Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2024ko urriaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4762

AGINDUA, 2024ko urriaren 3koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailean hutsik dagoen lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Etxebizitzako Arabako Lurralde Ordezkaritzan hutsik dago lurralde-ordezkariaren lanpostua (511786 kodea, 4. dotazioa). Beraz, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du agindu honen eranskinean zehazten den lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egitea. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, Irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren langileen gaietan eskumena duen Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste datu hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagupenak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen duten bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak horretarako ezarritako epearen barruan hartu behar du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du. Hala ere, zuzendariordetzetako eta lurralde-ordezkaritzetako titularren lanpostuen kasuan, lanpostua erreserbatu egingo da lehiaketa bidez edo karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu baten bidez lortu denean.

Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta lanpostuen zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke eman duen organoaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 3a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua:

– Izena: lurralde-ordezkaria (511786 kodea, 4. dotazioa).

– Kokapena: Etxebizitzako Arabako Lurralde Ordezkaritza.

– Saila: Etxebizitza eta Hiri Agenda.

– Herria: Vitoria-Gasteiz.

– Kidegoak-Aukerak-Eskalak: A taldea (EAP).

– Destino-osagarriaren maila: 29.

– Berariazko osagarria: 0-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 3.

– Derrigortasun-data: ez dauka.


Azterketa dokumentala