Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2024ko urriaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4781

EBAZPENA, 2024ko urriaren 11koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailaren Arautegiaren aldaketa argitaratzeko agindua ematen duena.

Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Kontseiluak 2024ko uztailaren 10eko bileran onartu zuen bere arautegia aldatzea, saileko sektoreek Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean dituzten ordezkarien osaera aldatzeko, atalen izenak eguneratzeko eta gaur egun erreferente diren arautegietara egokitzeko zenbait artikulu.

Lege Zerbitzuak aldeko txostena eman zion arautegia aldatzeko proposamenari.

Hainbat aldaketa egin behar direnez, proposatu da testu berri bat onartzea eta egungo arautegia indargabetzea.

Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.3 artikuluari jarraituz, UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio sailen arautegien aldaketak onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako eskumenak eskuordetuta, baldin eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste dute sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Horregatik guztiagatik,

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailaren Arautegiaren aldaketa, eranskinean jasotzen den moduan, onartzea.

Bigarrena.– Agintzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.

Hirugarrena.– Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailaren Arautegiaren aldaketa arautegia argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2024ko urriaren 11.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
SISTEMEN INGENIARITZA ETA AUTOMATIKA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Sistemen Ingeniaritza eta Automatika sailak Bilboko Ingeniaritza Eskolan dauka egoitza (Torres Quevedo Ingeniariaren plaza 1, 48013 Bilbao).

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Sailak sail atal hauek ditu:

a) Bilboko Ingeniaritza Eskolako sail atala.

b) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako sail atala.

c) Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako sail atala.

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Hauek izango dira Saileko Kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkari akademikoa, irakasle ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez iraunkor doktore guztiak. Sailari atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak (ordezkari bat bost kideko edo bostetik beherako multzo bakoitzeko).

Saileko Kontseiluak, aipatutakoez gain, kide hauek izango ditu:

a) Graduetako ikasleen bi ordezkari.

b) Masterretako ikasleen bi ordezkari.

c) Doktoregoko ikasleen bi ordezkari.

d) Saileko idazkari administratiboa eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen beste ordezkari bat.

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 13.1 artikuluaren zehaztapena.

Sistemen Ingeniaritza eta Automatika sailak Batzorde Iraunkorra izango du, Saileko Kontseiluko kide hauek osatua:

a) Saileko zuzendaria (batzordeko burua izango da).

b) Idazkari akademikoa.

c) Sail ataletako koordinatzaileak, egonez gero.

d) Irakasle-ikertzaileen sei ordezkari. Horietako bost irakasle ikertzaile iraunkorren artetik eta irakasle ikertzaile ez iraunkor doktoreen artetik aukeratuko dira; seigarrena, berriz, sailari atxikitako gainerako irakasle ikertzaileen artetik.

e) Ikasleen ordezkari bat.

f) Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Saileko zuzendariaren agintaldia sei urtekoa izango da, eta ezin izango da ez luzatu ez berritu.

6. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez hautetsiak beteko du lekua, 15 eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

7. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko kide titularren bat ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, hautagai zerrenda bereko hurrengo kide ez hautetsiak ordezkatuko du. Halakoetan, dena delako egoera egiaztatzen duen agiria helarazi beharko zaio saileko idazkariari, kide anitzeko organoaren bilera egin baino 72 ordu lehenago, gutxienez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzean indargabetuta geratuko da 2013ko otsailaren 1ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailaren Arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala