
188. zk., 2024ko irailaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4441
65/2024 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Gorlizko Ospitaleko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gorlizko Ospitalean Ospitalizazio arloko gainbegirale lanpostu bi izendapen askez betetzeko.
Gorlizko Ospitalean, erretiroagatik, Ospitalizazio arloko gainbegirale lanpostu bi hutsik daude. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu horiek izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.
b) Erizaintzako gradu-titulua edo unibertsitate-diploma izatea, B1 lanbide-taldeari dagokiona.
c) B1 lanbide taldean (erizaina) gutxienez 3 urteko lan-esperientzia edukitzea.
d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren gainerako betebeharrak betetzea.
2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.
– Esperientzia pazienteak zaintzen ospitalizazioaren edozein arlotan.
– Esperientzia eta/edo prestakuntza Segurtasun klinikoaren arloan.
– Esperientzia eta/edo prestakuntza izatea erizaintzako unitateen kudeaketan.
– Esperientzia eta/edo prestakuntza izatea taldeen antolaketan eta kudeaketan.
– Lanpostuarekin lotutako aplikazio informatiko korporatiboen inguruko ezagutzak.
– Memoria-kudeaketa proiektua, honako arlo hauek barne hartuko dituena: pertsonen kudeaketa, baliabide materialen kudeaketa, oheen kudeaketa, zainketen kudeaketa, irakaskuntza eta prestakuntza, berrikuntza eta ikerketa, parte-hartzea zein inplikazioa ospitaleko prozesu eta proiektu estrategikoetan.
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gorlizko Ospitaleko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran.
Interesdunek Gorlizko Ospitaleko Langileen Zuzendaritzara (Urezarantza ibiltokia 1, 48630 Gorliz) bidali behar dute eskabidea, datu pertsonal guztiekin eta Curriculum Vitaearekin batera.
Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izateko izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.
Osakidetzako CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek bete beharreko baldintzak betetzen ez badituzte.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta lanpostua beraietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.
6.– Hautatzeko prozedura.
Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdiaren Iragarkia EHAAn argitaratzen den egunean eduki ez diren merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.
Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gorlizko Ospitaleko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez, eta argitaratu egingo da bai Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baita Osakidetzaren intranetean zein web-orri korporatiboan ere.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu Iragarkia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen honi dagokion iragarkia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Gorliz, 2024ko abuztuaren 2a.
Gorlizko Ospitaleko zuzendari-gerentea.
EB (3433/2004 Ebazpena, abenduaren 13koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Gorlizko Ospitaleko zuzendari-gerentearen edo zuzendarien karguak hutsik edo kargudun horiek kanpoan zein gaixorik daudenerako ordezkapen-erregimena ezartzen duena).
Gorlizko Ospitaleko zuzendari medikoa,
MARIA ISABEL MONTES ÁLVARO.
RSS