Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2024ko urriaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ARARTEKOA
4637

EBAZPENA, 2024ko irailaren 24koa, Arartekoarena, zeinaren bidez onartzen baita arartekoaren, haren ondokoaren eta Arartekoa erakundeko langileen balio eta printzipio etikoen kodea.

Arartekoak uste du integritate instituzionalean oinarritutako sistema batek administrazio oneko azpiegiturak eduki behar dituela, hala nola administrazioko jokabide egokien kodeak, zerbitzu-kartak, salatzaileak babesteko sistema bat, eta gardentasunerako eta dokumentaziorako eta informaziorako irispidea bermatzeko neurri zabalak. Erakunde hau elementu horiek ezartzen aritu da azken urteotan, eta badu administrazioko jokabide egokien kode bat erakundearen zerbitzuko langileentzat, 2017ko abuztuaren 30eko Ebazpenaren bidez onartua.

Tresna horiek guztiak garrantzitsuak izanda ere, integritate instituzionalean oinarritutako sistema oso batek jarduera-jarraibide batzuk edo kode etiko bat edukitzea eskatzen du, zeinetan jasoko baitira arartekoaren, haren ondokoaren eta erakundeko langileen jarduera gidatu behar duten balio eta gidalerro etikoak, haiek beren misioa, betebeharrak eta ardura profesionalak bete ditzaten, erakundearenganako konfiantza handia izaten jarrai dadin.

2024ko maiatzaren 13an, Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuaren (IOI) Europako Eskualdeko Batzar Nagusiak gida bat onartu zuen aho batez, Veneziako 9. Printzipioaren babesean, Hagan egindako IOIren munduko biltzarrean. Gida horretan, Europako Ombudsman erakundeen kode etikoek eduki beharko lituzketen zenbait printzipio proposatzen dira, erakunde bakoitzak beren aldetik txertatu beharrekoak. Gida horrek aipaturiko Veneziako printzipioa garatzen eta aplikatzen du. Hauxe dio printzipio horrek:

«9.– Herriaren Defendatzaileak, bere agintaldian, ezingo du bere independentziarekin edo inpartzialtasunarekin bateraezinak diren jarduera politikorik, administratiborik edo profesionalik egin. Herriaren Defendatzailea eta bere langileak autoerregulazioko kode etikoen mende egongo dira.»

Beraz, arartekoaren, ondokoaren eta erakundearen zerbitzuko langileen kode etiko hau onartzea erabaki dut. Hor jasotzen dira Arartekoaren titularraren, ondokoaren eta erakundearen zerbitzuko konfiantzako langileen jarduerek bete beharreko balio etikoak. Era berean, bere agintaldiko esparru etikoari ere heltzen dio, botere publikoen eta herritarren arteko harremana hobetzeko asmoz, horixe baitu oinarri erakundearen eginkizunak.

Arartekoak ziurtatuko du erakundearen zerbitzuko langileek errespetatuko dituztela kodean ezarritako printzipioak.

Horregatik guztiagatik, «Arartekoa» Erakundea sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legeak ematen dizkidan eskumenak baliatuta, hau

ADIERAZTEN DUT:

1.– Veneziako Printzipioetan jasota dagoenez, justizia- eta ekitate-printzipioek zuzentzen dituzte arartekoaren, haren ondokoaren eta erakundearen zerbitzuko langileen jarduerak, eta independentzia-, inpartzialtasun-, integritate-, neutraltasun- eta zuhurtasun-balioetan oinarritzen dira.

2.– Eginkizunak betetzen ari direla herritarren nahiz agintari publikoen aurrean jarduten dutenean, balio hauek errespetatuko dituzte: diskrezioa, konfidentzialtasuna, errespetua, entzutea, ulertzea, trebetasuna eta erantzukizuna.

EBAZTEN DUT:

1.– Arartekoaren, haren ondokoaren eta erakundearen zerbitzuko langileen kode etikoa onartzea. Hor jasotzen dira erakundearen eginkizunak betetzeko egingo diren jarduerak eta izango diren jokabideak zuzenduko dituzten printzipioak.

2.– Ebazpen hau Eusko Legebiltzarren eta Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkari ofizialetan argitaratuko da, herritar guztiek honen berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 24a.

Arartekoa,

MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.

ARARTEKOAREN, HAREN ONDOKOAREN ETA ERAKUNDEAREN ZERBITZUKO LANGILEEN KODE ETIKOA.
1.– Independentzia.

Printzipioak.

Arartekoak modu independentean beteko ditu bere eginkizunak, inolako presiorik gabe.

Espediente guztiak inolako botere motaren, dela politiko, ekonomiko, sozial edo mediatikoa, edo iritzi publikoaren gustukoa ez izateko edo haiei gustatu nahi izateko beldurrik gabe tratatuko ditu.

Iruzkinak.

Independentzia herritarren zerbitzura dago.

Independentziak bermatzen du herritar orok eskubidea duela agintaritza administratibo edo politiko baten mende ez dagoen eta interes-talderen baten eraginpean ez dagoen herriaren defentsarako erakunde batek haren eskaera izapidetzeko.

Arartekoak bere erakundearen independentzia babesten lagunduko du. Bere independentziari buruzko arrazoizko zalantzak sor ditzakeen jokabide oro saihestuko du.

Bere jardunean izan daitekeen eragin desegoki ororen aurka egingo du.

2.– Inpartzialtasuna.

Printzipioak.

Arartekoak benetako aurreiritzirik eta aurrez pentsatu gabeko ideiarik izan gabe tratatuko ditu erreklamazio guztiak. Beldurrik, faboritismorik eta aurreiritzirik gabe beteko du bere misioa.

Inpartzialtasun objektibo eta subjektiboa funtsezkoa da salaketa zuzen izapidetzeko.

Iruzkinak.

Arartekoak inpartzialtasuna zalantzan jar dezaketen egoerak saihestuko ditu, bai bere eginkizunak betetzean, bai bere lan-esparru espezifikotik kanpo.

Tartean diren pertsona guztien tratu-berdintasuna bermatuko du. Badaki zer desberdintasun objektibo egon daitezkeen pertsona-kategoria batzuen eta besteen artean, eta alderdi bakoitza entzun, artatu eta errespetatzen dela ziurtatuko du.

Inpartzialtasunak, halaber, lanbide-bateraezintasuneko egoerak saihestea eskatzen du, Arartekoa erakundea sortzeko legean aurreikusitakoez harago. Kanpoko jarduerak egiten dituenean, baita baimenduak ere, ziurtatuko du bere inpartzialtasuna eta independentzia ez direla zalantzan jarriko.

Arartekoak adi egon behar du, interes-gatazka erreal, itxurazko edo balizkorik egon ez dadin. Interes-gatazkak sortzeko arriskua badago, Arartekoak ez du espedientea izapidetzen parte hartuko.

Arartekoak, herritar guztiek bezala, elkartzeko eta bizitza pribatu eta sozialerako eskubidea du. Hala ere, bere zereginaren inpartzialtasunaren pertzepzioa kaltetu dezaketen egoerak saihestu behar ditu. Arreta handiz ibili behar du elkarte bateko buru izan nahi badu, eta arriskuak aldez aurretik ebaluatu behar ditu.

3.– Integritatea.

Printzipioak.

Arartekoak integritatea bermatuko du bere zereginetan.

Berdin jokatuko du jendaurrean nahiz bizitza pribatuan.

Iruzkinak.

Arartekoak ez du esku-hartzerik eskatuko bere buruarentzat edo beste edonorentzat zilegi ez den onura bat lortzeko. Ez du onartuko inolako oparirik edo onurarik, ez berarentzat, ez bere senideentzat, integritatea lausotu baitezakete.

Arartekoak, salatzaileak babesteko dauden tresnak sendotuz eta helburu horretarako gaitu daitezkeen beste batzuk finkatuz, erakundea kudeatzeko eskura jarritako baliabideak behar bezala erabiltzen direla zainduko du, erabilera desegokirik edo irregularrik gabe.

4.– Duintasuna.

Printzipioak.

Duintasunak esan nahi du arartekoak ziurtatu behar duela bere irudia edo ordezkatzen duen erakundearena ez dituela arriskuan jarriko, ez eginkizunak betetzean, ez bere jokabidearekin.

Iruzkinak.

Bere bizitza profesionalean eta publikoan, arartekoak arduratu behar du bere ekitaldietan duen jokabideak eta partaidetzak ez dituela kaltetuko herritarrek berarengan eta erakundean jarri duten konfiantza.

Arartekoak gizalegez jokatu beharko du besteekiko harreman guztietan.

5.– Neutraltasuna eta zuhurtasuna.

Printzipioak.

Arartekoak neutraltasunez eta zuhurtasunez beteko ditu bere eginkizunak.

Dagozkion zereginak burutzean, uste pertsonalak ez adierazten saiatuko da, baldin eta uste horiek pertsonen giza eskubideak babesteko agindua gainditzen badute.

Arartekoaren zuhurtasunak oreka dakar herritar gisa dituen eskubideen eta bere zereginaren mugen artean.

Iruzkinak.

Arartekoa bere eginkizuna propaganda-tresna gisa erabili ez dadin ahaleginduko da.

Demandatzaileak berdintasunezko eta diskriminaziorik gabeko tratua jasoko duela bermatuko du.

Zuhurtasunaren bidez, herritarrek arartekoaren eta erakundearen independentzian eta neutraltasunean sinets dezaten bermatuko du.

Gizarte-sareetan kontu handiz parte hartu behar da, erakundearen independentzia, inpartzialtasuna, neutraltasuna eta integritatea zalantzan jarri ez daitezen.

6.– Gardentasuna, diskrezioa eta konfidentzialtasuna.

Printzipioak.

Arartekoak ahalik eta modurik irekienean eta gardenenean egingo du lan, eta, era berean, konfidentzialtasun-betebeharrak eta pribatutasuna beteko direla bermatuko du.

Iruzkinak.

Arartekoak, eginkizunak betetzean, bere jarduerak irekiak eta gardenak izan daitezen zainduko du, aurrez konfidentzialtzat araututako informazioa izan ezik.

Arartekoak eginkizunak betetzean lortutako informazioa edo dokumentazioa bere misioa eta mandatua betetzeko beharrezkoak diren neurrian soilik erabili eta komunikatuko ditu.

7.– Errespetua, entzutea eta ulertzea.

Printzipioak.

Arartekoak duintasunez, errespetuz, gizalegez eta elkar ulertuz jardungo du herritarrekin eta administrazioko ordezkariekin.

Iruzkinak.

Arartekoak erakundearen zerbitzura dauden langileak errespetuaren eta entzutearen balioekin bat datozela eta betetzen dituztela zainduko du, bai herritarrekin, bai zuzentzen zaizkien agintariekin. Horrek esan nahi du, hala badagokio, entzuten eta hitz egiten ikasteko prestakuntza antolatu beharko dela.

8.– Esperientzia eta erantzukizuna.

Printzipioak.

Arartekoa azaltzen zaizkion kasuak zorroztasunez eta zehaztasunez tratatzen saiatuko da.

Trebetasuna, ezagutzak eta gaitasunak bere misioen zerbitzura garatzen jarraitzeko ahalegina egingo du.

Iruzkinak.

Arartekoa, ondokoa eta erakundearen zerbitzuko langileak beren konpetentziak eta ezagutzak garatzen ahaleginduko dira, bereziki prestakuntza egokiaren bitartez.

Arartekoak jarrera profesionala eta ikuspegi zorrotza baliatuko ditu bere lanaren alderdi guztietan. Kontuan hartuko ditu kasu bakoitzaren berezitasunak, eta atzerapenik gabe jardungo du. Zentzuz, zuzen eta zuhurtasunez jokatuko du.


Azterketa dokumentala