Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2024ko irailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4447

AGINDUA, 2024ko irailaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdia egiten baitzaie itunpeko sareko ikastetxeei eta unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten elkarteei eta federazioei, «Eskola Adimentsua» izeneko programa garatzeko 2024-2025 ikasturtean.

Automatizazioa, robotika eta adimen artifiziala aldaketa sakonak eragiten ari dira gizartean, eta ikasteko, lan egiteko eta harremanak izateko gure modua birdefinitzen ari dira. Testuinguru horretan, alfabetatze digitala derrigorrezko premia bihurtu da, eta gaitasun aurreratuak menderatzea eskatzen du. Ezinbestekoa da hezkuntza-sistemak agertoki berri horretara egokitu daitezela, horren inplikazio etiko, politiko, sozial eta ingurumenekoei buruz hausnar dezatela, eta berrikuntza eta teknologia digitalaren erabilera egokia susta dezatela.

«Eskola Adimentsua» programa kezka hori oinarri hartuta sortu zen, eta egun arte Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planean gauzatutako beste ekimen batzuei batu zaie. Ekimenak irakaskuntza- eta ikasketa-prozesuetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak txertatzeari eta kultura zientifikoa, teknologikoa eta matematikoa sustatzeari daude lotuta.

Egungo erronkei modu integratuan heltzeko xedez, ezinbestekotzat jotzen da, halaber, ingurumenarekiko jasangarritasun- eta erantzukizun-printzipioak ere aintzat hartzea. Euskadik erronkari aurre egingo dio Euskadi Basque Country 2030 Agendaren bidez, garapen jasangarrirako helburu orokorrekiko konpromisoa erakusteko. Tokiko 2030 Agenda eta 2030erako Euskadiko Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategia haren osagarri izango dira. Helburua da lurralde-estrategia jasangarria, inklusiboa eta ekitatiboa sustatzea, ikastetxeak eta hezkuntza-komunitateak aktiboki inplikatzen dituena kultura jasangarrirako eraldaketan.

Pentsamendu konputazionala, programazio-lengoaiak eta robotika hezigarria hezkuntza-curriculumetako elementu berri gisa txertatzeko, ezinbestekoa da baliabide didaktikoak eta hezkuntza-baliabideak eskuragarri izatea, bai eta, bereziki, irakasleek laguntza egokia eskaini ahal izatea ere, irakaskuntza- eta ikasketa-jarduerak behar bezala eta modu eraginkorrean ezar daitezen, ikasleei bizitzan beharko dituzten konpetentzia digitalak garatzen lagundu ahal izateko.

Hauek dira «Eskola Adimentsua» programaren helburuak:

– Irakaskuntza- eta ikasketa-prozesuetan pentsamendu konputazionalarekin, programazioarekin eta robotikarekin lotura duten konpetentzien garapena sustatzea.

– Ikasgelan metodologiak, teknologiak, materialak eta baliabide digitalak erabiltzea sustatzea, ikasleek curriculumean jasotako pentsamendu konputazionaleko, programazioko eta robotikako trebetasunak gara ditzaten.

– Ikasgelan pentsamendu konputazionaleko, programazioko eta robotikako trebetasunak garatzeko diseinatutako material digitalak nahiz analogikoak presta daitezela bultzatzea, eta material horiek euskal hezkuntza-sistemaren esku jartzea.

– Irakasleen prestakuntza eta ikasleei laguntzeko gaitasuna bideratzea, ikastetxeetan pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika sustatzeko xedez.

– Ikastetxeak beharrezkoa den ekipamenduaz hornitzea pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika sustatzeko.

– Genero-berdintasuna eta edozein estereotiporen ondoriozko desberdinkeria gaindituko dela bermatzea, eta, aldi berean, hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa sustatzea, ikasleak interkonektatutako mundu jasangarri batean herritar arduratsuak izan daitezen prestatzeko.

– Jasangarritasunaren kultura sustatzea Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) esparruan, bereziki 4. GJHa, ikasle guztiek garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren konpetentziak eskuratzen dituztela bermatzeko.

2022-2023 eta 2023-2024 azken bi ikasturteetan, unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza-sistemaren mentoretza digitaleko CompDigEdu Gelan programa garatu da. Programa horren helburu nagusia da ikasleei beren ikasketetan konpetentzia digitala hobeto garatzen eta teknologia digitalak hobeto erabiltzen laguntzea eta, horretarako, irakasleen konpetentzia digitala garatzea -banakakoa zein erakunde mailakoa- eta ikastetxeak digitalki gai diren hezkuntza-erakunde bihurtzea.

Honako hauek ziren hezkuntzaren arloko konpetentzia digitala hobetzeko lurralde kooperazioko programaren azken helburuak, lorpena dagoeneko bermatuta dutenak eta 2024ko ekainerako aurreikusita zeudenak:

– Ikastetxe guztiek Ikastetxeko Proiektu Digital bat izan dezatela lortzea, beren Hezkuntza Proiektuan integratuta. Proiektu horrek antolakuntza-estrategia eta estrategia akademiko kolektiboak egituratuko ditu, ikastetxea digitalki lehiakorra den hezkuntza-erakunde bihurtzeko.

– Irakasleek beren konpetentzia digitalaren garapenean maila jakin bat egiazta dezatela ahalbidetzea. Maila horiek Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak onetsitako Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentziazko Esparruan definitzen dira.

– Irakasleen konpetentzia digitalaren maila ziurtatzea.

Helburuak lortu ondoren, Ikastetxeko Proiektu Digitalak nahiz irakasleen konpetentzia digitalaren esparrua ezartzeak erronka berri asko ekarriko ditu, hala nola euskal hezkuntza-sistema osoan ezarritako esparru tekno-pedagogiko berria finkatu eta garatzea eta hezkuntza-curriculumean bertan hedatzen diren konpetentzia berriei buruzko prestakuntzak ezartzea.

Halaber, abenduaren 21eko 17/2023 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarenak, III. kapituluaren (Euskal hezkuntza-sistemaren balioak) 7. artikuluan, honela dio tresna digitalen erabilerari eta pentsamendu konputazionalaren garapenari buruz, hitzez hitz:

– Ezagutzaren eta teknologia aurreratuen gizarte batean, hezkuntza-sistemak argi eta garbi azaldu behar die ikasleei zer alde dagoen datuen, informazioaren, ezagutzaren eta jakintzaren artean, eta jakintza sustatu behar du ikasleen garapenerako funtsezko eremu bereizi gisa. Halaber, bultzatu eta hedatu egin behar ditu kultura zientifikoa eta ahalduntze teknologikoa, eta haren inplikazio etiko, sozial eta ingurumenekoez hausnartzeko gaitasun kolektiboa.

– Tresna eta baliabide digitalen erabilerak izaera osagarria izango du, tresna horiekiko mendekotasunik sortu gabe eta garapen kognitiboa zainduz eta bermatuz, betiere adin-tarte eta nortasunaren garapen-maila bakoitzaren eskakizunak jasotzen dituen esparru pedagogiko batean kokatuta, eta baliatuz, harrimenaren pizgarriarekin batera, hezkuntza-sistemako etapa bakoitzean ikasleek beren buruei egiten dizkieten galderei erantzuteko pedagogia-dinamikez.

– Teknologia aurreratuetan eta disruptiboetan ahalduntzea, bai eta pentsamendu konputazionala garatuz ere, Europar Batasunak digitalizazioari eta adimen artifizialari buruz dituen estrategia eta politiken ildotik, teknologien aplikazio etikoa eta arduratsua bermatuz.

Halaber, ezartzen du hezkuntza-proiektuak, gutxienez, adin-tarteen eta zikloen arabera ikasleen ahalduntze digitala bermatzeko estrategia bat jaso beharko duela, digitalizatzea erabakitzen den ikaskuntza-irakaskuntza prozesu horietan bitarteko teknologikoak pedagogikoki nola txertatuko diren zehaztuz. Pentsamendu konputazionala ezinbestekoa da ikasleen gaitasun digitalak garatzeko; izan ere, problema konplexuak urrats txikiagoetan bereiztea, ereduak identifikatzea, datuak aztertzea eta soluzio efizienteak sortzea ahalbidetzen du.

Lege horrek hezkuntza-berrikuntza sustatzen du eta, ildo horretan, pentsamendu konputazionala ere ezinbesteko oinarria izan daiteke berrikuntza hori lortzeko. Izan ere, problemen ebazpena, sormena eta kolaborazioa bultzatzen dituzten ikasketa-jarduera interaktiboak, gamifikatuak eta pertsonalizatuak sortzea ahalbidetzen du. Hau da, pentsamendu konputazionalak gaitasunak eskaintzen dizkie ikasleei gero eta digitalizatuagoa den lan-munduan moldatzeko, teknologia digitalak modu efiziente eta kritikoan ulertzen eta erabiltzen erakusten baitie.

Era berean, hurrenez hurren Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren curriculumak zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 75/2023, 77/2023 eta 76/2023 Dekretuak argitaratu ondoren, konpetentzia digitala sustatu da ikasleek etapa guztietan lortu beharreko konpetentzia gakoen artean.

Curriculumak zehazteko dekretuek pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika txertatzen dituzte unibertsitatez kanpoko hezkuntza-maila guztietan, esparru zabalagoko irakasgai anitzen parte gisa. Horiek horrela, 2023-2024 ikasturtetik, derrigorrezko hezkuntzetako ikasturte guztietara zabaldu da. Konpetentzia horiek ez dituzte soilik gaitasun teknikoak garatzen, 2030 Agendako 4. GJHa lortzea ere sustatzen baitute, zeinaren bidez hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatu nahi den. Gainera, jasangarritasunaren eta ingurumenarekiko kontzientziaren printzipioak barne hartzen dituzte, ikasleek garapen jasangarria sustatzeko konpetentzia gakoak gara ditzatela bermatuta.

Erronka horiei aurre egiteko, beharrezkoa da Hezkuntza Sailak beharrezkoak diren baliabideak jartzea irakasleen eta ikasleen eskura, behar bezala ezar dadin.

Helburu nagusia da beharrezkoak diren mekanismoak eta prozesuak abian jartzea funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetako irakasleei eta ikasleei pentsamendu konputazionalarekin eta programazioarekin lotutako konpetentzia digitalen garapena zabaldu eta bideratzeko.

Labur esanda, Eskola Adimentsua programaren helburua da erantzun integral bat egituratzea, ikasgelaren barruan irakats laguntza barne hartzen duten prestakuntza-jarduera zehatzen bidez irakasleak gaituta eta eguneratuta; eta horren guztiaren osagarri gisa, irakasleen komunitatearen esku jartzea hezkuntza-baliabide ireki espezifikoak, ikasgelan erraz ezar daitezkeenak, bai eta ikastetxeei beharrezkoak diren programazio softwareen eta robotika hezigarriko hardwareen baliabideak ematea ere.

Material hori baliagarria izan behar da ikasleekin pentsamendu konputazionalari, programazioari edo robotikari buruzko ikasketa-jarduerak eta -egoerak landu eta garatzeko. Horiek horrela, hornikuntza horiek barne hartuko dute software eta hardware tresnak erostea (robot didaktikoak, plaka programagarriak, sentsoreak eta eragingailuak, eta abar), libreak edo jabetzapekoak, baina betiere erabilitako baliabideek ikasgelan duten inpaktuaren eta horri lotutako kostu ekonomikoaren arteko harremana optimizatzen saiatuz. Hornikuntzarako, aintzat hartuko dira ikasleen eta hezkuntza-etaparen ezaugarriak.

Pentsamendu konputazionala, programazio-lengoaiak eta robotika hezigarria ikasgeletan hezkuntza-curriculumetako elementu berri gisa integratu ahal izateko, beharrezkoa da irakasleei laguntza egokia eman ahal izatea, irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak modu esanguratsu eta eraginkorrean gauzatzeko, ikasleei beren gaitasunak garatzen laguntzeko programazioaren, robotikaren eta, oro har, pentsamendu konputazionalaren esparruetan. Laguntza horri esker, irakaskuntza jardunbidea antolatu eta bideratu ahal izango da ulermenaren, prestakuntzaren eta ikasgelan ikasleekin jarduera didaktikoak ezartzearen bidez, baita horien jarraipena eta ebaluazioa egitearen bidez ere.

Hezkuntza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartuta (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.), eta bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, Hezkuntza sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Agindua, Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena (Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratua) eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoekin, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituak aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onestea itunpeko sareko ikastetxeei eta unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten elkarteei eta federazioei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, «Eskola Adimentsua» izeneko programa gara dezaten 2024-2025 ikasturtean –I. eranskinean daude jasota oinarriak–, eta onestea, halaber, agindu honen gainerako eranskinak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako oinarrizko araudia.

Agindu honetan araututako laguntzek ez dituztenez betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 17a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika garatzen dituzten proiektuak finantzatzen laguntzea, «Eskola Adimentsua» programaren barruan, 2024-2025 ikasturtean, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten itunpeko sareko ikastetxeei eta itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten elkarteei eta federazioei.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Honako hauek jaso ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak:

– Unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten eta nortasun juridikoa duten elkarteek eta federazioek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hiru ikastetxe eduki beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.

– Aurreko apartatuan adierazitako elkarte eta federazioetako kide ez diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek, beren kabuz.

3. artikulua.– Deialdiaren kreditua.

Helburu hori lortzeko, 5.300.000,00 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kargura.

2024 ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan deialdiaren ondoreetarako ezarritako zuzkidura 2.300.000,00 eurokoa da, eta 3.000.000,00 euroko konpromiso-kreditua 2025 ekitaldirako.

4. artikulua.– Eskakizun orokorrak.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, bat etorriz deialdi honen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

2.– Elkarte edo federazio bat bada, ikastetxe elkartu guztiek aurkeztutako proiektua ezagutzen dutela eta proiektua garatzeko konpromisoa hartzen dutela egiaztatu beharko da.

3.– Gainera, ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan azaldutako egoeraren batean daudenak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsiarazita, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.

d) Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean sartuta egotea legezko ordezkaritza duena, eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguak izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, zehazten duen bezala.

g) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa dutenak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

h) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten entitateak eta, 50 langiletik gorako entitatea izanik, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez dutenak.

i) Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zehatuta egotea, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena bete arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak martxan jarri direla egiaztatu gabe, 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina, onartzen duen moduan.

k) Otsailaren 28ko 4/2023 Legearen (trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa) 82. artikuluaren arabera, ez zaie dirulaguntzarik, baliabiderik edo edozein motatako funts publikorik emango, zuzenean edo zeharka, LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen duten –konbertsio-terapiak barne– pertsona fisiko, juridiko, publiko, pribatu edo finantzaketa mistokoei.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango du erakundeak, onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez dagoela justifikatzeko agiriaren ordez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela justifikatzeko eskakizuna izan ezik.

4.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa– dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela zuzenean eta automatikoki egiaztatzeko behar beste aldiz. Eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, eskaeran adierazita. Hala ere, aurka egiteko eskubidea erabiliz gero, bi dokumentuak aurkeztu beharko ditu organo kudeatzaileak hala eskatzen dionean.

5.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

a) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten dion inongo zehapen penalik nahiz administratiborik, eta ez dagoela sartuta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan, sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

b) Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan adierazitako edukiak.

c) Entitateak betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko eskakizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.

d) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan zehaztutako egoeretako batean.

e) Hala badagokio, elkarte edo federazio eskatzailearen parte diren ikastetxe guztiek aurkeztutako proiektua ezagutzen dutela eta garatzeko konpromisoa hartzen dutela.

f) Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250201

g) 50 langiletik gorako entitatea izanik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan bat onartu duela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

h) 50 langiletik gorako entitatea izanik, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

6.– Deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko galdatutako eskakizunak harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete behar dira; beraz, dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan, haiek betetzen direla egiaztatuko da.

5. artikulua.– Proiektuaren ezaugarriak.

1.– Entitate onuradun bakoitzak proiektu bat aurkeztu ahal izango du.

Elkarte edo federazioen kasuan, proiektu bakarra eta orokorra aurkeztu beharko da lotutako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxe guztietarako.

2.– Proiektu horren bidez, «Eskola Adimentsua» programa garatzeko plan bat diseinatuko da, helburu hauek izango dituena:

– Irakaskuntza- eta ikasketa-prozesuetan pentsamendu konputazionalarekin, programazioarekin eta robotikarekin lotura duten konpetentzien garapena sustatzea.

– Ikasgelan metodologiak, teknologiak, materialak eta baliabide digitalak erabiltzea sustatzea, ikasleek curriculumean jasotako pentsamendu konputazionaleko, programazioko eta robotikako trebetasunak gara ditzaten.

– Ikasgelan pentsamendu konputazionaleko, programazioko eta robotikako trebetasunak garatzeko diseinatutako material digitalak nahiz analogikoak presta daitezela bultzatzea, eta material horiek euskal hezkuntza-sistemaren esku jartzea.

– Irakasleen prestakuntza eta ikasleei laguntzeko gaitasuna bideratzea, ikastetxeetan pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika sustatzeko xedez.

– Ikastetxeak beharrezkoa den ekipamenduaz hornitzea pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika sustatzeko.

– Genero-berdintasuna eta edozein estereotiporen ondoriozko desberdinkeria gaindituko dela bermatzea, eta, aldi berean, hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa sustatzea, ikasleak interkonektatutako mundu jasangarri batean herritar arduratsuak izan daitezen prestatzeko.

– Jasangarritasunaren kultura sustatzea Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) esparruan, bereziki 4. GJHa, ikasle guztiek garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren konpetentziak eskuratzen dituztela bermatzeko.

Edonola ere, «Eskola Adimentsua» programak konpetentzia gakoen garapena integratu beharko du, ikasleen irteera-profila bermatze aldera, bereziki komunikazioaren eta eleaniztasunaren konpetentziak, euskara ardatz delarik.

3.– Planak honako alderdi hauek jaso beharko ditu:

a) Ikastetxe eskatzailearen edo elkarte edo federazio eskatzailea osatzen duten ikastetxe parte-hartzaileen datuak, irakasle- eta ikasle-kopurua adierazita eta hezkuntza-mailaren eta sexuaren arabera banakatuta.

b) Diagnostikoa.

c) Planaren helburu estrategikoak, ikasleen aniztasuna eta egindako diagnostikoa kontuan hartuta.

d) Proiektuan aurreikusitako jarduketak, ikastetxeak edo elkarte edo federazioak eta horri lotutako ikastetxeek ezarritako ekintzak zehaztuta.

e) Jarraipena eta koordinazioa.

f) Egutegia: Garapen-faseak eta epeak.

g) Emaitzak neurtzeko adierazleak eta ebaluazio-irizpideak.

h) Aurrekontua eta haren justifikazioa.

Entitate onuraduna elkarte edo federazio bat denean, hari lotutako ikastetxe guztiek parte hartu beharko dute «Eskola Adimentsua» planean, parte-hartze maila ezberdinak aplikatzen badira ere, eginiko diagnostikoaren eta identifikatutako hobetzeko esparruen arabera.

Planak genero-ikuspegia barne hartu beharko du; hau da, hasierako diagnostikoan genero-desberdinkeriak aztertu beharko dira, eta, gutxienez, genero-berdintasuna sustatzeko helburu bat eta ekintza espezifiko bat planteatu (adibidez, bokazio zientifikoak sustatzea, genero-estereotipoak haustea, eta abar.).

Halaber, planaren esparruan garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako desberdinkeriak ere jorratu beharko dira (aniztasuna, emaitzak, baliabideak...), beharrezkoak diren neurriak ezarri ahal izateko, hezkuntzaren kalitatea zaintze aldera.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Bost jarduera-mota lagundu ahal izango dira diruz:

a) Prestakuntza-jarduerak:

Irakasleen prestakuntza-ekintzak egin ahal izango dira, pentsamendu konputazionalarekin, programazioarekin eta robotikarekin lotutako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan gaitasunak garatzeko. Prestakuntza-jarduera horien mota eta iraupena egokitu ahal izango dira ikastetxe bakoitzean trebetasun horiek duten ezarpen-mailari buruzko diagnostikoan identifikatutako errealitatera.

Irakasleei zuzendutako jardunaldiak ere planteatu ahal izango dira, pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika txertatzeko jardunbide egokiak, esperientzia eraldatzaileak edo ikerketak ezagutu eta partekatzeko, bai eta gaitasun horien garapenak ekartzen dituen aurrerapen, zailtasun eta erronkei buruz hausnartu eta eztabaidatzeko espazioak sortzeko ere.

b) Aholkularitza eta mentoretza:

Arlo horretan prestakuntza eta esperientzia egiaztatua duten pertsonen laguntzatzat ulertzen da. Horien lana izango da irakasleak aholkatu eta gidatzea irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesuetan trebetasun hauek modu nabarmenean eta eraginkorrean txerta ditzaten.

Ikastetxeetako irakasleei mentoretza-eginkizunak esleitzen bazaizkie, hezkuntza-berrikuntzarako laguntza-zerbitzuek antolatuko dituzten koordinazio- eta prestakuntza-saioetan parte hartuko duten erreferentziako pertsonak identifikatu beharko dira, esleitutako ratioarekin bat.

Lotutako ikastetxeetako langileen liberazio osoa edo partziala planteatu ahalko da, lan hori gauza dezaten. Langile horiek irakasleak badira, gutxienez irakaskuntzako konpetentzia digitalaren B1 mailari dagokion prestakuntza gainditu dutela egiaztatzeko aprobetxamendu-ziurtagiria izan beharko dute.

Hauek izan daitezke mentoreen zereginak:

– Irakasleei eskaintzen zaien prestakuntza tutorizatu eta dinamizatzea.

– Proiekturako edukiak sortzea, ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen aniztasuna eta horren adierazpenak aintzat hartuta.

– Irakatsi eta ikasteko prozesuan, materialak eta hezkuntza-baliabide irekiak egin daitezen eta ikasgelan erabil daitezen sustatzea.

– Ikastetxeei aholkularitza ematea, beren programetan pentsamendu konputazionalaren, programazioaren eta robotikaren arloko trebetasunen garapena sar dezaten.

– Elkarte edo federazioei lotutako ikastetxeetara bisitak egitea.

– Ikastetxeetako jardunbideak eta prozesuak sistematizatzea.

– Mentoreentzat konpetentzietan oinarritutako hezkuntzarako laguntza-zentroak sustatutako berariazko prestakuntza-jardueretan parte hartzea.

– Esparru horretan ikaskuntza-eredua aldatzeko zabalkunde- eta sentsibilizazio-ekintzetan parte hartzea.

– Tokiko, estatu mailako edo nazioarteko lankidetza- eta kooperazio-sareetan parte hartzea edo horiek sortzea.

– «Eskola Adimentsua» programaren helburuekin zerikusia duten beste zeregin batzuk.

c) Ekipamendu-zuzkidura:

Irakaskuntza- eta ikasketa-prozesuetan pentsamendu konputazionalaren, programazioaren eta robotikaren garapena sustatzeko teknologiak, materialak eta baliabide digitalak dira.

Entitate onuradun bakoitzak ikastetxean edo ikastetxeen artean banatzeko adjudikazio-irizpideak ezarri beharko ditu bere planean, ikasgela guztiek gutxieneko ekipamendua izango dutela bermatzeko, ikasle guztiek teknologiarekiko elkarrekintza zuzena izateko aukera badutela ziurtatze aldera, alderdi hori ezinbestekoa baita ikaskuntza praktiko eta eraginkorrerako.

Planak baliabideen efizientzia eta pertsonalizazioa bermatzeko kudeaketa-sistema jaso beharko du, hezkuntza-testuinguruen aniztasunera egokituta eta ikasle guztiek ekipamendurako sarbidea dutela bermatuta.

Elkarte edo federazio bereko ikastetxeek ekipo mota berdinak izan beharko dituzte, irizpideak bateratze aldera eta ikasleei eman behar zaien laguntza errazte aldera. Salbuespenik bada, hura justifikatu beharko da.

Orientazio gisa, eskuratu daitezkeen ekipamenduen zerrenda jaso da II. eranskinean.

d) Koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa:

Diruz lagundu ahalko dira proiektua garatzeko koordinazio-, jarraipen- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari dagozkion prestakuntza-jarduerei lotutakoak.

Entitate onuradunak planaren koordinatzaile bat izendatu beharko du, eta elkarteen edo federazioen kasuan, koordinatzaile bat izendatu beharko da haiei lotutako ikastetxe bakoitzeko.

Planeko koordinatzailearen zereginak honako hauek izango dira, gutxienez:

– Helburuen eta emaitzen lorpenen jarraipena kudeatzea.

– Planean inplikatutako pertsonen taldea dinamizatzea.

– Informazioa eta dokumentazioa sistematizatzea (diagnostikoak, ekipamendua jaso izanaren aktak...).

– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekiko harremana mantentzea.

Elkarte edo federazio bati lotutako ikastetxeetako koordinatzaileak, ahal dela, behin betiko langileak edo ikastetxean gutxienez bi ikasturte daramatzatenak izango dira, eta irakaskuntzako konpetentzia digitalaren A2 mailari dagokion prestakuntza gutxienez gainditu dutela egiaztatzeko aprobetxamendu-ziurtagiria izan beharko dute.

Entitate onuradunak Eskola Agenda 2030 (EA2030) programaren ekimenak ezartzen baditu, beharrezkoa izango da, halaber, ikastetxean prozesu hori zuzentzeko koordinatzaile bat ere izendatzea. Koordinatzaile horrek berariazko prestakuntza-ikastaroetan eta eskola arteko eta udalerri-mailako mintegi eta foroetan parte hartu beharko du.

e) EA2030 sustatzea:

Jarduketa horren bidez bermatu egingo da ikastetxeek 2023-2024 ikasturtean garatzen ari ziren proiektuekin aurrera jarraitzen dela edo horiek egokitu direla, dirulaguntza honen xede den pentsamendu konputazionalaren, programazioaren edota robotikaren ikuspegia aintzat hartuko duen ikuspegi berri batekin.

Horretarako, ikastetxeak, edo elkarte edo federazioak, zenbateko osagarri bat jasoko du ikastetxe bakoitzeko, 7.2.e artikuluan ezarritakoaren arabera. Laguntza horren xedea da GJHekin lerrokatutako proiektu horien jarraipena bermatzea, 2024-2025 ikasturtean «Eskola Adimentsua» programaren helburua gehituta. EA2030i lotutako proiektuek ikaskuntza eta jardunbide egokiak lortu beharko dituzte, gainerako ikastetxeetara zabaldu ahal izateko, eta hori guztia aurkeztutako planean islatuta utzi beharko da.

Proiektuak gauzatzeko, Berritzegunearen edo konpetentzietan oinarritutako hezkuntzarako laguntza-zentroaren laguntza eta aholkularitza jasoko da.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Zuzkidurak zer proiektu finantzatzeko eman diren kontuan hartuta, proiektu horiek garatzeari eta egikaritzeari zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko soil-soilik baliatuko dira diru-kopuruak, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua beteko dute.

Gastutzat egotzi ahal izango dira proiektua egiteko ezinbestekoak diren horiek. Diruz lagundu daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

2.– Gastutzat egotzi ahal izango dira honako hauek:

a) Prestakuntza-jarduerak:

– Prestakuntza-jardueraren kostua, jarduera emango duen entitateak aurkeztutako aurrekontuaren arabera. Gehienez, 100 euro ordainduko dira jardueraren ordu bakoitzeko.

– Lekualdaketengatiko dietak.

– Hizlariaren ostatua eta mantenua, prestakuntza-entitatekoa ez denean.

Prestakuntza-jarduerak emateko ondorioetarako, prestakuntza-zerbitzuak azpikontratatu ahal izango dira entitate onuradunak prestakuntza hori emateko langile kualifikaturik ez badu. Gehienez % 70 azpikontratatuko da. Azpikontratazio horrek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 31. artikulua bete beharko du.

Prestakuntza-jarduerek bermatu beharko dute horien ezagutzak eta inpaktuak eragina izango dutela, gutxienez, ikastetxeen % 80an. Horretarako, elkarteak edo federazioak jarduerak hedatzeko prozedura justifikatu beharko du. Ez dira diruz lagunduko edizio bakoitzean 5 plaza baino gutxiago deitu dituzten prestakuntza-jarduerak, ikastetxean edo lotutako ikastetxeetan ezagutza zabaldu edo hedatzeko arduradun diren prestatzaileei zuzendutako prestakuntzen kasuan izan ezik.

Aurreikusitako irakasleen prestakuntza garatzeko beharrezkoa bada prestakuntzarako material lagungarriak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako dirulaguntza osoaren % 20 baino gehiago.

b) Aholkularitza eta mentoretza:

Irakasleei prozesu osoan, ikasgela barruan nahiz kanpoan, lagundu eta babesteko lan nagusia izango luketen langile espezializatuak kontratatzearen ondoriozko gastuak. Laguntza horrek barne hartuko luke irakasleen irakats jarduna ulermenetik eta prestakuntzatik antolatu eta orientatzea, ikasgelan ikasleentzako jarduera didaktikoak ezartzea, jarduera horien jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta gaiari buruzko materiala sortzea.

Aholkularitza- eta mentoretza-lanak xede horretarako kontratatutako erakundekoak ez diren pertsonek bete ditzakete, edo mentore izateko beren ohiko zereginetatik liberatutako ikasleek. Azken kasu horretan, entitate onuradunak langilea ordezkatzeko gastuak ordainduko lituzke «Eskola Adimentsua» programari lotutako lanak gauzatzen dituen aldian zehar.

Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira hauei lotutako ordainsariak eta entitate eskatzailearen konturako karga sozialak:

– Irakaskuntza-jarduera garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.

– Irakaskuntza-jarduera garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2024-2025 ikasturtean.

Horiek horrela, kontzeptu horretan zenbatekoa zehazteko, sare publikoko ikastetxeetarako esleitutakoen antzeko adjudikazio-irizpideak erabili dira. Hartara, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa (Lanbide Heziketa kenduta) ematen duten 400 irakasleko 1 mentoreko ratioa ezarri da, eta 55.000 euroko zenbatekoa mentoreko ikasturte akademiko bakoitzeko.

Diruz lagundu daitekeen ordezkapen-aldia 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartekoa izango da, betiere irakasleak programaren mentore gisa egiten duen lana agerikoa bada eta ez badu arrazoi berarengatik bestelako laguntzarik jaso.

Aholkularitza- eta mentoretza-ondoreetarako, xede horretarako zerbitzuak azpikontratatu ahal izango dira elkarteak edo federazioak lan hori gauzatzeko langile kualifikaturik ez badu. Gehienez % 70 azpikontratatuko da. Azpikontratazio horrek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikulua bete beharko du.

Irakasle mentoreak esleitzen zaizkion ikastetxeetan aholkularitza-lanak gauzatzeko izandako material-, lekualdatze- eta mantenu-gastuak egotzi ahalko dira. Kontzeptu horregatik, gehienez, 2.000 euro emango dira mentore bakoitzeko.

c) Ekipamendu-zuzkidura:

Diruz lagundu ahal izango dira honako hauek: gailu digitalak, robotika ekipoak, lizentzien kostua, eta proiektua garatzeko beharrezkoak diren curriculumeko materialak. Orientabide gisa, II. eranskinean zehaztutako ekipoen zerrenda hartu daiteke.

Beste ekipo batzuk ere sartu ahal izango dira, II. eranskinean jasotakoen antzeko ezaugarriak edo handiagoak dituztenak, betiere planaren helburuekin eta ekintzekin bat badator eta behar bezala justifikatzen bada.

Kontzeptu horretan gehieneko zenbatekoa zehazteko, sare publikoko ikastetxeetarako esleitutakoen antzeko adjudikazio-irizpideak erabiliko dira. Gehieneko zenbateko bat ezarriko da ikastetxe bakoitzeko, horren itunpeko gelen kopurua aintzat hartuta.

Jarraian, hezkuntza-etaparen eta ikasgela-kopuruaren arabera esleitutako ekipamenduaren kontzeptuko gehieneko zenbatekoak ezartzen dira.

(Ikus .PDF)

Partida horretara bideratu ahal izango da dirulaguntzaren guztizkoaren % 80 arte.

Entitate onuradunak planean jasoko du entitate hornitzaileak hautatzeko estrategia, aintzat hartuta aurrekontuaren optimizazioa, iraunkortasuna, mantentze-kostuak eta materialaren fidagarritasuna. Ekipamendua erosteko orduan, kontuan izan behar dira kalitatea nahiz euskarri teknikoa, beharrezkoak diren aldizkako eguneratzeak, eta etorkizuneko bertsioekiko bateragarritasuna, epe luzerako inbertsio segurua dela bermatze aldera.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten dituenean Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak –lege horren bitartez, Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB Zuzentarauak–, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik ematen duen nahikoa entitaterik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean (justifikazioan).

d) Koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa:

Proiektuaren koordinazio, jarraipen eta ebaluazioari lotutako funtzionamendu orokorreko gastuak entitate onuradunaren gastu orokor eta administratiboen zati proportzional gisa definitzen dira. Horiek diruz lagundutako jarduera zehatzari zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere, beharrezkoak dira hura gauzatzeko. Kontzeptu horretara bideratuko den gehieneko zenbatekoa dirulaguntza osoaren % 20 izango da.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoarekin bat, kostuei dagokienez, eskuarki onartutako kontabilitate-arau eta -printzipioen arabera arrazoizkoa den zatia egotziko dio diruz lagundutako jarduerari onuradunak, eta betiere kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari dagozkion neurrian.

e) EA2030 programarekin lotutako jarduketak:

Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartu ahalko dira ingurumen-hezkuntzako ikastegietara eginiko bisitak eta jarduerak, curriculumean jasangarritasuna integratzeko EA2030 programarekin lotutako gastuak, ingurumen- eta gizarte-arazoei heltzeko tokiko lankidetza-proiektuak, eta GJHekin lerrokatutako beste ekintza batzuk.

EA2030 programari lotutako ekimenak badira, elkarte edo federazioek zein horiei lotu gabeko itunpeko ikastetxe pribatuek 2.000 euroko zuzkidura ekonomiko osagarria jasoko dute ikastetxeko honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

– 2023-2024 ikasturtean EA2030 programa garatu izana, eta 2024-2025 ikasturtean programa garatzen jarraitzea, talde eragilea, ostadar zirkulua eta ikasleen biltzarra mantenduta.

– Proiektu horiek ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan eta ikastetxeko urteko planaren barruan txertatzea.

– Proiektuan gutxienez hezkuntza-etapa batek parte hartzea, etapa horretako irakasle eta ikasle guztiak inplikatuta.

Gainera, elkarte edo federazioek zein horiei lotu gabeko itunpeko ikastetxe pribatuek indarreko Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria badute, 1.000 euroko zuzkidura osagarria jasoko dute ikastetxeko.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ helbidean, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250201

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta gainerako dokumentuak, nahi duten hizkuntzan. Prozedura osoan, hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira eskabidearen osteko izapideak –hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte–, justifikazioaren izapidea eta egon litezkeen errekurtsoen izapideak.

4.– Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, entitate eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

5.– Eskabideak aurkezteak dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi hau zehazten duten baldintzak.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunetako titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-baliabideak eta sinadura elektronikoa erabiliz egingo dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapidetzeak. Helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.

2.– Izapidetze elektronikoa arautua dago ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan (Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean (E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzekoa).

3.– Agindu honen eranskinetan jasota daude eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak.

4.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar den eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin helbide elektroniko honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250201

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, eta egon litezkeen errekurtsoen izapideak, helbide honetako «Nire Karpeta» atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

10. artikulua.– «Eskola Adimentsua» programa garatzeko laguntzak.

Deialdi honetan parte hartzen duten entitateek eremu horretan eskumena duen Berritzegunearen edo Hezkuntzarako Laguntza Zentroaren laguntza eta aholkularitza izango dute, onartutako proiektuaren prestakuntza-jarduerak, jarraipena eta ebaluazioa egiteko proiektuaren koordinatzaile izendatutako pertsonarekin eta elkarte edo federazioko ordezkari izendatutako pertsonarekin batera.

11. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaritzak kudeatuko du deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

Batzordeburua: Iñigo Fernández Iturrate, Etengabeko Irakaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko zerbitzuko arduraduna, edo, beharrezkoa bada, Saioa Polo Llano, Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko zerbitzuko teknikaria, ordezko gisa.

Batzordekideak: Alicia Gochicoa Rodriguez eta Olalla Torrontegi Vega, Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko zerbitzuko teknikariak; bietako batek idazkari-lanak egingo ditu.

Hezkuntzarako Laguntza zerbitzuetako bi aholkulari: Ane Liceaga Zabalegui eta Karlos Sukunza Pagola.

Balorazio-batzordea osatzen duten kideak ezin izango dira interes-gatazkako egoera batean egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluak ere betetzen direla bermatuko da.

13. artikulua.– Hautaketa-prozedura.

1.– Proiektuak III eranskinean ezarritako balorazio-baremoaren arabera hautatuko dira.

2.– Kanpoan geratuko dira gutxienez 18 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

3.– Balorazio-batzordeak txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txosten horretan oinarrituta, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ebazpen-proposamena egingo du, eta ikastetxe onuradunek beharrezko eskakizunak betetzen dituztela adieraziko du.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak egingo du behin-behineko ebazpena, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren proposamena oinarri hartuta. Ebazpen horretan, emandako eskabideen zerrenda adieraziko da, xedea, zenbatekoa, eta ordaintzeko eta justifikatzeko moduak zehaztuz, baita ezetsitako eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoia ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun naturaleko epea izango dute, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez hilabeteko epean.

3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

5.– Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da deialdia argitaratu eta gehienez sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzen publizitatea egiteko. Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluaren arabera, EAEko dirulaguntzen erregistro orokorrera bidaliko da.

6.– Adierazitako epea igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu beharko dute eskabidea ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

15. artikulua.– Ziurtapena.

Proiektuan parte hartzen duten irakasle guztiek proiektua garatu eta burutzeko jarritako orduen % 80 gainditzen badute, 30 orduko ziurtagiri bana egingo zaie ofizioz (nori bere ziurtagiria egingo zaio) proiektua garatzen den ikasturtean, betiere proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa lortzen badu. Hala ere, ikastetxe batek proiektuen deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez ikasturte berean, irakasle berari ez zaio inoiz 90 ordu baino gehiagoko ziurtagiririk emango Hezkuntza Berriztatzeko Prestakuntza Proiektuen ordainean.

16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izango da beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik helburu bererako jasotako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua. Halakorik gertatuz gero, eskabidean adierazi beharko da, eta, hala badagokio, dirulaguntzaren justifikazioan egiaztatu beharko da ez dela gainfinantzaketarik izan.

17. artikulua.– Aukeratutako entitateen berariazko betebeharrak.

Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 27. artikuluan jasotakoaren arabera.

a) Ematen den dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikulua betez, behin betiko ebazpena jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, berariaz onar dezaten, bost eguneko epean, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Onartzen ez bada, entitate onuradunak eskabideari uko egiten diola ulertuko da.

b) Laguntza zertarako eman zaien, horrexetarako erabiliko dute eta ez beste ezertarako.

c) Proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan, lankidetzan aritzea eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuarekin, Hezkuntzako Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kargura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

e) Ezarritako epean eta moduan aurkeztea proiektua gauzatu izana justifikatzeko dokumentazioa. Halaber, xede horretarako ezarritako jarraipen-inprimaki guztiak beteko dira.

f) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren lankidetza berariaz aipatzea garatzen diren publizitate-euskarri edo -plataforma guztietan.

g) Euskararen erabilera bermatzea diruz lagundutako programaren edo jardueraren kartel, testu eta agirietan, publizitate-elementuetan, eta hari lotutako esku-hartze publikoetan.

h) Hizkuntzaren ez-sexista erabiltzen dela bermatzea, eta komunikazio- eta hedapen-egintzetan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua duten estereotiporik gabeko irudiak erabiltzea.

18. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektuaren barruan diruz lagun daitezkeen gastuen % 100 finantzatuko dira.

2.– Horiek horrela, deialdi honetan, zenbatekoa modu koherentean zehaztu beharko da irakasleen ratioaren eta mailako eta hezkuntza-etapako talde kopuruaren arabera, eta 7. artikuluan ezarritako mugak errespetatu beharko dira.

Diruz lagundu daitekeen gastu mota bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoak gainditzen badira, onetsitako aurrekontuan murriztu egingo dira.

3.– Deialdian ezarritako zuzkidura ez bada nahikoa onetsitako proiektu guztiak finantzatzeko, proiektu guztietan eskatutako aurrekontua murriztuko da, eta diruz lagundu daitekeen gastu motaren araberako lehenespena ezarriko da. Lehenik, koordinazio-, jarraipen- eta ebaluazio-partida murriztuko da; bigarrenik, prestakuntza-jarduerena; hirugarrenik, EA2030 sustatzekoa; laugarrenik, ekipamenduarena; eta bosgarrenik, aholkularitza eta mentoretzarena.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31 bitartekoak izango dira.

19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Entitate onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehenengoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 43, adjudikazio-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, emandako dirulaguntza 17.a artikuluan ezarritako baldintzen arabera onartu bada.

b) Bigarrena, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 57, hurrengo apartatuan ezarritako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ondoren.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

20. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– 2024ko abenduaren 31 baino lehen, entitate onuradunek hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ web-orrian: ordura arteko proiektuaren garapenari, egikaritzeari eta proposatutako helburuen lorpen-mailari, egindako jarduerei eta proiektuaren ebaluazioari buruzko lehen txostena, eta, gutxienez, igorpenari dagozkion gastuen % 50ari buruzko justifikazioko kontu erraztua. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera justifikatuko dira laguntzak.

2.– 2025eko irailaren 15a baino lehen, entitate onuradunek hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ web-orrian: proiektuaren garapenari, egikaritzeari eta proposatutako helburuen lorpen-mailari, egindako jarduerei eta proiektuaren ebaluazioari buruzko bigarren txostena, eta dirulaguntzaren % 100ari buruzko justifikazioko kontu erraztua. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera justifikatuko dira laguntzak.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, ikastetxeentzako dagoen https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250201 ataritik; aplikazio horretako inprimaki guztiak beteko dira.

4.– Justifikazioko kontuan, jarduerak eragindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da, eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Adieraziko da zer desbideratze egon den hasierako aurrekontua oinarri hartuta, bai eta dirulaguntzako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.

5.– Hezkuntza Sailari justifikazioko kontuan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak bidali beharko zaizkio, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia gisa.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko zaie hezkuntzarako laguntza-zerbitzuei, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari. Ondorioz, gerta daiteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

2.– Aldaketa hori gerora sortutako egoera batengatik gertatu behar da, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi behar da. Ezin du ekarri zenbatekoa handitzea edo hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

3.– Proiektuari egotz dakizkiokeen gastu justifikatuek ez badute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da, eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

22. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen entitate onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere, berandutze-interesak barne:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo justifikazio nahikoa ez izatea, lege honetan eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan ezarritako baldintzetan.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsutuz, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuz ere.

c) Helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea, edo dirulaguntzaren xede izan zen jokabidea ez hartzea.

d) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

36. artikuluan jasotako gainerako baldintza edo kasu guztiak.

2.– Itzulketarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Proiektua eginda, entitateek ez badute justifikatzen esleitutako zuzkidura adinakoak edo gehiagokoak direla hari egotzitako gastuak, kantitate negatibo hori itzultzeko prozesua abiaraziko da.

23. artikulua.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalek izen hau duen tratamendu-jarduera izango dute: «Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak».

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikaskuntzako eta hezkuntza-berrikuntzako laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala