Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2024ko urriaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
4681

AGINDUA, 2024ko urriaren 1ekoa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako.

Doktoregoko ikasleen prestakuntza integrala bultzatzeko, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz, bai eta gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak eta berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak garatzen laguntzeko ere, Hezkuntzako sailburuaren 2024ko maiatzaren 14ko Aginduak (zeinaren bidez ezartzen baitira doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berrien eta laguntza-berritzeen deialdirako oinarriak, 2024-2025 ikasturterako) ezarri zuen laguntza berri baten onuradunek nahitaez egin behar dutela egonaldi bat nazioartean. Egonaldi horrek doktoregoaren nazioarteko aipamena lortzea erraztuko du, baita egindako ikerketa nazioartekotzea ere. Agindu horrek, 8.5 artikuluan, atzerrian ikerketa-egonaldi bat egiteko laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea dagoela ezartzen du.

Eskabidea egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, sailaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragai egongo dena, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.

Kontuan hartu da lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak betetzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia–, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) oinarrizko manuekin eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2025erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasoko duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzetarako deialdia egitea programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan doktoratu aurreko egonaldiak egin ditzaten prestakuntzan ari diren ikertzaileek. Hauxe izango da egonaldien helburua: doktoregoko ikasleen prestakuntza integrala bultzatzea, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz; gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak eta berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak garatzen laguntzea, eta nazioarteko doktoregoa lortzea erraztea.

2.– Doktore ez diren ikertzaileentzako mugikortasun-programak bi modalitate ditu:

a) A modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023-2024 ikasturteari dagokionez ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasuna, baldin eta laguntzaren lehen hiru urteetan badaude ikertzaileok.

b) B modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2024-2025 ikasturteari dagokionez ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berri baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasuna.

3.– Egonaldiak egin ahal izango dira atzerriko unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-ko jarduera duten enpresetan, baldin eta doktoratu aurreko programa aplikatzeko zentroaz bestelako hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.

4.– Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira biltzarretara, bilera zientifikoetara eta, Ikerketa Zuzendaritzaren iritziz, 1. apartatuan ezarritako helburura egokitzen ez diren bestelako egonaldietara joatea, bai eta egonaldiak egitea ere EAEn kokatuta dauden zentroetan, bizi diren probintzian, ezarpen-zentroa atzerrian duten eta prestatzen ari diren ikertzaileentzat.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honetan arautu laguntzak finantzatzeko, 465.000 euro bideratuko dira, era honetan banatuta, 1. artikuluan aipatu bi modalitateen arabera:

A modalitatea: 418.000 euro.

B modalitatea: 47.000 euro.

Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Honako hauek izango dute laguntzak eskatzea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza baten onuradun direnek.

2.– Aurretik deialdiaren xede den laguntzaren onuradun izan eta hura baliatu duten ikertzaileek, berriz, ezingo dute laguntza hau eskuratu.

3.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean daudenak:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek), esku-hartze judizialaren pean edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea betez desgaituta daudenak, oraindik ez bada igaro konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.

d) Honako lege hauetan aipatutako kasuren batean daudenak: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez dituztenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko du egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu, arrazoiak emanda, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/

Aurka eginez gero, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu onuradunak.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

h) Ebazpen irmo baten bidez zehatuta dirulaguntzak lortzeko aukera galdu dutenak, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz.

i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan adierazitako debekuren bat dutenak. Erantzukizunpeko adierazpenean (II. eranskina) daude zehaztuta debeku horiek.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen xede diren egonaldiak 2025ean hasi beharko dira, eta bat etorri beharko dute zentro hartzailearen aldi akademikoarekin edo ohiko jarduerarekin.

2.– Zentro bakar batean eta modu jarraituan 4 eta 6 hilabete arteko egonaldi bakar bat egiteko emango da laguntza.

Ikerketa-egonaldia aldi baterako etetea baimendu ahal izango da, baldin eta ikerketa-proiektua garatzen jarraitzea eragozten duten arrazoi justifikatuak badaude edo behar bezala justifikatutako osasun-arrazoiengatik edo inguruabar sanitarioengatik.

Egonaldia eten nahi izanez gero, Ikerketa Zuzendaritzari aurkeztu beharko dio eteteko eskabidea onuradunak, eta zentro hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du, bai eta tesiaren zuzendariaren eta eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariaren adostasuna ere. Etenaldia egiteko arrazoia zehaztu beharko da, eta egonaldia osatzeko data berriak adierazi.

3.– Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabidea egiteko, nahitaezkoa da inskripzio-orria erabiltzea; inskripzio-orri hori telematikoki egongo da eskuragarri, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bitartez, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173609/web01-tramite/eu/

Helbide horretatik, ikerketako informatika-aplikazioan sartuko da izangaia, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen nortasuna egiaztatuko da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasota dagoen datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez (91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integrala eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

Eskabidearekin batera, agindu honen 5. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira, eta elektronikoki baino ezin izango dira aurkeztu, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta artikulu honen 5. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez atxikitakoan, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskuratu dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeratua.

Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak.

3.– Eskabideak aurkezteko epeak.

Hauek dira eskabideak aurkezteko epeak:

1.– A modalitatea: hilabete, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– B modalitatea: 2025eko urtarrilaren 15etik otsailaren 14ra, biak barne.

4.– Eskatutako dokumentazioa.

Zerrenda honetako agiriak aurkeztu beharko dira, aplikazioaren bitartez:

a) Egonaldiaren xedea deskribatzeko memoria (bi orrialde, gehienez ere). EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidean zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.

b) Zentro hartzailearen gutun ofiziala, non egiaztatzen baita bisitaldia eskatutako egunetan egitea onartzen dela.

c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

d) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideak guztiz betetzen ez badira, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die ulertuko dela, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 12. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta asegurua.

1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 25 eurokoa izango da eguneko.

2.– Bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, taula honi jarraituko zaio:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak ezarpen-zentroa duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Joan-etorriak garraiobide publiko kolektiboetan egingo dira, baina ibilgailu partikularra erabiltzeko baimena emango da helmugara garraiobide publikoetan iristea ezinezkoa dela frogatzen bada. Aurrekoa gorabehera, norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena eman ahal izango da, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta. Egonaldia hasi baino lehen eskatu beharko zaio baimena Ikerketa Zuzendaritzari, aplikazioaren bidez. Baimen hori eskatu ezean, norberaren ibilgailuan garraiatzeak eragindako gastuak ez dira onartuko laguntza justifikatzeko unean.

Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.

Bidaia-gastuetarako ematen den laguntzaren zenbatekoak ez ditu barnean hartuko egonaldian egiten diren tokiko garraioaren gastuak.

Egonaldia egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

3.– Laguntzak eman eta gero, eta behar bezala justifikatutako kasuetan, 4.2 artikuluan adierazi den bezala, Ikerketa Zuzendaritzak aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.

4.– Asegurua: Ikerketa Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egiten diren egonaldietarako, laguntzen onuradunek, dagokien Gizarte Segurantzaren estaldura izateaz gainera, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, haientzat ere zabaldu ahal izango da bidaia-laguntzako asegurua, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori baliagarria izango da, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat.

9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste edozein laguntzarekin, salbu Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza bera, baliatzen ari dena.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Hauek izango dira batzordekideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel Alegría (batzordeburua); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz Miñón; eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, Patrizia Larrea Martínez (idazkaria). Hautaketa Batzordeak txosten bat egingo du, ebaluazioaren emaitza jasoko duena. Ondoren, organo kudeatzaileak egingo du ebazpen-proposamena; organo horrek, gainera, beste txosten bat sartuko du espedientean, zeinean adieraziko baitu onuradunek bete egiten dituztela eskatutako betekizunak, bere esku dagoen informazioaren arabera.

Proposamenetan datu hauek zehaztuko dira: onuradunen zerrenda eta dagozkien diru-zuzkidura xehatua, kreditu erabilgarriaren mugaraino, eta ordezkoen zerrenda bat.

2.– Eskabideak irizpide eta puntuazio hauen arabera barematuko dira:

a) A modalitatea:

– Eskabidea egiten den unean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emandako doktoratu aurreko laguntzaren lehen urteko onuradun direnak: 1 puntu.

– Eskabidea egiten den unean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emandako doktoratu aurreko laguntzaren bigarren urteko onuradun direnak: 2 puntu.

– Eskabidea egiten den unean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emandako doktoratu aurreko laguntzaren hirugarren urteko onuradun direnak: 3 puntu.

b) B modalitatea: eskabidea egiten den unean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emandako doktoratu aurreko laguntzaren lehen urteko onuradunak, doktoratu aurreko laguntzaren «Ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa» atalean lortutako puntuazioaren arabera. Memoria horrek honako eduki hauek izan beharko ditu, baloratzeko: proiektuaren izenburua, laburpena, aurrekariak, helburuak, metodologia eta lan-plana, interes zientifiko edo soziala eta bibliografia nabarmenena.

3.– Dirulaguntzak emateko prozeduretan, beharrezko neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

11. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Lehiaketa independente bat egingo da modalitate bakoitzerako. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 10. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskabideei baino ez zaizkie esleituko laguntzak, harik eta agindu honen 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak ematen duen ausazko zenbakia, txikienetik handienera. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

Esleipen horien ondoren bi modalitateetako batean soberako aurrekontu-krediturik badago eta bestean laguntzaren bat eman ez bada kreditua agortu delako, laguntza horiek esleituko dira geratzen den aurrekontu-kreditua agortu arte, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpenak emango ditu agindu honetako laguntzak esleitzeko eta haien zenbatekoak zehazteko –ebazpen bat modalitate bakoitzeko–, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat helaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoa erabili behar da sartzeko.

Abisu bat bidaliko da interesdunak eman duen helbide elektronikora, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.

Hargatik eragotzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri helarazi ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenerako baliorik izango.

3.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egun naturaletan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, ordezkoen zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Bi modalitateetako batean ordezkorik ez badago, ordezkoen zerrenda baduen modalitate horretako zerrendan lehenengo lekuan dagoen eskatzaileari eman ahal izango zaio laguntza.

4.– Modalitateetako baten ebazpena eman eta 3. puntuan ezarritakoa aplikatu ondoren soberako aurrekontu-krediturik badago, ordezkoen zerrendan dauden eta modalitate horretan aurrekontu-kreditua agortu delako onuradun izan ez diren eskatzaileei laguntza esleitzeko erabili ahal izango da soberakin hori.

3. eta 4. puntuetan ezarritakoaren ondorioetarako, laguntzak emango dituen organoak laguntza emateko proposamena jakinaraziko die interesdunei, 10 egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartutakoan, beka emateko ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

5.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte beren eskabideak.

6.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuen barruan dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori bukatu egin beharko da dirulaguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

8.– Emandako laguntzen zerrendak publikotasuna izan dezan, EHAAn argitaratuko da, jakinarazpen hori egin eta 6 hilabeteko epean.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute. Zehazki, eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak 10 egun naturaleko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Zentroan aritzea diruz laguntzen den denboraldi osoan. Laguntza jasotzen duen ikertzaileak etenik gabe egin beharko du bere jarduera, eta zentroko lan-egutegiak bete beharko ditu. Proiektuko zioen ondoriozko absentzia orok edo zentroaren ikerketa-beharrengatik egindako aldi baterako irteera orok zentro hartzailearen arduradunaren adostasuna beharko du, eta Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraziko zaio zergatik eta zein egunetan gertatu den.

c) Diruz lagundu den egoeraren xedea edo izaera errotik aldarazten duen gorabeheraren bat sortzen bada, horren berri ematea, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, ikuskaritza-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

d) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

f) Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.

g) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, jarduera justifikatzeko agiriak bidaltzea Ikerketa Zuzendaritzara, 15. artikuluan zehazten den moduan.

14. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio uko-egiteak, onuradunak eta tesiaren zuzendariak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egunean berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte aplikazio informatikoaren bidez:

a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: zentro hartzaileko ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak adierazi beharko dira han.

b) Egindako lanaren txosten zientifiko-teknikoa, laguntzaren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehaztuta.

c) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Ostatu-gastuen fakturak ere aurkeztuko dira, haiek ordaintzeko egindako ordainketen egiaztagiriekin batera, bai eta bidaia-gastuen eta bisa izapidetzearen fakturak ere, hauek erantsi beharko zaizkiela:

– Ostatu-kontratua.

– Garraio publikoan egindako bidaien txartelak eta fakturak.

– Bisa izapidetzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien txartelak eta fakturak.

3.– Egonaldia esleitutakoa baino laburragoa bada, mantenurako emandako laguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, indarrean den legeriarekin bat etorriz.

4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.

16. artikulua.– Ez-betetzea.

Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako kasuetako batean badaude, edo betetzen ez badituzte agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak, edo egiaztatzen bada ez dituztela betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera, hasiera emango zaio laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzultzeko prozedurari, zeina bat baitator araudiarekin, hori baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36.1 artikuluko oinarrizko araudiaren arabera aplikatu beharrekoa.

17. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, laguntza horrekin batera bestelako administrazioen edo ente publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 eta 40. artikuluetan xedatutakoarekin, bai eta 9.4.m) artikuluan eta 25. artikuluan ezarritakoarekin ere, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko eskakizunak betez gero.

Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan adierazten diren kasuetan:

a) Prozedura abiarazi eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.

b) Ikerketako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasteak eten egingo ditu oraindik egiteke dauden ordainketak, halakorik badago.

c) Alegazioak jaso ondoren edo, horretarako epean, alegaziorik egin ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ez-betetzea gertatu dela onartzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea bi hilabetekoa izango da gehienez, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Laguntza borondatezko epean itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen honetako tratamendu-jardueran sartuko dira: ikerketa sustatzeko dirulaguntzak eta laguntzak. Informazio hau barne hartuko du:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza - Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

Hartzaileak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ogasun eta Finantza Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure webgunean kontsultatu daiteke datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 1a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala