
193. zk., 2024ko urriaren 3a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (198 KB - 11 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4562
EBAZPENA, 2024ko irailaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurramendi» eremuaren aldaketa puntualari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
Tolosako Udalak, 2024ko ekainaren 11n, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurramendi» eremuaren aldaketa puntualari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2024ko ekainaren 21ean, kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Tolosako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurramendi» eremuaren aldaketa puntuala (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurramendi» eremuaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
HAPOaren aldaketa puntualaren helburua da «Iurre 24» eremuan, Iurramendiko muinoaren hegoaldean, eskualdeko ospitale bat gara dadin ahalbidetzea.
Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera (2009ko martxoaren 31ko GAO, 60. zk.), eremua hiri-lurzoru finkatugabean dago, eta ospitalea kokatzea aurreikusten den lursailak F.10 «Espazio Libreen Sistema Orokorra» (2.086,14 m2) eta G.00 «Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokorra» (6.411,04 m2) dira, nagusiki.
HAPOaren aldaketa puntualak, «24. Iurre» eremuaren barruan, hirigintza-azpieremu bat sortuko du, 8.497,18 m2-koa, «24.2 Iurramendi Ospitalea azpieremua» izenekoa. Bertan, «titulartasun publikoko osasun-ekipamendu kolektiboa» mugatu eta antolatuko du. Garapena bi irizpideren arabera gauzatu beharko da: ondoko F.10 «Espazio Libreen Sistema Orokorraren» zati bat G.00 «Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokor» gisa birkalifikatu beharko da, eta lurzati berriari eraikigarritasun fisikoa eman beharko zaio, bai sestra gainean (22.910 m2(t)), bai sestra azpian (17.730 m2(t)).
Etorkizuneko asistentzia-ekipamendu publikoak (eskualdeko ospitalea) eskuragarri dagoen eremutik ahalik eta gehien okupatzea du helburu, betiere hura inguratzen duten bideek ezarritako zortasunak errespetatuz eta ingurunera egokituz, hau da, eraikinaren profila ahalik eta gehien mugatu nahi du, kultura-ondare izendatutako Iurramendi egoitzaren eta muinoaren gaineko ikus-inpaktua saihesteko.
Eraikinaren diseinua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «Tolosaldeko Plan Funtzionala» izeneko dokumentuan proposatutako banaketara egokitu da. Ospitaleak 3S+2ES+II profila izango du. Erdisotoak sestra gaineko solairutzat hartuko dira; beraz, eraiki beharreko eraikinak 3 solairu izango ditu sestra azpian eta 4 solairu sestra gainean. Hona hemen horietako bakoitzerako aurreikusitako erabilerak:
– S3: +75,50 kotan dago hirugarren sotoa, 5.914 m2-ko azalera du, eta txandakako aparkaleku bat izango da ospitalera doazen bisitarientzat. Goiko solairuarekin arrapalen bidez dago komunikatuta.
– S2: +78,50 kotan dago bigarren sotoa, 5.914 m2-ko azalera du, eta txandakako aparkaleku bat izango da ospitalera doazen bisitarientzat. Kanpoaldetik, sarbidea bide publikotik doan arrapala batetik egiten da, lursailaren hego-mendebaldetik, eta kanporako irteera beste arrapala bat da, lurraren ipar-ekialdera daramana, eta, hala, ibilgailuei bide publikora irteteko aukera ematen zaie.
– S1: +81,50 kotan dago lehenengo sotoa, 5.508 m2-ko azalera du. Bertan egongo dira erradiologia, laborategia, ikuztegia, sukaldea eta beste instalazio batzuk. Altuera librea du, aparkalekuak hartzen dituzten beheko solairuena baino altuagoa da, eta horrek aukera ematen du bertan ospitale-arretako erabilerak kokatzeko.
– ES2: +86,00 kotan dago bigarren erdisotoa, lurzatiaren hego-mendebalderako ibilgailuentzako sarbidea baino zertxobait gorago (+84,50). Bertan egongo dira larrialdi-zerbitzuak, farmazia, errehabilitazio-gunea eta eguneko ospitalea. Eraikinaren azpian dagoen atzeko bidearen bidez oinezkoen eta ibilgailuen ateratzeko bidea bermatuta dago. Bai eta biribilgunearen ondoko espaloitik sartzeko aukera ere.
– ES1: +90,50 kotan dago lehen erdisotoa. Bertan egongo dira kanpo-kontsultak, administrazio- eta zuzendaritza-bulegoak eta beste erabilera batzuetarako espazioa. Aparkalekuko eta atzeko bideko ibilgailuen irteerak kota horretara ematen du, lurraren ipar-ekialdean.
– BS: +95,00 kotan dago behe-solairua, eta eraikinera kanpoaldetik sartzeko bidea haurtzaindegiaren ondoan dago. Solairu horretan egongo dira 3 ospitalizazio-unitateak eta taberna-kafetegia, guardetxea dagoen plazaren ondoan kokatuko dena. Solairu hori azkena izango balitz, eraikinaren gaina +99,50eko kotan egongo litzateke.
– P1: +99,50 kotan dago lehen solairua, ospitalea handitzeko erabiltzeko dena. Horrela, eraikinaren gaina +104,00 kotara iritsiko litzateke, Iurramendi egoitzaren azpitik (+105,00 iparraldean eta +107,00 hegoaldean). Edonola ere, arau partikularrean jasotzen den moduan, eraikinaren gehieneko kota +105 da.
Mugikortasunari eta bide-sareari dagokienez, ospitaleko erabiltzaileak, hasiera batean, lurzatiaren hego-mendebaldetik sartuko dira lurpeko aparkalekura (362 aparkaleku-plaza), Iruña etorbidetik, etorbide horretan GI-2130 errepideak, GI-2135 errepideak eta N-I errepideko sarbideak bat egiten duten biribilgunetik 100 metro pasatxora. Lurzatirako sarbidea biribilgunetik ahalik eta gehien aldendu nahi izan da, biribilguneari ahalik eta gutxien eragiteko, gaur egun trafiko handia izaten baita bertan. Gainerako zerbitzuetarako sarbidea ere (larrialdiak, hornidurak eta bestelakoak) puntu beretik egitea planteatzen da, baina txandakako aparkalekurako sarbidea gainerako zerbitzuetarako sarbideen bestelakoa da, larrialdi-zerbitzuak azkar irits daitezen bertara.
Nolanahi ere, Planaren memoriak adierazten du inguruneko mugikortasun-plan espezifiko bat egin beharko dela, proposamenaren egokitasuna zehazteko trafikoari, sarrerei eta irteerei dagokienez, edo, hala badagokio, beste alternatiba bat planteatzeko.
Kalifikazio xehatuari dagokionez, 8.445,44 m2 «g.00 Komunitatearen ekipamendua» gisa kalifikatuko dira, eta 51,74 m2 «e.10 Bide-komunikazioko sarea» gisa.
Gainera, motorizatu gabeko mugikortasunari dagokionez, lurzatia maldan dagoenez, kanpotik zuzenean sar daiteke eskaintzen diren erabileretara hainbat puntutatik.
Dauden azpiegiturei dagokienez, eremuak zerbitzu-azpiegiturak ditu (saneamendu-sareak, ur-hornidura, elektrizitate- eta gas-hornidura eta bi telekomunikazio-hornidura), eta horien sareak Iruña hiribidean garatzen dira, hegoaldean eta ekialdean.
Planaren garapen aurreikusgarriari dagokionez, lurzoruen titulartasuna lortu ondoren, herri-lan arrunten erregimenean jardungo da zuzenean, eta honako hauek onartu beharko dira:
– Eraikuntza Proiektua, eraikin berriaren obrak egin ahal izateko.
– Urbanizazioko Herri-lan Arruntaren Proiektua, urbanizazioko obrak gauzatu ahal izateko, Eraikuntza Proiektuari erantsitako dokumentazio gisa.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak (IDE) gainetik laburbiltzen du Sabai Arkitektoak taldeak 2021ean idatzitako «Eskualdeko ospitale baten kokalekua zehazteko analisia» azterketaren emaitza. Azterketa horretan hura kokatzeko 12 alternatiba aztertu ziren. Puntu gehien lortutako hiru alternatibak 5.a (San Blas), 8.a (Usabal) eta 10.a (Iurramendi) izan ziren, guztiak Tolosako udalerrian, hirigunearen hegoaldean.
IDEak hiru alternatiba horiek ingurumenean duten eragina baloratzen du, eta ondorioztatzen du Planak garatutako 10. alternatiba (Iurramendi) dela ingurumenaren ikuspegitik onena, garraio publikotik distantzia txikiagora dagoelako, azalera txikiagoa okupatzen duelako eta artifizializatu gabeko lurzoru-azalera txikiagoari eragiten diolako (naturala eta nekazaritzakoa).
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, bat eginik, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-gogoetak integratzeko egokia dela ondorioztatu da, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, zaratari, naturagune babestuei, urei, faunari, kultura-ondareari, hondakinei, isurketei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua 8.497,18 m2-ko azalera duen hiri-lurzoruko lurzati bat da, Tolosako Berazubi auzoan kokatua, hirigunearen hegoaldean. Zehazki, GI-2130 errepidearen eta Iruña etorbidearen arteko bidegurutzean dago. Bi horiekin ekialdean eta hegoaldean egiten du muga, hurrenez hurren. Ipar-mendebaldean, Iurramendi egoitzako lursailekin egiten du muga. Gaur egun, kamioientzako aparkaleku batek okupatzen du eremuaren zati bat, eta lorategiz hornitutako berdeguneak ere baditu. Inguruneko ingurumen-balio nagusiak Araxes ibaiarekin lotuta daude, eremuaren ingurutik igarotzen dena.
Aztergai dugun eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Oriako Unitate Hidrologikoan dago. Eremu ia osoa, iparraldeen dagoen muturra izan ezik, Araxes ibaiaren isurialdeko arroan dago (ES023MAR002591), Orian urak isurtzen dituen bokaletik hurbil. Zehazki, Araxes ibaia lurzatiaren mendebaldeko muturretik 50 bat metrora igarotzen da. Lurzatia eta ibaia Iruña etorbideak bereizten ditu.
Eremua Gatzume-Tolosa lurpeko ur-masaren eta Iparraldeko Antiklinorioko Tolosa sektorearen gainean dago. Halaber, eremua interes hidrogeologikoko gune batean dago.
Landarediari dagokionez, aparkalekuak hartzen duen eremua asfaltatuta dago, eta, beraz, ez du landaredirik. Aitzitik, bere perimetroan zuhaitz-lerrokadurak dituzten lorategi-eremuak garatzen dira (gereziondoak, gaztainondo faltsuak, platano arruntak eta tamarizak). Iparraldean, aparkalekutik bereizita, lorategiz hornitutako beste lurzati bat dago, eta hainbat zuhaitz apaingarri ere baditu. Azkenik, eremuaren ipar-mendebaldeko mugan, Iurramendi egoitzarantz hedatzen diren belardiak dituen lur-zerrenda bat dago. GeoEuskadin kontsulta daitekeen kartografiaren arabera, belardi horiek Batasunaren intereseko habitatak dira, «larratu gabeko sega-belardi atlantikoak», hain zuzen (6510 kodea). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da espezie babesturik identifikatu, ez eta flora aloktono inbaditzaileko alerik ere.
Eremuko fauna hiriko eta hiri-inguruko berezko espezieak dira; ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu. Nolanahi ere, adierazi behar da Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoen bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planaren arabera (2004ko maiatzaren 12ko foru agindua, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Mustela lutreola (Lineo, 1761) bisoi europarraren Kudeaketa Plana onartzen duena. 2004ko maiatzaren 28ko GAO), Araxes ibaia espezie horrentzako interes bereziko eremu gisa identifikatzen dela. Halaber, interesekoak dira abifauna eta Araxes ibaiaren ibilguarekin lotutako arrain-espezieak eta ibaiertzeko basoa.
Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta EAEko Igarobideen Sareko elementurik edo geologia-intereseko lekurik ere. Halaber, ez da beste katalogo batzuetako espazioa ere (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrenda). Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera, Araxes eta Oria ibaiak «hornidura-harguneak dituzten masa» gisa identifikatzen dira, eta Araxes ibaia, interes ekonomikoko espezieak (ziprinidoak) babesteko tarte gisa.
Horrez gain, azpimarratu behar da Araxes ibaia Kontserbazio Bereziko Eremu (ES2120012) gisa izendatuta dagoela Natura 2000 Sarean. Era berean, EAEko Azpiegitura Berdearen arabera, ibilgu hori eta haren ibaiertzak «Biodibertsitate-erreserba» gisa identifikatzen dira, eta bai Araxes bai Oria Azpiegitura Berdearen bilbe urdinean sartzen dira, ibai-konektore gisa duten funtzioagatik.
Planaren eremuan ez dago kultura-ondare arkitektoniko eta arkeologikoko elementu babesturik. Hurbilen dagoen elementua Iurramendi egoitza da, eta babes ertaina du Donejakue Bidearen Monumentu Multzoaren barruan. Bestalde, Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak «Udalaz gaindiko intereseko beste ondasun batzuk» gisa katalogatzen du elementu hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoak monumentu / monumentu-multzo izendatzeko proposatutako arkeologia-gune gisa mugatzen du haren ingurunea: 92. Iurramendiko San Migel ermitako dorretxea.
Zarata gehien inguruko bide-trafikoa dela eta sortzen da, batez ere eremuaren hegoaldetik igarotzen den GI-2130 eta N-1 errepideen zirkulazioaren ondorioz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, eremua N-1 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barnean dago.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun-maila handia eta oso handia du. Eremutik gertu dauden Araxes eta Oria ibaien tarteak uholde-arrisku handiko eremutzat hartzen badira ere (Oria Ibaia UAHE; ES017-GIP-15-2), horiei lotutako uholde-orbanek ez diote Planaren eremuari eragiten. Eremua ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik, eta arrisku txikia du higadura-prozesuen, baso-suteen eta arrisku sismikoaren probabilitateari dagokionez.
Azkenik, salgai arriskutsuen garraioari lotutako arrisku teknologikoak kontuan hartuta, lurzatia Madril-Irun trenbidearen 600 metroko afekzio-zerrendan sartzen da, zeina arrisku txikikotzat jotzen baita, bai eta GI-2130 eta N-1 errepideen 100 metroko zerrendan ere, arrisku oso txikikotzat eta txikikotzat jotzen direnak, hurrenez hurren. Udalerrian ez dago Seveso III araudiak araututako lekurik.
Aurrekoa ikusirik, inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, eremua berrurbanizatzeagatik eta eraikin berriak eraikitzeagatik, aurreikusitako sestra azpiko solairuak eraikitzea barne. Hala, jarduketek hondeaketa-soberakinak, emisio atmosferikoak, hondakinak, isurketak, zaratak, etab., sortzearen ondoriozko inpaktuak izango dituzte.
Lurzoruaren okupazioak eragindako afekzioa ez da oso adierazgarria, eremu hori dagoeneko artifizializatuta dagoelako hein handi batean. Dena den, eremua urbanizatu egingo denez, lurzoruaren funtzioak optimizatzen lagunduko duten ekintzak eta neurriak jaso beharko dira.
Araxes ibaia KBEari dagokionez (eremuaren hegoaldeko isurialdearen oinean kokatua), adierazi behar da planaren ondoriozko jarduketak ibilgutik bereizita geratuko direla urbanizatutako eremuen ondorioz (errepidea, espaloiak, etab.), eta, hortaz, baztertu egiten da zuzeneko eragina izatea (ibilguaren morfologiari, ibaiertzeko landarediari, faunari eta habitatari eragitea). Nolanahi ere, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak hartu beharko dira zeharkako eraginak saihesteko edo minimizatzeko (uren kalitatea murriztea, obretako emisio atmosferikoak eta akustikoak, faunari eragozpenak eragitea, etab.).
Zaratari dagokionez, AACk egindako inpaktu akustikoaren azterketa bat aurkeztu da (2023ko azaroa). Azterketa horren arabera, ospitale berrian kalitate akustikoko helburuak (KAH) gaindituko dira fatxadan, 14 dB (A), 13 dB (A) eta 16 dB (A), egunez, arratsaldez eta gauez, hurrenez hurren.
Zuzenketa-neurri gisa, N-1 errepidean jarritako pantaila akustikoa gutxi gorabehera 330 metro luzatzea planteatzen da, 4 metroko garaierarekin; neurri horri esker, gehien kaltetutako fatxadetako mailak 5 dB (A) baino gehiago murriztea lortuko litzateke, baina KAHak gainditzen jarraituko liteke aztertutako eguneko hiru aldietan.
Azterketa akustikoak ondorioztatzen du eremua babes akustiko bereziko eremu izendatu beharko dela (aurrerantzean, BABE), eta barnealdea isolatzeko neurriak proposatzen ditu, etorkizuneko eraikinaren fatxadetan bete beharreko gutxieneko isolamendu-mailak zein izango diren adierazi eta gero, bai proposatutako pantaila jarrita, bai jarri gabe.
Mugikortasunari dagokionez, egungo trafikoa kontuan hartuta, uste da eskualdeko ospitalea inguruan ezartzeak bide-trafikoaren hazkunde nabarmena ekar dezakeela. Hortaz, Planak adierazten duenez, inguruneko mugikortasun-plan espezifiko bat egin beharko da, proposamenaren egokitasuna zehazteko trafikoari, sarrerei eta irteerei dagokienez, edo, hala badagokio, beste alternatiba bat planteatzeko.
Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldeko neurriak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afektazio-eremuko esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen dituztenean, besteak beste, zaratari, naturagune babestuei, urei, faunari, kultura-ondareari, hondakinei, isurketei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betetzen badute.
3.– Ebazpen honetan babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Tolosako (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurramendi» eremuaren aldaketa puntualean sartu beharrekoak, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan ez ditzan eta ez dadin beharrezkoa izan ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste erakunde batzuek ezarri ditzaketenak.
a) Kultura-ondareari buruzko neurriak.
– Planak kontuan hartu beharko du Iurramendi Egoitzak babes ertaina duela Donejakue Bidearen Monumentu Multzoaren barruan, eta, beraz, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua bete beharko dela. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzen da, eta, zehazki, 23. artikuluan, 15 metroko babes-ingurune bat ezartzen da, ondasunari berari eta inguruko espazio libreei eragingo diena.
– Bestalde, Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Iurramendiko San Migel ermitako dorretxea (92) «Udalaz gaindiko intereseko beste ondasun batzuk» gisa katalogatzen du, eta bere ingurua «Euskal Autonomia Erkidegoak monumentu edo monumentu multzo izendatzeko proposatutako gune arkeologiko» gisa mugatzen du, eta horrek babes-araudian ezarritakoa betetzea dakar.
– Aurretik esandakoa eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
b) Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
– Aurreikusitako erabileretarako, eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
– Eremua babes akustiko bereziko eremu izendatzen bada, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. eta 46. artikuluen arabera, zonako planak teknikoki eta ekonomikoki ematen diren neurriak garatuko ditu, osasun-, irakaskuntza- eta kultura-erabilerako lurzorua nagusi den eremu akustikoaren kanpoaldea babesteko; horretarako, kontuan hartuko dira zarata hautematen den eraikinetako leihodun fatxada guztietan eta solairu guztietan dagoen soinua, eta eraiki gabeko eremuetan, berriz, lurzoruaren gainetik 2 metrora bitarte dagoen kanpo-ingurunean dagoen soinua. Ezin bada kanpo-ingurunea babestu, aplikagarri diren kalitate akustikoko helburuak bete arte neurri osagarriak garatuko dira, gutxienez, eraikinen barruan kalitate helburuak bete daitezen.
c) Mugikortasunari buruzko neurriak.
Planak inguruneko mugikortasun-plan espezifiko bat izan beharko du, proposamenaren egokitasuna zehazteko trafikoari, sarrerei eta irteerei dagokienez, edo, hala badagokio, beste alternatiba bat planteatzeko. Plan horretan, gaur egun GI-2130, GI-2135, N-1 errepidearen sarbidea eta Iruña hiribidea elkartzen diren biribilgunean dauden zirkulazio-fluxuak aurreikusi beharko dira, bertatik igaroko baita ospitaleak sortzen duen trafikoaren zatirik handiena.
d) Lurzoruaren funtzioak optimizatzeko neurriak.
Lurzoruaren iragazkortasuna errazten duten eta drainatze jasangarriko teknikak erabiliz iragazketa-ahalmena handitzen duten irtenbideak erabiltzea.
e) Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurrekoak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, berriz, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, urbanizazio-proiektua burutzeko neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean jasotzen dituen erabakietan sartu beharko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.– Kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketa-eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, ez dira inoiz Araxes ibaitik gertu kokatu behar, ez eta urak har ditzakeen eremuetan ere, eta ez diete inola ere landaredi autoktonoa duten espazioei eragin behar.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, baldin eta ezin badira gertu dauden obretan berrerabili, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Obran landare-lurra kudeatzearekin lotutako ekonomia zirkularreko neurriak aplikatuko dira. Ahal dela, landare-lurra obran bertan edo inguruko beste obra batzuetan berrerabiliko da. Horretarako, landare-lurra eta indusketetako gainerako materialak bereizita pilatuko dira. Landare-lurren soberakinak baldintza egokietan metatuko dira, obren ondorioz kaltetutako eremuak lehengoratzeko eta landareztatzeko berrerabiltzen diren unera arte, 2 metroko altuera gainditzen ez duten pilatan. Baldin eta metatutako landare-lurra ez bada berehala erabiliko, polietilenozko xafla batekin estaliko da, espezie aloktono inbaditzaileek koloniza dezaten saihesteko.
– Kutsatuta egon daitezkeen lurrak: obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Tolosako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Lurrazaleko urak babesteko neurriak: garapen-proiektuek neurri egokiak ezarriko dituzte solido esekien kargak dituzten jariatzeen fluxua Araxes ibaira isur dadin saihesteko (ur-zirkuitu itxiarekin edo dekantazio-putzuari lotutako gurpilak garbitzekoak jartzea, obrara sartzeko bideak garbitzea, kale-garbigailuei lehentasuna emanez presiozko uraren aurretik, solido esekiak atxikitzeko gailuak, Araxes ibaiko uren egoera kontrolatzea, batez ere lur-mugimenduak egitean, hala badagokio, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak ezartzeko, etab.).
– Lurzoruen eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, istripuzko isuriek eragindako kalteak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Iragazgaiztu gabeko eremuetan makinak mantentzeko lanak egitea saihestuko da; alde horretatik, kontuan izan behar da akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna handia eta oso handia dela.
– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.
Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, eta, orokorrean, bai eta erabilitako makinen mantentze-lanetan ere, zaratak eta bibrazioak murrizteko.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen edo berdeen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizte aldera, ez dira inola ere inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak (Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.) erabiliko birlandatzeko eta lorategiak hornitzeko lanetan, eta bermatuko da leheneratzeko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzailearen propagulurik.
– Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko.
– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak edo lorategiz hornitutakoak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak aplikatuko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira. Irizpide bioklimatikoak eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira espezieak hautatzeko garaian.
– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez kanpoko argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen baitira, EA-01etik EA-07ra.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak gutxitzea.
– Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta sustatzaileak planteatutakoak hartuta, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurramendi» eremuaren aldaketa puntualak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak eragingo dituenik, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egitea.
Hirugarrena.– Tolosako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurramendi» eremuaren aldaketa puntuala, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 9a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS