
193. zk., 2024ko urriaren 3a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (140 KB - 4 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4568
EBAZPENA, 2024ko irailaren 24koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024-2025eko denboraldirako angularen arrantza profesionalerako lizentzia-eskabideak aurkezteko epea ezartzen duena eta arrantzaren zenbait arlo arautzen dituena.
Kontseiluaren 2023ko urtarrilaren 30eko (EB) 2023/194 Erregelamenduaren bidez, Batasuneko uretan aplika daitezkeen arrain-populazio jakin batzuetarako arrantza-aukerak finkatu ziren 2023rako, eta, Batasuneko arrantza-ontzien kasuan, Batasunekoak ez diren ur jakin batzuetarako, eta, halaber, ur sakonetako arrain-populazio jakin batzuetarako arrantza-aukerak finkatu ziren 2023rako eta 2024rako. Aingira-populazioaren (Anguilla anguilla) egoera kontuan hartuta, erregelamendu horrek aingiraren aisialdiko arrantza debekatu du, baina angularen arrantza profesionala egiteko aukera mantendu du, murrizketekin.
Ondoren, Kontseiluaren 2024ko urtarrilaren 10eko (EB) 2024/257 Erregelamenduak 2024., 2025. eta 2026. urteetarako ezartzen ditu Batasuneko uretan aplika daitezkeen arrain-populazio jakin batzuen arrantza-aukerak, eta, Batasuneko arrantza-ontzien kasuan, Batasunekoak ez diren ur jakin batzuetakoak, aipatutako (EB) 2023/194 Erregelamendua aldatuz.
Ekainaren 18ko 77/2024 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan angularen arrantza profesionala arautu eta angula-arrantzale profesionalen erregistroa sortu da; dekretuaren 2. artikuluan arautzen da, hain zuzen, angularen arrantza profesionalerako lizentzia. Horrela, 3. artikuluan lizentziaren titularra izateko eskakizunak ezartzen dira, eta 4. artikuluan arautzen dira eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa. Halaber, xedapen iragankorrak xedatzen du salbuespen gisa, 2024-2025eko kanpainarako eskabideak aurkezteko epea arrantzaren arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez erabakiko dela, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 19.1.f) artikuluaren arabera, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagozkio arrantzarekin lotutakoak.
Horregatik guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Hamar egun balioduneko epea ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko angularen arrantza profesionalerako lizentzia-eskabideak aurkezteko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2. artikulua.– Angulak lehorretik arrantzatzeko lizentzia eskatzen dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Gizarte Segurantzako itsas langileen araubide berezian (Itsasoko Gizarte Institutuan) alta emateko konpromisoa –salbuespen dira pentsioa jasotzen duten pertsonak, arrantza profesionala egin ahal izango baitute, baldin eta Gizarte Segurantzaren araudi sektorialak baimena ematen badie–.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.
d) Jardunean aritzeko behar diren elementuak eta ezagutza nahikoa izatea.
3. artikulua.– Angulak ontzitik arrantzatzeko lizentzia eskatzen dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Gizarte Segurantzako itsas langileen araubide berezian (Itsasoko Gizarte Institutuan) alta emateko konpromisoa –salbuespen dira pentsioa jasotzen duten pertsonak, arrantza profesionala egin ahal izango baitute, baldin eta Gizarte Segurantzaren araudi sektorialak baimena ematen badie–.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.
d) Indarrean dauden arauen araberako izapideak eginda dauzkan hirugarren zerrendako ontzi bat izatea.
e) Ontzia gidatu ahal izateko eskatzen den titulua edukitzea.
f) Jardunean aritzeko behar diren elementuak eta ezagutza nahikoa izatea.
4. artikulua.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete angularen arrantza profesionalerako lizentzia-eskabideak. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoan angularen arrantza profesionala arautu eta angula-arrantzale profesionalen erregistroa sortzen duen ekainaren 18ko 77/2024 Dekretuaren II. eranskinean aurreikusitako eredu normalizatuan aurkeztuko da, arrantza-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduta, dekretu horren 4. artikuluan adierazitako moduan eta dokumentazioarekin batera.
Eskatzaile guztiek aurkeztu beharko dituzte nortasuna egiaztatzen duen agiria edo IFZa, eta errolda-agiria. Horretaz gainera, ontzitik egindako arrantza-modalitatearen kasuan, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Ontzi-baimenerako dokumentazioa, bai eta ontzia gidatzeko eskatzen den titulazioa ere.
b) Ontzirik badago, indarrean dauden arauen arabera ontzien zerrendan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
Eskatzaileek beren jardueran aritzeko postu finkoak esleitzeko eskatu ahal izango dute; eskaera hori kontuan hartuko da ahal denean, eta itsas jabari publikoa okupatzeari dagokionez eskumena duen administrazioak egokitzat jotzen badu.
5. artikulua.– Eskabideak baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko, eta adieraziko zaio horrela egin ezean bere eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, arrantza-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak ebazpena eman ondoren.
6. artikulua.– 2024-2025eko kanpainako angularen arrantza-denboraldiak aldi hauek izango ditu:
a) 2024ko azaroaren 29tik abenduaren 5era (7 egun).
b) 2024ko abenduaren 26tik 2025eko urtarrilaren 3ra (9 egun).
c) 2025eko urtarrilaren 26tik otsailaren 1era (7 egun).
d) 2025eko otsailaren 24tik martxoaren 2ra (7 egun).
Arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, eta baldintza meteorologikoen arabera, 48 ordu lehenago aldatu ahal izango dira kanpainaren datak.
Hilabete batean kontsumitu gabeko egunak, hau da, lizentziaren titularrak arrantzarik egin ez duen egunak, hurrengo hilabetera igaro ahal izango dira.
7. artikulua.– Gehienez ere 150 arrantza-lizentzia emango dira 2024-2025eko denboraldirako, 138 lehorretik arrantzatzeko modalitatean eta 12 ontzitik arrantzatzeko modalitatean, arro edo eremu jakin baterako, honela banatuta:
(Ikus .PDF)
a) Lehorreko modalitatea. Lehorreko modalitatean gauez nabigatzeko baimendutako ontziak erabili ahal izango dira, baina arrantzaleak arrotik garraiatzeko soilik, eta lehorreko arrantzatzat hartu ahal izango da bertatik egiten den arrantza, baldin eta ontzi hori lehorrera lotuta badago.
b) Ontziko modalitatea. Ontzitik egindako arrantza da arroan zehar mugitzen ari den ontzitik egiten dena, eta horrek Eusko Jaurlaritzak eskatutako baldintzak bete behar ditu, hau da, indarrean dagoen araudiaren arabera, gehienez ere 10 metroko luzera duten ontziak izango dira.
Ontzitik arrantzatzen denean, lizentziaren titularraz gain, beste pertsona bat ere egon ahal izango da. Pertsona horrek ontzi-baimenean agertu beharko du, eta bertan ontziratu ahal izateko baldintzak bete beharko ditu; gainera, titularrak bezala, IGIn (Itsasoko Gizarte Institutua) alta eman beharko du langile autonomo gisa edo besteren konturako langile gisa.
8. artikulua.– 2024-2025eko denboraldiko harrapaketak, guztira, 550 kilogramokoak izango dira, eta kosteraren bilakaeraren arabera berrikusi ahal izango dira, arrantza-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, Kudeaketa Planaren helburuekin bat etorriz, hau da, harrapaketak 2004-2008 aldiko batez besteko harrapaketen % 50era mugatzea.
Arrantza profesional pasiboko lizentziaren titularrentzat 2 kilogramoko kupoa ezartzen da lizentzia bakoitzeko, 2024-2025eko denboraldi osorako.
9. artikulua.– Arrantza-lizentziaren titularrak egunean egindako harrapaketen pisua, erabilitako arrantza-aparailuak, eta arrantzaren data eta ordutegia idatzi beharko ditu harrapaketen koadernoan. Koaderno hori aldean eraman beharko da, lizentziarekin batera, arrantzan ari denean.
Nahitaez entregatu beharko da harrapaketa-koadernoa eta kontrol bat pasatu Eusko Jaurlaritzak zehaztuko duen lekuan, dagokion hilabeteko azken jarduera-egunaren ondorengo 5 egun balioduneko epean, eta harrapaketa-koadernoa aurkeztu ezean debekatuta egongo da hurrengo hilabetean arrantzan egitea.
10. artikulua.– Eguneko harrapakin guztiak baimendutako lehen salmentako puntuetan pisatzeko eta saltzeko betebeharra ezartzen da, eta puntu horiek arrantza-arloko zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez zehaztuko dira. Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten, eta idatziz jakinaraziko zaie angularen arrantza-lizentziaren titularrei.
Harrapaketak pisatu ondoren, salmentatik gehienez 100 gramo kendu ahal izango dira autokontsumorako, eta dagokion salmenta-oharra egingo da inguruabar hori jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke arrantza-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 24a.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,
LEANDRO AZCUE MUGICA.
RSS