
207. zk., 2024ko urriaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (142 KB - 4 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4861
AGINDUA, 2024ko urriaren 10ekoa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez zenbait eskumen eskuordetzen baitzaizkio Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Zerbitzu zuzendariari.
Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak hauxe ezartzen du: «Administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezazkiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden organismo publikoak edo zuzenbide publikoko entitateak badira».
Eta xedatzen du, halaber, eskumen-eskuordetzeak eta -errebokazioak Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan argitaratu behar direla, kontuan izanik zein administraziotakoa den organo eskuordetzailea eta zein den organo eskuordetzaile horren eskumenen lurralde-eremua. Gainera, eskuordetuta hartzen diren administrazio-ebazpenek espresuki emango dute horren berri, eta ebazpenak organo eskuordetzaileak emanak direla.
Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 25. artikuluan honako hau ezartzen du: «Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoen titulartasuneko eskumenen egikaritzea eskuordetu ahal izango zaie Administrazioko beste organo batzuei, nahiz eta organo horiek hierarkikoki mendekoak ez izan. Salbuespen gisa, eta eskumen horiek bestela egikaritzeko ezintasunean oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko euskal sektore publikoaren barruan dauden beste ente instituzionaletako organoei ere eskuordetu dakieke».
Eta xedatzen du eskumenen eskuordetzea eta eskuordetzearen errebokatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla, eta informazio horrek beti egon beharko duela irisgarri sail eta organo eskuordetzailearen eta eskuordetzadunaren web-orrietan. Xedatzen du, baita ere, eskuordetzaz baliatuta ematen diren administrazio-egintzek eta -ebazpenek espresuki adierazi beharko dutela eskuordetzaz ematen direla (argitalpen ofizialaren zenbakia eta data aipatu beharko dira, eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko direla.
Bestalde, 18/2024 Dekretuaren bidez (ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), besteak beste, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila sortu zen, eta haren sailburua lehendakariaren ekainaren 24ko 27/2024 Dekretuaren bidez izendatu zen (27/2024 Dekretua, ekainaren 24koa lehendakariarena, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua izendatzekoa).
Gainera, Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak zazpigarren xedapen gehigarrian Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Zerbitzu Zuzendaritza sortu du, eta haren zuzendaria uztailaren 9ko 115/2024 Dekretuaren bidez izendatu da.
Bada, gaur egun Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoari buruzko Dekretua izapidetzen ari denez, eta dekretu horrek eginkizunak esleituko dituenez saila osatuko duten organoen artean, Zerbitzu Zuzendaritza barne, eta dekretu hori onartu arte, egokitzat jotzen da eginkizunak eskuordetzea agindu honetan ezarritako baldintzei jarraituz, administrazio-jarduera gidatu behar duten efizientzia- eta eraginkortasun-printzipioak betetze aldera.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Zerbitzu zuzendariari honako eskumen hauek eskuordetzan ematea:
a) Batetik, sailaren aurrekontu-aurreproiektua lantzea eta horren jarraipena eta aldaketak egitea, eta, bestetik, Administrazio Instituzionaleko entitateen eta sailari atxikitako sektore publikoko entitateen aurrekontu-proiektuak koordinatzea eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratzea.
b) Sailaren jarduera ekonomikoa planifikatu eta kudeatzea, aurrekontua betearazteko faseak izapidetzea. Esparru honetan, Zerbitzu zuzendariari dagokio sailaren gastuak baimentzea, baldin eta ez badira 1.000.000 euro baino handiagoak, salbu eta nahitaezko desjabetzeei dagozkienak, horiek sailburuordeei baitagozkie. Hori guztia kontratazioarekin lotutako gastuei aplikatu beharreko araudia alde batera utzi gabe, zeina artikulu honen 3. apartatuan jasota dagoen.
c) Hiri-errentamenduen fidantzen Itundutako gordailutze-araubide bereziaren eskaerak izapidetu eta kudeatzea, itundutako araubide berezi horretan sartutako errentamendu-kontratuen erregistroa barne.
d) Sailari atxikitako giza baliabideak administratzea eta kudeatzea, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak eta indarreko gainerako araudiak esleitzen dizkioten eskumenak baliatuz.
e) Langileen prestakuntza- eta hobekuntza-planak lantzea, hargatik eragotzi gabe Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagozkien eskumenak.
f) Berdintasun Unitatearen jarduerak gidatzea, eta gainerako zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko entitateekin eta sailari atxikitako organoekin batera, sustapen- eta koordinazio-lana egitea eta lankidetzan aritzea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean aurreikusitako neurriak gauzatzen laguntzeko.
g) Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuak bere eskudantziak betetzea.
h) Jaurlaritzako gainerako sailekin administrazio-harremanak izatea.
i) Ondare-erreklamazioko prozedurak izapidetzea.
j) Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion sailaren gaiak izapidetzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.
k) Jurisdikzio-prozeduren eta, hala badagokio, horien ebazpenen jarraipena eta kontrola egitea eta sailak parte hartzen duen gaietan Auzibide Zuzendaritzarekin harremana izatea.
l) Sailaren eskumeneko kontratazio-espedienteak eta sailaren eremuko kontratazio elektronikoko prozeduren eta zerbitzuen kudeaketa eta zabalkundea zuzendu, koordinatu eta izapidetzea.
m) Proposamenak lantzea saileko zerbitzuen eta sailean erabiltzen diren lan-sistemen eta -metodoen barne-antolaketaz, arrazionalizazioaz, informazio-sistemez, administrazio digitalaz eta informatizazioaz, saileko beste organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunekin batera koordinatuta.
n) Datu pertsonalen pribatutasun-neurrien arduradun gisa dagozkion eginkizunak betetzea.
o) Aktiboki parte hartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zeharkako ekimenetan eta eremu orokorreko proiektuetan, hain zuzen, koordinazioaren, kalitatearen, etengabeko hobekuntzaren, modernizazioaren, Administrazio elektronikoaren, I+G eta Berrikuntzaren arloetan, eta ekimen eta proiektu horiek sailean sustatzea, gainerako sailekiko solaskidetza erraztuz.
p) Erregistro Orokorra, Artxiboa eta saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.
q) Saileko bulegoen barne-araudia zaindu eta babestea, bai eta sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamendua administratu eta kontserbatzea ere.
r) Herritarrei informazioa eta laguntza emateko zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak) eta Zuzenean-Herritarrei Laguntzeko Zerbitzuarekiko harremanak bideratzea.
s) Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa eskuragarri izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei emandako erantzunak eta sailaren datu publikoen zabalkundea koordinatzea eta haien guztien jarraipena egitea, gardentasun-politikarekiko koherentziaz, betiere.
t) Sailaren jarduera-arloetan herritarrek dituzten eskubideen eta betebeharren inguruan horiek aurkeztutako iradokizunak, kexak eta erreklamazioak kudeatzeko lana koordinatzea eta haren jarraipena egitea.
u) Sailaren Estatistika Plana lantzea, eta Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak lantzen Euskal Estatistika Erakundearekin batera lan egitea. Halaber, Zerbitzu Zuzendaritzak sailaren estatistika-organo espezifikoari esleitutako eskumenak eta ahalmenak baliatuko ditu, eta, saileko estatistikekin lotutako gaietan, laguntza teknikoa emango dio saileko organo orori.
v) Sailean sortutako gaiei buruzko azterketak eta txostenak egitea, batez ere gai ekonomikoei buruzkoak, baita sailaren ekonomia-jarduneko ildoak planifikatu eta programatzea ere beste sail edo administrazio batzuek lantzen dituzten eta ondorio ekonomikoa duten planen prestakuntza-prozesuetan, baldin eta haien jardun-arloetan eragina badute eta beste zuzendaritza batzuen esku utzi ez badira, betiere.
w) Saileko zerbitzu orokorrak antolatu eta administratzea, sailburuordetza, zuzendaritza eta lurralde-ordezkaritzen lan-sistemak eta -metodoak koordinatzea, eta saileko administrazio-unitateen banaketa espaziala eta ekipamendu materiala antolatzea, hargatik eragotzi gabe Etxebizitza Sailburuordetzari eta haren mendeko organoei eta Ekonomia eta Ogasun Sailari esleitutako eskumenak.
x) Sailaren eskumenekoak diren gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatzeko, indarreko arauak betez. Horren haritik, saileko organoen eta Europako Erkidegoko Erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumeneko organoaren bitartez.
Era berean, Zerbitzu zuzendaria sailaren kontratazio-organoa izango da, 5.000.000 euroko eta hortik beherako lizitazio-aurrekontua duten kontratuetan, eta, baldintza berdinetan, eskuduna izango da baliabide propioei enkarguak egiteko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusitakoari jarraituz. Egiteko horiek gauzatzean, hari dagokio, muga berarekin, dagozkion gastuak baimentzea.
Halaber, Zerbitzu Zuzendaritzak, Euskara unitatearen bitartez eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidalerroei jarraituz, saileko zuzendaritzek politika publikoetan eta sailaren ohiko jardunean euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten lana koordinatuko eta dinamizatuko du, eta horretarako egiteko hauek gauzatuko ditu, besteak beste:
a) Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren jarraipena eta ebaluazioa zehaztu, garatu eta gauzatzea, sailari dagokionez.
b) Saileko euskararen erabilera-planaren urteko kudeaketa-planaren jarraipena eta ebaluazioa zehaztu, garatu eta gauzatzea.
c) Sailaren jardun-arloaren funtzionamenduan aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak definitzea, horren jarraipena egitea, lortutako betetze-maila zehaztea eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak proposatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor osoarentzat ezarritako hizkuntza-irizpideekin bat etorriz, eta sailaren ezaugarriak kontuan hartuz.
d) Aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak ezartzea sailaren jardun-eremu hauetan, besteak beste: hizkuntza ofizialak zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza moduan erabiltzea, itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, erregistroa, dirulaguntzak, argitalpenak, saileko kargudunen agerraldi publikoak, tresnak eta aplikazio informatikoak, internet eta intraneta, errotulazio finkoa, oharrak eta aldi baterako oharpenak, iragarkiak, publizitatea eta kanpainak, izendapen ofizialak, sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Ezartzea, era berean, kontratazio publikoan aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak, kontuan hartuta, azken kasu horretan, Gobernu Kontseiluak 2016ko apirilaren 26ko Erabakiaren bidez onartutako jarraibideak. Erabaki horren bidez onartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak egindako kontratuetan euskararen erabilera eta ezagutza txertatzeko printzipio orokorrak ezartzen dituzten jarraibideak.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egiturari buruzko Dekretua indarrean jarri arte.
Hirugarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabete bateko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion salari, gehienez ere bi hilabeteko epean, aipatu egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 10a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS