
188. zk., 2024ko irailaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 4 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
4450
EBAZPENA, 2024ko irailaren 12koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuria» Sariaren 2024ko deialdia iragartzen duena.
Ekainaren 30eko 79/2020 Dekretuaren bitartez arautzen da «Ignacio Ellacuría» Saria, eta haren helburua da Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea eta ezagutaraztea, euskal gizartea eta nazioartekoa sentsibilizatze aldera.
Dekretu horren 3. artikuluan ezartzen denez, aldian-aldian egingo da sariaren deialdia, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta ebazpenean zehaztuko dira edizio bakoitzaren oinarri espezifikoak. Bestalde, dekretuaren 5. artikuluak xedatzen du eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak kudeatuko duela saria.
Deialdi honek eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuen, 2024ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran.
Sariaren deialdia eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eta 2024rako Urteko Planaren barruan sartzen da. Dirulaguntzen Plan Estrategikoak, lehentasunezko arloen artean, eragileak indartzea jasotzen du, eta sariaren deialdiak laguntzen du pertsonek, kolektiboek eta erakundeek herrien arteko justiziari eta pobreziaren aurkako borrokari egiten dioten ekarpena indartzen eta zabaltzen.
Era berean, deialdiak bete egiten ditu Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planean (2018-2021) aurreikusitako azken helburuak (plan hori 2022-2024 aldirako luzatu zen, Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko akordioaren bidez).
Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana, 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta 2024ko Urteko Plana eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren webgunean daude argitaratuta (www.elankidetza.euskadi.eus), «Nor gara» atalean, «Plangintza» atalean.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren 2024ko deialdia egitea, onartu diren eta eranskinean agertzen diren oinarriei jarraituz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz aurreikusten ez den guztian, arau hauek aplikatuko dira: 79/2020 Dekretua, ekainaren 30ekoa, Garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» Saria arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duena; eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa (printzipio orokorrak).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 12a.
eLankidetza-Lankidetzarako eL Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
ERANSKINA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN «IGNACIO ELLACURÍA» SARIAREN 2024KO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» Sariaren deialdia egitea; sari horren helburua da erakundeek, kolektiboek, gizabanakoek eta ekimenek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea eta behar den hedapena ematea, euskal gizartea sentsibilizatze aldera.
Bigarrena.– Sariaren ezaugarriak.
Saria 15.500 euroko zenbateko gordina izango da. Diru-zenbateko horrek dagokion atxikipen fiskala izango du.
Hirugarrena.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra EAEn duten eta hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten garapenerako lankidetzako erakundeek bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztapenak www.euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskuragarri, Laguntzak eta dirulaguntzak atalean, edo www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian, Deialdiak deritzon atalean.
3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: www.euskadi.eus/nirekarpeta.
Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea eta modua.
1.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epemuga-hilean amaituko da, argitaratu zen egunean. Epemuga-hilean ez badago epea hasi den egunaren baliokiderik, hilaren azken egunean bukatuko da epea.
2.– Hautagaitzak aurkezteko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da, Laguntzak eta dirulaguntzak atalera.
Bosgarrena.– Hautagaitzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Hautagaitza eskabide-orri normalizatuan bete beharko da, behar bezala eta osorik, zeina eskuragarri egongo baita www.euskadi.eus egoitza elektronikoan, Laguntzak eta dirulaguntzak atatean.
2.– Hautagaitza horrekin batera, hauek aurkeztu behar dira:
a) Pertsona fisiko edo juridikoaren ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa edo, hala badagokio, sarirako proposatutako ekimena, hautagaitza aurkezten duen erakundearen iritziz saria merezi duena.
b) Hala badagokio, proposatutako hautagaitzaren aldeko abalak edo atxikipenak, hura formalizatzen dutenek aurkeztutakoak.
c) Eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan emandako datuen egiazkotasunari eta zehaztasunari buruzko erantzukizunpeko aitorpena, non, hala ez bada, dagokion ardura hartzen baita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 28.7 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
d) Legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta eskabidea sinatu duen pertsona ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistro elektronikoan.
Seigarrena.– Epaimahaia.
Hautagaiak aztertzeko, epaimahai bat eratuko da, kide hauek izango dituena:
– Presidentea: Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Garapenerako Lankidetza Batzordeko burua: Irina Rabalo Navarro.
– Kideak:
• Eusko Jaurlaritzaren eta beste euskal erakunde batzuen ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria, Jagoba Álvarez Ereño, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta Larrabide.
• Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Euskadiko Koordinakundearen lehendakaria: Josu Urrutia Beristain.
• Lankidetzaren eta garapenaren alorrean izen handia duen pertsona bat: Eneko Gerrikabeitia Zenarrutzabeitia, Ignacio Ellacuria Sariaren 2023ko hautagaitza esleipendunaren ordezkaritzan.
– Idazkaria: eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Zerbitzu Juridikoaren arduraduna, Ana Isabel Rojo González.
Epaimahai horrek, deialdi honetarako aurreikusitako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eztabaidaren emaitza jasoko duen txostena egingo du.
ELankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuak dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari, txosten batekin batera, non adieraziko baita sarirako proposatutako pertsonak edo erakundeak bere esku duen informazioak betetzen dituela eskatutako legezko baldintzak. eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, ebazpen-proposamena ikusita, dagokion ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.
Zazpigarrena.– Saria ematea.
Saria emateko, jendaurreko ekitaldi berezia antolatuko du eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak.
RSS