
197. zk., 2024ko urriaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (372 KB - 39 orri.)
- EPUB (825 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4650
AGINDUA, 2024ko urriaren 1ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendurako 2024ko ekitaldirako laguntza-programa arautzen eta iragartzen duena (MBT 2024).
Merkataritza-sektoreak egitura-aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta erronka nagusia kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eraldatzea da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta banaketa-bide berrien agerpen indartsua direla eta, beharrezkoa da estrategia berriak eta negozio-eredu berriak hartzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean oinarrituta.
XIII. legegintzaldiko «Ongizatean hazi» 2024-2028 Gobernu Programa bost ardatzen artean egituratzen da, eta horietatik II. ardatza «Hazkunderako eta ongizaterako eredua» da. Eredu horren inguruan egituratzen diren jardun-arloek bide emango dute, lankidetza publiko-pribatuko esparru baten barruan, Euskadiren berrindustrializazioari laguntzeko baldintzak sustatzeko, egokiro baliatuta, besteak beste, ekonomia berriak industria-sare moderno, dinamiko, garatu eta jasangarria bultzatzeko eskaintzen dizkigun aukerak; baldintza horiek, bada, modua egingo dute kalitateko enpleguaren bidez aberastasuna sortzeko eta banatzeko, zerbitzu publiko sendoei eusteko eta inor atzean geratuko ez dela bermatuko duten gizarte-politikak garatzeko.
II. ardatz horretako bederatzi jardun-arloetako batean Merkataritza eta Ostalaritzaren arloa landu da, merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko jarduera-konpromisoa nabarmenduta. Programan jasotzen den bezala, merkataritza-jarduera aberastasuna garatzeko eta banatzeko motorra da, eta funtsezko eginkizuna betetzen du Euskadiren garapen ekonomikoan eta sozialean. Hurbileko sektore horren egituratze-gaitasuna lagungarri zaio tokiko hazkunde ekonomikoari eta enplegu-sorrerari, eta funtsezkoa da, halaber, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta hurbileko produktuak bultzatzeko. Bizi dugun bilakaera teknologiko eta digital etengabearen eskaera bat da tokiko merkataritzaren bertuteak balioestea –horien artean, hurbiltasuna eta arreta pertsonalizatua–. Bestalde, eraldaketa sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak –kontuan izanda zer-nolako abiaduran ari diren gertatzen– beharrezkoa dute lankidetza publiko-pribatua, era horretara tokiko merkataritzaren eraldaketa kontsumitzaile digitalaren eta presentzialaren eskariekin bateragarri egiteko, giltzarri baita etorkizunera begira.
Konpromiso eta ekintza horiek guztiak 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategian eta 2021-2025 Merkataritza Planean garatuko dira. Hain zuzen ere, plan horren helburua sektorearen eraldaketari, modernizazioari eta gaztetzeari erantzutea da. Horrez gainera, EAEko politika komertziala bultzatu behar duen gobernantza-eredua jorratu eta eguneratu beharko da, betiere erakundearteko elkarlana eta eragile publiko eta pribatu guztien lankidetza oinarri hartuta.
2020an, COVID-19aren osasun-krisiak bereziki eragin zion merkataritza-sektoreari, eta merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktua desberdina izan arren, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 4,9ko jaitsiera metatua izan zuen aurreko urtearekiko, lan-egutegiaren baldintza homogeneoetan eta prezio konstanteetan. 2021. urtean, % 3,6ko igoera izan zuen 2020. urtearekiko, eta suspertze-zantzu horiek berretsi egin dira, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 2,9ko igoera metatua izan baitu aurreko urtearekiko.
Hala ere, COVID-19aren osasun-krisiaren ostean merkataritza-sektoreak duen egoerak, Ukrainako gerraren eragin ekonomikoak eta pixkanaka bizitzen ari garen suspertze-fasean orokortutako ziurgabetasun ekonomikoak babesa eta bultzada behar dituzte jarduera berreskuratzeko eta merkataritza-sektorea biziberritzeko.
Txikizkako merkataritzak erronka asko ditu aurrean, hala nola eskaintza kontsumo-ohituren aldaketari eta kontsumitzaile berriei erantzungo dien eskarira egokitzea; negozio-ereduen hibridazioa; merkataritza-banaketa eta hiri-ereduak; online merkataritza, etab. Horiek guztiek ezinbestekoa egiten dute sektorea sakon eta azkar eraldatzea.
Estrategian egindako planteamenduarekin batera, 2025eko Ekintza Plana hezurmamitu da; bertan, ekintzak lehenetsi eta horietarako aurrekontu-zuzkidura zehaztu da, bai programa berriak hedatzeko, bai lehendik daudenak birformulatzeko –horien artean, argiro nabarmentzen da MBTen programa–. Ekintza batzuk, hala nola Laguntza Tekniko Komertzialaren programaren birformulazioa aztertzea, 2023ko aurrekontuan zuzkitu ziren.
Hala, 2024ko ekitaldi honetan, dekretu bat hasi da izapidetzen, Merkasaretza Merkataritza Laguntzarako Puntuen Euskal Sarea sortu eta Merkataritza Laguntzarako Zerbitzuen Zorroa zehazteko. Xedapen mota hori izapidetzeko prozesuak, baina, luze jo ohi du berez, eta, horri gehituta sektoreak xedapena garatzeko duen interesa eta inplikazio handia, aurreikusitakoa baino gehiago luzatzen ari da.
Deskribatutako guztiagatik, eta aurreko deialdietan egin zen modu berean, komenigarritzat jotzen da Merkataritzako Bulego Teknikoen (MBT) sostengurako laguntza-programa martxan jartzea, eta aurrekontu-ahalegina Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Bulego Tekniko guztien funtzionamendura bideratzea. Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, Agindu honetan ezarritako baremazio-irizpideak erabiliz.
Lurralde osoan zehar banatzen diren eta sarean lan egiten duten MBTak Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-enpresei laguntzeko aktibo nagusietako bat dira, eta balio handiko lanbide-taldea osatzen dute politika publikoak koordinatzeko eta dinamizatzeko, lankidetza publiko-pribatu estua erraztuz. Sektorearekin lotutako jarduerak behar bezala gauzatzeko aholkularitza eta trebetasuna eskaintzen dituzte. Hori guztia, gainera, hiri-merkataritzaren arazoa gertutik ondo ezagututa egiten dute.
Bulego horiek, beren eginkizuna garatzean, Sailaren politiken ahalegina merkataritza-sektorerantz bideratu behar dute, dinamizazioa eta sustapena sustatuz, kudeaketa-ereduak partekatuz eta espezializazioak, sektorekoak zein zonakoak, eraginkortasunez estaliz. Alde horretatik, laguntza espezializatua eman behar dute merkataritza-banaketaren sektoreak dituen erronka berrien aurrean, zona bakoitzeko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzen eta denboran irauten lagunduko duten prozesuak sustatuz.
Programa honetan diruz lagundu beharreko jarduerek Merkataritzako Bulego Tekniko guztien funtzionamendua ahalbidetu beharko dute. Bulego horietatik, langile kualifikatuek merkataritzari laguntzeko zerbitzua emango dute, doan eta merkataritza-banaketaren sektore osoari eta haren erakundeei zuzenduta, generoaren, jasangarritasunaren eta eraldaketa digitalaren ikuspegitik.
Hori guztia Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz egingo da, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez: GJH5: Genero-berdintasuna; GJH8: Hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, baita guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: Hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: Klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: Helburuak lortzeko aliantzak.
Eta bat etorriz, halaber, 2030erako Merkataritzaren Euskal Estrategia Planarekin. Plan hori 6 eraldaketa-bektoreren edo lan-bide handien gainean egituratzen da, eta horietako bat Hiri Espazioa da. Hiri-espazioa merkataritza-politika publiko guztien bateratze eta aktibatze sinergikoaren gune bihurtu behar da; eta erakunde arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritu behar da, modu eta esperientzia berrietara irekita.
Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, zeina Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2024ko irailaren 23ko Aginduaren bidez aldatu baita eta ofizialki argitaratuta baitago egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, Sailaren webgunean eta Legegunean. Gainera, behar adina aurrekontu-kreditu du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean ezarritakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.27 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa), Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du Barne-merkataritza arloan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 18.1 artikuluaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak du arlo honen gaineko eskumena.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 3.1 artikuluak dioenez, sail horretako titularrari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan zehaztutako eskumenak eta indarreko legediak esleitzen dizkion guztiak baliatzea, Sailari dagozkion eginkizunen eta jardun-arloen esparruan.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea honako hau da: Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua sustatzeko dirulaguntzak ematea, 2024ko deialdirako. Bulego horien bidez, langile kualifikatuek laguntza-zerbitzua emango diete, doan, merkataritza-banaketaren sektore osoari eta sektoreko erakundeei, generoaren, jasangarritasunaren eta eraldaketa digitalaren ikuspegia kontuan izanda.
Bulego Teknikoen funtzionamendurako laguntzak jardun-eremuaren arabera egituratzen dira, dirulaguntza-lerro hauen arabera:
I) Zonako edo tokiko eremua.
a) Zonako edo tokiko merkatari-elkarteetan edo elkarte-taldeetan kokatutako zonako edo tokiko Merkataritzako Bulego Teknikoentzako laguntzak, horien egitekoa honako hau denean: beren jardun-eremuan doako laguntza-zerbitzua ematea merkataritza-banaketaren sektore osoari eta hark barne hartzen dituen erakundeei.
b) Udaletan, haiek sustatutako garapen-agentzietan edo -erakundeetan eta tokiko beste erakunde batzuetan kokatuta dauden Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak, horien jardun-eremuak I. eranskineko zonari dagokiona gainditzen ez badu. Izan ere, laguntza horien helburua da zonako merkataritza-sektorearen lehiakortasuna eta tokiko edo eskualdeko hiri-ekonomia areagotzen laguntzea.
II) Lurralde-eremua.
Jardun-eremua beren lurralde historikoa duten eta merkatarien enpresa-federazioetan edo -konfederazioetan kokatuta dauden Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak. Izan ere, honako hau da laguntza horien xedea: doako laguntza-zerbitzua ematea merkataritza-banaketaren sektore osoari, hark barne hartzen dituen erakundeei eta lurralde historikoko gremio-elkarte guztiei.
III) Lurraldeko gremio-eremua.
Lurraldeko gremio-eremuko Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak, horien xedea honako hau denean: lurralde historiko horretako gremio jakin bati (merkataritza-arlokoa edo hiri-merkataritzarekin lotutako zerbitzuen arlokoa) doako laguntza ematea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.000.000 eurokoak dira guztira: 1.600.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 400.000 euro, berriz, 2025eko konpromiso-kredituari. Baliabide horiek honela banatuko dira:
– Zonako edo tokiko bulegoentzako laguntzak: 1.480.000 euro (1.184.000 euro 2024rako, eta 296.000 euro 2025erako).
– Lurralde-eremuko bulegoentzako laguntzak: 440.000 euro (352.000 euro 2024rako, eta 88.000 euro 2025erako).
– Lurraldeko gremio-eremuko bulegoentzako laguntzak: 80.000 euro (64.000 euro 2024rako, eta 16.000 euro 2025erako).
2.– Aurreko apartatuan adierazitako eremuren batean aurreikusitako diru-zuzkidura agortzen ez bada, soberakina beste eremu batzuetako bulegoak finantzatzeko erabiliko da, lehentasun-hurrenkera honi jarraituz: 1. Lurralde-eremuko merkatari-federazioak, elkarte-taldeak eta merkatari-elkarteak edo elkarte mistoak; 2. Zonako elkarteak; 3. Udalak, horiek sustatutako garapen-agentziak edo -erakundeak eta tokiko beste erakunde batzuk; 4. Lurralde-eremuko gremio-elkarteak.
3.– Aurrekontu-ekitaldian eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du aipatutako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko inola ere.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako hauek izan daitezke deialdi honetan jasotzen diren dirulaguntza-lerroetan aurreikusitako laguntzen onuradunak:
I) Zonako edo tokiko eremua.
a) Merkatarien elkarteak edo elkarte mistoak, bai eta horien taldeak ere, baldin eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta beren jarduera-eremua ez bada I. eranskineko eremuari dagokiona baino handiagoa.
Hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten bestelako zerbitzuak elkartzeko aukera onartzen duten erakundeak onuradun izan daitezke, baldin eta elkartekideen artean merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduen presentzia % 50etik gorakoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan eskuragarri dauden datuen arabera.
Edonola ere, merkatari-elkarteak edo elkarte mistoak onuradun izan daitezke, betiere elkartearen sostengu ekonomikorako ekarpenak egiten dituzten 20 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte gutxienez.
Ez dira laguntzen onuradun izango EAEko hiru hiriburuetako hiri-merkataritzako plataforma gisa eratuta dauden elkarteak edo taldeak, horiek administrazioarekiko berariazko hitzarmenen xede izango baitira.
b) Udalak, haiek sustatutako garapen-agentziak edo -erakundeak eta tokiko beste erakunde batzuk.
II) Lurralde-eremua.
Nagusiki merkatari-elkartez osatuta dauden federazioak edo taldeak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta haien jardun-eremua lurralde historiko batera mugatzen bada. Erakunde horiek beren jardun-eremuko bulegoentzako dirulaguntzak baino ezin izango dituzte baliatu, eta bertako gremio-elkarte guztiei emango diete zerbitzua.
III) Lurraldeko gremio-eremua.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean egoitza duten gremioen eremuko merkatari-elkarteak edo hiri-merkataritzarekin lotutako zerbitzuak, haien jardun-eremua lurralde historiko bat bada. Erakunde horiek beren jardun-eremuko bulegoentzako dirulaguntzak baino ezin izango dituzte baliatu, eta lurralde horretako gremio zehatz osoari emango diote zerbitzua.
Edonola ere, gremio-izaerako elkarteak onuradun izan daitezke, betiere elkartearen sostengu ekonomikorako ekarpenak egiten dituzten gremioko 20 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte gutxienez.
2.– Laguntzak eskatu ahal izateko, merkatarien elkarteek, elkarte-taldeek eta federazioek behar bezala eratuta eta inskribatuta egon beharko dute dagozkien erregistroetan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuak arautuan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan, Sindikatu- eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuak arautuan.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuak arautuan, datuak araudiaren arabera eguneratuta.
Lurraldeko gremio-izaerako elkarteak edo taldeak b puntutik kanpo geratuko dira, betiere hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako zerbitzuetako profesionalak barne hartzen badituzte.
3.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordaintzeko unean.
Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean ziurtagiri telematikoen bidez egiazta ditzan Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusita dauden egoerak, tributuen eta gizarte-segurantzaren arloko betebeharrak betetzeari dagokionez. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu aipatutako aginduan adierazten den bezala.
b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.
c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).
d) Ez egotea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan ezarritako egoeraren batean.
e) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela erabaki ondoren.
f) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.
II. KAPITULUA
LAGUNTZAK
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
1.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, bulegoek merkataritza-banaketan espezializatuta egon behar dute, zerbitzuak doan eman behar dituzte eta haien jarduerek hiriko merkataritza-ekonomia sustatzea izan behar dute helburu.
2.– Ekintza-ildoen artean, honako hauek barne hartu beharko dira:
a) Eraldaketa digitalarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea.
b) Berrikuntzarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea.
c) Kudeaketaren kalitatearekiko sentsibilizatzea eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea.
d) Lankidetza-prozesuak bultzatzea, hiri-eremuetan.
e) Lankidetza-prozesuak bultzatzea, banaketa-katean.
f) Ekintzailetzaren eta enpresa-transmisioaren arloko prozesuen jarraipena egitea eta horiek bultzatzea.
g) Udalerrietan eta/edo eskualdeetan hirugarren sektoreko estrategiak bultzatzea (ostalaritza, zerbitzuak, kultura, ondarea edo beste sektore batzuk).
h) Kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzeko eta xede-publikoaren fideltasuna lortzeko ekintzak garatzea.
i) Garapen jasangarriarekin eta/edo energia-efizientziarekin lotutako estrategiak garatzea, baita autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa ezartzea sustatzen duten Energia Komunitateak sustatzea ere.
3.– Jardun-eremua zonakoa edo tokikoa, lurraldekoa edo lurraldeko gremio-eremukoa izango da, agindu honen I. eranskinaren arabera.
4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta bulegoko teknikariak kontratatzeko kostuetarako eta kontratazioak eragindako bestelako kostuetarako erabiliko dira soilik.
5. artikulua.– Exekuzio-aldia.
Diruz lagunduko den proiektuaren exekuzio-aldia 2024. urtean hasi, eta 12 hilabetez jarraian egin beharko da: horietatik hiru, gutxienez, 2024. urtean izango dira. Aurreko deialdian diruz lagundutako aldiak ez dira diruz lagunduko.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaera dutenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean nahiz haren balizko aldaeretan ezarritako epean egiten direnak.
2.– Agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, 18. artikuluan zehaztutako justifikazio-aldia bukatu aurretik benetan ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan daitezke:
a) Merkataritzako Bulego Teknikoko (aurrerantzean, MBT) teknikarien soldata-gastuak.
b) Erakundeak MBTko teknikariengatik ordaindu beharreko gizarte-aseguruak.
c) Erakundeak BGAE batean edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuetan bulegoko teknikarien alde egindako ekarpenak.
d) MBTko teknikariei dagozkien kontratu edo nominak egiteagatik sortutako zerbitzu profesional independenteen kostuak: nominak egitea; kontratuak egitea; atxikipenen ereduaren hiruhileko eta urteko betebehar fiskalak egitea; Gizarte Aseguruak egitea eta izapidetzea, eta MBTaren jarduera estaliko duen erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea.
Kanpoan geratuko dira langileari aplikagarri zaion lan-arloko legeria betetzen ez duten langile-gastuak.
4.– Gastu horiek diruz lagundu ahal izango dira MBTko teknikari izateko kontratatutako pertsonak baldintza hauek betetzen dituenean:
– Unibertsitate-titulu ofiziala.
– Lanaldi osoan kontratatuta egotea.
– Gizarte Segurantzan altan egotea, eskatzailearen erakundean, proiektua hasten den unean.
– Kontratuko kategoria profesionala bat etorriko da, halaber, eskatutako titulu akademikoarekin.
– Ordainsari ekonomikoa, gutxienez, aplikatu beharreko hitzarmenean jasotakoa izango da.
– Kontratatutako pertsonari bere eginkizuna garatzeko behar duen ekipamendu material guztia helaraziko zaio: ekipamendu informatikoa, telefonoa eta abar.
5.– Gerora sortutako inguruabarrengatik soilik onartuko da teknikariak ordeztea edo beste batzuk kontratatzea, bulego bakoitzak eman behar duen zerbitzua beteta gera dadin, eta honako kasu hauetan:
– Hasiera batean baimendutako pertsonak lanaldi-murrizketa eskatzen badu laneko eta familiako bizitza bateratzeko.
– Hasiera batean baimendutako pertsonak laneko baja hartzen badu.
– Hasieran baimendutako pertsonak kargua uzten badu.
Kontuan har dadin, 20. artikuluko 3. puntuan deskribatutako prozedurari jarraitu beharko zaio. Idazki bat aurkeztu beharko da gerora gertatu den egoera horren zergatiak azaltzeko eta hasieran diruz lagundutako baldintzak alda daitezela eskatzeko. Era berean, kontratazio berria egiten bada, kontratudun berriaren curriculum vitae-a eta kontratu berriaren kopia ziurtatua erantsi beharko dira. Gertaera horrek ez du emandako dirulaguntza handitzerik ekarriko, eta Merkataritza Zuzendaritzak egiaztatuko du.
6.– Honako hauek ez dira hartuko diruz laguntzeko moduko gastutzat:
– Joan-etorrietarako, mantenurako edo antzekoetarako gastuak.
– Lan-harremana amaitzearen ondoriozko kalte-ordainei dagozkien langile-gastuak.
– Praktikaldiko kontratuei dagozkien edo eskatutako titulazioarekin bat ez datorren lanbide-kategoria bat duten langileen gastuak.
7.– Aurreko apartatuetan aurreikusten ez den guztirako, berariaz bete beharko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoa.
7. artikulua.– Laguntza ekonomikoen zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoak bulegoaren zerbitzua beteko duen pertsona urtebetez lanaldi osoan kontratatzeko kostuen % 90era arte estal dezake. Edonola ere, bulego bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa ez da 40.000,00 eurotik gorakoa izango.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei eta 40.000,00 euroko zenbatekoari % 90eko ehuneko-indizea aplikatu, eta bi kopuru horietan txikiena izango da emango den dirulaguntzaren zenbatekoa.
8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein laguntzarekin, betiere helburua berbera baldin bada.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio publiko edo erakunde pribatu edo publiko batzuetatik eskuratutako laguntzak edo dirulaguntzak batuta.
3.– Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen (edo ez) azaltzeko, eta oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideen zenbatekoa ere adierazi beharko da.
4.– Gehiegizko finantzaketa gertatuko balitz, agindu honen bidez emandako laguntza murriztuko da, gehiegizko zatiaren zenbatekoan.
5.– Agindu honen babesean lortutako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango aurreko deialdian diruz lagundutako aldiekin.
6.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak, estatu kideen arteko merkataritza-trukeei eragiten ez dietenez, ez dira estatu-laguntzatzat hartuko, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, eta, beraz, ez zaie aplikatuko 107.1 artikuluan ezarritakoa.
9. artikulua.– Bulegoen jarduna.
Merkataritzako Bulego Teknikoek, dirulaguntza jaso ahal izateko, agindu honen I. eranskinean ezarritako jardun-eremuetako bat izan beharko dute.
Edonola ere, doako zerbitzua eskainiko diete beren eremuko saltoki eta hiriko merkataritza-jardunarekin lotutako zerbitzu guztiei, bazkideak izan zein ez, bai eta beren jardun-eremuko elkarteei ere, hala eskatzen badute.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, eta agindu honen 19. artikuluaren k) letran ezartzen den bezala, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da, eta emakumeen eta gizonen rolei dagokienez erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko da.
10. artikulua.– Bulegoen kopurua.
Gehienez, 50 merkataritzako bulego teknikori emango zaie dirulaguntza, eta I. eranskinean adierazitako moduan banatuko dira.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
11. artikulua.– Eskabideen aurkezpena eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hura argitaratzen denetik hilabetera amaituko.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
3.– Eskabidea eskuratu eta betetzeko bide bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jotzea izango da. Helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1026911
Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri.
Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko gaitasun legala duen pertsona edo erakundearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira.
6.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:
– Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/); edo:
– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua; eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.
Ordezkariak identifikaziorako bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
7.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
8.– Eskabidean jasoko den erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira:
a) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu diren, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik.
b) Erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen arloan abian den inongo itzultze- edo zehapen-prozeduratan.
c) Erakunde eskatzaileak ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
d) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan erakunde onuradun izateko aurreikusten dituen egoeretatik ezeinetan.
e) Ez dagoela Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4.5 eta 4.6 artikuluetan aurreikusitako debeku-egoeretan. Gainera, ez du inskribatzeko administrazio-prozedura geldiarazita eduki behar ebazpen judizial irmoa ematen ez den bitartean, ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak aurkitu direlako (1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikulua).
9.– Subjektu onuradunaren kalifikazioa lortzeko, ezinbestekoa izango da laguntza eman aurretik zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzakoak egunean edukitzea eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea; halaber, egoera horretan egon beharko da emandako dirulaguntza guztiz likidatzen den arte. Hortaz, hala dirulaguntza ematean nola dagozkion ordainketak egitean egiaztatuko da horiek guztiak betetzen direla.
Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean ziurtagiri telematikoen bidez egiazta ditzan Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusita dauden egoerak, tributuen eta gizarte-segurantzaren arloko betebeharrak betetzeari dagokionez. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu aipatutako aginduan adierazten den bezala.
10.– Era berean, eskabidea egin duen erakundeak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.
11.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, erakunde eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, dagokion araubidearen arabera.
12.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen agindu arautzailean zehaztutako eskakizunak.
12. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Honako hau da eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Dirulaguntzetara aurkeztutako jarduketa-proiektuaren memoria eta lan-plana, II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera.
b) Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, kasuan kasuko organo eskudunak hartutako erabakiaren ziurtagiria.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiri eguneratua.
d) Merkataritzako elkarte, talde edo federazioko idazkariaren ziurtagiria, gehienez ere eskabideak hasteko epea baino hilabete bat lehenago egina, bazkideen zerrenda barne duela. Enpresen zerrendan, titularrak generoaren arabera bereizita agertu behar dute, eta azken ekitaldian bildutako kuotak, banakatuta.
e) 2024ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuak, behar bezala banakatuta, eta 2023ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen kontuak, bazkideen kuotaren zenbatekoa ere zehaztuta. Udalen eta horiek sustatutako garapen-agentzien eta -erakundeen eta tokiko beste erakundeen kasuan, merkataritzaren eremuari buruzkoak izango dira dokumentu horiek.
f) Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, gehienez ere eskabideak hasteko epea baino hilabete bat lehenago egina, erakunde eskatzailearen gobernu-organoaren osaera egiaztatzen duena, generoaren arabera banakatuta.
g) Beste erakunde batzuekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak. Merkatarien elkarte, elkarte-talde eta federazioen kasuan, erakunde publikoekiko hitzarmenak. Udalen, garapen-agentzien eta tokiko beste erakunde batzuen kasuan, tokiko merkataritza-elkarteekiko hitzarmenak (merkatarien elkarteak, elkarte-taldeak eta federazioak).
h) Bulegoko teknikarien curriculum vitae-a.
i) Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzak egina, lan-esperientzia egiaztatzeko.
j) Euskararen ezagutzaren egiaztapena, hizkuntza-ziurtagiriak emateko baimena duen erakunde ofizial batek emandako tituluaren edo ziurtagiriaren kopiaren bidez.
k) 6. artikuluko 4. puntuan eskatzen den titulu akademikoaren kopia edo Unibertsitate-titulu ofizialak emateari buruzko abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluaren araberako behin-behineko ziurtagiri osagarria.
l) Balora daitezkeen beste titulazio ofizial batzuei dagokien titulu akademikoaren kopia edo Unibertsitate-titulu ofizialak emateari buruzko abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluaren araberako behin-behineko ziurtagiri osagarria.
m) Berdintasunaren arloko ekintza zehatzak gauzatu izana egiaztatzeko dokumentazio baloragarria (14. artikuluaren 2. puntuaren E.2 apartatuaren arabera).
n) Ingelesaren eta/edo frantsesaren ezagutzaren egiaztapena, hizkuntza-ziurtagiriak emateko baimena duen erakunde ofizial batek emandako ziurtagiriaren edo tituluaren kopiaren bidez.
o) Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan identifikatutako administrazio-ziurtagiri positiboak.
2.– c), i), j), k), l) eta o) puntuetan eskatzen den dokumentazioa bakar-bakarrik eskatuko da baldin eta eskatzailea organo kudeatzaileak dokumentazioa zuzenean jasotzearen aurka baldin badago.
c) puntuan, dokumentua aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan inskribatuta egonez gero.
k) eta l) puntuetan, atzerriko titulazioa bada, homologatu edo aitortu egin beharko da, eta hori justifikatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da.
Udalei, horiek sustatutako garapen-agentziei edo -erakundeei eta tokiko beste erakunde batzuei ezingo zaie eskatu c) eta d) puntuetan eskatzen den dokumentazioa.
a) puntuan eskatutako dokumentazioa konfidentziala izango da.
3.– Erakunde eskatzaileek administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez aurkezteko eskubidea dute, betiere, kontuan izanik Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren Azken Xedapenetako 12.ak zein idazketa eman dien Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. eta 3. apartatuei. Horretarako, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du dokumentu horiek zer administrazio-organori eta noiz eman zizkion. Salbuespenez, administrazio publikoek ezin badituzte bildu aipatutako dokumentuak, berriz ere aurkezteko eskatu ahal izango zaio eskatzaileari.
4.– Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzak beste edozein dokumentu eta/edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du (Hirugarrenen Erregistro Elektronikoa). Alta emateko edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ Bankuko datu horiek aktibo egongo dira laguntzaren ordainketak egin arte, hala badagokio.
6.– Bulegoaren harremanetarako datuak webgunean argitaratuko dira, zerbitzurako sarbidea emateko, merkataritza-establezimenduei eta hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten zerbitzuei.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eta dokumentazioan akatsak zuzentzea.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak antzematen badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasunik ezaren bat dagoela, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea zuzentzeko edo eskatzen zaizkion dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusi moduan eman beharko den ebazpenaren bidez.
2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak (espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
3.– Zuzentzeko errekerimenduaren jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den erakunde interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
14. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da, halakotzat hartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan aurreikusitako prozedura.
Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak baloratuko dira eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko, agindu honek I. eranskineko zona bakoitzerako ezartzen dituen hautaketa- eta balorazio-irizpideak kontuan harturik.
2.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideak ondoko irizpide eta haztapenen arabera baloratuko dira (guztira, 100 puntu jaso ahal izango dituzte):
A) Proposatutako jarduketa-proiektua: 50 puntu, gehienez.
Jardueren kalitatea eta Aginduaren 4.2 artikuluan adierazitako ekintza-ildoekin bat-etortzea:
a) Eraldaketa digitalarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea: 6 puntu, gehienez.
b) Berrikuntzarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea: 6 puntu, gehienez.
c) Kudeaketaren kalitatearekin lotutako prozesuak sentsibilizatzea eta bultzatzea: 5 puntu, gehienez.
d) Lankidetza-prozesuak bultzatzea, hiri-eremuetan: 5 puntu, gehienez.
e) Lankidetza-prozesuak bultzatzea, banaketa-katean: 5 puntu, gehienez.
f) Ekintzailetzaren eta enpresa-transmisioaren arloko prozesuen jarraipena egin eta horiek bultzatzea: 6 puntu, gehienez.
g) Udalerrietan eta/edo eskualdeetan hirugarren sektoreko estrategiak bultzatzea (ostalaritza, zerbitzuak, kultura, ondarea edo beste sektore batzuk): 5 puntu, gehienez.
h) Kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzeko eta xede-publikoaren fideltasuna lortzeko ekintzak garatzea: 6 puntu, gehienez.
i) Garapen jasangarriarekin eta/edo energia-efizientziarekin lotutako estrategiak garatzea, baita autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa ezartzea sustatzen duten Energia Komunitateak sustatzea ere. 6 puntu, gehienez.
Jarduera bakoitza banan-banan baloratuko da honako irizpide hauen arabera, eta jarduera-ildo bakoitzean proposatutako ekintza guztien batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da:
a) Aurkeztutako jardueren kalitate teknikoa.
Aurkeztutako dokumentazioaren kalitatea, azalpena eta erabilitako parametro teknikoak baloratuko dira.
b) Proposamena konpondu nahi den arazoari eta/edo premiari irtenbidea emateko egokia eta komenigarria den.
Honako alderdi hauek baloratuko dira: arazoaren edo beharraren azalpena, diagnostikoa, konpondu nahi diren arazoa eta premiak argi identifikatzen diren eta ekintzak nolako eragin positiboa izango duen arazoan edo beharrean, osotasunean edo partzialki.
c) Jarduketen ebaluazioa eta kontrola.
d) Dedikazioa eta inplikazioa.
B) Proposatutako egoitza: 8 puntu, gehienez.
B.1.– Proposatutako egoitzaren merkataritza-dentsitatea: 5 puntu, gehienez.
– Atal honetako puntuazioa kalkulatzeko, honako tarte hauek aplikatuko dira, bulego teknikoaren egoitza gisa aukeratutako udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientearen arabera, V. eranskinari jarraituz:
(Ikus .PDF)
– Tokiko edo zonako bulegoetarako hautagai diren eskabideen kasuan, atal honetako puntuazioa gehienez puntu 1 handituko da, proiektua eremu bereko beste udalerri batzuekin lankidetzan proposatzen bada (beste udalerri batzuetako elkarteak, beste udalerri batzuetako toki-erakundeak, mankomunitateak edo udalerri anitzeko garapen-eragileak, besteak beste).
B.2.– Kokalekuaren hurbiltasuna eta irisgarritasuna: 3 puntu, gehienez.
a) Kalean bertan: puntu 1.
b) Merkataritza-ingurunea: puntu 1.
c) Kanpotik ikusteko eta identifikatzeko modukoa: puntu 1.
C) MBTko teknikariak: 18 puntu, gehienez.
C.1.– Hizkuntzak: 8 puntu, gehienez.
a) Euskara: 4 puntu, gehienez.
i) 4 puntu, C2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
ii) 3 puntu, C1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
iii) 2 puntu, B2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
iv) 1 puntu B1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
b) Ingelesa: 2 puntu, gehienez.
i) 2 puntu, C2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
ii) 1,5 puntu, C1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
iii) 1 puntu, B2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
iv) 0,5 puntu, B1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
c) Frantsesa: 2 puntu, gehienez.
i) 2 puntu, C2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
ii) 1,5 puntu, C1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
iii) 1 puntu, B2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
iv) 0,5 puntu, B1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.
C.2.– Lehentasunezko unibertsitate-titulu ofiziala: puntu 1.
6. artikuluko 4. puntuan eskatutako unibertsitate-titulua lehentasunezkoa bada, hau da, Gizarte Zientzien edo Zientzia Juridikoen adarrekoa, merkataritzaren eta enpresaren arlokoa.
C.3.– Beste titulu ofizial batzuk: 1 puntu, gehienez.
i) 0,1 puntu, merkataritzaren eta enpresaren arloko goi-mailako prestakuntza-zikloko titulazioengatik.
ii) 0,25 puntu, 6. artikuluko 4. puntuan eskatutako baldintza gisa egiaztatutako titulazioaz gain aurkeztutako unibertsitate-titulu bakoitzeko.
iii) 0,5 puntu, master ofizialeko titulu bakoitzeko.
ii) eta iii) ataletako puntuazioa bi bider handituko da Gizarte Zientzien edo Zientzia Juridikoen adarreko lehentasunezko unibertsitate-titulu ofizial bat bada, merkataritzaren eta enpresaren arlokoa.
C.4.– Laneko esperientzia: 8 puntu, gehienez.
i) 0,5 puntu, MBT bati atxikitako merkataritza-teknikari gisa egindako urte bakoitzeko.
ii) 0,25 puntu, merkataritza-sektoreko edo hari lotutako arloetako esperientzia-urte bakoitzeko. MBT batean merkataritza-teknikari gisa egiaztatutako urteak ez dira zenbatuko merkataritza-sektoreko esperientzia gisa.
D) Lankidetza publiko-pribatua eta jarduera-eremuko erakundeen proiektuarekiko inplikazioa: 8 puntu, gehienez.
i) 1 puntu, aurkeztutako hitzarmen bakoitzeko; 4 puntu, gehienez.
ii) Lankidetza-egituraren sendotasun-maila: 4 puntu, gehienez.
Merkatarien elkarte, elkarte-talde eta federazioen kasuan, erakunde publikoekiko hitzarmenak bakarrik hartuko dira kontuan. Udalen, haiek sustatutako garapen-agentzien eta -erakundeen eta tokiko beste erakunde batzuen kasuan, tokiko merkataritza-elkarteekiko (merkatarien elkarteak, elkarte-taldeak eta federazioak) hitzarmenak bakarrik hartuko dira kontuan.
E) Proiektuan genero-ikuspegia sartzea: 10 puntu, gehienez.
E.1.– Proiektua genero-ikuspegia kontuan harturik planifikatu, garatu eta ebaluatzea: 5 puntu, gehienez.
i) Puntu 1, gehienez, erakundearen eginkizunean, ikuspegian eta/edo helburu estrategikoetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egitea kontuan hartzeagatik eta barneratzeagatik.
ii) 2 puntu, gehienez, genero-ikuspegia proiektu osoan zeharka txertatzeagatik.
iii) 2 puntu, gehienez, aplikatutako berdintasun-neurriak neurtu eta ebaluatzeagatik.
E.2.– Berdintasunaren arloko ekintza zehatzak garatzea: 0,5 puntu, honako kontzeptu hauetako bakoitzeko (3 puntu, gehienez):
i) Proiektuan, sektoreko bere jardun-eremuko emakumeen eta gizonen berdintasun-egoerari buruzko diagnostikoa edo analisia egitea edo diagnostiko edo analisi hori egitea proiektuaren parte gisa sartzea.
ii) Sektoreari zuzendutako berdintasun-arloko prestakuntza-ikastaroren bat ematea edo erakundeak sustatutako sektoreko prestakuntzetan genero-ikuspegia zeharka sartzea.
iii) Sektorean matxismoarekin, sexu-joerarekin edo genero-identitatearekin lotutako indarkeria saihesteko eta horri aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak lantzea eta zabaltzea.
iv) Sektorean genero-hizkuntza erabiltzeko protokolo espezifiko bat onartzea eta zabaltzea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzeko, eta, hala, estereotipo sexistak saihestu ez ezik, berdintasunaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta genero-rolen eta -identitateen aniztasunaren balioetan oinarritutako irudi bat sustatzeko.
v) Erakundean genero-hizkuntza eta berdintasunezkoa erabiltzeko protokolo espezifiko bat onartzea eta zabaltzea, eta, horren ondorioz, proiektua edo jarduketa gauzatzerakoan sortzen den dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan hizkera ez-sexista erabiltzea, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestea, eta berdintasunean, presentzia orekatuan, aniztasunean, erantzukidetasunean eta genero-rolen eta -identitateen aniztasunean oinarritutako irudi bat bultzatzea.
vi) Proiektua egikaritzen duten langileentzat edo sektorekoak eta bere jardun-eremukoak diren pertsonentzat bizitza pertsonala, lana eta familia uztartzeko neurriak diseinatzea, ezartzea eta aplikatzea.
vii) Emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna sustatzen eta bermatzen dituzten aurrekoak ez bezalako ekintzak sartzea.
viii) Emakumeen ahalduntzea bultzatzen eta babesten duten eta/edo emakumeak proiektuetan inplikatzea sustatzen duten eta/edo haien berdintasunaren alde egiten duten ekintzak sartzea.
ix) Emakume-elkarte batekin edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko helburu espezifikoa duen erakunde batekin lankidetza-ekintzak egitea.
x) Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko Lankidetza Erakunde izendapena izatea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok egina.
xi) Berdintasun-plan bat edukitzea, legez horretara behartuta egon gabe.
E.3.– Erakunde eskatzailearen gobernu-organoko kideen artean genero-parekotasuna dagoela egiaztatzea: 2 puntu, emakumeak % 40 edo gehiago badira.
F) Egindako gastua bazkideen kuoten bidez ordaintzea: 6 puntu, gehienez.
(Ikus .PDF)
Erakunde eskatzaileen izaera juridikoa desberdina den zonetan, guztiei puntuazio bera emango zaie, irizpide bateratuak erabiltzeko.
3.– Nahitaezkoa izango da gutxienez ekintza bat aurkeztea honako jarduera-ildo hauetako bakoitzerako: a) Eraldaketa digitalarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea, eta i) Garapen jasangarriarekin eta/edo energia-efizientziarekin lotutako estrategiak garatzea, baita autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa ezartzea sustatzen duten Energia Komunitateak sustatzea ere.
4.– A atalean gutxienez 25 puntu eta irizpide guztien baturan 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskabideek soilik jaso ahal izango dute dirulaguntza.
5.– Aurkeztutako proiektuko ekintza bakar bat ere ez da baloratuko «A.– Jardueren kalitatea eta Aginduan adierazitako ekintza-ildoekiko bat-etortzea» ataleko apartatu batean baino gehiagotan, eta ezingo dira zatitu proposatutako ekintzen kopurua handitzeko.
6.– Balorazio onena atera duten eskabideek jasoko dute dirulaguntza, balorazio horren ondorioz atera den ordenaren eta puntuazioaren arabera, zona bakoitzerako deitutako bulegoen kopurua osatu arte. Zona jakin baterako deitutako bulego guztiak esleitzen ez badira, sobera daudenak 2. artikuluko 2. puntuan ezarritako irizpidearen arabera banatuko dira.
7.– Dirulaguntzen zenbatekoa 7. artikuluan deskribatutako prozeduraren arabera erabakiko da, ezarritako gehieneko dirulaguntza-zenbatekoak eta aurrekontu-zuzkidurak errespetatuz.
15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Ebaluazio-batzorde batek espedienteak aztertuko ditu, arau erregulatzailean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, 14. artikuluan jasotako irizpide eta haztapenen arabera baloratuko ditu, eta prozedura ebazteko proposamena egingo dio eskumena duen organoari, eman beharreko laguntzak eta ukatu beharreko eskabideak jasota.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzari atxikitako bost pertsona hauek osatuko dute ebaluazio-batzordea:
– Merkataritza Zuzendaritzako Antolamendu, Sustapen eta Lehiakortasuneko arduraduna izango da batzordeburu. Haren ordezkoa Merkataritza Zuzendaritzako teknikari bat izango da.
– Merkataritza Zuzendaritzako 3 teknikari.
– Merkataritza Zuzendaritzako teknikari bat izango da idazkari (botorik gabe).
Eskabideak I. eranskinean adierazitako zona bakoitzerako baloratu ostean, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Merkataritza Zuzendaritzako titularrari. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzaileen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
16. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko eta argitaratzeko modua.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira. Merkataritza Zuzendaritzako titularrari dagokio horiek ebatzi eta jakinaraztea, ebaluazio-batzordearen proposamenari jarraituz.
2.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jakinarazitzat emango da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Honako hau da iragarki-taulan sartzeko helbidea: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Argitalpenaren komunikazio elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
3.– Lau hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta aurreko apartatuan adierazitako argitalpena egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
4.– Laguntza emateari buruzko ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
5.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman edo, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da 11. artikuluko 9. puntuan ezarritako betebeharrak betetzea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
6.– Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.
17. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Honela ordainduko dira dirulaguntzak:
a) Lehen ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 80, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren egingo da, 19.a) artikuluan aurreikusitako epea igarotzean, tartean berariaz dirulaguntzari uko egin ez bazaio. Erakunde onuradunak aldez aurretik aurkeztu beharko du zerbitzua emateko kontratuaren kopia, dirulaguntza emateko jakinarazpena iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epean gehienez ere, eta diruz lagundutako epe osoan zehar egon beharko da indarrean.
b) Bigarren ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 10, erakunde onuradunak sei hilean behingo jarraipen-memoria aurkeztu ondoren egingo da, 19.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Gainerako zenbatekoa, hau da, emandako dirulaguntzaren % 10, emandako dirulaguntza 18. artikuluaren arabera justifikatu eta likidatu ondoren ordainduko da, hala badagokio eta emandako dirulaguntzaren zati bat itzultzea ekarriko lukeen gutxitzerik eragiten ez badu.
d) Ordainketa horiek egiteko, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar ditu, eta dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak bete behar ditu dirulaguntzak irauten duen aldi osoan.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikaziora sartzea eta berori betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/.
2.– Deialdi honetako justifikazio-agiriak jasotzeko epea dirulaguntza jaso duen jarduera amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan amaituko da, eta, edozein kasutan, 2025eko azaroaren 30a baino lehen. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, 10 egun balioduneko epe luzaezina emango zaio erakunde onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Justifikazioa ezarritako epean aurkezten ez bada, ez-betetzea gertatuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza itzuli beharko da, bai eta berandutze-interesak ere, 698/1991 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako administrazio-espedientearen izapidetzea egin ondoren (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta obligazioak ezartzen dituena).
3.– Erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Justifikazio-formularioa, VI-A eranskinean ezarritako ereduaren arabera.
b) Eskabidean aurkeztutako aginte-taula, IV. eranskinean ezarritako formatuaren arabera, eguneratuta eta eskabidean ezarritako helburuen betetze-maila adierazita.
c) Eskabidean aurkeztutako kronograma, III. eranskinean ezarritako formatuaren arabera, eguneratuta eta eskabidean ezarritako helburuen betetze-maila adierazita.
d) Egindako izapideen laburpen-taula, VI-B eranskinean ezarritako ereduaren arabera.
e) Diruz lagundutako jardueraren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, VI-C eranskinean ezarritako ereduaren arabera.
f) Proiektuaren garapenari buruzko memoria laburtua, diruz lagundutako jarduerak benetan egin direla egiaztatzeko. Hasieran aurkeztutako proiektuarekiko desbideratze oro justifikatu beharko da, bai eta proiektuaren bidez lortu nahi ziren helburuen ebaluazioa eta betetze-maila ere.
g) Proiektuaren gastu guztien egiaztagiriak eta gastu bakoitzaren ordainketaren egiaztapena.
i) Bulegoko teknikarien nominak. Proiektua gauzatu bitartean teknikariak aldi baterako ezintasun-egoeran badaude, langileen izen-zerrenda (RNT, lehengo TC2) aurkeztu beharko da.
ii) Kotizazioen likidazioaren ordainagiria (RLC, lehengo TC1).
iii) Aurkeztutako PFEZaren aitorpenak.
iv) BGAEei edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuei egindako ekarpenak.
v) Profesional independenteen fakturak.
h) Eskabidea aurkeztu ondoren xede bererako lortu diren beste laguntza edo dirulaguntza guztien zerrenda.
i) Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan identifikatzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak, baldin eta eskatzaileak aurka egiten badio kudeaketa-organoak zuzenean agiri horiek eskuratzeari.
4.– Kasu guztietan, finantzatutako jarduerari lotutako beste edozein agiri aurkeztu beharko da, baldin eta Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen badu eta justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.
5.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, justifikatutako gastuak aztertuko dira, eta egiaztatuko da laguntzaren xede diren jarduketen gauzatze egokiak agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen dela.
6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren erakunde onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.
7.– Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, Merkataritza Zuzendaritzako titularrari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.
8.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritza Zuzendaritzako titularrak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren. Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta indarreko araubideak zehaztutako beste xedapen aplikagarri batzuetan ezarritako betebeharrak:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hori dela eta, dirulaguntza eman zaiela argitaratu eta hamar egun naturaleko epean erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea eta aurkeztutako proiektua esleitutako eremuan gauzatzea.
c) Esleituta duten eremuko elkarte eta merkatari guztiei doan zerbitzu ematea. Zentzu horretan, ez da beharrezkoa izango merkatariak eta/edo elkarteak elkarte onuraduneko bazkideak edo kideak izatea, onuradunak eskaintzen dituen eta agindu honen xede diren zerbitzuak eskuratzeko. Era berean, erabiltzaileek arreta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eta horiek erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.
d) Bulego teknikoak epealdi horren barruan egindako jarduera zehatzak, planteatutako helburuen lorpenean egindako aurrerapausoen balorazioa eta hurrengo seihilekoari begira ekintzen birbideratze posible bat jasotzen dituen laburpen-txosten bat aurkeztea, eskabideen aplikazio informatiko bera erabiliz, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bitartez eta lehen seihilekoa amaitu osteko 10 egun baliodunen barruan. Memoriarekin batera, lan-planaren kronograma eta aginte-taula eguneratuak aurkeztu beharko dira, III. eta IV. eranskinetan ezarritako formatuen arabera, eskabidean aurkeztutako proiektuaren aurrerapen-maila adieraziz; horrez gain, ordura arte egindako izapideen laburpen-taula aurkeztu beharko da, VI-B eranskinean ezarritako formatuaren arabera egina.
e) Merkataritza Zuzendaritzak deitzen dituen bileretara, hitzaldietara eta prestakuntza- edo teknifikazio-ikastaroetara joatea, kontratatutako teknikariaren bitartez, gainerako bulegoekin esperientziak eta jardunbide egokiak trukatu ahal izateko.
f) Dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean aldaketaren bat izan bada, Merkataritza Zuzendaritzari horren berri idatziz ematea, eskabidea egiteko unean nahiz ondoren, aldaketa hori eragin duten inguruabarrak gertatu aurreko 10 egun balioduneko epean, gehienez ere.
g) Dirulaguntza emango duen erakundeari egiaztatzea laguntza jasotzeko eskakizun eta baldintza guztiak betetzen direla, eta gauzatu dela dirulaguntza emateko edo baliatzeko arrazoia izan den jarduera, 18. artikuluak zehaztutakoaren arabera.
h) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.
i) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.
j) Lan-arloko araudia betetzea, baita aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa ere, halakorik bada.
k) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan eta Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetzea, eta 1/2023 Legegintzako Dekretuak Administrazioaren laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak onartzea. Zehazki, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako egintzetan ez da hizkera sexistarik erabiliko, eta emakumeen eta gizonen rolei dagokienez erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko da. Halaber, emakumeen eta gizonen egoeran izandako eragina ezagutzeko, dirulaguntzak emateko ezarritako betebeharrak betetzen direla justifikatzeko memorietan, emandako zerbitzuaren onuradunei edo azken erabiltzaileei buruzko informazioa sexuaren arabera banatuta jasoko da.
l) Entitate onuradunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluan adierazten den publizitate-betebeharra betetze aldera, laguntzen deialdi honetan lortutako dirulaguntzaren berri emango diote publiko orokorrari. Programaren finantzaketa publikoaren publizitate egokia egiteko, berariaz adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzaz finantzatu dela, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren eta Merkataritzako Bulego Teknikoen Marka Eraikitzeko Eskuliburuaren arabera. Horretarako:
– Beren webgunean diruz lagundutako proiektuaren deskribapena egingo dute.
– Bulego teknikoaren presentzia etengabe eta ikusteko moduan identifikatuko dute.
– MBTko teknikariek egindako komunikazio eta ekintza guztietan berariaz aipatuko da agindu honen bidez araututako dirulaguntzaren babesean lortutako kofinantzaketa.
m) Kontratatutako pertsonari bere eginkizuna garatzeko behar duen ekipamendu material guztia helaraziko zaio: ekipamendu informatikoa, telefonoa eta abar.
n) MBTko teknikariek merkataritza-sektorera bideratutako laguntza teknikoa ematen badute agindu honen esparruan jasotako eginkizunak lanaldi osoan betetzen ari direla, ezingo da kontraprestazio ekonomikorik jaso, ez norberaren onurarako, ez zuzenean edo zeharka dagokion erakunde onuradunarentzat.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada, betiere– eta, hala dagokionean, beste entitate publiko zein pribatu batzuetatik aldi berean beste dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, bat etorrita Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko Legearen 9.4.k) artikuluarekin eta lege horren 16.4 eta 25. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu bada, itzultze-prozedura abiaraziko da, barnean direla dagozkion berandutze-interesak.
2.– Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren zerbitzu teknikoen proposamenari jarraituz, Merkataritza Zuzendaritzako titularrak dagokion ebazpena emango du emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko; hala ere, horrek ez du berekin ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea. Hala badagokio, adieraziko du ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, eta erakunde onuradunak jaso dituzten gehiegizko zenbatekoak itzultzera behartuta geratuko dira.
3.– Bulegoko arduraduna ordezkatzeko (6. artikuluko 5. puntuaren arabera) edo dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan beste aldaketaren bat egiteko, aldaketa-eskabide bat aurkeztu beharko da, eta aski justifikatu beharko da, eskabide horretan nahiz horrekin batera aurkeztutako memoria batean, ez dela oinarrizko aldaketarik egin dirulaguntza emateko funtsezkoak edo erabakigarriak izan diren alderdietan, eta ez dela urratu hirugarrenen interesik.
Eskatutako aldaketa justifikatzeko kausak suertatu eta berehala komunikatu beharko dira, gehienez 10 egun balioduneko epean, aldaketa gauzatu baino lehen, eta Merkataritza Zuzendaritzaren onarpena eduki beharko da.
Aldaketa-eskabidean, edo horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan, argi eta garbi jaso behar da zergatik aldatu diren laguntzaren baldintzak, eta zehatz-mehatz azaldu behar da zer betebehar berri hartuko diren aldaketa onartzen bada, eta zer baldintza bete beharko diren. Inguruabar horiek egokiak, dokumentatuak, proportziozkoak eta zentzuzkoak izan beharko dira, eta hala egiaztatuta geratu beharko dira eskabidean.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioaren ebazpena.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Merkataritza Zuzendaritzako titularrak dagokion likidazio-ebazpena emango du kasu hauetan:
a) Dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoan beheranzko desbideratze bat badago, % 20tik beherakoa, eskabidean balioetsitako eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako soldata-kostuarekiko, eta dirulaguntza txikiagoa badagokio 7. artikuluak dirulaguntza kalkulatzeko ezartzen dituen irizpideak aplikatu ondoren, berriz kalkulatuko da dirulaguntza, hasieran zenbat emango zen kalkulatzeko erabilitako irizpide berberak aplikatuz, eta hala badagokio, adieraziko da ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena).
b) Justifikazio ekonomikoko desbideratzea % 20koa edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritza Zuzendaritzako titularrak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.
22. artikulua.– Ez-betetzea.
1.– Honako hauek dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntzak agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea, osorik edo partzialki.
b) Agindu honetan xedatutako betebeharrak ez betetzea.
c) Emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.
2.– Enpresa onuradunak ez baditu betetzen, ez Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta betetzekoak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunak, ez ebazpenean ezartzen diren eskakizunak –halakorik ezartzen bada–, organo eskudunak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubide osoa edo partziala galdu duela, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, osorik edo partzialki, betearazpen-mailarekiko modu proportzionalean, aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta arestian aipatutako legean xedatutakoa, eta, itzulketa partzialen kasuan, aintzat hartuta 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa, egoki diren gainerako ekintzen kalterik gabe. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko prozedura administrazioko arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz hasten bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.
23. artikulua.– Ikuskapena.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jarduketen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, beren eginkizunak egikaritzean, jasotako laguntzei dagokienez.
24. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 1a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
RSS