierazitakoa bermatzeko eta egiaztatzeko, eta, halaber, behar dituen tresnak izan beharko ditu erosketa-tiketetan identifikatutako pertsona bakoitzeko hiru deskontu-bonuen muga kontrolatzeko. Era berean, programan sartzeko aldia amaitzean eta programaren baldintzak bete direla egiaztatzean, programan parte hartzen duten establezimenduen artean banatuko dira bonuak.

5.– Pertsona bakoitzak, gehienez, hiru deskontu-bonu batu ahal izango ditu, hogeita hamar euroko balioarekin. Onuradunek establezimendu bakar batean edo gehiagotan erabili ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Halaber, deskontu-bonuak erosketa bakarrean edo gehiagotan erabili ahal izango ditu onuradun bakoitzak.

6.– Establezimenduek modu aktiboan eskainiko dizkiete bonuak bezero guztiei, harik eta bonuak agortzen zaizkien arte. Establezimenduek ezin izango dute bonurik gorde, ez atxiki, ezta artikulu jakin batzuen salmentarako erabili ere. Betebehar horiek betetzen ez badira, berehala emango zaio programatik baja establezimenduari, eta hari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira 11. oinarrian ezarritakoaren arabera. Gainera, ez-betetze horrek zehapen-prozedura bat hastea ekar dezake.

7.– Deskontu-bonuak trukatzeko aldi bat ezartzen da, atxikipen-aldia amaitu eta dagokion egiaztapena egin ondoren hasiko dena. Aldi horren hasiera Merkataritzako zuzendariaren ebazpen baten bidez zehaztuko da, eta https://www.euskadibonodenda.eus web-orrian jakinarazi. Trukatzeko aldia 2024ko abenduaren 5ean amaituko da.

9. oinarria.– Establezimenduek programan sartzeko bete beharreko baldintzak.

1.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan sartu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduak, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Agindu honen II. eranskinean jasotako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe edo multzoren batean kokatutako jarduera batean aritzea eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.

b) Enpresaburu autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskineko 2.2 eta 2.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen du, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

– ETEen kategorian, enpresa txikitzat hartzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

– ETEen kategorian, mikroenpresatzat hartzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

c) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere bai.

d) Programan sartzeko beharrezkoa den erantzukizunpeko adierazpenean ezarritako baldintzak.

2.– Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.

Horiek betetzen ez dituzten entitateek aurkeztutako eskabideak ez dira aintzat hartuko, ez onartuko.

10. oinarria.– Programan sartzeko prozedura.

1.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduek, programa honetan sartu nahi badute, III. eranskinean jasotako inprimakia formalizatu beharko dute. Honako helbide hauetan egongo da eskuragarri inprimaki hori:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1107905

– EAEko ganberetako bakoitzaren web-orriak, lurraldean lurraldekoa. https://www.euskadibonodenda.eus/

2.– Oinarri honen 1. apartatuan jasotako inprimakiak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, honako alderdi hauek jasoko dituena:

a) Eskatzailea entitatearen ordezkaria dela eta behar adinako aginpidea baduela ordezkaritza horretarako.

b) Ezagutzen eta onartzen dituela «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» dirulaguntza-programa kudeatzeko ezarritako oinarriak eta prozedura.

c) Betetzen dituela laguntza-programa arautzen duen aginduaren 9. oinarrian ezarritako baldintzak.

d) Programari atxikitzen zaiola eta hitza ematen duela bertan ezarritako konpromisoak beteko dituela.

e) Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, hala badagokio.

g) Pertsona edo entitatea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko 13. artikuluan ezartzen dituen debeku-egoeretan.

h) Ez daukala dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dion zigorrik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoaren arabera edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen diola egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzan.

Erantzukizunpeko adierazpenean interesdunak adierazitako funtsezko datu edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua gertatzen bada edo eman ez bada, edo deklaratutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten, ezinezkoa izango da egikaritu nahi den eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea, egitate horiek jakiten diren momentutik aurrera. Gainera, itzuli egin beharko dira deialdiaren baldintzak betetzen ez zirela bonuak trukatzeagatik jasotako zenbatekoak. Era berean, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekar litzake (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.

Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

3.– Eskatzaileek, programan sartzeko inprimakia eta aginduko baldintza guztiak konplitzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena betetzeaz gainera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Identifikazio fiskaleko zenbakia (NANa, autonomoen kasuan, eta IFK, pertsona juridikoak direnean).

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alta eta baja egoeren ziurtagiri historikoa, edo, hala badagokio, laguntza jasoko duen establezimenduarena.

– Establezimenduaren argazkia.

– Bankuko kontuaren ziurtagiria.

4.– Merkataritza-establezimenduak «Euskadi Bono-Comercio – Euskadi Bono-Denda» programan sartzeko epea hamar egun naturalekoa izango da, urriaren 24tik 30era hain zuzen, biak barne.

5.– Programan sartzeko eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du programan sartzea eskatzen duten establezimenduek berariaz eta formalki onartzen dituztela deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.

7.– Programan sartzeko aldia amaituta, EAEko ganberek gehienez 9 egun balioduneko epea izango dute egiaztatzeko ea «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan sartzeko eskaria egin duten establezimenduek 9. oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituzten ala ez.

Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, Merkataritza Zuzendaritzako titularrari jakinaraziko diote programan sartzeko eskaera egin duten establezimenduak onartzeko edo baztertzeko proposamena. Merkataritza Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du programan sartzeko prozesuan onartutako eta baztertutako establezimenduen behin betiko zerrendarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Entitate kudeatzaileak establezimendu eskatzaile guztiei jakinaraziko die ebazpen hori, baita esleitutako deskontu-bonuen kopurua ere.

8.– Onartutako establezimenduei, beharrezko den dokumentazioa eta programa sustatzeko materiala emango zaie. Material hori nabarmen eta herritar guztiek ikusteko moduan egongo da establezimenduan programak dirauen bitartean.

Programaren sustapen-materialak honako dokumentazio hau izan beharko du gutxienez:

– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela egiaztatzen duen kartela (gutxienez bi kartel edo establezimendu bakoitzean behar diren guztiak).

– 3/2018 Lege Organikoari buruzko informazioa (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa).

– Deskontu-bonuak agortu izanaren kartela. Establezimenduko deskontu-bonuak agortu bezain laster, bezeroei egoera horren berri emateko, establezimenduan eskuragarri zeuden bonuak agortu direla aditzera ematen duen kartela ipiniko da, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela adierazten duten kartelen ondoan.

– Kanpainaren arduradunen iritziz, programak behar bezala funtzionatzeko, merkataritza-establezimenduei eman beharreko beste dokumentazio oro.

11. oinarria.– Deskontu-bonuen banaketa.

1.– Deskontu-bonuen guztizkoa lurralde historiko bakoitzean programan parte hartzen duten establezimenduen artean banatuko da, lurralde bakoitzaren pisu demografikoaren arabera.

2.– Lurralde historiko bakoitzaren barruan, merkataritza-establezimendu bakoitzari dagozkion bonuen kopurua lineala izango da, eta jaulkitako bonuen kopuruaren eta programarekin bat egin duten establezimenduen kopuruaren arteko erlazioaren araberakoa.

3.– Deskontu-bonuak entitate laguntzaileak banatuko ditu hiru lurralde historikoetan, aurreko irizpideei jarraituz eta ehuneko hauekin:

Araban: % 15, 52.500 bonu.

Bizkaian: % 52, 182.000 bonu.

Gipuzkoan: % 33, 115.500 bonu.

Eskura egongo diren bonuak, guztira: 350.000 bonu.

4.– Eusko Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko 350.000 bonu baino gehiagotara iristeko aukera.

5.– Hala ere, eskariaren egoerari erreparatuta komenigarri bada eta entitate kudeatzailearekin egindako lankidetza-hitzarmenean ezarritako jarraipen-batzordeak onartzen badu, banaketa horri doikuntzak egin ahal izango zaizkio lurraldeen artean, onuradunen artean ahalik eta bonu gehien banatu ahal izateko. Horren berri emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta programaren https://www.euskadibonodenda.eus web-orrian, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez.

6.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa gauzatzeko EAEko Administrazio Orokorraren eta EAEko ganberen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetearen barruan, kudeatu beharreko laguntza-funtsen zenbatekoaren % 70 sartu beharko da dagokion hitzarmena sinatu duten EAEko ganberek adierazitako banku-kontuan. Une horretatik aurrera, ganberak izango dira funtsen gordailuzain, eta gordailuzainak gordailu zibilean dituen zaintza-betebeharrak hartuko dituzte beren gain (Kode Zibilaren 1758 artikuluan eta hurrengoetan daude araututa).

Gainerako % 30a programa garatzen den bitartean eta amaitu aurretik sartuko da, deskontua duten salmenta-eragiketen arabera.

7.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duten establezimenduen zerrenda publikoa izango da, eta programara bideratuta dagoen https://www.euskadibonodenda.eus web-orrian eguneratuko da.

12. oinarria.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» trukatzeko funtzionamendu- eta kudeaketa-sistema.

1.– Dirulaguntza-programa kudeatzeko, plataforma teknologiko espezifiko bat ez ezik, egokienak diren aplikazio informatikoak ere erabiliko dira, deskontu-bonuak egokiro abian jartzeko eta funtzionamendu-operatiboa efikaziaz gauzatzeko.

2.– Plataforma horren bidez egingo dira dirulaguntza-programan sartzeko izapide guztiak, bai eta deskontu-bonuak jaulki, lortu, aplikatu, trukatu eta konpentsatzeko eragiketa guztiak formalizatu ere, agindu honetan zehaztutako baldintzetan.

3.– Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek erabiltzaile-izena eta pasahitz pertsonalizatuak izango dituzte plataforman sartu ahal izateko, eta bertan izango dituzte eskura esleitu zaizkien deskontu-bonuak.

4.– Deskontu-bonu bakoitzak dagokion zenbaki espezifikoa izango du, bakarra bihurtuko duena eta atxikitako establezimendu zehatzari lotuta egongo dena.

5.– Establezimenduak aktiboki eskainiko dizkie bezeroei deskontu-bonuak, betiere arau honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

6.– Programan parte hartzen duten establezimenduek sarbidea izango dute erabili diren eta oraindik erabiltzeko dauden bonuei buruzko informazioa jasotzeko kanpaina indarrean dagoen bitartean.

7.– Programan parte hartzen duten establezimenduek aplikatutako deskontu-bonuak betearazi eta kobratu ahalko dituzte astero.

8.– Establezimenduek plataforman formalizatuko dituzte salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko momentuan erabilitako bonu guztiak, eta, justifikazio-agiri gisa, erosketa-tiketa erantsi beharko dute, non eroslearen NANa jasota egongo den.

Establezimenduak tiketaren kopia bat gordetzera behartuta daude, erosketa horretan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera.

9.– Eskatutako baldintzak betetzen direla behin egiaztatu ondoren, dagokien zenbatekoa likidatu eta ordainduko zaie programan parte hartzen duten establezimenduei, xede horretarako eman beharko duten banku-kontuan.

10.– Programa honetan parte hartzen duten establezimenduek plataforman jarraitu ahal izango dute, dagokien lurralde-eremuan diharduten erakundeek etorkizunean egin ditzaketen ekintzetarako, baldin eta, sartzeko unean, hori esplizituki adierazten badute, Datuak Babesteko Legea aplikatuz.

13. oinarria.– Programan parte hartzen duten establezimenduen betebeharrak.

«Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duten establezimenduek, atxikitze-eskaera sinatu ondoren, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Programan parte hartzen dutela ikusaraziko dute, establezimenduko kokapen nabarmen eta ageri batean, dagozkien publizitate-materialak jaso eta ipintzearen bitartez.

Establezimenduei banatzen zaien materiala erraz ikusteko moduko lekuan jarri beharko da, eta, betiere, gutxienez, kanpoaldean, sarbide bakoitzetik hurbil eta kutxa-mahaietatik gertu.

b) Establezimenduek aktiboki eskainiko dizkiete deskontu-bonuak bezeroei, eta salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko unean trukatuko dituzte. Establezimenduek bezero guztiei eskainiko dizkiete bonuak, harik eta bonuak agortzen zaizkien arte.

c) Erabat debekatuta dago deskontu-bonuen erabiltzaileekiko diskriminazio edo tratu desberdin oro.

d) Erosleei ez zaie, ezein kasutan, eskudirurik itzuliko. Itzulketak egin behar badira, erosketa eta NAN horrekin lotura duten bonuak askatuko dira. Itzulketen kasuan, erosketa horri eta NANari lotutako bonuak liberatuko dira; horrela, ezarritako truke-epearen barruan egindako beste erosketa batean trukatuko dira.

e) Kanpainaren balorazioari buruzko galdetegi labur bat jarriko dute bezeroen eskura, erraz ikusteko moduko leku batean, nahi duenak bete dezan. Galdetegiak bete ondoren, horretarako ematen den helbidera bidaliko dira.

f) Harremanetan jartzeko aukera emango dute, programak ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko eta prozesuari eta kanpainari buruz zer iritzi duten jakiteko.

g) Establezimenduek nahitaez gorde beharko dute erosketa-tiketaren edo jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duen fakturaren kopia bat, erosketan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio-zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera. Dokumentu horiek gorde egin beharko dira, harik eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailera bidaltzen diren momentura arte, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dokumentuak egiaztatu eta kontrolatu ahal ditzan.

h) Arduraz zainduko dituzte plataformara sartzeko kodeak, inork oker erabili ez ditzan; horretarako, kode horiek inori ez jakitera emateko konpromisoa hartuko dute.

i) Kanpainaren amaieran inkesta bat beteko dute establezimenduek, azken balorazioa egiteko beren ikuspegitik.

j) Eskaeran adierazitako datuek egiazkoak izan behar dute, eta izapideen edozein unetan egiaztatu ahal izango dira.

Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua bada, dagokion zehapena izango du administrazio- zein zigor-araubidearen arabera.

k) Programan parte hartzen duten establezimenduek eskatzen zaien informazio guztia eman beharko diete Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen ariko baitira.

14. oinarria.– Entitate laguntzailearen betebeharrak.

1.– Lankidetza-hitzarmena sinatzen duen entitate laguntzaileak honako ekintza hauek garatzeko konpromisoa hartzen du:

a) Kanpainaren kudeaketan laguntzea eta parte hartzen duten establezimenduekin harremanak izateko bidea izatea, haien parte-hartzea egituratzeko eta haren arabera hartutako konpromisoak behar bezala betetzen diren kontrolatzeko.

b) Programari zabalkundea ematea bere web-orriaren eta hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduei informazioa emateko beste bitarteko propio batzuen bidez; hedapen hori sareko lankidetza-eskema baten bidez egin ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Bulego Teknikoen, Merkataritza Federazioen eta beste merkatari-elkarte batzuen bitartez.

c) Programaren gaineko interesa duten establezimenduekin elkarrekintzan aritzea:

– Informazioa ematea.

– Laguntza ematea establezimendu interesdunei, kanpainarekin formalki bat egin dezaten.

d) Programan sartzeko aldia amaitu ondoren, EAEko ganberek gehienez 9 egun balioduneko epean egiaztatzea «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan sartzeko eskaria egin duten establezimenduek agindu honen 9. oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituzten ala ez.

e) Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, programan sartzeko eskaera egin duten establezimenduei jakinaraztea programan onartu dituzten edo ez, bai eta, hala badagokio, zenbat deskontu-bonu esleitu zaizkien ere.

f) Onartutako establezimenduei 10. oinarriko 8. puntuan jasotako programaren sustapen-materiala ematea.

g) Programan parte hartzen duten establezimenduekin elkarekintzan aritzea:

– Mezu elektronikoa kanpaina-aldiaren hasieran eta amaieran.

– Birbanaketari buruzko mezu elektronikoa, behar den orotan.

– Mezu elektronikoa programaren kudeaketari buruzko ohiko galderekin eta kontsultak egiteko kontaktuarekin.

– Programaren amaierako balorazioari buruzko inkesta.

– Programaren arduradunek prozesuan zehar egoki ikusten duten beste edozein interakzio-premia.

h) Funtsen gordailuzain eta banatzaile izatea, pertsona fisiko onuradunei bonuak banatzeko eragiketak koordinatzea eta hobaria jaso duten salerosketa-eragiketetan erabilitako bonuak trukatzea.

i) Programan parte hartzen duten enpresaburu autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei deskontu-bonuei dagozkien zenbatekoak ordaintzea, 12. oinarriko 7. puntuan adierazitako epearen barruan.

j) Kontuan programarako jarritako funtsak behar bezala erabiltzen direla kudeatzea, kontrolatzea eta gainbegiratzea, sinatutako hitzarmenarekin bat etorririk eta, hala dagokion kasuan, Eusko Jaurlaritzak entitateari emandako berariazko jarraibideen arabera.

k) Kudeatutako guztiaren berri ematea, sinatutako lankidetza-hitzarmenean adierazitako txostenen eta programaren arduradunak beharrezkoak jotzen dituen beste guztien bidez.

2.– Aurreko klausuletan adierazitako konpromiso eta betebeharrak ez ezik, EAEko ganberek betebehar hauek hartzen dituzte beren gain:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan adierazitako betebehar guztiak; halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapen guztiak onartuko dituzte, jarduketak gauzatzeari eta garatzeari dagokienez.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 2.4 artikuluak xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, artikulu hauetan jasotakoa: 3. artikulua, berdintasunaren arloko printzipio orokorrei buruzkoa; 17. artikulua, estatistikei eta azterlanei buruzkoa, eta 19.4 artikulua, hizkuntza eta irudi ez-sexistak edozein euskarritan erabiltzeari buruzkoa.

c) Finantzaketa publikoa dela eta finantzaketa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura dagoela zabaltzea, irudi korporatiboaren anagramak eta logotipoak, programaren berariazko irudiak eta Eusko Jaurlaritzaren claim-a erabilita, formatu bakoitzerako modurik egokienean (jarraipen-batzordeak baliozkotuko du). Programaren berri eman beharko dute, dagokion atariaren edo web-orriaren bidez.

d) «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duten establezimenduei zuzendutako argitalpen, iragarki, publizitate eta komunikazio guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, eta gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea bermatzea erabiltzaileei eta kontsumitzaileei entitate onuradunekin dituzten harremanetan.

3.– Jarduketa hauek gauzatzean, konfidentzialtasun- eta isiltasun-betebeharrak bete beharko dira, negozioen eta pertsonen datuei dagokienez. Egiaztatze-jarduketak egin eta gero, dokumentazio guztia Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari helarazi beharko zaio.

4.– Erabat debekatuta dago hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak diskriminatzea edo tratu desberdina ematea.

15. oinarria.– Programaren indarraldia.

1. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2024ko abenduaren 5ean amaituko da, honako epe hauen arabera:

1.1.– 2024ko urriaren 24tik 30era bitarteko epea (biak barne) izango dute establezimenduek programan sartzeko.

1.2.– Programan sartzeko aldia amaitu ondoren, EAEko ganberek gehienez 9 egun balioduneko epea izango dute egiaztatzeko ea «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan sartzeko eskaria egin duten establezimenduek baldintzak betetzen dituzten ala ez, eta bonuak banatzeko.

1.3.– Erabiltzaileek establezimenduan bertan lortu ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Erosketa hobaridunak, 8.7 oinarriaren arabera egindakoak izango dira.

2.– Programaren amaiera-dataren ostean, deskontu-bonuek galdu egingo dute zuten balioa.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako data baino lehen agortzen badira programa honekin lotutako funts publikoak, horren berri eman beharko du Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailak.

4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Turismo eta Merkataritzako sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bitartez, programaren indarraldiaren egunak aldatu ahal izango ditu, inguruabarrak edo antolakuntzari dagozkion bestelako arrazoiak direla-eta komenigarritzat jotzen bada, eta horren berri emango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

16. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Programa honen ez-betetzetzat joko dira jarraian zerrendatzen diren kasu hauek:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, hala entitate laguntzailearentzat 14. oinarrian jasotakoak, nola merkataritza-establezimenduentzat 13. oinarrian xedatzen direnak.

b) Establezimenduren batek 13. oinarrian adierazitako betebeharren bat betetzen ez badu, baja emango zaio berehala programa honetatik, eta hari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira.

2.– Aurreko apartatuan jasotzen diren ez-betetzeez gainera, programan parte hartzen duten establezimenduek ez-betetzeren bat egiten badute, establezimendu horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programarekin duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri emango zaio entitate laguntzaileari, deskontu-bonurik trukatu ez dezan.

Era berean, ez-betetzeek erantzukizun administratiboa, penala edo zibila beren gain hartzea ekar dezakete.

17. oinarria.– Ikuskapena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, programaren arduradun den heinean, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak, ikuskapenak eta gainerako kontrol guztiak egin ahal izango ditu, ziurtatzeko baliabide publikoak ongi erabiltzen direla eta programa hau modu egokian garatu eta aplikatuko dela.

Programan parte hartzen duten establezimenduek ez-betetzeren bat eginez gero, establezimendu horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programarekin duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri emango zaio entitate laguntzaileari, deskontu-bonurik trukatu ez dezan.

18. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen babesean lortutako dirulaguntza bateragarria izango da beste administrazio publiko batzuetatik edo entitate pribatuetatik eta eskualdeko, estatuko, edo nazioarteko entitateetatik jasotako beste dirulaguntza, sostengu, diru-sarrera edo baliabide ororekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, eta, horren ondorioz, bonuaren balioa galtzen bada erosketaren kostua gainditzen duen zenbatekoan, galera horrek ez du inolako itzulketarik eragingo.

19. oinarria.– Datuen babesa

Datuen babesari dagokionez, programan parte hartzen duten establezimenduak behartuta daude honako hauek betetzera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzkoa (95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, hau da, datuak babesteko erregelamendu orokorra); eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

Dirulaguntzen programa honetan, EAEko Ganberak izango dira tratamenduaren erantzuleak, aipatutako araudian ezarritako baldintzetan eta araudian ezarritako betebehar eta baldintzekin.

II. ERANSKINA
KANPAINAN SAR DAITEZKEEN JARDUERA-SEKTOREAK, JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN (JEZ) EPIGRAFEAREN ARABERA

– 6443 Gozogintzako, opilgintzako eta konfitegintzako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

– 6444 Izozkien txikizkako merkataritza.

– 6445 Bonboien eta karameluen txikizkako merkataritza.

– 645 Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

– 651 Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, oinetakoen, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.

– 6522 Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

– 6523 Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.

– 6524 Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.

– 653 Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.

– 6542 Lehorreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

– 6545 Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuntzakoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).

– 6546 Mota orotako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden edo aire-ganberen txikizkako merkataritza.

– 656 Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasunen txikizkako merkataritza.

– 657 Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.

– 659 Txikizkako bestelako merkataritza.

– 662 Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.

– 971 Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

– 972 Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.

– 9731 Argazkigintza-zerbitzuak.

– 975 Markogintza-zerbitzuak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala