
207. zk., 2024ko urriaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (359 KB - 20 orri.)
- EPUB (388 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4860
AGINDUA, 2024ko urriaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia egiten baita 2024an Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzial/modularraren modalitatean emateko.
Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak (2008-03-05eko EHAA), otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuaren bidez aldatuak (2016-02-10eko EHAA), 8. artikuluan zehazten du behar bezala baimendutako ikastetxeek heziketa-zikloak partzialki eskaini ahal izango dituztela, eta eskaintza hori helduentzat gordeko dela. Eskaintza horrek heziketa-zikloko lanbide-modulu guztiak hartu ahal izango ditu, eta lanbide-moduluen arabera egin ahal izango da matrikula, aipatutako dekretuaren 29. artikuluan adierazten den bezala.
Era berean, 2010eko martxoaren 22ko Aginduak (2010-04-12ko EHAA), Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean ematea arautzen duenak, 7. artikuluan dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egokitzat jotzen dituen deialdiak egin ahal izango dituela eskaintza hori emateko. Ikastetxe pribatuentzako deialdien kasuan, eskolak emateko baldintzez gain, dagokion finantzaketa lortzeko baldintzak ere arautuko dira.
Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak eskaintza modularra arautzen du 69. artikuluan, eta adierazten du 18 urtetik gorakoentzat izango dela, baina, salbuespen gisa, lan-merkatuan sartuta eta jardunean dauden 16 urtetik gorakoei sartzen utziko zaie, baldin eta ekoizpen-sektorea arautzen duen araudiak aurkakoa ezartzen ez badu. Era berean, baimena eman ahal izango zaie prestakuntza ematen duten ikastetxeei, baldin eta modulukako irakastorduak aldi trinkoetan kontzentratzen badituzte, betiere irakaskuntzen bideragarritasuna eta kalitatea bermatzen badira, eta lanbide-gaitasunak egiaztatzeko prozedurari lotutako prestakuntza osagarriaren eskaintza bermatzen bada.
Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak (uztailaren 22ko BOE), uztailaren 9ko 658/2024 Errege Dekretuak aldatuak, 3. artikuluan xedatutako printzipioak eta Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 5. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitako legezko funtzioa betez, 3.1 artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketako Sistemaren eginkizun nagusia pertsonen garapen pertsonala eta profesionala, haien kualifikazioa bizitza osoan etengabe hobetzea eta produkzio-sistemaren eta enpleguaren prestakuntza-premiak asebetetzen direla bermatzea dela. Lanbide Heziketa modu malguan eta modularrean antolatzearen garrantzia nabarmentzen du, Europar Batasunaren planteamenduetara eta premia indibidual eta kolektiboetara egokituta, adina, sexua, desgaitasuna eta egoera pertsonala, familiarra edo lanekoa kontuan hartuta, lanbide-profil sorta zabala prestatzeko helburuarekin.
Aipatutako 659/2023 Errege Dekretuaren I. tituluaren IV. kapituluak, lanbide-heziketako eskaintzaren modalitateei buruzkoak, 2. atalean (28. artikulutik 31.era) jasotzen du modulukako prestakuntzari buruzkoa: modalitatea, sustapena, hartzaileak eta modalitate modularreko eskaintzen formatua.
Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia egiten da, 2024an Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzial/modularraren modalitatean eman ditzaten.
Deialdia Hezkuntza Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta argitara eman zen sailaren euskadi.eus webgunean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoa betez.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2024rako, I. eranskinean jasotzen den moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia egitea, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzial/modularreko modalitatean eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 15a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea hezkuntza-ituna duten eta lanbide-heziketa ematen duten ikastetxeei, eskaintza partziala/modularra eman dezaten, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean matrikulatutako ikasleekin.
2. oinarria.– Hartzaileak.
Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetako pertsona edo erakunde titularrek eskatu ahal izango dute dirulaguntza, baldin eta aldez aurretik Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko baimen ofiziala badute.
3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau finantzatzeko, 286.700,00 euro bideratuko dira, guztira. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak (abenduaren 29ko EHAA eta 2024ko urtarrilaren 19ko BOE) baimendutako kredituen arabera, nahikoa aurrekontu-zuzkidura dago horretarako.
2.– Zenbateko hori % 25era arte handituko da, hala behar izanez gero, ebazteke dauden eta emakida-proposamena duten eskaeren zenbatekoa kontuan hartuta, eskaerak ebatzi aurretik. Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Ikastetxe interesdunen pertsona edo erakunde titularrek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak. Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, 91/2023 Dekretuak, ekainaren 20koak, herritarrei arreta osoa eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzkoak, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa – Platea – onartzen duenak.
2.– Eskaerak aurkezteari, justifikazioari eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideei buruzko zehaztasunak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/servicios/0050813
3.– Eskaeraren ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5. oinarria.– Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, aipatutako egoitza elektronikotik. Eskaerak aurkezteko xehetasunak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude zehaztuta, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/0050813
2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskaera eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
4.– Itunpeko ikastetxe pribatuen pertsona edo erakunde titularrek bete beharko dute eskaera, Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzan.
5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du eskaerarekin batera:
a) Laburpen-fitxa, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten erantzukizunpeko adierazpenekin eta eskaintza partzial/modularraren deskribapenarekin. Oinarrizko informazioa sartuko da, euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen «Laburpen-fitxa» (ikus II.I eranskina) eta «Erantzukizunpeko adierazpenak» (ikus II.II eranskina) inprimaki normalizatuetan ezarritako eskemaren arabera.
b) Gainera, eskaintzaren justifikazioa aurkeztu beharko du, euskadi.eus webgunean dagoen «Eskaintzaren justifikazioa» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera (ikus II.III eranskina).
6. oinarria.– Onuradunen betekizunak.
1.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2, 13.3 eta 13.3 bis artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideren batean sartuta egotea, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera.
f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta izatea ebazpen irmo baten bidez, lege honen edo hori ezartzen duten beste batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, zehatuta egotea arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatu gabe.
k) Enpresei 30.000,00 eurotik gorako dirulaguntzak emateko, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeak bete ez izana. Epe horiek bete direla egiaztatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritakoa beteko da (ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuaren 214. artikuluak aldatu zuen artikulu hori).
l) Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-planik ez izatea, ezta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
2.– Ezin izango dira onuradun izan pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publikoak edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta, nortasun juridikorik izan ez arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak egin baditzakete edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran badaude, aurreko debekuetako bat edozein izanik ere.
3.– Dirulaguntzak jasotzeko galarazpenek honako erakunde eta enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke haiek parte hartu duten beste erakunde eta enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz.
4.– Ezin izango dira, inola ere, lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausetan dauden elkarteak.
Era berean, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteak, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman arte, zeinaren bidez dagokion erregistroan inskribatu ahal izango baita.
5.– Ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
6.– Oinarri honetako 1. paragrafoko b), d), e), f), g) eta j) apartatuetan eta 2., 3. eta 4. paragrafoetan jasotako debekuak automatikoki hartuko dira kontuan, eta indarrean jarraituko dute kasuan kasuko debekuak zehazten dituzten inguruabarrak gertatzen diren bitartean
7.– Oinarri honetako 1. paragrafoko a), h) eta i) apartatuetan jasotako debekuak automatikoki balioetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ezean, irismena erregelamendu bidez zehaztutako prozeduraren arabera ezarriko da, eta ezin izango da bost urtetik gorakoa izan debekua epai irmoaren ondorio ez bada.
8.– Oinarri honetako 1. paragrafoko c) apartatuan jasotako debekuaren balioespena eta irismena sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera zehaztuko da.
9.– Pertsona edo erakundeek, onuradun edo erakunde laguntzaile izatea eragozten duten debekuetan (oinarri honetako 1. paragrafotik 4.era bitartean zehaztutakoetan) sartuta ez daudela justifikatzeko, lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak erabili ahal izango dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea arautzen duen erregelamendu-mailako araudian ezarritakoaren arabera, edo administrazio-ziurtagiria, kasuen arabera, eta agintaritza eskudunak dokumentu hori eman ezin duenean, horren ordez administrazio-agintaritza edo notariotza publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahal izango da.
10.– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera, ez zaio inolako dirulaguntzarik, baliabiderik edo funts publikorik emango, ez zuzenean, ez zeharka, pertsona fisiko edo juridiko (publikoa, pribatua edo finantzaketa mistokoa) bakar bati ere, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen badu (bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne).
11.– Administrazioak ofizioz egiaztatuko du egunean daudela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, «Erantzukizunpeko adierazpenak» dokumentua betez (ikus II.III eranskina) eta aurka egiteko eskubidea baliatzeko laukitxoa markatuz. Kasu horretan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Gainerako betekizunak egiaztatzeko, «Erantzukizunpeko adierazpenak» izeneko eskaera-inprimaki elektronikoan (ikus II.III eranskina) jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
7. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
8. oinarria.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo harekin batera ez bada nahitaezko dokumentazio guztia aurkezten, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaeran atzera egin duzula ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. oinarria.– Jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Eskaintza modalitate partzialean/modularrean egiten dela bermatzeko, onartutako baldintzetan, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak jarraipena egingo du Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.
2.– Baldin eta eskolak emateko aldian gorabeheraren bat gertatzen bada ikastetxeetako heziketa-zikloen eskaintzen garapenean, Ikuskaritzako Lurralde Burutzak dagokion txostena igorriko dio Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek beharrezko neurriak hartu ahal izan ditzan.
10. oinarria.– Balorazio Batzordearen osaera.
1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozedura izapidetzeko organo eskuduna.
2.– Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta honako kide hauek osatuko dute:
Presidentea: Nicolás Sagarzazu Alzua.
Idazkaria: María Luisa Sobrón Plágaro.
Hezkuntza Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat, eskaintza partzialeko edo modularreko eskaerak dituena bere lurraldera atxikitako ikastetxeetan.
Araba: Julen San Vicente Martínez/Leire Zelaya Jauristi.
Bizkaia: Beatriz Aranaga Elorriaga.
Gipuzkoa: Argińe López Población.
11. oinarria.– Dirulaguntza emateko prozedura.
1.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa bidezko norgehiagoka izango da. Baldintzak betetzen dituzten ikastetxeen eskaerak, 2024an eskaintza partzial/modularreko modalitatean lanbide-heziketako heziketa-zikloak ematen dituztenak, 14. oinarrian jasotako esleipen- eta balorazio-irizpideen arabera barematuko dira, eta puntuazio handienetik hasita emango zaie dirulaguntza, erabilgarri dauden aurrekontu-kredituak agortu arte.
2.– Aurkeztutako eskabideak finantzatzeko, lehentasuna emango zaie 2021-2022 ikasturtean 3 ikasturteko prestakuntza-plana hasi zuten zikloei, 2022-2023 ikasturtean hasi zutenei baino lehen, eta horiek 2023-2024 ikasturtekoei baino lehen. Eskaintza partzialak/modularrak ikasleen titulazioa sustatu behar du 3 ikasturtetan; beraz, aurreko ikasturteetan prestakuntza hasi zuten ikasleei jarraipena eman behar zaie.
3.– Ikasleen matrikulazioa duten taldeak baino ez dira diruz lagunduko. Talde bakoitzean 12 ikasle baino gutxiago matrikulatu badira, proportzioan murriztuko da emandako zenbatekoa. Ez dira kontuan hartuko heziketa-zikloetako moduluak baliozkotzeko helburu bakarrarekin egindako matrikulazioak, ezein kasutan dirulaguntza honen xede ez direnak.
12. oinarria.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Eskaerak ebaluatu ondoren, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak behin-behineko ebazpena emango du. Ebazpen hori agindu honen 5. oinarrian ezarritako bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eta 10 eguneko epea emango zaie, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko. Hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du.
2.– Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak esleipen-prozedura bakoitzean hartzen den behin betiko ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, honako hauek zehaztuko ditu: eskatutako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea. Ematen badira, erakunde onuradunen izena edo izen soziala, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, urtez urte banakatuta. Ukatutako eskaerei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako behin betiko ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lanbide Heziketako sailburuordeari.
4.– Behin betiko ebazpena agindu honen 5. oinarrian ezarritako bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.
5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
13. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.
1.– Eskaintza partzial/modularreko modalitatean emandako prestakuntza-moduluen dirulaguntzaren zenbatekoa konpetentzia-estandarren edo moduluen iraupenaren arabera ezarriko da.
2.– Hauek dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako konpetentzia-estandarrak edo lanbide-moduluak emateko gehieneko modulu ekonomikoak:
– Erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako konpetentzia-estandarrak edo lanbide-moduluak: 98,00 euro orduko.
– Soldadura eta galdaragintzako erdi-mailako heziketa-zikloari dagozkion «Atmosfera naturaleko soldadura» eta «Giro babestuko soldadura» lanbide-moduluei lotutako konpetentzia-estandarrak: 116,50 euro/ordu.
14. oinarria.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.
Eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:
a) Heziketa-zikloa eskaintza partzialeko modalitatean ematen hasi zen ikasturtea:
– 2021-2022: 10 puntu.
– 2022-2023: 5 puntu.
– 2023-2024: 0 puntu.
b) Ikasle kopurua:
– 12 edo gehiago: 10 puntu.
– 11 eta 7 artean: 5 puntu.
– 7 baino gutxiago: 0 puntu.
c) Diruz lagundu beharreko modulua, prestakuntza-eskaintzako C graduan sartuta.
– ez: 10 puntu.
– bai: 0 puntu.
d) 2024-2025 prestakuntza-eskaintzan diruz lagundu beharreko moduluaren D graduko C gradua emateko baimena izatea.
– ez: 10 puntu.
– bai: 0 puntu.
e) Emakumeen presentzia. 2023-2024 ikasturtean konpetentzia-estandarretan edo moduluetan matrikulatutako emakumeen ehunekoa. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.
% 100:10 puntu.
f) Euskara. D ereduan (euskara) eskatutako zikloek % 20 handituko dute gehienez lortutako puntuazio globala, gainerako irizpide aplikagarriak gehituta.
g) Berdinketa gertatuz gero, irizpide desberdinetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, 11. oinarriaren 2. apartatuan ezarritako ordenari jarraituz.
15. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen kontzeptuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira.
a) Langile-gastuak: soldata gordinak eta gizarte-segurantza enpresaren kontura.
b) Funtzionamendu-gastuak: gastu finantzagarri guztien % 30 finantzatuko da, gehienez ere. Atal honen barruan, proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuei dagozkienak eta lokalen alokairu- edo amortizazio-gastuak ezin izango dira funtzionamendu-gastu guztien herena baino gehiago izan.
Deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen gastu guztiak, hala langileenak nola funtzionamenduarenak, ez dira inola ere finantzatuko ordainketa eskuordetuaren bidez, eta ituna finantzatzeko sistema orokorraren edozein estalduratik kanpo daude.
16. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, 2024an, agindu honen 19.e) oinarrian aipatutako epea igaro ondoren, ukorik izan ez bada.
Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.
17. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta, Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketaren bidezkotasuna erabaki arteko berandutze-interesa barne):
a) Justifikatzeko edo justifikatzeko betebeharra ez betetzea, lege honetan eta, hala badagokio, dirulaguntza arautzen duten oinarrietan ezarritako baldintzetan.
b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete edo faltsutu gabe, eta dirulaguntza lortzea eragotzi dutenak ezkutatuta.
c) Dirulaguntza ematea eragin zuen helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea edo portaera hori ez hartzea.
d) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d), 14.c) eta 42. artikuluetan ezarritako kontrol-jarduketei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea.
f) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.
g) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikulutik 109. artikulura ezarritakoaren indarrez, itzulketa-beharra dakarren erabaki bat hartzea.
h) Enpresen deslokalizazio-deklarazioa, lege honen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.
2.– Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.3 artikuluan jasotako kasuan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.
3.– Onuradunaren edo, hala badagokio, erakunde laguntzailearen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetzera, eta erakunde horiek zalantzarik gabe egiaztatzen badute konpromisoak betetzeko jarduna izan dutela, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.m) artikuluan adierazitako irizpideen arabera zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.
4.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
18. oinarria.– Ebazpena aldatzea.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikulua aplikatuz, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
Era berean, dirulaguntzaren baldintzak aldatutzat joko dira, eta, beraz, dirulaguntzaren zenbatekoak aldatzeko ebazpena emango da, baldin eta, dirulaguntzaren xedea bete ondoren, erakunde onuradunak benetan gastatutako zenbatekoa emandako laguntzaren zenbatekoa baino txikiagoa bada. Agindu honetan ezarritakoaren arabera dirulaguntzaren xede diren gastuak behar bezala justifikatzen edo/eta egiaztatzen ez badira, emandako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, justifikatu gabeko gastuaren baliokidea.
Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko.
19. oinarria.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
a) Pertsona edo erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
b) Finantzatutako Lanbide Heziketako heziketa-zikloen eskaintza, modalitate partzialean/modularrean, ikastetxearen urteko planean sartuta egon beharko da.
c) Ikasketa-burutzak finantzatzen den eskaintza partziala/modularra praktikan jartzen dela zaindu beharko du, eta eskaintzaren barruko jarduerak koordinatu beharko ditu, edo eginkizun hori irakasle baten esku utzi beharko du, prestakuntza-modalitate horren koordinatzaile gisa. Hala bada, koordinatzaileak eskaintzaren garapenaren eta jarduera bakoitzaren berri emango dio aldian behin Ikasketa Burutzari, eta harekin lotutako gaiak lantzen diren zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da.
d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen du ebazpenean kontuan hartu diren inguruabarretan izandako edozein aldaketa jakinarazteko.
e) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamabost eguneko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
f) Emandako dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
g) Diruz lagun daitezkeen programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, erregelamenduz ezarritako baldintzetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.
i) Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean/modularrean emateko baimena duten erakundeen betebehar guztiak betetzea.
j) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, egiaztatu eta kontrolatu ahal diren bitartean.
k) Deialdi honen bidez diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen doakotasuna bermatzea.
20. oinarria.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
a) Pertsona edo erakunde eskatzaileek azken txosten bat egingo dute (ikus II.V. eranskina) garapenari eta emaitza partzial/modularrei buruz, baimendutako eskaintzan aurreikusitako helburuetan oinarrituta. Memoria hori bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko da, http://www.euskadi.eus/nire-karpeta/egoitza elektronikoko Nire karpeta ataletik, prestakuntza-ekintzak amaitzean.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/servicios/0050813 helbidean, «Eskaintzaren justifikazioa» izeneko eredu bat dago eskuragarri (ikus II.III eranskina). Bertan, azken txostenak izan behar duen gutxieneko informazioa adierazten da (ikus II.V eranskina).
b) Txosten ekonomiko bat izan beharko dute: egindako gastuaren laburpena, euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen «Txosten ekonomikoa» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera egina (ikus II.IV. eranskina), barnean hartuta gastu guztien zerrenda zehatza, kapituluen eta kontzeptuen arabera ordenatuta, eta fakturen eta, legez onartuta badago, emandako dirulaguntzari edo zuzkidura ekonomikoari egotz dakiokeen beste edozein frogagiriren zerrenda kronologikoa. Eranskin horrekin batera, fakturak, nominak, TC1ak, TC2ak, RNTak edo RLCak aurkeztuko dira, bai eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin finantzatu badira, justifikazioan egiaztatu beharko da funts horien zenbatekoa, jatorria eta nola aplikatu diren diruz lagun daitezkeen jardueretan.
21. oinarria.– Beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso direla jakinarazi beharko da, eta onuradunek gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartu beharko dute. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
22. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
1.– Datu pertsonalak Lanbide Heziketarekin lotutako laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Arduraduna: Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean edo modularrean eman ditzaten.
Legitimazioa:
– Interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/047400-capa2-es.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML /? uri = CELEX: 32016R0679 & from = ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php? id = BOE-A-2018-16673).
2.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak berekin dakar Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
RSS