Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2024ko urriaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4792

AGINDUA, 2024ko urriaren 9koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez berariazko merezimendu-lehiaketa baten deialdia egiten baita Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Auzitegi Patologiako zerbitzuburu lanpostu bat betetzeko.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, berariazko merezimendu-lehiaketa iragartzen da, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Auzitegi Patologiako zerbitzuburu lanpostu bat betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, 20. artikuluan, Justizia eta Giza Eskubideen Sail berriari esleitzen dio Justizia Administrazioaren jardunerako baliabideak jartzea; halaber, 12. xedapen gehigarrian ezartzen du iraungitako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek osatuko dutela Saila.

18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrak dioenez, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Jaurlaritzaren sailetako egitura eta egitekoak finkatzen dituzten arau organikoek indarrean jarraituko dute.

Urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Auzitegi Patologiako zerbitzuburu lanpostua betetzea, eskakizun bereziko lanpostu hutsa, berariazko merezimendu-lehiaketa bidez –lanpostu-zerrenda jasotzen duen eranskinean dago jasota–.

2. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Betekizun orokorrak:

Auzitegi-medikuen kidegoko karrerako funtzionarioek har dezakete parte, destinoa edozein lurralde-eremutan daukatela, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte eta lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte mantentzen badituzte.

Zerbitzu aktiboan diren funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote, harik eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian direnak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira baztertuko lehiaketan parte hartzetik. Halaber, zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioak, zerbitzu berezietara edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentziara pasatzen direnak, ez dira baztertuko.

Lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesuan zehar, egoera hauetara aldatzen badira: sektore publikoan zerbitzuak egiteagatiko borondatezko eszedentziara, interes partikularrengatiko eszedentziara, familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentziara edo behin betiko eginkizun-gabetzera.

Lehiaketan parte hartu ezin dutenak:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioak, gabetze horrek dirauen bitartean.

Interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden langileak, egoera horretan egon behar duten gutxieneko aldiak dirauen bitartean.

Nahitaezko lekualdatzearekin zigortuta daudenak. Zigorra ezarri zitzaien udalerrian destinoa lortzeko lehiaketan ezin izango dute parte hartu urte bat edo hiru igaro arte, falta astuna edo oso astuna izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren.

Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

2.– Berariazko betekizunak:

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, honako betekizun hauetako bat bete beharko da:

– Auzitegi-patologiako aditu-prestakuntza, Osakidetzaren eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren arteko azken prestakuntza-hitzarmenaren arabera.

– 4 urteko esperientzia auzitegi-mediku lanetan.

– Kudeaketa-sistemetako eta -tresnetako nahiz etengabeko hobekuntzako ezagutzak eta esperientzia.

3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko, interesdunek hamar egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideetan, datu pertsonalak eta gaur egun betetzen duten lanpostua adieraziko dituzte. Ebazpena BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Eskabideak Justizia Administrazioko zuzendariari zuzendu behar zaizkio, eta erregistro elektroniko orokorrean, Vitoria-Gasteiz, Donostia edo Bilboko EATetako sarrera-erregistroetan, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo indarrean dagoen administrazio-prozeduraren arautegiak ezarritako moduan aurkeztu behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administraziokoak ez diren funtzionarioek, gainera, hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

– Auzitegi-medikuen kidegoko karrerako funtzionarioaren izendapena.

– Jabetzan hartutako azken lanpostua hartu izanaren eginbidea.

– Kidegoan karrerako funtzionario gisa egindako zerbitzuen ziurtagiri eguneratua. Eskabideak aurkezteko epea amaitu arte zenbatuko dira egindako zerbitzuak.

Lehiaketa honetan parte hartzen duen parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezin izango dira egindako eskabideak deuseztatu edo aldatu.

Eskabideak aurkezteko aldia amaitu ondoren, egindako eskabidea loteslea izango da.

4. artikulua.– Faseak eta baremoa.

Berariazko lehiaketa honek zenbait fase ditu:

1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak egiaztatu eta baloratzea.

a) Antzinatasuna: kidegoan egindako zerbitzuengatik, bi puntu emango dira zerbitzuan egindako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzionalki zenbatuko dira (0,0055555 eguneko). Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da, eta urteak 360 egunekoak. Kontzeptu horretan, 60 puntu emango dira gehienez.

b) Euskara jakitea: lanpostuan jarduteko eskatzen den baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzen bada, gehienez 12 puntu lortuko dira, xede horretarako bakarrik.

Adierazitako jakite-maila behar bezala egiaztatu beharko da, adierazitako titulua eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofiziala edo homologazioa aurkeztuta eskabideak aurkezteko epearen barruan, baldin eta Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta autonomia-erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– Hizkuntza-eskakizunik ez duten lanpostuetarako:

2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 6 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.

4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.

2.– Bigarren fasea: berariazko merezimenduak baloratzea. Kontzeptu horretan, 43 puntu emango dira gehienez.

a) Erantzukizuneko postuak betetzeagatik erakunde sanitarioetako zerbitzuen kudeaketan edo zuzendaritzan: 0,25 puntu zerbitzu-hilabete bakoitzeko; 5 puntu gehienez.

b) Patologiako eginkizunak dituzten lanpostuak betetzeagatik, lanpostu-zerrendan ezarritakoarekin bat etorriz: 0,25 puntu zerbitzu-hilabete bakoitzeko; 10 puntu gehienez.

c) Prestakuntza espezifikoa izateagatik lanpostuaren eginkizunei dagozkien gaietan edo diziplinetan: 0,2 puntu jasotako 10 prestakuntza-orduko; 4 puntu gehienez.

Atal honetako merezimendu gisa baloratuko dira hobekuntza-ikastaroak, baldin eta unibertsitateek edo institutu edo eskola ofizialek deitu eta antolatu badituzte, edo beste entitate batzuek deitu eta antolatu badituzte eta administrazio publikoren batek homologatu baditu. Atal honetan, lanpostuarekin zerikusia duten titulu akademiko ofizialak hartuko dira kontuan, baldin eta auzitegi-medikuen kidegoan sartzeko eskatutakoez bestelakoak badira.

d) Eskatutako lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten argitalpenengatik: puntu 1 argitaratutako lan bakoitzeko; 4 puntu gehienez.

e) Memoria; 20 puntu gehienez. Bete beharreko lanpostuaren eduki funtzionalari buruzkoa izango da memoria, lanpostu-zerrendan azaltzen den informazioarekin bat etorriz, eta, batez ere, berariazko ezagutzen ataleko edukia izango da kontuan. Memoriak bi zati izan behar ditu: bata, deitutako lanpostuaren eginkizunen azterketa izango da, eta, bestea, antolaketa edo zereginak hobetzeko azterlan edo proiektu bat. Memoria horrek DIN A4 neurriko 10 orrialde izango ditu gehienez, «Arial» 11 letra-tipoan idatzita eta tarte bikoitza utzita.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean baloratuko dira merezimenduak.

5. artikulua.– Eskabideak baloratzea.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez izendatutako balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu merezimenduak.

Kide hauek izango ditu: Administrazioa ordezkatuz, lau kide; haietariko bat, gutxienez, Justizia Administrazioko funtzionario izango da. Administrazioak izendatutako langileen artetik, batzordeburua eta idazkaria izendatuko dira. Dagokion eremuan ordezkaritza handiena duten sindikatuek bi kide izango dituzte batzorde horretan.

Deitutako lanpostuaren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko kideek.

Batzordea osatzean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak aztertuko du parte-hartzaileek berariazko betekizunak betetzen dituzten, eta Batzordeari lagunduko dio merezimenduak baloratzen, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuen eta parte-hartzaileek eskabideak aurkezteko epean aurkezten duten dokumentazioaren arabera.

6. artikulua.– Adjudikazioak.

Lanpostuak adjudikatzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduak baloratu ondoren lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.

Guztizko puntuazioari begira, berdinketa izanez gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta, hala eta guztiz ere, berdinduta segituz gero, maila.

7. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi honen behin-behineko ebazpena Justizia Administrazioko zuzendariak emango du, eta aldi berean argitaratuko da bai Justiziako Langileen Atarian, bai Justiziako web-orrialdean, www.justizia.eus

2.– Behin-behineko ebazpenean, hauek adieraziko dira: adjudikaziodunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, alegatutako merezimenduen balorazioan izandako puntuazioa eta behin-behinean adjudikatutako lanpostua.

3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean.

4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela eta onartzen dituela bildutako datuak, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean adjudikatutako lanpostua.

5.– Behin-behinean emandako destinoak ez du eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

6.– Hamar eguneko epe horretan, uko egin ahal izango zaio lehiaketan parte hartzeari.

8. artikulua.– Behin betiko ebazpena.

1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hilabeteko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, 1451/2005 Errege Dekretuaren 51.3 artikuluarekin bat etorriz.

3.– Ebazpenean, destinoa adjudikatzen zaion funtzionarioaren jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.

4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak udalerriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste udalerri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan, epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Lanpostuaren jabetza hartzearekin batera zerbitzu aktibora itzultzea lortzen badu, epea hogei egunekoa izango da.

Jabetza hartzeko epea lanpostua utzi eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen. Lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan utzi beharko da lanpostua. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denetik hasiko da zenbatzen jabetza hartzeko epea.

Jabetza hartzeko epeak zenbatzen hasteko, kontuan hartuko da noiz amaitzen zaizkion funtzionarioari unean dauzkan oporrak, baimenak edo lizentziak, ez badago salbuespenezko inguruabarren bat (behar bezala justifikatua) lizentzia edo baimen horiek eteteko edo baliogabetzeko.

Jabetza hartu ondoren, jabetza hartzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.

9. artikulua.– Adjudikatutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.

2.– Adjudikatutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidezko lanpostua lortu duen funtzionarioak uko egin ahal izango dio baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, beste destino bat lortu badu deialdi publiko baten bidez; hala izanez gero, interesdunak erakunde deitzaileari jakinarazi beharko dio. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, adjudikatu zaion lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.

10. artikulua.– Zuzenbide osagarria.

Deialdi honek zehazki aurreikusten ez dituzten kontu guztietan, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa eta Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira eta, horien osagarri, funtzio publikoari buruzko legeria orokorra aplikatuko da.

11. artikulua.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean argitaratzerik ez badago, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 9an.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA
«LANPOSTU-ZERRENDA»

Saila: Justizia eta Giza Eskubideak.

Zentro kudeatzailea: Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

Destinoko zentroa: Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetza.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala