
204. zk., 2024ko urriaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (151 KB - 3 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4798
EBAZPENA, 2024ko urriaren 15ekoa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, «René Cassin» 2024 sarirako deialdia egiten duena.
2013ko urriaren 16ko 427/2013 Dekretuak Giza Eskubideen «René Cassin» saria arautzen du. Sari horren helburua da publikoki aintzatestea irabazi asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatuen, giza eskubideen arloko jarduera nabarmena, beren jarduera eta ibilbide pertsonal edo profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen badute.
Dekretu horren 3. artikuluak aurreikusten duenez, urtero, Giza Eskubideen arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularraren Ebazpen bidez, Sariaren deialdia egingo da, eta deialdi horretan ezarriko da Sariak dakarren diru-zenbatekoa, bai eta hautagaitzak aurkezteko epea eta lekua ere.
Era berean, aipatutako dekretuaren 6.1 artikuluak ezartzen duenez, saria merezi duen pertsona edo pertsonak aukeratzeko epaimahaia eratuko da. Giza eskubideekin zerikusia duten ospe handiko 9 pertsonak osatuko dute epaimahaia, eta giza eskubideen arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez izendatuko dira.
Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, desagertutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek osatuko dute Justizia eta Giza Eskubideen Saila, Gizarte Politiketako Sailburuordetzakoak izan ezik.
Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritza da Justizia eta Giza Eskubideen Saileko organoetako bat, eta eginkizun hauek ditu, besteak beste: giza eskubideak eta bizikidetzaren kultura sustatzeko politika publikoa bultzatzea, eta giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan azaleratzen ari diren erronkei erantzuteko jarduera-programak koordinatzea.
Funtzio horiek indarrean dagoen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 20. artikuluak ezartzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.
Horregatik guztiagatik, eta urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariari dagokio 2024ko ekitaldirako sariaren deialdia egitea eta epaimahaia osatuko duten pertsonak izendatzea.
Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da (plan hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen); hori guztia sail horren webgunean eta Legegunea webgunean argitaratu da.
Jasota geratzen da deialdi hau bat datorrela Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3.b) eta 7. artikuluetan sariak emateko ezarritako xedapenekin.
Azaldutako guztiagatik, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da «René Cassin» sariaren 2024rako deialdia egitea.
Bigarrena.– Diru-kopurua.
Saria 25.000 eurokoa da.
Hirugarrena.– Izapidetze presentziala edo elektronikoa.
1.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona fisikoek bide presentziala edo elektronikoa erabili ahal izango dute. Kanal horietako edozein erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez erabili behar denik prozeduraren hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.
3.– Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0027009
4.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Hautagaitzak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, esteka honen bidez: https://www.euskadi.eus/servicios/0027009
3.– Hautagaitzak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan.
4.– Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean helbidera sartuta, edo hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 01 90 00 telefonora deituta.
Bosgarrena.– Hautagai-zerrendak eta eskatutako agiriak.
1.– Hautagaitza Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariari zuzenduko zaio, eta inprimaki normalizatuan beteko da, ebazpen honen eranskinean jasotako ereduaren arabera. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
2.– Hautagaitza horrekin batera, hauek aurkeztu beharko dira:
– Sarirako hautagaiak egindako ekarpena egiaztatzen duen txostena.
– Hala badagokio, hautagaitza egiten dutenek aurkeztutako proposatutako pertsonaren aldeko abalak edo atxikimenduak.
Seigarrena.– Epaimahaia.
Epaimahaia honela osatuko da:
Lehendakaria: Alfredo Retortillo Paniagua jauna, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzaren sailburuordea.
Kidea: Silvia Escobar Moreno andrea, Espainiako enbaxadorea 2011ra arteko Giza Eskubideei buruzko gaietarako Misio Berezian.
Kidea: Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendaria.
Kidea: María Oianguren Idígoras andrea, Gernika Gogoratuz erakundeko zuzendaria, 2010eko René Cassin saria.
Bokala: Juan José Alvarez Rubio jauna, EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna eta Zuzenbidean doktorea.
Kidea: Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria (jardunean).
Kidea: Mikel Mancisidor de la Fuente jauna, Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea.
Kidea: Manuela Mesa andrea, CEIPAZ-Centro de Educación e Investigación para la Paz zentroko zuzendaria.
Kidea: Carlos Martín Beristain jauna, Giza Eskubideetan aditua, 2020ko René Cassin saria.
Idazkaria: Jagoba Álvarez Ereño jauna, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria.
Zazpigarrena.– Araubidea.
Deialdi-ebazpen honetan aipatzen den saria hauetan xedatutakoaren mende dago: 427/2013 Dekretua, 2013ko urriaren 16koa, Giza Eskubideen «René Cassin» Saria arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia (887/2006 Errege Dekretuaren bidez, azken horren Erregelamendua onartzen da).
Zortzigarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bederatzigarrena.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 15a.
Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria,
JAGOBA ALVAREZ EREÑO.
RSS