Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2024ko urriaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4563

EBAZPENA, 2024ko irailaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Portugaleteko (Bizkaia) hiri-lurzoru finkatugabeko SUNC-1 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren lehen aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko uztailaren 2an, Portugaleteko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Portugaleteko hiri-lurzoru finkatugabeko SUNC-1 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren lehen aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua has zedin. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Portugaleteko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Portugaleteko hiri-lurzoru finkatugabeko SUNC-1 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren lehen aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zer planek eta programak behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra dagoela, hark ingurumenean eragin nabarmena izan lezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Portugaleteko (Bizkaia) hiri-lurzoru finkatugabeko SUNC-1 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren lehen aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, era honetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (2010) bizitegi-erabilerarako hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta dago erreferentziazko planaren eremua, eta 14.934,39 m2-ko azalera eta bizitegi-erabilera ditu.

Ingurumen-ebaluazioa egin zaion planaren xedea da SUNC-1/UE-1 eremuaren antolamendu xehatua aldatzea (2015ean onartutako plan berezian garatu zen antolamendu hori), azpi-eremuen eta eraikinen antolamenduari dagokienez, eremuaren barnean dauden etxebizitza blokeekiko tarteari eusteko. Planak eutsi egiten dio onartutako plan berezian aurreikusitako eraikigarritasunari eta etxebizitza kopuruari. Aldaketa hauek egin dira:

a) Lurzatien azalerak aldatu dira eta gune bakoitzari esleitutako eraikigarritasuna egokitu da; horrela, bizitegi-erabilerarako pribatizatu daitezkeen lurzatiak zertxobait txikituko dira eta zuzkidura-bizitokien eta bideetara bideratutako azpi-eremuen azalera handituko da. Zuzkidura-bizitokietara bideratutako guneak eremuaren bazterrera lekualdatu dira, ekialdeko mugara. Antolamendu berriarekin, berdeguneak eta gune libreak sektorearen barrualdean kontzentratuta daude, eraikinen artean.

b) Etorkizuneko eraikinen ezaugarriak definitu dira: BS+2 edo BS+3 eraikuntza tipologia zuzkidura-bizitokietarako, BS+3+A bizitegi-eraikinetarako, eta aparkalekuetan bi solairu egin daitezke. Eraikinetan, lerrokadura berriak definitu dira.

c) Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusi legez, Villanueva etxaldeko 63., 64. eta 65. atariei dagozkien hiru eraikinak antolamendutik kanpo geratzen dira eta eraitsi egingo dira, baita baratzeetako lanabes-etxolak eta estalpeak ere.

d) Gurpildun ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bide-antolamendu berria egokitu da eta bide osagarri bi gehitu dira inguruko hiri-sarearekiko loturak osatzeko.

e) Antolamendu berrira egokitzeko, zenbait sare birdiseinatu dira: hornidura-zerbitzuak, saneamendua, gasa, telekomunikazioak, hiri-hondakin solidoen bilketa, argiztapena eta argindar-hornidura. Goi-tentsioko linea desegitea aurreikusi da, eta aireko linea kenduko da eremuaren ipar-ekialdeko mugan.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki kontuan hartutakoak:

a) Zer neurritan ezartzen duen planak proiektuetarako esparrua: Planaren Aldaketak, kokapenari, ezaugarriei, neurriei, funtzionamenduari eta besteri dagokienez, ez du baldintzarik ezartzen etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ez da hauteman bateraezintasun aipagarririk hierarkiako goragoko plangintzarekin.

c) Plana egokia den ingurumen-arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzeko xedez bereziki: ingurumen-ebaluazioa egin zaion Planaren Aldaketan, helburua 2015eko Plan Berezian definitutako antolamendu xehatua aldatzea da, azpi-eremuen eta eraikinen antolamenduari dagokienez, eremuaren barnean dauden etxebizitza blokeekiko tarteari eusteko, betiere Plan Berezian aurreikusitako eraikigarritasunari eta etxebizitza kopuruari ere eutsiz.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren Aldaketaren irismena, itxura batean, ez da egongo ingurumen-arazo nabarmenik plana gauzatuz gero, baldin eta, besteak beste, kultura-ondarearen babesari, hondakinen kudeaketari, isuriei, lurzoruaren babesari, urei, kutsadura akustikoari, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, Planaren Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Batasuneko edo Estatuko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Eremua ez dago gune babestu batean edo intereseko naturagune batean, eta ez du flora edo fauna espezie basati babestuen habitatik edo interes bereziko habitatik. Ez dago EAEko Igarobide Ekologikoen Sarean. Bertakoa landaredia erruderal-nitrofiloa da, eta eremuaren herena, gutxi gorabehera, baratze eta lorategien laborantzara bideratuta dago.

Ibaizabal ibaiaren unitate hidrografikoan dago eremua, baina handik ez da lurrazaleko ur-ibilgurik igarotzen.

Eremuak ez dauka uholde-arriskurik. Eremuan ez dago lurzatirik sartuta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan, eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Kultura-ondareko elementurik ere ez da ageri.

Aldaketak ez dakar ingurumen-ondorio nabarmenik natura-intereseko alderdietan, eremua eta ingurunea antropizatuta baitaude. Lurrazaleko eta lurpeko baliabide hidrikoetan ere ez du eraginik izango. Egotekotan, eraginik handiena obra-faseko eraginarekin lotuta dago; batez ere, hauekin lotuta: eraispenak, indusketak eta lur-mugimenduak; hondakinak sortzea; makineriaren joan-etorriak; herritarrei emisio atmosferikoekin eta zaratarekin sortutako eragozpenak; eta abar.

Etorkizuneko hirigintza-garapenaren eremuan dauden zarata-mailei dagokienez, azterlan akustikoan ondorioztatu da bete egiten direla bizitegi-erabilerako eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak, hala egungo egoeran nola etorkizunekoan. Salbuespena da Miguel de Unamuno kaletik eta, etorkizunari begira, Alonso Allende urbanizazioan egingo den kaletik hurbil dagoen zerrenda bat.

Alonso Allende urbanizazio berriaren kalera ematen duten fatxadetan gainditu egiten dira –2dB(A)– gauez kalitate akustikoaren helburuak; bete egiten dira, ordea, egunez eta arratsaldez. Hori dela eta, beharrezkoa da etxebizitzak zaratatik babesteko zuzenketa-neurriak hartzea. Neurrien artean, urbanizazioaren kale berrian abiadura murriztea eta gehienez 30 km/h izatea proposatu da, zarata 1-2 dB(A) jaisten baita hala. Zuzenketa-neurri horren bitartez, kalitate akustikoaren helburuak betetzea lortuko da eguneko tarte guztietan. Halaber, etorkizunean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren isolamendu-balioak ezarri dira.

3.– Ebazpen honetan, Portugaleteko hiri-lurzoru finkatugabeko SUNC-1 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren lehen aldaketan sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpenean adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, bat etorriz ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin.

Plana onartzearen ondorioz, bereziki, eta besteak beste, neurri hauek zehaztu behar dira, bai obren faseari dagokionez, bai funtzionamendu-faseari dagokionez, eta garatzen diren plan edo proiektuetan aplikatzekoak dira:

a) Obra-fasean dagoen eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin behar dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko; bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, azterketa bat egin beharko da eragin akustikoari buruz, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko. Eragin akustikoari buruzko azterlan horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

b) Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete behar dira planaren ondoriozko obrak egiteko:

– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzekoa. Gai hauei lotutako alderdiak jaso behar ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; urik ez isurtzea; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarrak aztoratzen dituzten jardunak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatu behar dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu behar dira.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Eguraldi txarra dagoenean (euriteak edo haize gogorrak), ahal dela, ez da garraiatuko obrako materialik. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-egoera egokienean garraiatu behar da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikularik barreia ez dadin atmosferara.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarri behar dira obra faserako, istripuzko isuriek kalterik ez egiteko, makinen mantentze-lanetan bereziki (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea, besteak beste, gainazal iragazgaitzetan kokatu behar dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

Plan Bereziaren garapenak lurzoruan izan dezakeen eragina minimizatzeko, lurzoruaren iragazkortasuna errazten duten eta drainatze jasangarriko teknikak erabiliz iragazketa-ahalmena handitzen duten irtenbideak erabili behar dira.

– Obrek kalte egin dieten eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratu behar dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadurarik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana, edo beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatu behar da.

– Ahal den neurrian, irizpide bioklimatikoak eta energia-eraginkortasunekoak hartuko dira kontuan baserria zaharberritzean.

– Honako hauekin lotuta dauden ekonomia zirkularreko neurriak sartzea: obran landare-lurra kudeatzea eta berrerabiltzea, materialen kontsumoaren eragina minimizatzea (lurren balantzea/oreka, eta abar), material jasangarriak, birziklagarriak eta jatorri naturalekoak erabiltzea.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen argitaratuak: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin behar dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Era berean, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Planaren Aldaketa garatzeko proiektuak diseinatzeko, klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira kontuan.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Portugaleteko hiri-lurzoru finkatugabeko SUNC-1 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren lehen aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Portugaleteko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Portugaleteko hiri-lurzoru finkatugabeko SUNC-1 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren lehen aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala