Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2024ko urriaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4769

EBAZPENA, 2024ko irailaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Mungiako (Bizkaia) Bolaleku konposta egiteko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2024ko ekainaren 28an, Hondakin ez-arriskutsuen zerbitzuak (HEA) Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan Mungiako (Bizkaia) Bolaleku konposta egiteko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko eskabidea aurkeztu zuen, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko uztailaren 1ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie II. eranskinean adierazitako proiektuei, bai eta I. eta II. eranskinetan ageri ez arren, zuzenean edo zeharka Natura 2000 Sareko guneetan eragina izan dezaketen proiektuei ere,

9. taldeko II. eranskineko b) epigrafean xedatutakoa betez. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen beste proiektu batzuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie: «Hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, industrialde bateko pabiloi baten barruan egikaritzen ez direnak, edo nolanahiko gaitasuna dutenak, jarduera aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada». Bolaleku konposta egiteko instalazioaren proiektua kasu horren barruan sartzen da.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Mungiako Bolaleku konposta egiteko instalazioaren proiekturako, honako hauen arabera:

A) Proiektuaren xedea da 2. kategoriako materialaren konposta egiteko instalazioaren jarduera legeztatzea. Konposta, lurrak eta substratuak modu naturalean egiten ditu, materia organikoarekin, eta gaur egun Bolaleku SAT enpresaren instalazioetan gauzatzen da.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Mungiako Bolaleku konposta egiteko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena jaulkitzen den, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorririk.

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Mungiako Emerando gaineko z.g.an kokatzen da jarduera, lehendik dagoen eraikin industrial batean, eta Mungia eta Bakio lotzen dituen BI-2101 errepidetik sartzen da bertara. Higiezina 17.475 m2-ko lurzati urbanizaezin batean dago, Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa, Trantsizioko Landa Paisaia gisa sailkatuta.

Jarduera eta ekoizpen-prozesua.

Gaur egun, enpresak konposta egiten du, eta horretarako zaldi-simaurra edo beste animalia batzuen simaurra (behiarena izan ezik) eta landare-hondakina erabiltzen ditu.

Gainerako produktuak konpost horretatik abiatuta egiten dira: substratuak, legarra eta landare-lur ongarritua. Horiek lortzeko, zohikatza, silize-hondarra, koko-zuntza, perlita eta lurra gehitzen dira, kantitate egokietan. Lehengai horien kontsumoa 3.200 m3/urte ingurukoa da, urtean 1.700 m3-ko ekoizpen-ahalmenerako.

Instalazioaren tratamendu-ahalmena honako hau da: simaurra 6.000 T/urte; lurra 6.000 T/urte. Horrek esan nahi du urtean 12.000 T tratatzeko ahalmena duela guztira, hots, 32 T/egun. Instalazio horren ekoizpen-ahalmena 15.000 t/urtekoa da.

Instalazioen eta makineriaren deskribapena.

Erdisotoan estalita dagoen 779,96 m2-ko eremu bat dago, lehengaiak sartzeko. Pabiloiaren erdialdean estali gabeko gune bat dago (1.295,58 m2-koa) hondarra biltegiratzeko eta nahasteko. Haien ondoan, Bola 3 izeneko pabiloia dago, 1.074,83 m2-ko azalera duena, eta hori ere estalitako materiala nahasteko eta biltegiratzeko erabiltzen da.

Beheko solairuko pabiloi guztiak estalita daude, eta hormigoizko edo adreiluzko fatxadak dituzte. Mendebaldean (Bola 1), hartzidura-eremua dago (1.575,36 m2); ekialdean (Bola 2), azken produktuaren biltegiratze- eta irteera-eremua (1.575,36 m2). Erdialdean, berotegi eta ontze eremu bat dago (526,93 m2), paketatzeko eta bulegoen eremu baten alboan (332.11 m2).

Instalazioan ekipo eta makina hauek erabiltzen dira, esku hartzen duten prozesuaren arabera:

– Nahasgailua: konpostatzearen hasierako fasean simaurra modu uniformean nahasteko erabiltzen da.

– Pala kargatzaileak (2): solteko materiala lekualdatzeko, prozesuaren fase guztietan.

– Orga jasotzaileak (2): azken produktua biltegiratzeko eta kargatzeko.

– Bahegailua: azken produktua prestatzeko, gero azken produktuarekin ontziratzeko.

– Bilgarria jartzeko makina: azken produktua zakuratzeko.

– Errota: bahegailuaren «errefusa» xehatzeko, ondoren berrerabiltzeko.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, jardueraren ekoizpen- edo biltegiratze-zereginen bat egiten den eremu guztiak hormigoituta daude, eta 8.500 m2 inguru hartzen dituzte.

Prozesuaren deskribapena.

1. fasea: Hondakinaren sarrera. Prozesua hasten da hainbat animalia-simaur mota nahasi (hainbat jatorri desberdinetako zaldi-simaurra ia osorik) eta nahasketara isurtzen direnean, nahasketa homogeneo bat lortzen den arte, behar izanez gero ura gehituz, beroa egiten duenean mikrobioen jarduera aerobikoari eusteko edo nahasketa oso lehorra badago umeltzeko.

2. fasea: Nahasketa-hobia. Aurreko fasean lortutako nahasketa nahasketa-hobian (kanpoaldeko andelean) biltegiratzen da.

3. fasea: Hartzidura. Nahasketa astero iraultzen diren hartzidura-piletan uzten da, eta Bola 3ra sartzen joango dira. Bertan, egunero irauliko dira, eta gutxienez 70.º C-ko tenperaturara iritsiko dira.

4. fasea: Heltzea. Nahasketa Bola 3n egongo da produktua sartzen denetik 60 bat egun inguru igaro arte, heltze-prozesua orduan osatzen baita.

5. fasea: Hoztea. Nahasketa, dagoeneko, amaituta dagoen produktu bat da: Biolurra 45.º C-tan, gutxieneko tenperaturan.

Behin Biolurra azken produktua lortzean, hainbat konposaturekin nahasten da, produktu deribatuak lortzeko. Hala, enpresak gehienez sei produktu egiten ditu:

– Biolurra. Atal honetan deskribatutako prozesuaren bidez lortutako azken produktua.

– Legarra. Biolurra eta hondarraren nahasketa.

– Landare-lur ongarritua. Biolurra, lurraren eta hondarraren nahasketa.

– Substratu unibertsala. Biolurraren, zohikatz horiaren, hondarraren, lurraren eta koko-zuntzaren nahasketa.

– Substratu profesionala. Biolurraren, zohikatz horiaren, zohikatz beltzaren eta perlitaren nahasketa.

– Substratu azidofiloak. Biolurraren, zohikatz horiaren eta zohikatz beltzaren nahasketa.

Lehengaien eta osagarrien kontsumoa.

Lehengai hauek erabiltzen dira: simaurra (zaldiarena nagusiki), landare-hondakina, hondarra, zohikatzak, lurra, perlita eta koko-zuntza. Lehengai horien urteko kontsumoa 3.200 m3 ingurukoa da, aurreikusitako 1.700 m3-ko ekoizpen-ahalmenerako.

Konposta eta gainerako produktu deribatuak egiteko ez dira konposatu kimikoak erabiltzen.

Instalazioan kontsumitzen den ura esparruaren kanpoaldean dagoen putzu batetik ateratzen da, komunetarako eta makinak edo instalazioa garbitzeko erabiltzen da. Kalkulatzen da jarduera horiek urtean 24 m3 ur inguru kontsumitzen dutela. Barruan erabiltzeko eta banatzeko, eraikinak behar diren kanalizazioak eta instalazioa ditu.

Energiaren erabilera eta kontsumoa.

Makineria martxan jartzeko energia elektrikoa (70 kW-eko potentzia instalatuarekin) eta gasolioa erabiliko dira. Gasolioa biltegiratzeko, 1.000 l-ko andela bat dago lurzoru estankoaren gainean, eta atxikipen-aska bat du. Urtean 5.700 l gasolio kontsumituko direla aurreikusten da.

Isurketak.

Ur-isuriei dagokienez, komunetan sortzen diren ur beltzak pabiloiaren kanpoaldean komunaren ondoan dagoen putzu septiko batera bideratzen dira. Putzu horretan, dekantazioaren edo sedimentazioaren bidez, solidoa eta likidoa bereizten dira, eta osagai solidoak mikrobio-jardueraren bidez digeritzen dira. Putzu septiko horrek 4,32 m3-ko edukiera du, eta urtean behin husten da.

Bestalde, hiru ur-fluxu identifikatzen dira:

– Pabiloietako estalkietan bildutako euri-urak; gehienak lurrera erortzen dira.

– Jariatze-urak eta lixibiatuak: patioetan, bideetan eta materiala eta simaurra biltegiratzeko eremuetan eroritako euri-ura.

– Instalazioan oso noizbehinka sortzen diren garbiketa-urak.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, ur-fluxu horiek instalazioko drainatze-sistemaraino eramaten dira, eta sistema horren bidez, dekantagailu eta hondar-bereizgailu gisa jarduten duen andel bateraino. Funtzionamendu-emaria 15 l/s-koa da, eta 5.000 l-ko biltegiratze-ahalmena du. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, sortutako jariatzeak biltzeko ahalmen nahikoa izango du, inguruan erregistratutako gehieneko plubiometria kontuan hartuta.

Proiektuaren memoriaren arabera, bere funtzionamenduaren ondorioz isuri atmosferiko kutsatzaileak sortzen dituen makina bakarra pala kargatzaileak eta orga jasotzaileak dira.

Bestalde, adierazi behar da jarduera CAPCA 09 10 05 01 kodearekin katalogatuta dagoela (B taldea: konposta ekoizteko instalazioak), Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren arabera. Ingurumen-dokumentuak inguruan usainagatik eragiten duen inpaktua ere aztertzen du, eta ondorioztatzen du, gertutasunagatik, etxebizitza kalteberenak instalazioaren hegoaldean daudela. Nolanahi ere, konpost-jarduerak botatzen duen usaina ez da handia izango, eta, beraz, usain txarragatik dauden kexak erregistratzeaz gain, ez da neurririk proposatzen, soilik haizeak iparraldetik jotzen duenean simaurra ez manipulatzea.

Azkenik, inpaktu akustikoaren azterketak jardueraren zarata-foku nagusiak identifikatzen ditu, eta horiek igortzen dituzten soinu-mailak deskribatzen ditu. Foku horien eragin akustikoa emisio-foku berri gisa modelizatu du, bai eta jardueraren ondorioz inguruko etxebizitzetan izatea espero diren maila akustikoak ere. Azterketa akustikoaren arabera, jarduerak lurzatiaren mugan eragindako soinu-maila 55 dB (A)-tik behera egongo da, bai eta inguruko bizitegi-eraikinetako fatxadetan erregistratutako soinu-mailak ere. Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako mugak errespetatzen dira, eta ez da zuzenketa-neurri gehiago hartzea planteatzen.

Hondakinak sortzea.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, konpost-jarduerak ez du hiri-hondakinen antzekorik sortzen. Haatik, erabilitako lehengaietatik datozen plastikozko bilgarrien hondakinak eta paletak sortuko dira, eta horiek enpresa baimenduek kudeatzen dituzte.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Mungiako udalerriko (Bizkaia) Emerando gainean egiten da jarduera. Bertara sartzeko Mungia eta Bakio lotzen dituen BI-2101 errepidetik joan behar da; eta N0300483A, N0300484Y, N0300485Q eta N0300486B katastroko lurzatiak dagozkio.

Konposta egiteko instalazioan, eremuan dauden instalazio industrialak erabiltzen dira, enpresak iraganean garatu zituen beste jarduera batzuetarako eraiki zituenak. Beraz, gainazala aldatuta dago jada, eta ez du natura-baliorik. Proiektuaren esparrua ez dago ezein gune babestutan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere. Inguruan ez dago flora- eta fauna-espezie berezirik, ez eta mehatxaturik ere. Ez da interes arkeologiko edo arkitektonikoko elementurik identifikatu.

Eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazioko Butroe ibaiaren unitate hidrologikoaren bi arro-isurialderen gainean dago (Butroe-A eta Estepona-A). Hurbilen dagoen ibai-ibilgua San Martin ibaia da, Bolalekuren instalazioetatik 100 metro ekialdera igarotzen dena, kota baxuagoan, eta BI-2101 errepideak bereizten duena. Ibilgu hori bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremu gisa identifikatzen da. Galzorian dagoen espeziea da eta hura kontserbatzeko kudeaketa-plana indarrean dago Bizkaiko Lurralde Historikoan: Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, galzorian dagoen eta babesteko neurri espezifikoak behar dituen espeziea denez gero.

Eremuaren zati handi bat bat dator Butroe ibaiaren estuarioko mantenugaien ekarpenarekiko sentikorra den guneko bilketa-eremuarekin, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera.

Bolalekuko instalazioak dauden lurzatia belardiek, eukaliptoen baso-landaketek eta hostozabalen baso natural gazteek inguratzen dute. Lurzatiaren inguruko belardiak Batasunaren intereseko 6510 habitat gisa jotzen dira, «Altitude baxuko sega-belardi elkorrak» (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). Proiektuaren xede den eremu hertsian, landaredia instalazio industrialen ondoko hondakin-eremuetara eta lurzatira mugatzen da. Nagusiki zuhaixkak eta zuhaitz-ale batzuk dituen belar-landaredia da.

Proiektuaren ingurunean ez dago naturagune babesturik edo interes bereziko espaziorik eta ez da hauteman mehatxatutako landare- eta animalia-espezierik. Halaber, ez dago kultura-ondareko elementurik.

Lurzatia mendi-hegalen eta baso-landaketen eta belardien artean dago, eta bere kalitatea murriztu egiten dute BI-2101 errepideak eta bertan dauden instalazioek. Ez dator bat paisaia-mugarri bakar batekin ere.

Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremua kategoria honi dagokio: «Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa: Trantsizioko landa-paisaia».

Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren xede den lurzatia kutsatuta egon daitezkeen lekuen inbentarioan erregistratuta ez badago ere, «Hondakinak bildu, tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa» (EJSN 2009:38) jarduerak lurzorua kutsa dezaketen jardueratzat hartzen dira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren arabera.

Proiektuan aipatzen den eremuak ez dauka beste arrisku aipagarririk; akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da, sute-arriskua txikia da eta ez dago uholde-arriskurik.

Bizkaiko errepideen foru-sareko zarata-mapen arabera (2018ko otsaila), eremuaren ekialdeko ingurua BI-2101 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barruan dago, zeinak 55-60 dB (Ld, Le) eta 50-55 dB (Ln) zarata-mailak sortzen baititu lurzatiaren ekialdeko muturrean.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Jarduera garatzen den instalazio industrialak eraikita daudenez, a priori, ez da obretatik eratorritako eraginik aurreikusten. Hala ere, hala badagokio, zuzenketa-neurrien premiak jarduketak gauzatzearen ondoriozko inpaktuak ekar ditzake, honako hauek, kasu: lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, solidoak arrastatzeagatik edo ustekabeko isurketengatik uraren kalitateari eragitea, makinak erabiltzeagatik zarata eta hautsa ateratzea, etab.

Ustiapen-fasean, inpaktu nabarmenenak honako hauek dira: zarata, usain txarrak, lixibiatuak sortzea eta ustekabeko isurketengatiko arriskuak, uren arazketa sistemek behar bezala funtzionatzen ez duten kasuetan.

Instalazioko isuri atmosferikoei dagokienez, ez dago foku konfinaturik; beraz, emisio guztiak lausoak eta hartzidura- eta heltze-prozesuetako lehengaien ondoriozko gasen eta usainen emisioak dira, bai eta birrintze-prozeduraren eta zamalanen ondoriozko partikulen emisioak ere. Baliteke konpost-jarduerak usain txarra botatzea eta eragozpenak eragitea inguruko baserri eta hiriguneei. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, konpostaje-jarduerak botatzen duen usaina ez da handia, eta, beraz, usain txarragatik dauden kexak erregistratzeaz gain, ez da neurririk proposatzen, soilik haizeak iparraldetik jotzen duenean simaurra ez manipulatzea.

Bestalde, jarduera CAPCA 09 10 05 01 kodearekin katalogatuta dago (B taldea: konposta ekoizteko instalazioak), Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren arabera. Hortaz, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena eskatu beharko dute, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak jasotako eskakizunak betez.

Landa-bideetan kamioien joan-etorriak eragin ditzakeen eragozpenak puntualak izango dira, horien zirkulazioaren maiztasuna txikia baita. Era berean, konposta eta haren deribatuak lortzeko prozesuan erabilitako makinak eta ekipoak ere (nahasgailua, pala kargatzaileak, orga jasotzaileak, bahegailua, bilgarria jartzeko makina, errota) zarata-iturri puntualak izan daitezke. Aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzak kontuan hartuta, jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako mugak beteko ditu, zarata-foku berriei eta inguruko etxebizitzetako fatxadetako soinu intzidenteari aplika dakizkiekeen mugei dagokienez, eta, ondorioz, ez da beste zuzenketa- edo babes-neurri gehigarririk planteatzen.

Ingurumenean eragin handiena izan dezaketen efluenteak garbiketa lanetan eta konposta hezetzeko lanetan sortutako jariatzeak izango dira, bai eta euri-gertakarien ondoriozkoak ere. Euri-ur garbiak eta sortutako lixibiatuak drainatze-sare berak jasoko ditu, eta sare horrek dekantatzeko eta harea kentzeko tanga batera bideratuko ditu, lurrera isuri eta berehala. Ez da beste tratamendurik planteatzen sortutako lixibiatuarentzat, ez eta ur horiek ekoizpen-prozesuetan berriz zirkulazioan jartzeko aukerarik ere. Beharrezkotzat jotzen da instalazioak jarduera-eremuetako euri-ur garbietatik datozen lixibiatuak bereiztea, eta aire zabalean dauden konpost-piletan sortzen diren jariatze-urak murrizteko neurriak hartzea. Era berean, gai horretan eskumena duen organoaren isurketa-baimena lortu beharko da.

Baliabideen kontsumoari dagokionez, instalazioak ura hornitzeko sistema bat du (hurbileko iturburu bat ponpatzen du). Ur hori komunetarako eta instalazioa garbitzeko erabiltzen da eta, tarteka, konposta hezetzeko. Justifikatzen da baliabide hidrikoak eskuragarri egotea nahikoa dela egungo eskaerei zerbitzua emateko, hargunearen mendeko gainerako biztanleen hornidura arriskuan jarri gabe, eta ura biltzeko baimena aurkezten da.

Jarduera gauzatzean hondakin ez-arriskutsuak sortzen dira, enbalajeak eta paletak erabiltzearen ondorioz, bai eta hondakin arriskutsuak ere, hala nola makinen mantentze-lanetan erabiltzen diren olioak. Emandako informazioaren arabera, palet guztiak enpresako langileek berrerabiltzen dituzte, eta enbalajeak erabiltzeagatik hilean sortzen diren 20 kg hondakinak hurbilen dagoen garbigunera eramaten dira. Halaber, adierazten da ez dela hondakin gisa kudeatu beharreko konpost soberakinik sortzen.

Konposta egitea lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa hartzen da abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea. Ondorioz, aplikagarria da ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoa: lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio berriak jarri nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek lurzoruaren egoeraren txosten bat bidali beharko dute, jarduera edo instalazioa jartzeko egin behar den baimen-eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, ingurumen-organo eskudunak, hala badagokio, lurzoruaren inguruko neurriak sar ditzan.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan dagozkion baldintzak ezarri dira proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Mungiako Bolaleku konposta egiteko instalazioaren proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak horretan txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Horrez gain, apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

Obretako jardunbide egokiak.

– Konposta egiteko instalazioa egiteko obrak hasi aurretik, obretan ezarri beharko duen jardunbide egokien eskuliburua aurkeztuko du kontratistak, obrako langileek erabil dezaten. Eskuliburu honetan hainbat alderdi landuko dira, hala nola eragin beharreko gehieneko azalera, lan-aldiak, hautsa eta zarata sortzea eta hori zuzentzeko modua, lurzorua ahalik eta gutxien okupatzea, uretarako isurketak saihestea, hondakinen kudeaketa, etab.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten lan osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatu beharko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Kontratistak honako hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.

– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

– Hala badagokio, belardi, laborantza eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren azaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu behar da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.

– Hala badagokie, makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

– Eragindako laboreak birlandatzea, hala badagokio, dagozkion kalte-ordainekin.

– Eragiten bazaie, itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (bideak, drainatzeak, etab.) eta eragindako laborantzak ordeztu behar dira.

Ustiapen-baldintzak.

– Ingurumen -organoari hondakinak jasotzeko prozesuaren eskuliburua aurkeztu beharko zaio.

– Indarrean dauden xedapenek eta arlo horietan nahitaezkoak diren baimenek ezarritako berme, segurtasun, ingurumen eta osasun baldintza guztiak betez garatuko da jarduera.

– Jarduerak animalia-jatorriko azpiproduktuen kudeaketari buruzko araudi aplikagarria bete beharko du (GKAA): 60/2012 Dekretua, apirilaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoan gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuen arloko eginkizunak antolatzeari eta banatzeari buruzkoa.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea.

– Ingurumen-organoan lurzoruaren egoerari buruzko txosten bat aurkeztu beharko da, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren II. eranskinean eskatutako gutxieneko edukiarekin (9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezartzen dituena.).

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan (biltegiratze-eragiketak eta makineria eta tratamendu-guneak garbitzea barne), beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Gai horretan eskumena duen organoaren isurketa-baimena lortu beharko da. Baimen horretan ezarritako baldintzei ezertan eragotzi gabe, instalazioetan sortutako jariatze eta lixibiatu guztiak jasotzeko sistema egoki bat izango du instalazioak. Drainatze-sistemak banatzailea izan beharko du, eta euri-ur garbiak eta jardueraren ondorioz sortutako jariatze-urak eta lixibiatuak bereizi beharko ditu; hala, ekoizpen-prozesuetan horiek berrerabiltzea erraztuko da. Lixibiatuak tratatzeko sistema sortutako isurketaren ezaugarrien arabera diseinatu beharko da.

– Aire zabaleko biltegiratze- eta konpost-eremuetan lixibiatu gutxiago sortze aldera, ekoizpen-jarduera zailtzen ez duten sistemen bidez estaliko dira.

– Instalazioaren gainazal osoak hormigoizko edo aglomeratu asfaltikozko zoladura eduki beharko du, baldintzarik onenetan, arrakalarik gabe edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskugunerik gabe.

– Erregaia hornitzeko eta makinak mantentzeko eragiketak zola iragazgaitzaren gainean egingo dira, efluenteak biltzeko sistemaren bat duten eremuetan, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ditzaten saihesteko, edo, hala badagokio, tailuetan eta instalaziotik kanpo.

– Istripuz isurketaren bat gertatzen bada, mantak edo material xurgatzaileak erabiliko dira, hala nola sepiolita, ahalik eta isuri gehien biltzeko, eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile baimenduarekin kudeatuko dira. Istripuz gertatutako isurketak lurzoruei eragiten badie, berehala bilduko da material xurgatzaileekin, eta bustitako lurzoruaren ondoan kudeatuko dira isuriak, kudeatzaile baimendu baten bidez.

Airearen kalitatea babesteko neurriak.

– Instalazioak atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena izan beharko du, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Hortaz, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena eskatu beharko dute, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak jasotako eskakizunak betez.

– AKJ baimenean ezarritako baldintzak betetzeari kalterik egin gabe, kutsatzaileak aireratzea minimizatu beharko da, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Bereziki, hauts-itxurako materialaren zamalanetan, garraioan, eta hala badagokio birrinketan, iraulketan eta pilatze-lanetan sortutako emisio lausoak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aplikatuko dira. Horretarako, neurri hauek hartuko dira aintzat:

• Bestetik, olanekin edo hautsa harrotzea eragozten duten bestelako elementuekin estali beharko dira aireko hauts kantitatea handitzea eragin dezaketen materialak garraiatuko dituzten kamioiak. Barne-trafikoaren abiadura mugatuko da.

• Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta horiek egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

• Klima-kondizio txarrak egonez gero (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez da hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerarik gauzatuko aire zabalean, eta, batez ere, ez da zurarik birrinduko.

• Eguraldi-kondizio txarretan (haize biziak edo prezipitazio oso gogorrak daudenean), ez dira pilak osatu edo irauliko.

• Aldian-aldian, instalazioak, bideak, igarobideak eta zamalanak egiteko guneak behar bezala mantendu eta garbituko dira.

– Instalazioa behar bezala kudeatuko da, ahalik eta kirats gutxien sortzeko. Hala badagokio, agintaritza eskudunak egoki iritzitako prozesuen emisioak hartzeko, kanalizatzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

Kalitate akustikoa babesteko neurriak.

– Debekatuta dago sirenak, ibilgailuetako turutak edo seinaleztapeneko beste soinu-baliabide batzuk erabiltzea, ibilgailu astunen atzera-martxa seinalatzeko izan ezik.

– Aire zabalean erabilitako makinek bete egin beharko dituzte kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuaren aginduak eta arau osagarriak. Makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Langileen artean jardunbide egokien kode bat ezarriko da, makineria behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko protokolo bat jasoko duena.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2022 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.

– Hala badagokio, egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak eragozteko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira. Kontratistak hondakinak kudeatzeko azterlanaren alderdiak xedatuko dituen plana aurkeztuko du, eta hura modu egokian egikaritzeaz arduratuko den pertsona nor izango den zehaztuko du.

– Hondeaketan soberakinak sortzen badira, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturaletarako, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balioztatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zail badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera etetea.

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluaziotik ondorioztatzen bada instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze aipagarria eragin duela eragiketen aurreko egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egin eta instalazioa kokatuta dagoen lekua lehengo egoerara itzultzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak (aurrekoen aurkakoak ez badira) eta dagozkion baimen sektorialetan ezartzen direnak ere, jarduerak eragin ditzakeen ingurumen-ondorio kaltegarrien garrantzia murrizten dutenak, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bolaleku SATek sustatutako Mungiako (Bizkaia) Bolaleku konposta egiteko instalazioaren proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 24a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala