Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2024ko urriaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
4641

AGINDUA, 2024ko irailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita «Goi-kargudunaren Idazkaria» lanpostua (520010/76) izendapen askeko sistema bidez hornitzeko deialdi publikoa.

Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzan, hutsi dago goi-kargudunaren idazkari-lanpostu hau: 520010 kodea, 76 dotazioa duen lanpostua, alegia. Horrenbestez, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena egin duenez, eranskinean jaso den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean daude zehaztuta).

Langile horiek edozein administrazio-egoeratan egonda ere har dezakete parte deialdian, kasu hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoan egonez gero, egoera horrek irauten duen bitartean.

b) Norbereraren interesagatik edo familia elkartzeagatik borondatezko eszedentzian egon eta lanera itzultzeko behar den gutxieneko denbora bete ez badute.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen badute eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Hezkuntza Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zer talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagupenak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki irizten dion bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoak alegatutako merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzake: elkarrizketa pertsonalak, proba bat edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoei txostenak eskatzea.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean eduki behar dira beteta eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako izangaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako izangaia egokia dela beste izangaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta lanpostu-zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik deklaratu daiteke, izangaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.

Kodea: 520010.

Dotazioa: 76.

Kidegoak: administrari laguntzaileak (D) eta administrariak (C).

Destino osagarriaren maila: 18.

Berariazko osagarria: VI-A.

Kokapena: Lakua.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 2.

Derrigortasun-data: 1994-03-31.

Berariazko ezagutzak.


Azterketa dokumentala