
188. zk., 2024ko irailaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (398 KB - 54 orri.)
- EPUB (921 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4448
AGINDUA, 2024ko irailaren 10ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetako ikerketa, garapen eta berrikuntzarako 2024ko ekitaldiko laguntzen (Berriker programa) oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena.
I
Enpresei I+G+Brako ematen zaizkien laguntzak dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, epe laburrera erantzuteko ez ezik, enpresa-arloko ekimenak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun dezaten bultzatzeko ere bai (hori da, izan ere, xede nagusia), ikerketa-ekintzak azpisektoreen bitartez gara daitezen sustatuz.
Horrela dago jasota Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, egun Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila denak, I+G+B jarduerak sustatuz, nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko egindako, lagundutako eta bultzatutako planetan. «Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030» (ZTBP 2030) bera EAEk ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa da, EAEko ekonomiak lehiakortasuna hobetu eta hazkunde jasangarriaren bidean aurrera egin dezan lortzeko eragile gisa.
EAEk erreferentea izan nahi du gastronomiaren eta elikagaien arloan, kalitate handiagatik ez ezik, balio-katearen ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-jasangarritasunagatik ere. Erronka handi hori lortzeko, bultzatu, sustatu eta garatu egin behar da enpresek kalitatezko produktu osasungarriak merkaturatu ditzatela eta jasangarritasuna sustatu dezatela, aparteko turismo-balioa duen proposamen bat sortzeaz gain, kultura, paisaia eta gastronomiaren alorreko ondarearen kontserbatzea eta mundu mailan aintzatespen-maila are handiagoak lortzea ahaztu gabe. Garapen hori ekoizpen primariotik elikagai osasungarrien kontsumora bultzatu behar da; elikagaien kontsumitzaileak balio-kate osoaren muina izanik, eta sinergiak eta harremanak bilatuta beste sektore ekonomiko, kultural eta sozial batzuekin.
Helburu horiek lortzeko, trantsizio teknologiko-digitalari lotutako zeharkako erronkei egin beharko zaie aurre (elikagaien eta zuraren balio-katearen maila guztietan IKTak integratu beharko dira horretarako), baita trantsizio energetiko eta klimatikoari ere (ekonomia zirkularrera egokitzea ekarriko du horrek berekin, elikagai-hondakinak minimizatuz, azpielikagaiak berreskuratuz eta balorizatuz eta elikagaien paketatzea birdiseinatuz). Halaber, trantsizio soziosanitarioa aukera-iturri bihurtzen da. Hori guztia honako erronka hauetan zehazten da, kasuan kasuko epearen arabera:
– Epe laburrerako erronkak:
• Elikagai-ekosistema seguruak, jasangarriak eta osasungarriak.
• Nutrizio pertsonalizatua: omikak garatzea eta produktu berrien formulazioan aplikatzea.
• Zahartze osasungarrirako elikagai berriak: haurtzarotik hirugarren adinera arte.
• Proteina-iturri berriak.
– Epe ertainerako erronkak:
• Proteinak edo beste elikagai-osagai batzuk –biofilmak, polisakaridoak, gantz-azidoak, bitaminak, etab.– bioteknologikoki ekoizteko metodo berriak.
• Doitasunezko nutrizioa, nutrizioak gaixotasunen –bereziki gaixotasun ez-transmitigarrien– prebentzioan duen garrantzian ardaztua, biztanleriaren osasun eta ongizatearen mesedetan.
• Ikuspegi berriak sustatzea, biztanle talde jakin batzuetan nutrizioaren alorreko esku-hartzeak lortzeko ez ezik, dietak osasunean eta ongizatean duen eragina indartzeko ere.
I+G+Bko lehentasunezko eremu horiek bat datoz Baserritik mahaira (Farm to fork) estrategiarekin, zeinak elikagai-sistema justu eta osasungarri baten alde egiten baitu, elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresetan jardunbide jasangarriak sustatuz, esaterako, arlo hauetako proiektuak:
• Nekazaritza ekologikoa, produktu ekologikoa.
• Animalien ongizatea.
• Jatorriari buruzko etiketatzea: osasungarritasuna, jasangarritasuna, animalien ongizatea.
• Ontziak: elikagaietarako biomaterial egokiak.
• Elikagai-hondakinak.
• Pestizidak, fitosanitarioak eta mikrobioen aurkakoak murriztea.
• Merkaturatze arduratsua eta, oro har, balio-kate osoan.
• Iruzurraren kontrako borroka.
• Nutrizio-profilak (etiketatzearekin ere lotuta).
• Elikadura jasangarria, osasungarria eta arrazoizko prezioan.
• Kontsumitzaileen ahalduntzea.
Europako estrategietako trantsizio eta aurrerapen horiei heltzeko, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren estrategiako oinarrizko zutabeetako bat da ezagutza sortzea, ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzaren bidez.
II
Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren –horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz– III. kapituluaren IV. sekzioan, ikerketa eta garapenerako proiektuen laguntzak (25. artikulua) eta prozesuak eta antolaketa berritzeko laguntzak (29. artikulua) arautzen dira.
Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak ezartzen ditu estatu kideek laguntza horiek estatu-laguntza gisa eman ahal izateko baldintzak eta betekizunak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako aldez aurreko jakinarazpenaren beharrik gabe, hargatik eragotzi gabe laguntza horiek geroago jakinaraztea, erregelamendu horren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduko 38. artikuluan ere arautzen dira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan ikertzeko eta garatzeko laguntzak. Erregelamendu horrek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako laguntza-kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
Landa-garapeneko politikaren arabera, bateragarriak dira kofinantzatutako neurriak eta estatu-laguntzak. Hori bai, estatu-laguntzak muga eta kontrol jakin batzuen mende daude, bi politikak koherenteak izan daitezen elkarren artean eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan lehiakortasunaren alorrean xedatzen diren arauak hertsiki bete daitezen.
Laguntza horiek Batzordeari aurretiaz jakinaraztetik salbuetsita daude, hargatik eragotzi gabe geroago jakinaraztea, betiere Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Hala, agindu honen xedea da aipatu erregelamenduen artikulu horietan ezarritako I+G+Bko proiektuetan gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzak emateko deialdia egitea.
III
Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzekoa), eta sail horren webgunean argitaratuta dago («Planak eta proiektuak» atalean).
Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.
Laguntza horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera ebatziko dira, oinarrizko araubide aplikagarrian xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 eta 10.1 artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 19.1 artikuluari dagokionez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua da programa honen oinarri arautzaileak eta deialdia onartzeko organo eskuduna.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetako ikerketa, garapen eta berrikuntzarako dirulaguntzen oinarriak onartzea –agindu honen eranskinean jasotzen dira oinarriok– eta 2024ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 10a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.– Deialdiko dirulaguntzen xedea eta helburua.
1.– Deialdiko dirulaguntzen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu eta bultzatzea (Berriker programa) eta dirulaguntzen deialdia egitea 2024ko ekitaldirako.
2.– Agindu honetan ezartzen diren ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzen helburua da efizientzia areagotzea, lehiakortasuna hobetzea, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta lankidetza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan.
3.– Laguntzak urte baterako edo hainbat urtetarako izango dira, aurkezten diren proiektuen exekuzio-epearen arabera.
4.– Agindu honen 3. oinarri arautzailearen 1. eta 3. ildoetan adierazitako laguntzak barne-merkatuarekin bateragarriak izango dira, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita egongo dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, Europako Batzordeari behar bezala jakinaraziko zaizkio, agindu hau indarrean jarri eta 20 eguneko epean.
5.– Agindu honen 3. oinarri arautzailearen 2. ildoan adierazitako laguntzak barne-merkatuarekin bateragarriak izango dira, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita egongo dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, Europako Batzordeari behar bezala jakinaraziko zaizkio, agindu hau indarrean jarri eta 20 eguneko epean.
2. oinarria.– Definizioak.
1.– Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta), definizio hauek ezartzen dira:
Enpresa: jarduera ekonomiko bat garatzen duen entitate oro, bere forma juridikoa edozein dela ere. Bereziki, enpresatzat hartzen dira f) banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen diren entitateak, bai eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren pertsonen sozietateak eta elkarteak.
– Enpresa talde berritzaileak: zati independenteen egitura edo talde antolatuak (hala nola enpresa berritzaile berriak, enpresa txiki, ertain eta handiak, ikerketa eta ezagutzak hedatzeko antolakundeak, ikerketa-azpiegiturak, saiakuntza eta esperimentaziorako azpiegiturak, berrikuntza digitaleko zentroak, irabazi-asmorik gabeko antolakundeak eta lotutako beste eragile ekonomiko batzuk), jarduera berritzaileak eta lankidetza modu berriak sustatzeko sortuak, adibidez, bitarteko digitalen bidez, instalazioen erabilera partekatuaren bidez edo instalazioen erabilera partekatua eta ezagutzen trukea sustatuz, bai eta ezagutzen transferentziari, sareen sorrerari, informazioaren hedapenari eta enpresen eta enpresa taldeko beste antolakunde batzuen arteko lankidetzari ekarpen eraginkorra eginez ere; berrikuntza digitaleko zentroak industrian (bereziki ETEetan) eta organismo publikoetan teknologia digitalen erabilera zabala sustatzea helburu duten entitateak dira, hala nola adimen artifiziala, hodeiko konputazioa, konputazio periferikoa eta errendimendu handiko informatika, bai eta zibersegurtasuna ere; berrikuntza digitaleko zentroak, bere horretan, enpresa talde berritzailetzat har litezke.
– Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren zenbateko gordina, diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoan adierazia, edozein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurretik.
– Lankidetza eraginkorra: gutxienez bi zati independenteren arteko lankidetza ezagutzak edo teknologia elkarri trukatzeko, edo, lan-banaketa oinarri hartuta, helburu bera lortzeko, non esku hartzen duten zatiek batera zehazten baitute elkarlaneko proiektuaren eremua, hori aplikatzen laguntzen dute eta haren arriskuak eta emaitzak partekatzen dituzte; zati batek edo hainbatek proiektuaren kostu guztiak bere gain har ditzake eta, era horretan, gainerakoak finantza-arriskuetatik libratzen ditu. Kontratupeko ikerketa eta ikerketa-zerbitzuen prestazioa ez dira lankidetza modutzat hartzen.
– Nekazaritzako produktuak merkaturatzea: salmentarako produktuak edukitzea edo erakustea, salmentarako eskaintza, merkaturako entregatzea edo merkatuan jartzeko edozein modu, lehen sektoreko ekoizleek bitartekariei edo eraldatzaileei egindako lehenengo salmenta edo lehen salmenta horretarako produktu bat prestatzeko jarduerak izan ezik; lehen sektoreko ekoizleek azken kontsumitzaileei egindako salmenta merkaturatzea dela ulertuko da, baldin eta horretara bideratutako instalazio independenteetan egiten bada.
– Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. Hor sartu ahal izango dira, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko jarduerak ere.
Garapen esperimentalak hauek barne hartu ahal izango ditu: prototipoak sortzea, frogantza, proiektu pilotuak egitea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen saiakuntza eta balioztapena, funtzionamendu errealeko baldintzak islatzen dituzten inguruneetan, betiere helburu nagusia bada sendo errotuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak ekartzea. Garapen esperimentalak barne hartu ahal izango du merkataritza-erabilera izan lezaketen prototipo eta proiektu pilotuak, ezinbestean azken merkataritza-produktua badira, eta horiek soilik frogantza- eta balioztatze-helburuetarako fabrikatzea garestiegia denean.
Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
– Krisian dagoen enpresa: Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.
– Prozesuen alorreko berrikuntza: ekoizpen- edo hornitze-metodo berria edo nabarmen hobetua aplikatzea (teknika, ekipo edota programa informatikoei egindako aldaketa nabarmenak barne). Ez ditu barne hartzen garrantzi gutxiko aldaketak edo hobekuntzak, aurretik ere erabiltzen ziren fabrikazio-sistemen edo logistikaren oso antzekoak sartuta lortutako ekoizpen- edo zerbitzu-gaitasunen hobekuntzak, prozesu bat aurrerantzean ez erabiltzea, kapitala ordeztu edo handitu hutsa, faktoreen prezioa aldatu dela eta sortutako eraldaketak, ekoizpen pertsonalizatua, tokiko erabileretara egokitzea, sasoiaren araberako aldaketak eta beste aldaketa zikliko batzuk, eta produktu berrien edo nabarmen hobetuen salerosketa.
– Industria-ikerketa: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Barne har ditzake sistema konplexuen osagaiak sortzea eta laborategi-ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazeak dituen ingurune batean prototipoak eraikitzea, baita lerro pilotuak ere, industria-ikerketarako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.
– Nekazaritzako produktua: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendatutako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako arrantza- eta akuikultura-produktuak izan ezik.
– Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendatuak, produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.
– Nekazaritzako produktuak eraldatzea: nekazaritzako produktu baten gainean egindako eragiketaren emaitza, emaitza nekazaritza-produktu bat denean, animalia- edo landare-produktu bat lehenbiziko salmentarako prestatzeko egin behar diren nekazaritza-jarduerak izan ezik.
– Nekazaritza- eta basogintza-sektorea: nekazaritzaren eta basogintzaren ekoizpen primarioan zein eraldaketan eta merkaturatzean jarduten duten enpresa guztiak.
2.– Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:
– Arrantza-sektorea eta akuikultura-sektorea: ekonomiaren sektore bat da, arrantza- eta akuikultura-produktuak ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzeko jarduera guztiak barne hartzen dituena.
– Arrantzako eta akuikulturako produktuak: arrantzako jardueretatik lortutako organismo urtarrak edo horietatik eratorritako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I.b) eranskinean zerrendatzen diren eran.
– Akuikulturako produktuak, organismo urtarrak, beren bizitza-zikloaren fase guztietan, akuikulturako jarduera orotatik lortuak edo horietatik eratorritako produktuak.
– Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak: ikerketan, garapenean eta berrikuntzan diharduten entitateak, eta entitate horiek, sarean lan eginez, I+G+B arloko jardueren uztarketa orekatua garatzen dute, ikerketa espezializatu eta bikaina egiten dute, eta EAEn aberastasuna eta ongizatea sortzeko lagungarriak dira. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera egiaztatutako entitateak dira.
3. oinarria.– Laguntza-ildoak.
Agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko, laguntza-ildo hauek ezartzen dira:
a) 1. ildoa: Elikagaien eta zuraren balio-kateari lotutako I+G proiektuetarako laguntzak.
Laguntza-ildo horri hauxe aplikatuko zaio: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikulua.
Diruz lagundu daitezkeen proiektuen tipologia hauek jasoko dute laguntza:
i) Elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresetako I+G proiektuak. Halakotzat hartuko dira elikagaien eta zuraren balio-kateko ekoizpen, eraldaketa, banaketa edo merkaturatzearen sektoreetako enpresek sustatutako industria-ikerketarako edo garapen esperimentalerako proiektuak. Mota horretako proiektuak produktu, zerbitzu, negozio-prozesu edo negozio-eredu zientifiko-teknologikoak –bai berriak bai nabarmen hobetuak eta termino zientifiko-teknologikoetan existitzen direnak baino hobeak izango direnak– garatzera bideratuta egon beharko dute.
Balorazio positiboa emango zaio elikagaien eta zuraren balio-kateko maila guztietako enpresen arteko lankidetzari, baldin eta lankidetza hori lagungarria bada balio-proposamen lehiakorragoak garatzeko eta balio-katea integratzen laguntzeko, baita enpresen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetzari ere.
ii) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileek elikagaien eta zuraren balio-katearentzat ezagutza sortzeko egindako I+Gko proiektuak, Elikadura Osasungarriaren RIS3 eremuari, «Baserritik mahaira» estrategiari eta sailburuordetza eskudunak I+Garen arloan abiarazitako planei lotutako I+G ildoetan. Horiek 6. oinarrian zehazten dira.
Oinarrizko ikerketako, industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak finantzatuko dira, bai eta bideragarritasun-azterlanak ere.
Mota horretako proiektuek ezagutza sortu beharko dute, etorkizunean elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresek aplikatu edo merkaturatu ditzaten. Balorazio positiboa izango du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko askotariko eragileen arteko lankidetzak, baita enpresek eta elikagaien eta zuraren balio-kateko beste entitate batzuek interes-adierazpenak izateak ere.
b) 2. ildoa: I+Gko proiektuetarako laguntzak, baldin eta proiektu horien xedea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza sortzea eta ezagutza espezifikoa hedatzea bada.
Laguntza horiei hauxe aplikatuko zaie: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduren 38. artikulua.
Diruz lagundutako proiektua interes orokorrekoa izango da kasuan kasuko sektoreko edo azpisektoreko enpresa guztientzat.
Balorazio positiboa izango du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko askotariko eragileen arteko lankidetzak, baita enpresek eta nekazaritza- edo basogintza-sektoreko edo -azpisektoreko beste entitate batzuek interes-adierazpenak izateak ere.
Diruz lagundutako proiektuaren hasieran, estatu edo eskualde mailan sarbide publikoa duen webgune batean honako informazio hau argitaratuko da:
– Diruz lagundutako proiektua benetan martxan jarri dela.
– Diruz lagundutako proiektuaren helburuak.
– Diruz lagundutako proiektutik espero diren emaitzen gutxi gorabeherako argitalpen-data.
– Diruz lagundutako proiektutik espero diren emaitzak argitaratuko diren Interneteko helbidea.
– Diruz lagundutako proiektuaren emaitzak kasuan kasuko sektorean edo azpisektorean diharduten enpresa guztien eskura doan jarriko direlako aipamena.
Diruz lagundutako proiektuaren emaitzak sarbide publikoko webgune batean argitaratuko dira, proiektua amaitzen den egunetik edo organismo jakin bateko kideei emaitzei buruzko edozein informazio ematen zaien egunetik aurrera, data hori lehenagokoa bada. Emaitzak Interneten egongo dira eskuragarri, gutxienez bost urtez, diruz lagundutako proiektua amaitzen den egunetik aurrera.
c) 3. ildoa: Negozio-prozesuetan berritzeko proiektuetarako laguntzak.
Laguntza-ildo horri hauxe aplikatuko zaio: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 29. artikulua.
Halakotzat hartuko dira elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresen ekoizteko, eraldatzeko, banatzeko edo merkaturatzeko negozio-prozesuetara bideratutako oinarri teknologikoko berrikuntza-proiektuak, teknologia digitalak barne. Laguntza-ildo honetako proiektuak berria den edo nabarmen hobetuta dagoen negozio-prozesu bat txertatzera bideratuta egon beharko dira, eta negozio-prozesu horren ezaugarriak edo aplikazioak lehendik zeudenen oso desberdinak izan beharko dira teknologiari dagokionez, dela teknologia berrien erabileraren ondoriozkoak direlako, dela lehendik existitzen zirenen konbinazio edo erabilera berriak direlako.
Proiektu horiek lagungarriak izan beharko dira enpresaren lehia-posizioa nabarmen hobetzeko, eta aldaketa edo hobekuntza txikiagoei heltzen dieten proiektuak eta aldaketa errepikakorrak kanpoan geratuko dira.
Ez dira kontuan hartuko berrikuntza bat ezartzeko helburu nagusia ez duten proiektuak, hala nola planak egitea edo azterlanak eta analisiak gauzatzea. Ez dira kontuan hartuko, ezta ere, produktu edo zerbitzuetan berrikuntzak txertatzeko proiektuak edo digitalizazio-proiektuak, baldin eta enpresaren negozio-prozesuetan aldaketa edo hobekuntza nabarmenak eragiten ez badituzte, hala nola produktu informatikoen ezarpena.
4. oinarria.– Onuradunak.
1.– 1.i ildoan aintzat hartutako laguntzetarako (elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresetako I+G proiektuei dagozkienak) hauek izan daitezke onuradunak:
a) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:
i) Enpresa txiki eta ertaina, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako definizioaren arabera.
ii) Enpresa handia, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako ETEen definizioak barne hartzen ez duena.
b) Enpresaburuen elkarteak.
c) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Pertsona fisiko edo juridikoen taldeentzako laguntzak taldeko pertsona fisiko edo juridiko bati emango zaizkio. Hori ezertan eragotzi gabe, bertan parte hartzen duten entitate guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak.
Talde horiek agindu honen IV. eranskin gisa atxikitako egikaritze-akordioa bete beharko dute eskaeran, alderdi hauek adierazita:
– Dirulaguntza-funtsen hartzailea izango den taldekidearen izendapena. Horrek gainerako taldekideen artean banatuko ditu.
– Taldearen ordezkari edo ahaldun bakarra izango den taldekidearen izendapena, taldeari, onuraduna den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoarekin; besteak beste, ahaldun horrek sinatuko du justifikazio-kontua, eta taldean egindako aldaketen berri eman beharko du.
– Taldekide bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzak betearazi beharreko dirulaguntzen zenbatekoak ere.
– Taldearen barne-harremanak.
IV. eranskinean ezarritako egikaritze-akordioa taldekide bakoitzaren lege-ordezkariak sinatu beharko du. Gainera, ordezkari edo ahaldun bakar izendatu den pertsonak sinatuko du akordioa. Sinatzeak berekin ekarriko du ahaldun-izaera onartzea.
Taldea ezingo da desegin, harik eta lau urte igaro arte. Epe hori ezartzen du 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 44.2 artikuluan.
Apartatu honetan adierazitako taldekideek modu solidarioan erantzungo diote itzulketa-betebeharrari. Erantzukizun hori mugatuko da gauzatzea hitzeman duten diruz lagundutako jardueretara. Muga hori kide bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoarekin bat etorriko da, zeina emate-ebazpenean zehaztuko baita.
2.– 1.ii) ildoan eta 2. ildoan ezarritako laguntzetan, onuradun izan daiteke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan xedatutakoaren arabera Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile gisa egiaztatutako edozein entitate.
3.– 3. ildoko laguntzetan (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuei dagozkienak), hauek izan ahalko dira onuradunak:
a) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:
i) Enpresa txiki eta ertaina, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako definizioaren arabera.
ii) Enpresa handia, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako ETEen definizioak barne hartzen ez duena.
Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 29. artikuluaren 2. puntuan jasotakoaren arabera, enpresa handientzako laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta laguntza jaso duen jardueran ETEekin benetan lankidetzan aritzen badira eta lankidetzan diharduten ETEek diruz laguntzeko moduko kostu guztien % 30 gutxienez ordaintzen badituzte.
b) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Pertsona fisiko edo juridikoen taldeentzako laguntzak taldeko pertsona fisiko edo juridiko bati emango zaizkio. Hori ezertan eragotzi gabe, bertan parte hartzen duten entitate guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak.
Talde horiek agindu honen IV. eranskin gisa atxikitako egikaritze-akordioa bete beharko dute eskaeran, alderdi hauek adierazita:
– Dirulaguntza-funtsen hartzailea izango den taldekidearen izendapena. Horrek gainerako taldekideen artean banatuko ditu.
– Taldearen ordezkari edo ahaldun bakarra izango den taldekidearen izendapena, taldeari, onuraduna den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoarekin; besteak beste, ahaldun horrek sinatuko du justifikazio-kontua, eta taldean egindako aldaketen berri eman beharko du.
– Taldekide bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzak betearazi beharreko dirulaguntzen zenbatekoak ere.
– Taldearen barne-harremanak.
IV. eranskinean ezarritako egikaritze-akordioa taldekide bakoitzaren lege-ordezkariak sinatu beharko du. Gainera, ordezkari edo ahaldun bakar izendatu den pertsonak sinatuko du akordioa. Sinatzeak berekin ekarriko du ahaldun-izaera onartzea.
Taldea ezingo da desegin, harik eta lau urte igaro arte. Epe hori ezartzen du 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 44.2 artikuluan.
Apartatu honetan adierazitako taldekideek modu solidarioan erantzungo diote itzulketa-betebeharrari. Erantzukizun hori mugatuko da gauzatzea hitzeman duten diruz lagundutako jardueretara. Muga hori kide bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoarekin bat etorriko da, zeina emate-ebazpenean zehaztuko baita.
5. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2024ko eta 2025eko ekitaldietarako, gehienez 2.500.000 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 500.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.000.000 euro, berriz, 2025erako konpromiso-kredituari. Honela banatuko da:
a) 1.550.000 euro 1. ildoari dagozkio (Elikagaien eta zuraren balio-kateari lotutako I+Gko proiektuetarako laguntzak): 250.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.300.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.
b) 795.000 euro 2. laguntza-ildoan (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuak); 175.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 620.000 euroak, berriz, 2025erako konpromiso-kredituari.
c) Negozio-prozesuen berrikuntza-proiektuen 3. ildoan, 155.000 euro erabiliko dira; horietatik 75.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 80.000 euro, 2025erako konpromiso-kredituari.
2.– Eskaerarik ez egoteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik oinarri arautzaile honen 1. Apartatuan adierazitako jardun-ildoren baterako esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, beste bi jardun-ildoei esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da, baina horrek ez du inola ere ekarriko bertan ezarritako gehieneko zenbateko osoa aldatzea.
Jardun-ildoei esleitutako zenbatekoak aldatzeko, sailburuorde eskudunak ebazpen bat eman beharko du, agindu honen 15. oinarri arautzailean adierazitako organo ebaluatzaileak horri buruz egiten duen txostena ikusita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Argitaratu ondoren, ebaluazio-organoak nahitaezko txostena emango du, zeina Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuaren lehenengo paragrafoan eta agindu honen 15.4.b) oinarrian ezarria baitago. Txosten hori organo kudeatzaileari helaraziko zaio, ebazpen-proposamena egin dezan.
3.– Aurreko apartatuan aipatutako laguntza-ildoen soberakina gainerako ildoetako funtsei gehituko zaie, ordena honetan eta erabat agortu arte:
• Elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresetako I+G proiektuak (1.i ildoa).
• Elikagaien eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuak (1.ii ildoa).
• Negozio-prozesuetan berritzeko proiektuak (3. ildoa).
• Nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuak (2. ildoa).
6. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta laguntzen intentsitatea.
1.– Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduaren 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek izango dira 1. eta 2. ildoetan aintzat hartutako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak:
a) Langile-gastuak: ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak, proiektuan aritzen diren neurrian. Gastu horiek kostu hautagarrien % 60 izango dira gehienez.
b) Tresneria- eta material-gastuak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian; tresneria eta materiala ez badira soil-soilik proiekturako erabiltzen beren bizitza baliagarri osoan, proiektuaren iraupenari dagozkion amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Gastu horiek erosketa- eta alokairu-gastuak barne hartzen dituzte, eta kostu hautagarrien % 80 izango dira gehienez.
c) Eraikinen kostuak, lursailenak salbu, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian. Eraikinen kasuan, proiektuaren iraunaldiko amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Kostu hautagarrien % 60 izango dira gehienez.
d) Kontratu-ikerketaren kostuak, eskuratutako ezagutzak edo patenteak, edo kanpoko iturriek erabateko lehia-egoeran emandako lizentzia bidez lortutakoak, eta proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostuak.
e) Komunikazio- eta dibulgazio-jardueren kostuak. Kostu hautagarrien % 5 izango dira gehienez.
f) Proiektua prestatzeko kostuak. Kostu hautagarrien % 5 izango dira gehienez.
g) Gastu orokorrak, bidaia- eta mantenu-gastuak, eta ustiapeneko beste gastu batzuk, materialen, horniduren eta antzeko produktuen kostuak barne, zuzenean jardueratik eratorriak badira.
a), b), c) eta g) letretan aipatutako kostuen kasuan, egindako jarduera justifikatzeko memorian labur-labur azaldu beharko dira kostu horiek proiektuari egozteko irizpideak, hargatik eragotzi gabe proiektua egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea.
2.– Agindu honen 3. oinarri arautzailean adierazitako 1. ildoan lehiatzen diren proiektuen kasuan, onuradun bakoitzarentzako laguntzaren intentsitateak muga hauek izango ditu:
a) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100, oinarrizko ikerketarako.
b) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50, industria-ikerketarako.
c) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, garapen esperimentalerako.
d) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50, bideragarritasun-azterlanetarako.
Industria-ikerketa eta garapen esperimentalerako laguntzak diruz lagun daitezkeen kostuen % 80ra arte ere handitu ahal izango dira, betiere honen arabera:
a) Ehuneko 10 enpresa ertainentzat eta ehuneko 20 enpresa txikientzat.
b) Ehuneko 15, baldintza hauetako bat betez gero:
i) Benetan elkarlaneko proiektua izatea: enpresen artekoa (bat bederen ETEa izanik), edo enpresa baten eta ikerketa-organismo edo ezagutzak hedatzeko organismo baten edo batzuen artekoa, organismo horiek gutxienez diruz lagundu daitezkeen kostuen % 10 beren gain hartuta, eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea edukita.
ii) Proiektuaren emaitzak asko zabaltzea konferentzien, argitalpenen, sarbide libreko baseen edo doako nahiz kode irekiko programa informatikoen bidez.
Bideragarritasun-azterketetarako laguntza-intentsitateak ehuneko 10 handitu ahal izango dira enpresa ertainen kasuan, eta ehuneko 20 enpresa txikien kasuan.
3.– Agindu honen 3. oinarri arautzailean adierazitako 2. ildoan lehiatzen diren proiektuetarako laguntzaren intentsitateak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100eko muga izango du.
4.– Agindu honen 3. oinarri arautzailean adierazitako 3. ildoan ezarritako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak hauek izango dira:
a) Langile-gastuak.
b) Tresnen eta materialen kostuak, eraikinen eta lursailen kostuak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian.
c) Kontratuko ikerketaren kostuak, ezagutzak edo patenteak, bai erositakoak bai kanpoko iturriek erabateko lehia-egoeran emandako lizentzia bidez lortutakoak.
d) Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, materialen, horniduren eta antzeko produktuen kostuak barne, zuzenean proiektutik eratorriak badira.
Aurreko apartatuetan adierazitako kostuak oinarri honen 1. apartatuan ezarritako modu berean interpretatu eta dokumentatuko dira.
5.– Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 29.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, 3. ildoan lehiatzen diren proiektuetarako laguntzaren intentsitatea diruz lagundu daitezkeen kostuen % 15ekoa izango da gehienez, enpresa handien kasuan, eta diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50ekoa gehienez, enpresa txiki eta ertainen kasuan.
6.– Aurrekoaz gain, 1.ii) ildoko proiektuetan, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira Elikadura Osasungarriaren RIS3 eremuari, «Baserritik mahaira» estrategiari eta Sailburuordetzak I+G arloan abiarazitako planei lotutako proiektuei lotutakoak soilik; alegia, proiektu hauei loturiko gastuak:
a) Elikadura osasungarria eta dieta pertsonalizatua:
– Osagaien funtzionaltasun biologikoa eta metabolikoa, eta horiek arrisku-faktoreetan duten eragina (hipertentsioa, hipogluzemia, etab.).
– Osagai osasungarrien iturri berriak, baita osasunean eragina duten kapsularatze-teknologiak ere.
– Teknologia berriak, elikagaiak modu osasungarriagoan eraldatzeko eta elikagaiek propietate naturalak kontserbatzeko.
– Existitzen diren produktuak birformulatzea, osasunaren prebentzioaren ikuspegitik funtzionaltasun handiagoa izan dezaten.
b) Elikagaiak ekoizteko sistema berriak:
– Ekoizpen-sistema berriak: ekoizpen integratua, ekologikoa, nekazaritza adimenduna, itsas zabaleko akuikultura, etab.
– Efizientzia hobetzeko teknologia berritzaileak sartzea: Prozesuen jarraipen eta kontrolerako IKTak, prozesuen automatizazioa, 4.0 fabrikazio aurreratua eta abar.
– Ekoizpen-sistema efiziente, produktibo eta erresilienteagoak, kanpo-sargaiekiko mendekotasuna txikiagotzen eta emisioak murrizten dituztenak eta klima-aldaketaren agertokietara hobeto egokitzen direnak.
c) Garapen gastronomiko berriak bereziki sentikorrak diren biztanleentzat:
– Teknologia berriak, azukre, koipe eta gatz gutxiko edo halakorik gabeko kontsumo-produktuak sortzeko, eta garapen kognitiboa indartuko duten osagaiak gehitzeko.
– Estaldura berriak eta sukaldaritzako teknika osasungarriak aplikatzea, kalitate organoleptikoa hobetzeko gai direnak; bereziki, portaera optimorako oliotan frijitu beharrik ez duten edo koipe-xurgapena nabarmen murriztea dakarten estaldurak formulatzea.
Ehundura egokitu eta mastekaerrazak dituzten elikagai berriak garatzea, adineko pertsonen berariazko nutrizio-eskakizunetara egokituta egongo direnak.
d) Elikagai seguru eta kalitatezkoak:
– Mikroorganismoak, beste patogeno batzuk, alergenoak eta kutsatzaile kimikoak eta fisikoak bizkor eta garaiz detektatzeko metodo ez-suntsitzaileak garatzea.
– Mikrobio-portaera muturreko egoeretan eta mikrobiologia prebentiboa.
– Ontziratze-sistema eta elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko teknologia berriak, elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko.
– Arrisku emergenteak identifikatu eta analizatzea eta elikagaiekiko alergian inplikatutako molekulak identifikatzea.
– Kaltegabetasuna ziurtatzea (kutsadura, toxikotasuna, elikagai-osagaien segurtasuna, etab.).
– Elikagaiak autentifikatzeko eta trazatzeko eta IKTak prozesuetan integratzeko metodoak.
– Kalitate sentsorial handiko produktu edo osagai berriak formulatzea eta garatzea, kontsumitzaileak jakia birberotzea edo errezetari jarraitzea ahalbidetzeko, kozinatzeko denbora laburtuta eta hondakin gutxiago sortuta, modu are garbiagoan jarduteagatik, eta aplikazio- edo erabilera-aukerak maximizatuta.
– Prozesatzeko eta ontziratzeko teknologiak, formatu eta anoa egokiak fabrikatzea ahalbidetzen dutenak, elikagaien segurtasuna optimizatuz.
– Kontserbazio-teknologiak, kontsumitzailearentzat bizitza erabilgarri egokia lortzeko, elikagaiaren propietate organoleptiko guztiak mantenduta betiere.
– Produktu, teknologia eta ontzi berriak, jakiak etxean prestatzeko eta kontsumitzeko garaian lermak minimizatzeko eta hondakin gutxiago sortzeko.
7.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean, entitate onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko entitaterik ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada izan ezik.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, eskaerarekin batera. Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, egoki arrazoitua, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.
Gastuak oinarri honen 1. apartatuan zehaztutako zenbatekoak baino handiagoak badira, eta 2024ko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera bitartean egin badira, gastu horiek onartu ahal izango dira, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza aurkeztu ezin direnean ere. Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, eta dirulaguntzei buruzko legerian ezarritako efizientzia-printzipioa ere kontuan hartzen denez gastu horiek finantzatzeko, beharrezkoa izango da, gastu horiek emakida-ebazpenean onartzearen ondorioetarako, eskatzaileak behar bezala arrazoitzea alderdi hauek:
– Egindako gastua dirulaguntzen helburuetara egokitzen dela.
– Izandako kostua merkatuko prezioetara egokitzen dela.
7. oinarria.– Eskakizun orokorrak.
Agindu honetan deitutako edozein laguntza-ildoren onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:
a) Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean legez eratuta eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egotea. Era berean, zuzenbidearen arabera ahalorde askietsiak dituen lege-ordezkari bat izan beharko dute.
b) Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde bat bada, agindu honen IV. eranskin gisa erantsitako egikaritze-akordioa bete beharko du eskaeran, taldekide guztiek sinatuta, bai eta ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonak ere.
Taldeko pertsona juridikoak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean legez eratuta eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egon beharko dira.
c) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiteko izan beharko dira.
d) Dirulaguntzaren onuraduna, izan pertsona juridikoa, izan pertsona fisikoa, ezingo da izan krisian dagoen enpresa, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan 2.18 artikuluan ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
Eskakizun hori nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldekideei aplikatuko zaie, horiek eskatzen dutenean dirulaguntza.
e) Entitate eskatzaileak eskaeran jakinarazi beharko du laguntza hauen helburu bererako bestelako diru-sarrera, laguntza edo dirulaguntzarik eskatu dienetz ente publiko edo pribatuei, eta horien aldetik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabide ekonomikoak jaso dituenetz. Hala badagokio, entitateak II. eranskineko dagokion atalean zehaztuko ditu emailea, eskatutako zenbatekoa eta emandako zenbatekoa, eta benetan emandako diru-sarrerak kontuan hartuta egin beharko du aurrekontua.
8. oinarria.– Debekuak.
1.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazietako egoeretako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak.
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak.
g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
2.– Ezingo dira onuradun izan pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak, baldin eta taldekideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.
3.– Era berean, ezingo dute dirulaguntzarik jaso hauek:
– Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debekuren bat jaso duten entitateek, ez eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteek ere, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmorik eman ez bada.
– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenek.
– Batzordearen aurretiazko erabaki batean legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanagatik berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresek, salbu eta hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteak konpontzera bideratutako laguntza-araubideak.
4.– Halaber, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan zehaztutako ordainketa-epeak bete ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak. Manu horren arabera, entitate eskatzailea zuzenbide pribatuko entitatea denean, irabazi-asmoa duenean eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntza denean bakarrik aplikatuko da debeku hori. Alderdi hori agindu honen VI. eranskinean ezarritako jarraibideen arabera betetzeko eskatuko du aurretiaz organo kudeatzaileak.
5.– Debeku horietako ezein ez dagokiola egiaztatzeko, 1. apartatuko e) letran eta 4. apartatuan ezarritakoa izan ezik, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena egingo du, agindu honen V. eranskinean erantsitako ereduaren arabera. Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde bat denean, taldekide guztiek banan-banan sinatu beharko dute eranskin horretan jasotako adierazpena.
Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi errekeritu ahal izango du aurkez dakiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber entitate onuradunak eman zaion laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren batek funtsean zehaztasunik ez badu edo faltsua bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, diruz lagundutako jarduera bertan behera geratu beharko da egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.
6.– e) letran ezarritako inguruabarra egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–, eta organo kudeatzaileak ofizioz bilduko du inguruabar horiei buruzko informazioa, non eta interesduna aurka ez badago.
9. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoa betez:
a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein bitarteko elektronikoen bidez aurkez ditzakete eskaerak. Pertsona fisikoak noiznahi aldatu ahalko du aukeratutako bitartekoa.
i) Modu presentziala: eskaerak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztu daitezke (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.
Laguntza-eskaeraren ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen II. eranskin gisa argitaratu da, eta interesdunak sinatu egin beharko du.
Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskaera, gutun-azal irekian aurkeztu beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskaerak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aurretiaz hitzordua eskatzea, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean
ii) Kanal elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak: https://www.euskadi.eus/ servicios/0110309
b) Pertsona juridikoek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritako gainerako subjektuek, tartean, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak, bitarteko elektronikoen bidez formalizatuko dute eskaera.
Eskaerak betetzeko, eredu normalizatuari jarraituko zaio, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri baitago:
https://www.euskadi.eus/servicios/0110310
3.– Helbide honetan ikus daiteke identifikaziorako eta sinadura elektronikorako zein bitarteko onartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Eskaera egin ostean egin beharreko izapideak betetzeko, aurreko apartatuan adierazitako bide berberak erabiliko dira.
Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta dagoen subjektua bada, edo pertsona fisikoak aukeratzen badu dokumentazioa bitarteko horien bidez aurkeztea, ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan sartuko da, «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
5.– Eskaera bakarra onartuko da interesdun bakoitzeko, eta pertsona batek ezin izango du agindu honen 3. oinarrian adierazitako ildo batean baino gehiagotan parte hartu. Horrelakorik gertatuz gero, erregistroan sartzen den lehenengoa bakarrik joko da aurkeztutzat.
Hala ere, unibertsitate publiko edo pribatuen kasuan, eskaera bakarra onartuko da sail bakoitzeko.
Era berean, pertsona bat bakarka nahiz nortasun juridikorik gabeko talde batek edo ondasun-erkidego batek aurkeztutako proiektu batean parte har dezake, eta eskaera bakarra formalizatuko da talde edo ondasun-erkidego bakoitzeko.
10. oinarria.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskaera laguntza-eskaeraren inprimakiaren bidez aurkeztuko da. Bertan, eskatzailearen oinarrizko datuak jasoko dira, bai eta dirulaguntza honekin finantzatutako jarduera gauzatzeko benetan emandako beste laguntza batzuen adierazpena ere. Eskaeran emandako datuak tratatzeko berariazko baimena onartu beharko da.
Halaber, inprimaki horretan, interesdunak berariaz adieraz dezake aurka egiten diola oinarri honen 3. apartatuan aipatutako dokumentazioa administrazio honek jasotzeari. Kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du eskatzen zaionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Horretarako, eskaera modu presentzialean aurkezten dutenek II. eranskina beteko dute.
Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:
Eskaera nortasun juridikorik gabeko talde batek egiten badu, IV. eranskinean ezarritako egikaritze-konpromisoa aurkeztu beharko da, taldea osatzen duen entitatearen izendapena egiaztatzeko. Entitate horrek egingo du eskaera eta jasoko ditu dirulaguntzen funtsak, eta izendatutako entitate horren lege-ordezkariak egin beharko du eskaera.
2.– Eskaerarekin batera, elektronikoki edo –modu presentzialean– paperean bete beharreko agiri hauek aurkeztu beharko dira, aurkezteko moduaren arabera:
a) Inprimakia, interesdunak edo ahalorde nahikoa duen pertsonak izenpetuko duena. Nortasunik gabeko taldeen kasuan, dirulaguntza jasotzeko izendatutako entitate kidearen izenean jarduteko ahalmen nahikoa duenak sinatuko du eskaera-inprimakia.
b) Proiektua deskribatzen duen memoria, III. eranskinaren edukiaren arabera egina, gehienez 30 orrialdekoa, hauek jasotzen dituena:
– Proposamenaren deskribapen teknikoa, hauek barne: gaiaren egungo egoera eta proiektuak horri erantsitako balioa; helburu orokorrak eta espezifikoak; EAEko ZTBP 2030ekin eta elikagaien eta zuraren balio-katearen sektore-politikekin bat etortzea; espero diren emaitzak; entregagaiak; gauzatze-adierazleak eta emaitza; zeregin multzoen eta jardueren deskribapena eta kronograma.
– Aurkezten den entitatea nortasun juridikorik gabeko taldea bada, lankidetzaren balio erantsia adierazi behar da, bai eta entitate bakoitzak proiektuan duen rola ere.
– Laguntza-ildoaren arabera, proiektuaren emaitzek elikagaien eta zuraren balio-katean duten eragina deskribatzen duten apartatu espezifikoak sartu beharko dira, hauei dagokionez: enpresa-berrikuntza, ezagutza berria sortzea, lanbide-gaikuntza, ezagutza-trukea edo emaitzak merkatuan aplikatzea.
– Ekonomian, gizartean eta ingurumenean izango duen eragin positiboaren edo eragin negatiborik ezaren deskribapena.
c) Proiektuaren aurrekontua, III. eranskinean jasotako ereduaren arabera egina.
Agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako kostu hautagarriak eta mugak adieraziko dira aurrekontuan, parte hartzen den finantzaketa-ildoaren arabera. Era berean, proiektuaren kostu globalak jasotzen dituen taula bat egingo da. Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena ere adieraziko da. Langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.
Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaeretan, aurreko apartatuan adierazitako moduan egindako taldearen aurrekontuaz gain, taldekide bakoitzak egikaritze-konpromisoa hartutako proiektu zatiaren kostuei buruzko informazioa adieraziko da (aurreko lerrokadan aipatutakoa).
Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaera bada, hauek sartuko dira taldekide bakoitzeko:
– Kide horrek gauzatuko duen proiektu zatiaren kostuak jasotzen dituen taula bat, kostu hautagarriak eta agindu honen 6. oinarrian ezarritako mugak kontuan hartuta.
– Kide horrek gauzatuko duen jardueraren kostu orokorren taula bat.
– Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena.
– Era berean, langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.
d) V. eranskinean agertzen den erantzukizunpeko adierazpena, pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak sinatua.
Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaera bada, taldekide bakoitzak V. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, kidea ordezkatzen duenak sinatuta.
e) Eskaera nortasun juridikorik gabeko talde batek egiten badu, IV. eranskinean ezarritako egikaritze-akordioa aurkeztu beharko da, taldea osatzen duen entitatearen izendapena egiaztatzeko. Entitate horrek egingo du eskaera eta jasoko ditu dirulaguntzen funtsak, eta izendatutako entitate horren lege-ordezkariak egin beharko du eskaera.
f) Eskatzailearen NANaren edo IFZren kopia. Eskaera nortasun juridikorik gabeko talde batek edo ondasun-erkidego batek egiten badu, aurkeztutako egikaritze-konpromisoaren arabera dirulaguntza jasoko duen pertsona fisiko edo juridikoa, taldeko edo erkidegoko kidea, egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
g) Pertsona juridikoen kasuan, haien nortasun juridikoa eta helburua egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia:
– Kapital Sozietateen Legeak araututako pertsona juridikoa izanez gero, Merkataritza Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiriaren kopia eta estatutuen kopia.
– Elkarte-izaerako entitatea izanez gero, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion elkarteen erregistroko inskripzio-ziurtagiria.
– Beste araudi baten mendeko pertsona juridikoak izanez gero, entitate eskatzailearen nortasun juridikoa eta helburua egiaztatzen dituen dokumentua, berariazko legeria arautzailearen arabera.
Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko entitateen talde bat edo ondasun-erkidego bat bada, taldeko edo erkidegoko kide bakoitzak nortasun juridikoa eta helburua egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
h) Hala dagokionean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragilea izatearen ziurtagiria (ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren bidez arautzen da sare hori).
i) Merkataritza Erregistroan gordailututako azken ekitaldiko urteko kontuak, edo kontu ikuskatuak, halakorik edukiz gero edo horretara behartuta egonez gero.
j) Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:
– Pertsona fisikoa bada: eskaera aurkeztu aurreko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren kopia, jarduera ekonomikoetan alta emanda egotearen 036 ereduarekin batera.
– Pertsona juridikoa bada: eskaera aurkeztu aurreko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren azken aitorpenaren kopia.
Bi kasuetan, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da agindu honen II. eranskinean, dokumentazioak jasotzen duen egoera aldatu ez dela adieraziz.
k) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztagiria.
l) DLOren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera, entitate eskatzaileak egiaztatu behar badu ez duela ordainketa-epeak ez betetzearen ondoriozko debekurik, VI. eranskinean ezarritako eredua beteko du.
3.– Aurreko apartatuko g) eta i) letretan ezarritako dokumentazioa ebazpen-proposamena egin baino lehen aurkeztu beharko da, dirulaguntza kudeatzen duen organoak hala eskatuta.
Hala ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFZ, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak, bai eta, hala badagokio, entitate eskatzailea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko kide dela egiaztatzen dutenak ere, eta ez da beharrezkoa izango eskatzaileek edo onuradunek horixe berariaz baimentzea.
Interesdunak berariazko ukoa adieraz dezake eskaera-inprimakian. Hala egiten badu, eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 2. apartatuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean, eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.
Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.
5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu laguntza-eskaera eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio inguruabar hori zuzendu dezala hamar eguneko epe luzaezinean; hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak ebazpena egin ondoren.
7.– Edonola ere, dirulaguntza kudeatzen duen organoak beharrezko iritzitako bestelako dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.
11. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatzea.
1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala hirugarrenekin kontratatu ahalko du onuradunak, baldin eta horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioak ezingo ditu honako muga hauek gainditu:
a) Diruz lagundutako jardueraren % 75 gehienez, 1.i ildoko laguntzetarako (elikagaien eta zuraren balio-katearen enpresetako I+Gko proiektuei dagozkienak).
b) Diruz lagundutako jardueraren % 50 gehienez, 1.ii ildoko laguntzetarako (elikagaien eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuei dagozkienak) eta 2. ildoko laguntzetarako (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuei dagozkienak).
c) Diruz lagundutako jardueraren % 50 gehienez, 3. ildoko laguntzetarako (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuei dagozkienak).
2.– Baldin eta hirugarrenei kontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 baino handiagoa bada (dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik), idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskaera aurkeztu ondoren.
Kontratu hori formalizatzeko baimen-eskaera laguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da, edota dirulaguntza betearazi bitartean. Lehenengo kasuan, baimena ematea edo ukatzea berariaz ezarriko da dirulaguntza emateko ebazpenean; bigarrenean, berriz, baimena baiesteko edo ukatzeko ebazpena emango da. Nolanahi ere, berariazko erabakirik ez hartzeak baimena ukatzea dakar.
3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. apartatuko betekizunak betetzea saihesteko.
4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunari dagokio diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrean.
5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da zaintzea agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla diruz lagundu daitekeen jarduera itundua egikaritzean, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.
6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du hauekin itundu diruz lagundutako jarduera partez edo osorik egikaritzea:
a) Agindu honen 8. oinarrian edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuren bat duten pertsona fisiko edo juridikoekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin.
c) Eragiketaren kostu osoaren ehuneko bat ordainduko litzaiekeen bitartekariekin edo aholkulariekin, non eta ordainketa ez dagoen justifikatuta egindako lanaren edo emandako zerbitzuen merkatu-balioaren arabera.
d) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoekin, hauek gertatzen direnean izan ezik:
i) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortzea.
ii) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak egindako kostua. Kostua egiaztatzeko, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.
Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko taldeekin lotura dagoela ulertuko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koa) Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.
e) Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo balorazio nahikoa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoekin.
12. oinarria.– Ebaluazio-irizpide orokorrak.
1.– Aurkeztu diren eskaerak ebaluatzeko, kontuan izango dira balorazio-irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak:
a) Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitatea, 60 puntu gehienez, eta 40 puntu gutxienez, honela banatuta:
• Gaiaren egungo egoerari erantsitako balioa: 10 puntu, gehienez.
• Helburuak eta espero diren emaitzak: 15 puntu, gehienez.
• Dagokion sektore-eremuko berrikuntza-politikekin bat etortzea: 5 puntu, gehienez.
• Metodologia: zeregin multzoa eta jarduerak, eta kronogramaren egokitzapena: 15 puntu, gehienez.
• Gauzatze-adierazleak eta emaitza: 15 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren eragina, laguntza-ildoaren arabera: 10 puntu, gehienez.
c) Aurrekontua egokitzea: 20 puntu, gehienez.
2.– Eskaera aurkezten duen entitatea nortasun juridikorik gabeko taldea bada, proiektuak aurreko apartatuaren a) letrako balorazio-atalasea gainditu ondoren, lankidetzaren balio erantsia eta entitate bazkideen egokitasuna baloratuko dira: 10 puntu, gehienez.
3.– Aurreko irizpideak aplikatuz, banaka lehiatzen den pertsona fisiko edo juridiko batek 100 puntutik 90 lor ditzake gehienez. Aldiz, lehiatzen den nortasun juridikorik gabeko talde batek 100 puntutik 100 lor ditzake gehienez.
13. oinarria.– Deialdiko dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak lehiaketa bidez adjudikatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluko 1. apartatuan xedatzen den moduan. Horren arabera, laguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, horien lehentasun-ordena ezartzeko, agindu honen 12. oinarri arautzailean ezarritako balorazio-irizpideei jarraikiz. Hala, aipatu irizpideen arabera balorazio onena jaso dutenei bakarrik adjudikatu zaie laguntza.
Agindu honen 15. oinarri arautzailean ezarritako kide anitzeko organoak egingo du balorazio hori.
2.– Eskaera bakoitzak jasotako puntuazioaren araberako lehentasuna-ordena ezarrita, ordena horren arabera adjudikatuko dira laguntzak, agindu honen 6. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.
3.– Puntuazio-berdinketa hausteko, irizpide hauek aplikatuko dira pixkanaka, ezarritako hurrenkera honen arabera:
• Puntuazio handiena metodologian.
• Puntuazio handiena helburuetan eta esperotako emaitzetan.
• Puntuazio handiena adierazle-ezarpenean eta emaitzetan.
• Emakumeek parte-hartze handiena izatea proiektuko talde teknikoan/teknikoetan.
14. oinarria.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoa.
1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza da prozedura kudeatzeko eskumena duen organoa, eta ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko.
2.– Organo kudeatzaileak eskakizunak betetzen direla egiaztatuko du eskaera bakoitzean, eta berariaz jasoko du hori, agindu honen 17. oinarri arautzailearen 6. apartatuan ezarritako txostena egiteko.
15. oinarria.– Balorazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Horrek aplikatuko ditu balorazio-irizpide objektiboak, eta eskaeren lehentasun-ordena ezarriko du.
2.– Balorazio-batzordea hiru pertsonak osatuko dute. Horietako bat sailburuordetza eskuduneko ikerketa-programen arduraduna izango da, eta batzordeburu gisa ariko da. Bigarren bokala sailburuordetza horretako zuzendaritzetako batetik hautatutako teknikari bat izango da. Hirugarren bokala HAZI fundazioko pertsona bat izango da.
Batzordearen idazkaria bigarren bokala izango da, alegia, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren zerbitzura izendatutako pertsona.
Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez izendatuko dira batzordeko kideak eta batzordeko idazkaria, bai eta haien ordezkoak ere. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da batzordea eratu aurretik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritako errekusazioa egin ahal izateko, halakorik dagoenerako.
3.– Balorazio-batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta burua, idazkaria eta bokal bat bertaratzen badira. Kide anitzeko organo horren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.-18. artikuluetan ezarritako oinarrizko araubidea aplikatuko da. Horren ordez, ezarrita ez dagoen orotan, arau horren 19.-22. artikuluak aplikatuko dira.
4.– Balorazio-batzordearen funtzioak honako hauek izango dira:
a) Aurkeztutako eskaerak agindu honen 12. oinarri arautzailean ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea.
b) Instrukzio-organoari txosten bat bidaltzea, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta; txosten horretan, eskaeren balorazioa eta horien lehentasun-ordena zehaztuko dira.
c) Administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholku ematea, organoak berak hala eskatuta, agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia balorazioa bera denean.
d) Balorazio-irizpide objektiboetan eta laguntzen kuantifikazio-irizpideetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.
16. oinarria.– Entitate laguntzailea.
HAZI fundazioak entitate laguntzaile gisa jardungo du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.
HAZI fundazioak zeregin hauek izango ditu:
– Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, arlo horretan laguntza tekniko aditua emanez.
– Balizko administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholku ematea, organo horrek berak hala eskatuta, agindu honetan deitutako laguntzak emateko edo ordaintzeko ebazpena aurkaratzeko arrazoia balorazioa bera denean.
Lankidetza hori lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatuko da.
17. oinarria.– Prozeduraren instrukzioa.
1.– Espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, dirulaguntza nori ematea proposatzen den, baita zenbatekoa ere, haien ebaluazioa eta ebaluazioa egiteko baliatutako balorazio-irizpideak zehaztuta.
Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, hurrengo apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira, edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epea emanda, alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.
3.– Behin-behineko ebazpen-proposamenean jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa bada hasieran aurkeztutako proiektuan jasotakoa baino, entitate onuradunei eskatu ahal izango zaie beren eskaerak berriz formulatzeko hamar egun balioduneko epean, proiektuaren konpromisoak, baldintzak eta aurrekontua eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko. Horretarako, onuradunak adierazi beharko du eskaeran proposatutako helburu eta jarduketetako zeini eusten dien, eta horiek dirulaguntzaren xede izango dira birformulazioaren ondoren.
Eskaerak birformulatzean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, deialdiak eskatzen duen finantzaketa-ehunekoari eta ezarritako balorazio-irizpideei eutsiz, eta balorazio-batzordearen adostasuna izan beharko du, batzordeak emandako dokumentu batean adierazia.
Interesdunak ez badu birformulazioa ezarritako epean aurkezten, hasierako eskaeraren edukiari eutsiko zaio.
4.– Balorazio-batzordeak adostasun-agiria eta, hala badagokio, interesdunek aurkeztutako birformulazioak egin ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari. Proposamen horretan, dirulaguntzen onuradunen zerrenda eta proiektu bakoitzari eslei dakiokeen zenbatekoa adieraziko dira, bai eta ebaluazioa eta ebaluazioan erabilitako balorazio-irizpideak ere.
5.– Ebazpen-proposamenek ez diote inolako eskubiderik ematen proposatutako onuradunari Administrazioaren aurrean, eta balizko behin-behineko ebazpen-proposamenek ere ez dute eskubiderik sortuko.
6.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
18. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta errekurtsoak.
1.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak egingo du deialdi honetako dirulaguntzak emateko ebazpena, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta. Eskaerak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari jarraikiz. Jakinarazpen hori ezertan eragotzi gabe, jakinarazpen-izaera ez duen banakako komunikazio gisa, ebazpena interesdunei helaraziko zaie egoitza elektroniko honen bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Sei hilabeteko epea igaro eta apartatu honen lehen paragrafoan adierazitako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskaera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Dirulaguntza emateko ebazpenak hauek jasoko ditu:
a) Dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta diruz lagundutako proiektuaren izena, eta, hala badagokio, hirugarrenekin kontratatzeko baimenak, agindu honen 11. oinarriaren 2. apartatuan ezarrita daudenak.
b) Diruz lagundutako zenbatekoa, laguntzaren ehunekoa diruz lagundutako proiektuaren kostu osoarekiko eta ebaluazio-irizpideak aplikatu ondorengo ehunekoa.
c) Horrez gain, onuraduna nortasun juridikorik gabeko taldea denean, ebazpenak honako hauek jasoko ditu: taldekideen zerrenda, bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak eta nortasun juridikorik gabeko taldeko kide bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
d) Eskaera ezetsi zaien pertsonen zerrenda, eta zergatik ukatu zaien dirulaguntza.
e) Dirulaguntza emateko ebazpena aurkaratzeko bideak.
3.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute ebazpenaren aurka, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Gora jotzeko errekurtsoa ebazpena eman zuen organoari edo Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari aurkeztu ahal izango zaio, eta hark ebatziko du.
4.– Baldin eta dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hamabost eguneko epean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
19. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunen betebeharrak arau hauetan zehazten dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluak, Europako erregelamendu aplikagarriak eta oinarri arautzaile hau. Bereziki, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz lagundutako jarduera erabat edo zati batean ez gauzatzea eragin dezakeen edozein gorabehera.
d) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz lagundutako jardueraren helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuk jaso izana edozein administrazio edo ente publiko edo pribaturen aldetik.
e) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea nortasunik gabeko taldean gertatutako aldaketak, batez ere talde horren osaerari, kide baten uko-egiteari, ordezkaritza-gorabeherei edo gauzatzeko konpromisoak aldatzeari buruzkoak.
f) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den inguruabar subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.
g) Organo kudeatzaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
h) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
i) Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, merkataritzako legeriari jarraikiz, eta kontabilitate-sistema bereizia edo kontabilitate-kode egokia izatea, jasotako dirulaguntzari dagokionez.
j) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea bost urtez, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.
k) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
l) Agindu honen 3. oinarrian ezarritako 2. ildoko proiektuen onuradunek proiektuen hasieran publizitatea egiteko eta emaitzak zabaltzeko betebeharrak bete beharko dituzte, agindu honen 3. oinarriko b) letran adierazitakoak.
2.– c), d), e) eta f) letretan aipatzen diren inguruabarrak jakinarazi beharko dira, halakoen berri izan bezain laster, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
3.– Halaber, onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
20. oinarria.– Gehieneko egikaritze-epeak.
1.– Oinarri hauen helburuei dagozkien inbertsioak edo gastuak urte batean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. Diruz lagundutako ekintzak 2024ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira gauzatzen.
2.– Urtebete irauten duten proiektuak gauzatzeko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da epe hori, 23. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz, eta luzatutako urtebeteko proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2025eko abenduaren 31n amaituko da, beranduenez.
3.– Urte anitzeko proiektuak gauzatzeko epea 2025eko abenduaren 31n amaituko da, eta ezin izango da horien iraupena luzatu.
21. oinarria.– Gastua justifikatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari jarraikiz, dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatu dela justifikatzeko, justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko da. Horretarako, onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute justifikazio-kontuan:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen lege-ordezkariak bere erantzukizunpean baieztatzen duena dokumentazioan emandako datuak egiazkoak direla eta gastua justifikatzeko dokumentazioa ez dela aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko.
Onuraduna nortasun juridikorik gabeko talde bat edo ondasun-erkidego bat denean, entitatearen ordezkariak aurkeztu eta sinatuko du erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzari loturiko betebeharrak betetzeko, eskaeran aurkeztutako gauzatze-konpromisoen akordioan ezarritako baldintzetan.
b) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko kontuan hartu diren betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.
c) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honakoez osatua:
i) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, non ondokoak identifikatzen baitira: hartzekoduna eta agiria, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.
ii) Fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-efikazia dutenak.
Langile-gastuak, honako hauen bidez justifikatuko dira: nominak, horiek ordaindu izanaren agiriak, langile-zerrenda izenduna (LZI), kotizazioen likidazioaren ordainagiriak (KLO) eta proiektuaren aurrekontua betearazteko ekitaldiei dagozkien KLOak, eta hitzartutako lanordu kopurua adierazten duen agiria.
Lehen sektoreko eragileen kasuan, 19,80 eurotan ezarri da orduko kostua, eta proiektura bideratutako ordu kopuruaren ziurtagiria erantzukizunpeko adierazpen bidez egingo da.
Egindako gastua justifikatzeko dokumentu bera aurkeztu bada beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko, dokumentu berean adieraziko dira agindu honen arabera diruz lagundutako laguntzari egotzi zaion zenbatekoa eta ehunekoa, bai eta gainerako finantzatzaileei egotzitako zenbatekoa eta ehunekoa ere. Agindu honen bidez egindako deialdian jasotako laguntzek partzialki finantzatutako gastu hori gastuen justifikazio-zerrendan sartuko da, eta horren arabera benetan finantzatutako zenbatekoa adieraziko da.
iii) Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.
iv) Proiektuko jarduerak beste ente publiko edo pribatu batzuek finantzatu badituzte, edo finantzaketa propioarekin finantzatu badira, proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda xehatua erantsiko da, zenbatekoa adierazita, finantzaketa-iturri bakoitzeko. Zerrenda horri gastu horien kopia erantsiko zaio.
v) Hala badagokio, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluari jarraikiz, onuradunak eskatu beharreko hiru aurrekontuak.
2.– Agindu honen 22. oinarrian adierazitako ordainketa egiteko, onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du justifikazioan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adieraziz.
3.– Justifikazio-izapidea 9. oinarri arautzailearen 2. apartatuan ezarritako bitarteko berberak erabiliz egingo da.
Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta dagoen subjektua bada, edo pertsona fisikoak aukeratzen badu dokumentazioa bitarteko horien bidez aurkeztea, ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan sartuko da, «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko azken eguna izango da agindu honen 20. oinarri arautzailean ezarritako gauzatze-epea amaitu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31. Gauzatze-epea luzatu bada, justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna emandako luzapen-aldiaren hurrengo hilaren azken eguna izango da.
5.– Organo kudeatzaileak dirulaguntzaren justifikazio-agiriak egiaztatuko ditu, eta, horretarako, onuradunak hartarako aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du. Zuzendu daitezkeen akatsak hautematen badira aurkeztutako justifikazio-agirietan, onuradunari horren berri emango zaio, eta hamar egun balioduneko epea eman, akatsak zuzentzeko.
6.– Dokumentazioa aztertu ondoren, organo kudeatzaileak proiektua gauzatu izanaren ziurtagiria emango du, eta, bertan, onuradunari likidatu beharreko zenbatekoa adieraziko da.
22. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.
1.– Dirulaguntza ordaintzeko unean, onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Horretarako, eskaeran baimena emango dio sailari inguruabar horiek ofizioz egiaztatzeko, salbu eta eskaera egitean aurka dagoela adierazi badu; kasu horretan, beharrezko diren ziurtagiriak aurkezteko eskatuko zaio.
Era berean, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izan beharko ditu. Horretarako, eskaeran aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako inguruabarrak aldatu badira, itzultzeko betebeharrak egunean dituela adierazten duen beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du.
2.– Ordainketak honela egingo dira:
a) Aurreko oinarrian adierazitako justifikazio-agiriak aurkeztu ondoren.
b) Urte bakoitzean, konturako ordainketak egin daitezke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren arabera. Horretarako, interesdunek eskaera egin behar dute aurretik. Gehienez ere, konturako ordainketa bat egingo da urte bakoitzeko. Konturako ordainketa egiteko eskaerarekin batera, oinarri honen 1. apartatuan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.
3.– Nortasun juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei dagokienez, agindu honen IV. eranskinean funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.
23. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.
1.– Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, alderdi batek eskatuta edo, hala badagokio, ofizioz, honako kasu hauetan:
a) Proiektuko jarduketa guztiak ez direla gauzatuko aurreikusten denean eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean. Era berean, jarduketa guztiak gauzatuta, justifikatutako behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean.
b) Aldi berean beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako emandako laguntzak eta dirulaguntzak jasoz gero.
c) Ezarritako gauzatze-epeak luzatu nahi direnean. Kasu horretan, luzapenak ezin izango ditu gainditu agindu honen 20. oinarrian ezarritako gauzatze-epeak.
d) Proiektua porrot tekniko baten ondorioz amaitzen denean. Porrot teknikoa gertatu dela ulertuko da proiektua gauzatzean edo amaitzean akats tekniko konponezinak hautematen badira, proiektuaren jarraipena eta proiektuaren deskribapen-memorian edo, hala badagokio, eskaera birformulatzean ezarritako helburuak lortzea ezinezko egiten dituztenak. Porrot teknikoaren inguruabarra ikertzaile nagusiak sinatutako txostenaren bidez dokumentatuko da, eta txosten horretan behar bezala azalduko dira porrot hori eragin duten inguruabarrak.
e) Taldeak sinatutako egikaritze-konpromisoan aldaketak sartu nahi direnean, bereziki honako hauei buruzkoak: osaera (kideren baten uko egitea edo konkurtso-egoera), ordezkaritza, gauzatzean hartutako konpromisoak edo dirulaguntzaren banaketa ekonomikoa.
f) Proiektuaren gauzatzean aldaketak gertatzen direnean helburuei, jarduketei, faseei, gastu-kontzeptuei eta egutegiari dagokienez.
2.– Dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du oinarri honen 1. apartatuan adierazitako kasuetan, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alderdi batek eskaturik, aurreko apartatuko a), b), d) eta e) letretan ezarritako inguruabarretako edozeinetan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, inguruabarra ezagutu bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, gauzatze-epea amaitu baino lehen.
b) Alderdi batek eskatuta, aurreko apartatuko a) letran ezarritako kausan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, emandako dirulaguntzaren % 60 gutxienez gauzatu eta justifikatu izana. Dirulaguntzaren % 60 baino gutxiago gauzatzen eta justifikatzen bada, ez-betetze handitzat hartuko da, eta emandako dirulaguntza erabat itzultzeko arrazoia izango da.
c) c) letran adierazitako gauzatze-epea aldatu nahi denean, interesdunak aldaketa hori eskatu beharko du, gutxienez gauzatze-epea amaitu baino bi hilabete lehenago.
d) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez handitzea.
e) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
f) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
g) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
h) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
3.– Alderdi batek eskaturik gertatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eskaeran, onuradunak behar bezala justifikatu beharko du zergatik egin nahi duen aldaketa hori, eta, hala dagokionean, agiri bidez egiaztatu beharko du. Proiektuaren porrot tekniko baten ondorioz eskatu bada aldaketa, onuradunak eskaera arrazoituari gehitu beharko dio proiektuaren ikertzaile nagusiak sinatutako txostena, oinarri arautzaile honen 1. apartatuaren d) letran aipatzen dena.
4.– Aldaketa, halakorik bada, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak erabakiko du.
Zenbatekoa gutxitzearen ondorioz ebazpena aldatzeko baimena ematen bada, zenbateko hori dagokion proportzioan murriztuko da, eta kasu horretan dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
Proiektua aldatzeko baimena ematen bada, emakida-ebazpenaren aldaketan izandako porrot teknikoaren ondorioz, eman beharreko zenbateko berria ezarriko da, eta zenbateko hori porrot hori egiaztatu arte egindako gastu diruz lagungarrien baturaren emaitza izango da.
24. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Agindu honetan ezarritako beste kasu batzuk alde batera utzita, laguntzaren eskatzaileak edozein unetan atzera egin ahal izango du eskaeran, emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Eskaera dirulaguntzaren organo kudeatzaileari zuzendutako idazki baten bidez egingo da, eta erabat onartuko da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, gainera, amaitutzat emango da dirulaguntza jasotzeko prozedura.
2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio 18. oinarriko 5. apartatuan ezarritako onarpena gertatu ondoren, eta gauzatze-epea amaitu aurretik:
– Administrazioak ordainketarik egin gabe aurkezten bada ukoa. Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak ebazpena emango du ukoa onartzeko.
– Onuradunak diru-kopururen bat kobratu ondoren aurkezten bada ukoa, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak kobratutako printzipala eta dagozkion berandutze-interesak itzultzeko eskatuko du.
Uko-egitea idatziz aurkeztuko da, sailburuorde eskudunari zuzenduta. Horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko-egite hori, eta deklaratuko du ezen, harentzat, prozedura bukatu dela. Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
25. oinarria.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratu beharko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzultzea, kasu hauetan:
a) Entitate onuradunak ez badu dirulaguntza eskatutako eta emandako helbururako erabiltzen, ez badu dirulaguntza eragin zuen jarduera egiten, ez badu justifikatzen eskatutako helburuetarako erabili duela, edo, oro har, organo eskudunak ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez badu.
b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutako gainerako kasuetan ere egin beharko da itzulketa.
2.– Horrez gain, dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 26. oinarrian adierazitakoari jarraikiz.
3.– Itzulketa-prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da, eta ebazpena emateko eskumena Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearena izango da.
4.– Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko asmo irmoa duela, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osoa itzuli behar duela. Aitzitik, dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko kopurua jarduketaren betetze-mailaren araberakoa izango da.
Edonola, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.
5.– Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
26. oinarria.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuekin.
1.– Agindu honetan xedatutako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez, eta entitate onuradunari entzun ondoren, sortutako gaindikinaren arabera gutxituko da emandakoa.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, baldin eta emandako laguntzen finantzatzaile desberdinek ezarritako mugak berdinak ez badira, onuradunarentzat onuragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.
3.– Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak eskaeran adieraziko du diruz lagundutako jardueren eta jarduketen gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.
27. oinarria.– Prozedura honi aplikatu beharreko araubide juridikoa.
Dirulaguntza-prozedura honi aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hauek osatzen dute:
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizko arauek osatua.
– Dirulaguntzei buruzko aurreko araudian arautu gabekoari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizkoak ez diren alderdiak aplikatuko dira osagarri gisa.
Era berean, prozedura honen araubide juridikoa osatzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek.
RSS