Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2024ko irailaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4426

AGINDUA, 2024ko uztailaren 1ekoa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, Elantxobeko Portuko Antolamenduko Plan Bereziari behin betiko onespena ematekoa.

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako orduko sailburuaren 2019ko uztailaren 23ko Aginduaren bidez, hasierako onarpena eman zitzaion Elantxobeko Portuaren Antolamendu Plan Bereziari, eta erabaki zen jendaurreko informazioaren izapidera eramatea (baita haren Ingurumen Azterketa Estrategikoa ere), 45 egunean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 97. artikuluak kontuan hartzekotzat jotzen duen 95.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Informazioa jendaurrean jartzeko izapidearen erabakia gauzatzeko, 2019ko uztailaren 30ean iragarkiak jarri ziren nola Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian hala El Correo egunkaria.

2.– Era berean, eta epe berean, eraginpeko administrazio publikoei eta aldez aurretik kontsultatutako pertsona interesdunei kontsultatzeko izapidea egin behar zela erabaki zen, garai hartako Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko maiatzaren 4ko Ebazpen bidez formulatutako Irismen Dokumentuaren arabera.

3.– Emandako epean, zenbait alegazio-idazki aurkeztu ziren, eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak aztertu eta erantzun zituen, plan hau sustatu duen aldetik.

4.– Era berean, zenbait txosten sektorial jaso dira, eta horiek kontuan hartu dira Elantxobeko Portuko Antolamenduko Plan Berezia idazterakoan.

5.– Bestalde, 2019ko irailaren 25ean, Elantxobeko Udalak espedientearen gaineko txostena eman zuen, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 97.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– EAEko Lurraldea Antolatzeko Batzordeko Bizkaiko Hirigintza Plangintzaren Atalak aldeko txostena eman zuen, apirilaren 8ko 2/2020 saioan.

7.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako orduko sailburuaren 2020ko maiatzaren 5eko Aginduaren bidez, behin-behinean onartu zen Elantxobeko Portuko Antolamenduko Plan Bereziaren espedientea.

8.– 2024ko urtarrilaren 14an, Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasuneko Zuzendaritza Nagusiak eman zuen aldeko txostena.

9.– Bestalde, ingurumen-ebaluaziorako prozedurari dagokionez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako orduko sailburuaren 2020ko uztailaren 2ko Ebazpenaren bidez, Elantxobeko Portuko Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egin zen, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2020ko uztailaren 27an. Bestalde, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko irailaren 12ko Ebazpenaren bidez, Elantxobeko Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia 2024ko uztailaren 27ra arte luzatzea erabaki zen; ebazpen hori 2022ko urriaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

10.– Plan Bereziaren izapidetzeari dagokionez, kontuan hartu da Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 97. artikuluan ezarritakoa, eta, igorpen bidez, lege horren 95. eta 96. artikuluetan eta martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoa (46/2020 Dekretua, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituena).

11.– Prestatutako dokumentazio teknikoak plan berezi bat osatzeko behar diren baldintzak betetzen ditu, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 69. artikuluan xedatutakoaren arabera.

12.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 89.5 artikuluak xedatzen duenez, lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko dira behin betiko onesten diren erabakien eduki osoa eta, gutxienez, hirigintza-arauena. Adierazten du, orobat, behin betiko onarpen-erabakia dagokion lurralde historikoan zabalkunde handiena duen egunkarian edo egunkarietan ere argitaratuko dela.

13.– Martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 7.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Elantxobeko Portuaren Plan Berezi honen behin betiko onarpenaren publizitatearekin batera, gutxienez agindu honen edukia eta hirigintza-arauak emango dira (I. eranskinean daude arauok).

14.– Bestalde, martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 7.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin zaien planei dagokienez, informazio hau erantsi da II. eranskin gisa:

a) Laburpen bat, alderdi hauek jasoko dituena:

1.– Nola integratu diren planean ingurumen-arloko alderdiak.

2.– Planean nola hartu diren kontuan ingurumen-azterketa estrategikoa, jendaurreko informazioaren emaitzak eta kontsulten emaitzak, barnean hartuta, hala badagokio, mugaz gaindiko kontsultak eta ingurumen-arloko adierazpen estrategikoa, bai eta prozesuan sortutako desadostasunak ere, halakorik izan bada.

3.– Aukeratutako hautabidea hautatzeko arrazoiak, aintzat hartutako gainerako hautabideekin alderatuta.

4.– Zer helbide elektronikotan jarriko duen jendaurrean organo substantiboak planaren eduki osoa.

b) Planaren aplikazioak ingurumenean izandako eraginen jarraipena egiteko hartu diren neurriak.

15.– Etxebizitza eta Hiri Agenda Sail honek eskumena du Elantxobeko Portuko Plan Berezia behin betiko onartzeko agindu hau emateko, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 97. artikuluan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aplikatu beharreko legeria aztertu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Elantxobeko Portuko Antolamenduko Plan Berezia behin betiko onartzea, bai eta haren I. eranskina (Hirigintza Arauak) eta II. eranskina (Ingurumen Alderdiak Txertatzearen Laburpena) ere.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta baita Bizkaiko Lurralde Historikoan zabalkunde handiena duen egunkarian ere.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du; beraz, honen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hileko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 1a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala