Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2024ko irailaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4427

AGINDUA, 2024ko irailaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Euskal Turismoaren, Merkataritzaren eta Kontsumoaren Euskadi sariak emateko deialdiaren oinarriak arautzen dituena 2024. urterako.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuak ezartzen du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren funtzioa eta jardun-arloa dela EAEko merkataritzaren eta turismoaren sektoreak sendotzea, EAEko gizartearen eta ekonomiaren funtsezko sektore-traktoreak direlako. Halaber, kontsumoaren arloan, haren helburuetako bat da kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak babestea eta kontsumo arduratsua, jasangarria eta segurua sustatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak agindu batzuk argitaratu ditu Turismoaren, Merkataritzaren eta Kontsumoaren Euskadi sariak emateko deialdiaren oinarriak arautzeko. Ibilbide horrek harrera ona izan zuen EAEko enpresa-, elkarte- eta erakunde-sarean, baina eten egin zen COVID-19ak eragindako pandemiak gogorren jo duen urteetan. Hain zuzen, 2021ean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoaren Gala antolatu zen, sektore horiei pandemia garaian agerrarazi zituzten balioak aitortzeko; baina, 2022ra arte ez ziren berreskuratu Euskal Turismoaren, Merkataritzaren eta Kontsumoaren Euskadi sariak, zeinen helburua baita EAEren etorkizun ekonomikorako berebiziko garrantzia duten sektore horiei aitorpena egitea.

Turismoa, merkataritza eta kontsumoa estuki lotutako hiru arlo dira, eta, horregatik, funtsezkoa da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak arlo horietako politika publikoen plangintzan eta kudeaketan zeharkakotasuna bermatzea. Hori dela eta, 2024. urteko deialdirako, agindu honen eranskinetan jasoko dira deialdi bakoitzaren eta sektore bakoitzaren betekizun espezifikoak, Sailaren arau bateratu eta integrala osatze aldera.

Sariei buruzko agindu honek aitortza egiten die turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreei oro har, eta, bereziki, ahalegin eta dedikazio handiz arlo horien prestigioa areagotzen laguntzen duten profesionalei, enpresaburuei, langileei eta erakundeei.

EAEko turismoari dagokionez, 2030era begirako ikuspegi estrategikoaren helburuetako bat da EAE kalitatezko helmuga lehiakor eta jasangarri bihurtzea, bisitan datozkigun pertsonek baloratuko dutena eta EAEko gizarteari oparotasuna ekarriko diona.

Horretarako, ekimen berritzaileak behar dira segmentu estrategikoetan, enpresak zein helmugak lehiakorrak izan daitezen bultzatzeko. Hazkunde jasangarriko irizpideetan oinarritutako ekimenak izan behar dute; hau da, jasangarriak izan behar dute, ingurumen- eta gizarte-ikuspegitik ez ezik, baita EAEko turismo-sektorearen lehiakortasunaren ikuspegitik ere.

Helburua hori izaki, EAEko Turismo Sarien 2024ko deialdian Euskadi Basque Country marka proiektatzen lagunduko duten jarduketak sustatu nahi dira, bikaintasun-, berrikuntza- eta jasangarritasun-balioei lotutako marka turistiko gisa. Era berean, enpresa- eta lanbide-ibilbideagatik EAE helmuga turistiko gisa kokatzen lagundu duten edo laguntzen duten pertsonak saritu ere egin nahi dira.

EAEko merkataritzak babestu egiten ditu etorkizunera begira Merkataritza 2030 Estrategiaren bidez hedatu behar diren ekintza-ildoak, eta, horretarako, estrategiaren muina osatzen duten sei eraldaketa-ildori eusten die. Lehenik eta behin, aipatzekoa da merkataritza-enpresa, sektorearen oinarrizko unitate eta eraldaketa-gune den aldetik; eta, bigarrenik, hiri-espazioa, tokiko enpresak biltzen dituen esparru eta kontsumitzaileekiko topagune den aldetik. Biak ala biak dira estrategiaren xede.

Baina horiek bezain garrantzitsuak dira giza kapitala, ezagutzaren kudeaketa eta komunikazioa; enpresen eta hiri-espazioen aldaketa bultzatzeko, bizkortzeko eta laguntzeko bide direlako. Ezin ahaztu, jakina, ezinbestekoa dela horiek gobernantzaren eta baliabide publikoen inguruan integratzea eta antolatzea, ezin baliagarriagoak baitira eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanerako sinergiak sustatzeko, eta horien hartu-emana zein rolak arautu eta artikulatzeko.

Hori dela eta, edizio honetan merkataritza-sektoreko profesionalen ibilbide profesionala saritu nahi da, baita EAEko tamaina askotariko merkataritza-enpresen lana ere. Horiekin batera, eta ekintzailetza zein merkataritza-arloen dinamizazioa barne hartuta, oso kontuan izan behar dira tokiko enteak ere, tokiko merkataritza ardatz hartuta hiri-espazioaren dinamizazioan egiten duten lana aintzatetsiz.

Azkenik, kontsumoari dagokionez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen alde lan egiten duten kontsumo-eragile guztien lana eta ahalegina aitortu eta saritu behar da, bereziki kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteena eta kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoena. Ildo beretik, kontsumo arduratsua sustatzera bideratutako praktikak abian jartzen dituzten enpresen garrantzia azpimarratu behar da, eta, hortaz, aipamen berezia merezi dute kontsumitzaileak jokabide arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko komunikazio-kanpainak egiten dituzten enpresek.

Sari hauen helburua da, beraz, kontsumoaren arloko eragile, enpresa eta komunikazio-agentzia guztiek beren jarduera-eremuetatik egiten duten ahaleginari aitortza egitea, buru belarri aritzen baitira kontsumitzaileek beren eskubideak ezagut ditzaten eta erabaki kontzienteak har ditzaten.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2024ko Turismoaren, Merkataritzaren eta Kontsumoaren Euskadi sariak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, eranskinetan jasotzen diren baldintzetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I.ERANSKINA
2024. URTEKO EUSKADI TURISMO SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Euskadi Turismo Sarien helburua da publikoki aintzatestea Euskadiren turismo-politika gidatzen duten berrikuntza- eta jasangarritasun-helburuak lortzen turismo-sektoreko eragileek egindako ekarpena, eta haien ibilbide profesionala.

2. artikulua.– Kategoriak.

Eranskin honetan araututako turismo sektorerako Euskadi sariak lau izango dira, horietako bakoitza honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati dagokiona:

Turismo-berrikuntzaren Euskadi Saria: helburua da negozioaren ardatz nagusitzat berrikuntza izateagatik nabarmentzen diren turismo-enpresak saritzea, berrikuntza esparru guztietan –bai produktuen kudeaketan, bai merkaturatzean– berrikuntza aplikatzen duten heinean eta, beraz, beren sektorean lidergoa lortu duten heinean.

– Turismo-berrikuntzaren Euskadi Saria 10 langilerainoko enpresentzat.

– Turismo-berrikuntzaren Euskadi Sariak 10 langile baino gehiagoko enpresentzat.

b) Euskadi Saria Helmuga arduratsu eta iraunkorrari: helburua da eskualdeko edo tokiko turismo-entitateak saritzea, ekimen arduratsu eta jasangarriak gauzatu dituzten heinean gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko jarduketak eginez eta turismo-helmuga plurala, berdintasunezkoa eta inklusiboa sendotuz irisgarritasuna bultzatuta beren eragin-eremuan eskaintzen dituzten turismo-esperientzietan.

c) Ibilbide profesionalaren Euskadi Saria: helburua da, enpresa- eta lanbide-ibilbidearen bidez, EAE kalitateko helmuga turistiko lehiakor eta jasangarri gisa kokatzen lagundu duten edo laguntzen duten pertsonak saritzea.

3. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.

1.– a) kategorian, onuradun izan daitezke EAEn turismo-zerbitzuak ematen dituzten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta ez badaude Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/20023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako ezein egoeratan.

Era berean, hautagai izan daitezkeen enpresa guztiek EAEko Turismo-enpresa eta -establezimenduen Erregistroan izena emanda izan beharko dute.

2.– b) kategorian, onuradun izan daitezke udalak, tokiko eragile autonomoak, tokiko enpresa-entitate publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak. Baita honako hauek ere: kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, turismo-partzuergoak, fundazioak eta EAEko eskualde-eremuan turismo-lankidetzako ente gisa edo produktu turistikoen kudeatzaile gisa jarduten duten bestelako entitate eta elkarteak.

3.– c) kategorian, onuradun izan daitezke EAEko turismo-garapenean ibilbide luzea duten eta ekarpen nabarmena egin duten pertsona fisikoak.

4. artikulua.– Hautagaiak.

1.– Hauek aurkez dezakete hautagaia:

a) Saria lortu nahi duenak berak.

b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak (hor sartzen da Basquetour – Turismoaren Euskal Agentzia).

c) Hiru foru-aldundiek.

d) EAEko hiriburuetako turismo-sustapenaren ardura duten toki-entitateek.

e) EAEko turismo-sektoreko elkarteek.

f) EAEko ostalaritza-elkarteek.

g) EAEko merkataritza-ganberek – Eusko Ganberek.

2.– Hautagaitzak formalizatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera.

3.– Hautagaia aurkezteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.

c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, ohartarazita ezen, horrela egiten ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

4.– Entitateek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1070805

5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla agindu honetan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Formalizatutako hautagaitzak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:

a) Turismo eta Merkataritzako sailburuordea, epaimahaiburu izango dena.

b) Mahaiburuordea: Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.

c) Kideak:

– Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria.

– Bizkaiko Foru Aldundiko turismo arloko ordezkaria.

– Donostia Turismoaren ordezkaria.

– APIT Euskadiko turismo-gidarien elkarte profesionalaren ordezkaria

– Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen ordezkaria.

– Arabako Merkataritza Ganberako Turismo arloko arduraduna.

d) Idazkaria: Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari lotutako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketek eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.

6. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:

a) Turismo-berrikuntza: negozioaren ardatz nagusitzat berrikuntza izateagatik nabarmentzen diren turismo-enpresak (produktuen kudeaketari nahiz merkaturatzeari dagokienez), beren sektorean lidergoa lortu dutenak.

b) Helmuga arduratsua eta jasangarria: ekimen arduratsu eta jasangarriak garatzea, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko jarduerak eginez eta turismo-helmuga plurala, berdintasunezkoa eta inklusiboa sendotuz irisgarritasuna bultzatzeko beren eragin-eremuan eskaintzen dituzten turismo-esperientzietan.

c) Enpresa- eta lanbide-ibilbide aitortua dutelako bereizten diren pertsonak; hau da, urteetan turismoaren sektorean izan diren abagune aldakorretara egokitzen jakin dutenak, eta EAE kalitateko helmuga turistiko lehiakor eta jasangarri gisa kokatzen lagundu duten edo laguntzen dutenak.

7. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.

2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak proposamena aurkeztu eta gehienez ere hilabeteko epean ebatziko du, agindu bidez, eta agindu hori EHAAn argitaratuko da.

3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen eranskin honetan ezarritako baldintzak.

4.– Sariak ohorezkoak dira.

5.– Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia eman ahalko zaie epaimahaiaren saririk eskuratu ez duten hautagaiei, arrazoi orokorrengatik edo epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik nabarmentzekoak diren heinean EAEko merkataritzaren sektoreari egiten dioten ekarpen handia kontuan izanda.

8. artikulua.– Aitortza publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.

9. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatzeko orduan «Euskal Turismoaren Sarien Agindua» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Aginduaren helburua, hain zuzen, sarien deialdiak kudeatzea izango da. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza da fitxategi honen arduraduna. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

II. ERANSKINA
2024. URTEKO EUSKADI MERKATARITZA SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Merkataritzaren Euskadi Sarien xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritzaren alde lan egiteagatik eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiteagatik nabarmentzen diren enpresak saritzea, betiere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta lege horren aldaketetan ezarritako berdintasun-printzipioak errespetatuta.

2. artikulua.– Kategoriak.

Eranskin honetan merkataritza sektoreko Euskadi sariak arautzen dira; guztira, bost izango dira, horietako bakoitza honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati dagokiona:

a) Ibilbide profesionalari eskainitako Merkataritzaren Euskadi Saria, zeinaren helburua baita EAEko merkataritza-sektoreko langileen ibilbide profesionalari aitortza egitea.

b) EAEko merkataritza-enpresei eskainitako Euskadi Saria, zeinaren helburua baita enpresek merkataritza garatu, modernizatu eta berritzeko egindako lana saritzea, lanpostuak sortu eta mantentzeko egindako lana ere kontuan hartuta. Modalitate horren barruan bi kategoria bereizten dira:

– 10 langilerainoko merkataritza-enpresei zuzendutako Euskadi sariak.

– 10 langile baino gehiagoko merkataritza-enpresei zuzendutako Euskadi sariak.

c) Ekintzailetzaren Euskadi Saria, zeinaren helburua baita eragin, originaltasun, ekimen, ahalegin eta abarrengatik bereizi diren eta merkataritzaren sektorean ikusgarritasuna eta aitorpen berezia izan duten ekintzaileak saritzea.

d) Merkataritza-eremuen dinamizazioari eskainitako Euskadi Saria, zeinaren helburua baita pertsonek, enpresaburuek, elkarteek, udalek edo merkataritza suspertzeko eta garatzeko entitateek sustatutako ekintzak eta proiektuak aitortzea, baita tokiko hiri-ekonomia dinamizatzen egindako lana nabarmentzea ere. Saria emateko orduan, kontuan izango da hautagaien lanak, objektiboki kuantifikatuta, eragin positiboa izatea aitortzaren xede diren jarduketen eragin-eremuko merkataritzan.

3. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.

a), b), c), d) kategorietan, Euskal Autonomia Erkidegoan irabazi-asmoko jarduera ekonomiko bat egiten duen merkataritza-enpresa baten titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke onuradun, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako egoeretako batean ere ez badaude.

d) kategorian (merkataritza-inguruneen dinamizazioa) parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateek sustatutako proiektuek, baita jarduera berezi edo berritzaileei ekin dieten edo bultzada-gaitasun handia izan duten proiektuak bultzatzen dituzten elkarteen proiektuek ere, betiere, beraien jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan bada.

4. artikulua.– Hautagaiak.

1.– Hauek aurkez dezakete hautagaia:

a) Saria lortu nahi duenak berak.

b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.

c) Hiru foru-aldundiek.

d) EAEko hiriburuetako turismo-sustapenaren eta garapen ekonomikoaren ardura duten toki-entitateek.

e) EAEko garapen ekonomikoaren ardura duten sektore publikoko entitateek.

f) EAEko merkataritza-sektoreko elkarteek.

g) Hiriburuetako hiri-merkataritzako plataformek.

h) EAEko merkataritza-ganberek – Eusko Ganberek.

2.– Hautagaitzak formalizatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera.

3.– Hautagaia aurkezteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.

c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, ohartarazita ezen, horrela egiten ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

4.– Entitateek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte hautagai-zerrendak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1072805

5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla agindu honetan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Euskadi Merkataritza Sariak emateko prozedura.

Saria emateko norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Hauexek dira epaimahaikideak: epaimahaiburua, mahaiburuordea eta hiru kide.

a) Epaimahaiburua: Turismo eta Merkataritzako sailburuordea.

b) Mahaiburuordea: Merkataritzako zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.

c) Kideak:

– Euskomer – Merkataritzaren Euskal Konfederazioaren ordezkaria.

– Euskaldendak – Euskadiko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioaren ordezkaria.

– EAEko hiriburuetako hiri-merkataritzako plataformetako baten ordezkaria.

– EAEko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberen ordezkaria.

– Euskalit-Kalitaterako Euskal Fundazioko ordezkaria.

d) Idazkaria: Merkataritza Zuzendaritzari lotutako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Zuzendaritzaren egoitzan eratuko da hautaketa-organoa. Epaimahaiaren funtzionamenduak eta gauzatzen dituen jarduketek, eta kideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.

7. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:

a) Ibilbide profesionalaren garrantzia. Helburua da enpresa- eta lanbide-ibilbide luzea izan dutelako bereizten diren merkatariak saritzea, hau da, urteetan merkataritzaren sektorean zein kontsumitzaileei lotuta izan diren abagune aldakorretara egokitzen jakin dutenak eta, ondorioz, enpresek arrakastaz irautea lortu dutenak.

b) EAEko udalen eta tokiko enteen jarduketaren garrantzia. Helburua da proiektu berritzaileak gidatzen ari diren toki-entitateak saritzea, bereziki kontuan hartuta merkataritza bera zein merkataritza-jarduerarekin lotura duten zerbitzuak dinamizatzeko plan estrategikoak garatzen ari direnak (batez ere merkatuei, hiriko merkataritza-eremuei eta merkaturatze-kate laburrei dagokienez).

c) EAEko merkataritza-enpresaren garrantzia: enpresa-berrikuntzaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik negozioa mantentzeko, garatzeko eta hazteko funtsezkoak izan diren enpresa-jarduketak baloratuko dira; hau da, sektorean lidergo-posizioa dutenak eta gainerako merkatarientzat erreferente direnak.

d) Ekintzailetzaren garrantzia. Helburua da negozio-eredu berritzaileak abian jarri dituzten eta ekimen, ahalegin eta abarrengatik nabarmentzen diren ekintzaileak saritzea; eragin berezia ematen dutenak eta merkataritza-sektoreari ikusgarritasun positiboa ematen diotenak.

e) Merkataritza-eremuen dinamizazioaren garrantzia. Helburua da zeharkako aliantzen eta lankidetza-egituren bidez bultzatutako dinamizazio-proiektuak saritzea, jarduketa-eremuan emaitza neurgarriak izan badituzte.

8. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.

2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, proposamen hori aurkeztu eta hilabeteko epean, gehienez ere, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu bidez.

3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak.

4.– Sariak ohorezkoak dira. Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia eman ahalko zaie epaimahaiaren saririk eskuratu ez duten hautagaiei, arrazoi orokorrengatik edo epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik nabarmentzekoak diren heinean EAEko merkataritzaren sektoreari egiten dioten ekarpen handia kontuan izanda.

9. artikulua.– Aitortza publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.

Adierazitako kategoria horietako bakoitzean, aipamen edo aitortza publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo entitate onuradunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.

10. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileek deialdiak izapidetzerakoan emandako datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori oinarritzat harturik, deialdia izapidetzean bildutako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko baimena eman dutenez deialdian parte hartu dutenek, datuok «Euskadiko Merkataritza Sarien Agindua» izeneko fitxategian gordetzeko besterik ez dira erabiliko. Fitxategiaren helburua, hain zuzen, sarien deialdia kudeatzea izango da, baita parte-hartzaileei sarien garapenaren berri ematea ere. Merkataritza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzan erabili ahalko dira, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

III. ERANSKINA
2024. URTEKO EUSKADI KONTSUMO SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1 artikulua.– Xedea.

Kontsumoko Euskadi Sarien helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumo arduratsuaren alde eta kontsumitzaileen eskubideen defentsaren alde egiten duten lanagatik nabarmentzen direnak saritzea, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta haren aldaketetan ezarritako berdintasun-printzipioak errespetatuta.

2. artikulua.– Sarien kategoriak.

Hiru sari arautuko ditu ebazpen honek, eta honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati egokituko zaio horietako bakoitza:

1.– Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzeko jarduketak.

2.– Kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokiak.

3.– Kontsumitzaileen eskubideak babesteko informazio- edo dibulgazio-ekintzak.

3. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.

Hauek izan daitezke agindu honen bidez onartutako deialdiko sarien onuradun:

a) 1. kategorian: Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak, eta kontsumitzaileei laguntza eta babesa ematen ibilbide luzea egin duten beste entitate batzuk, kontsumitzaileen elkarteak kasu. Kontsumitzaileen elkarteen kasuan, beharrezkoa da abenduaren 28ko 262/2021 Dekretuan araututako EAEko Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatuta egotea.

b) 2. kategorian: Kontsumo arduratsua lortzera eta sustatzera bideratutako «Enpresa-jardunbide egokiak» garatzen dituzten enpresak.

c) 3. kategorian: hedabideak, komunikazio-agentziak eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko informazio-ekintzak antolatzen edo espazioak eskaintzen dituzten beste entitate batzuk.

4. artikulua.– Hautagaiak.

1.– Hauek aurkez dezakete hautagaia:

a) Saria lortu nahi duenak berak.

b) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak.

c) Kontsumitzaileen elkarteek.

d) KIUBen arduradunek.

e) EAEko enpresaburuen elkarteek.

f) EAEko publizitate-agentzien elkarteek.

2.– Hautagaitzak formalizatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera.

3.– Hautagaia aurkezteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.

c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, ohartarazita ezen, horrela egiten ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

4.– Entitateek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1076105

5.– Hautagai-zerrenda aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla agindu honetan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Euskadi Kontsumo Sariak emateko prozedura.

Saria emateko norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Aurkezten diren hautagaiak balioesteko epaimahai bat eratuko da, honela osatuta:

Epaimahaiburua: Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua.

Kideak:

– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.

– Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.

– EAEko kontsumitzaile-elkarteen ordezkari bat.

– Idazkari teknikoa: Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzako unitateburua, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Hautaketa-organoa Kontsumobideren egoitzan eratuko da. Epaimahaiaren funtzionamenduak eta gauzatzen dituen jarduketek, eta kideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.

7. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:

a) Ibilbide profesionalaren garrantzia. Helburua da kontsumoaren arloan ibilbide profesional aipagarria duten kontsumo-eragileak saritzea, eta, horretarako, ibilbidea bera, haren iraupena eta egindako lorpenak baloratuko dira.

b) EAEko enpresaren edo profesionalaren garrantzia: kontsumo arduratsua eta jasangarria lortzeko eta sustatzeko enpresa-jardunbide egokiak garatzen dituzten jarduketak baloratuko dira.

c) Komunikazioa: aitortza egingo zaio EAEko kontsumo-eremuaren balioak nabarmentzen dituzten hedabideen dibulgazio-jarduerarik onenari.

8. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.

2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, proposamen hori aurkeztu eta hilabeteko epean, gehienez ere, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu bidez.

3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak.

4.– Sariak ohorezkoak dira. Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia eman ahalko zaie epaimahaiaren saririk eskuratu ez duten hautagaiei, arrazoi orokorrengatik edo epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik nabarmentzekoak diren heinean EAEko merkataritzaren sektoreari egiten dioten ekarpen handia kontuan izanda.

9. artikulua.– Aitortza publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.

Adierazitako kategoria horietako bakoitzean, aipamen edo aintzatespen publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo entitate onuradunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.

10. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileek deialdiak izapidetzerakoan emandako datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori oinarritzat harturik, deialdia izapidetzean bildutako datu pertsonalak tratatzeko eta publikatzeko baimena eman dutenez deialdian parte hartu dutenek, datuok «Euskadiko Kontsumo Sariak» izeneko fitxategian gordetzeko besterik ez dira erabiliko. Fitxategiaren helburua, hain zuzen, Euskadiko kontsumo sariak emateko prozesua kudeatzea izango da, bai eta parte-hartzaileei sarien garapenaren berri ematea ere. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua da fitxategi horren arduraduna. Datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan baliatu ahal izango dira, helbide honetan: Santiago hiribidea 11, 01002 Vitoria-Gasteiz.


Azterketa dokumentala