Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2024ko urriaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4648

AGINDUA, 2024ko irailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluetako kideak aukeratzeko hauteskunde-prozesua zabaltzen duena.

Urtarrilaren 22ko 7/1997 Dekretuak (urtarrilaren 30eko 10/2007 Dekretuak aldatua) Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluak hautatzeko eta berritzeko prozesua arautzen du.

Dekretu horiek ezartzen dutenez, ikastetxeetako eskola-kontseiluen erdia bi urterik behin berrituko da.

Itunpeko ikastetxe pribatuen eskola-kontseiluetako kideen azken hautespena 2022-2023 ikasturtean egin zen eta, beraz, 2024-2025 ikasturteko lehen hiruhilekoan egin behar da kideen hurrengo berritzea.

Hezkuntzako sailburuari dagokio dagokion hauteskunde-prozesua burutzeko epea zabalik dagoela aldarrikatzea.

Hori dela-eta, eman zaizkidan eskumenak erabiliz, honakoa

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluetako kide batzuk, egokitzen direnak, aukeratzeko hauteskunde-epea zabaltzea.

2.– Hauteskunde-prozesua Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-kontseiluak hautatzeko eta berritzeko prozesua arautzen duen urtarrilaren 22ko 7/1997 Dekretuak (urtarrilaren 30eko 10/2007 Dekretuak aldatua) xedatutako moduan egingo da.

2. artikulua.– Hauteskundeak 2024ko azaroaren 13a eta 15a bitartean egingo dira ikastetxe guztietan, eta ikastetxeko eskola-kontseilu berriak 2024ko abenduaren 13a baino lehen egon beharko du osatuta. Behin ikastetxeko eskola-kontseilua eratutakoan, organo horrek pertsona bat izendatuko du gizonen eta emakumeen artean benetako berdintasun eraginkorra sustatzeko hezkuntza-neurriak bultza ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala