Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2024ko irailaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4425

AGINDUA, 2024ko irailaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2024-2025 ikasturteko lanbide-heziketako itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko laguntzak emateko.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkio, besteak beste, eginkizun hauek:

– Lanbide Heziketako ikasleen artean espiritu ekintzailea eta enpresa-kultura sustatzeko beharrezkoak diren ekintzak ezartzea, ekintzailetza pertsonala sustatuz eta ikasleei enpresa-proiektu berriak hasteko gaitasuna emanez.

– Lanbide-heziketako zentroei laguntzea digitalizazioa, jasangarritasuna, berrikuntza, konpromiso soziala eta pertsonetan oinarritutako antolaketa-egituretan funtsatutako enpresa-proiektuak garatzen eta enpresak sortzen, euskal produkzio-sarea berroneratzen, modernizatzen eta zabaltzen joateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak, 3. artikuluko 2.c apartatuan, Lanbide Heziketako euskal sistemaren lehentasunezko helburu hau ezartzen du: berrikuntza, sorkuntza, ekintzailetzarako gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTen) erabilera sustatzea, bai Hasierako Lanbide Heziketan, bai Enplegurako Lanbide Heziketan.

Era berean, aipatutako 4/2018 Legearen 8. artikulua ekintzailetzako ikaskuntzaren eremuari buruzkoa da. Artikulu horren 2. apartatuan ezartzen denez, ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan ikasleen artean konpetentzia berriak garatzen saiatu behar da, sormenezkoak zein kontzeptuzkoak, ekintzailetzaren kultura sustatzeko, zeinak jarduera erreal baten arabera finkatutako esperientzia praktikoetan oinarrituta antolatu behar baitira.

Alde horretatik, 4/2018 Legearen 9. artikuluaren 2. apartatuak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko du berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea.

Bestalde, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren helburu eta ekintza-ildoetako batzuetan, ekintzailetzaren kultura sustatzea dago jasota. Aipatu beharrekoa da planaren 5. ardatza: «Giza garapena. Pertsonak eraldaketako protagonista gisa», 10.1 jarduera-ildoa: «Ikaskuntza-eredua berroneratzea eta sendotzea.», besteak beste helburutzat duena «Ekintzailetzaren kultura sustatzea ikaskuntza-ereduan» eta 10.3 jarduera-ildoa: «Pertsonen talentua garatzea», zeinaren helburuen artean baitago «Gaitasun ekintzailearen bidez talentuaren garapena aberastea ikaskuntza-prozesu osoan».

Ildo beretik, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak adierazten du berrikuntzaren kultura, ikerketa aplikatua eta ekintzailetza aktiboa Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzen oinarrizko curriculumetan sartu beharko direla. Eskaintza horretan hauek jaso behar dira: ekintzailetzarako orientazioa eta laguntza, kultura ekintzailea, ekimenaren noranzkoa eta ekoizpen-sektoreari lotutako enpresa-proiektu berriak hasteko gaitasuna sustatzeko jarduerak, enpresak sortzen laguntzeko.

Testuinguru horretan, ekintzailetzaren kultura sustatzeko hainbat ekimen garatu dira. Funtsezko jardueretako bat ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitea da. Ikasketa-tresna horren bitartez, ikasleek zenbait konpetentzia garatzeko aukera dute, eta, modu horretan, profesional onak, enplegagarriak, pertsona aktibo eta ekintzaileak, edo intraekintzaileak izango dira, eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari aurre egin ahal izango diote, eta autoenplegua aukeretako bat izateko ere sentsibilizatu daitezke.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2024. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan estrategiko hori, berriz, Hezkuntza sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago.

Horrenbestez, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruko dirulaguntzak erregulatzeari buruz zer dioen kontuan hartuta, eta beste arau hauetan ezarritakoa ere aintzat hartuta: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak,

HAU EBAZTEN DUT
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BETEKIZUNAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Itunpeko ikastetxe pribatuei zuzendutako laguntzen deialdia egitea, 2024-2025 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-ziklo bateko 2. mailan dauden ikasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatzeko enpresa-simulazioko proiektuak garatzeko.

3 urteko iraupena duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan, deialdi hau 3. mailako ikasleentzat izango da soilik.

Parte hartzeko aukera emango zaie Enpresa eta Ekimen Sortzailea modulua egiten ari diren lehen mailako ikasleei.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Deialdi honetara, guztira, 166.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke 2024-2025 ikasturtean EAEn Oinarrizko Lanbide Heziketako, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak eskaintzeko baimen ofiziala duten itunpeko ikastetxe pribatu guztiak.

2.– Ikastetxe eskatzaileak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hala nola:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrik ez izatea. Baldintza hori betetzen dela automatikoki egiaztatuko du behar beste aldiz dirulaguntza kudeatuko duen organoak, ikastetxe eskatzaileen baimenaren beharrik gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea aplikatuz.

– Beste baldintza hauek ere betetzen direla automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, entitate eskatzailearen baimenaren beharrik gabe, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz.

– Ez duela zehapen penal edo administratiborik, eragozten dionik dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea.

– Ez duela zehapen administratiborik edo penalik inor diskriminatzeagatik sexuagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia (Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea).

– Derrigorrezkoa bada, berdintasun-plana eduki beharko du indarrean edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu beharko du, emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen legedian ezarritako terminoetan.

– Diruz lagunduko den jarduerak izango du sexuan oinarritutako bereizkeriarik eragin.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakundeak honako hau egiaztatuko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Ez dagoela sartuta inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, zeinak hasi baitira edo oraindik izapidetzen ari baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan.

– Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutako ezein inguruabarren eraginpean.

– Benetakoak direla eskabide honetan eta honi gehitutako agirietan adierazitako datu guztiak.

– Betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak. Badituela hori egiaztatzen duten agiriak. Erakundeak administrazioaren esku jarriko dituela aipatutako agiriak, hala eskatzen zaionean.

– Konpromisoa hartzen duela betebehar horiekin konplitzeko dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen bitartean.

– Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko ebazpenean kontuan hartutako ezer aldatzen bada.

4.– Ezinbestekoa da baldintza horiek betetzea dirulaguntza ematen denetik dirulaguntza ordaintzen den arte.

Entitate onuradunak artikulu honetan adierazitakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa edukiko du, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:

1.a.– Diruz lagundu daitekeen jardueratzat hartzen da ikastetxe eskatzaileak kultura ekintzailea sustatzeko egindako enpresa-arloko simulazio-proiektua, baldin eta gutxienez 20 puntu lortzen baditu.

1.b.– Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuak enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak ere izango ditu, ikasleek banaka egindakoak edo zenbait ikasleren artean elkarlanean egindakoak.

Betiere, ikasleek ikastetxeko irakasleen laguntza eta aholkularitza izango dute enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak garatzeko.

1.c.– Azpiproiektuez gain, ikastetxearen proiektuak curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere jaso ditzake, ikasleen ekintzailetza-gaitasuna areagotzeko asmoz: ekimena, sormena, inteligentzia emozionala, erresilientzia, lidergoa, lorpenetarako orientazioa eta komunikazioa landuko dira jarduera horietan, ikastetxetik kanpoko profesionalen eskutik. Prestakuntza-jardueretan, genero-ikuspegia hartu beharko da aintzat, eta genero-rolak eta -estereotipoak ez errepikatzen saiatu beharko da.

Prestakuntza-jarduerak ikasleen eskola-orduetatik kanpo egingo dira.

1.d.– Era berean, kultura ekintzailea zabaltzen laguntzen duten eta deialdi honen babesean garatutako azpiproiektuak zabaltzeko helburua duten zabalkunde-jarduerak ere egin daitezke.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak:

2.a.– Argi eta garbi azpiproiektuak garatzen laguntzen duten gastuak. Gastuak 2024ko abenduaren 23a baino lehen egin behar dira.

2.b.– Material suntsikorrak, tresna txikiak, tresnak edo software espezifikoak erostea, baldin eta zalantzarik gabe produktuaren prototipo bat garatzeko edo zerbitzuaren diseinu bat garatzeko ezinbestekoak badira. Ikastetxean egin behar da beti.

Finantza daitezkeen gastuek ez diote inbertsiorik eragin behar ikastetxeari; beraz, ez da diruz lagunduko produktu-unitate bat baino gehiago erostea, unitate bakoitzak 300 euro-tik gorako gastua eragiten badu.

Ez da diruz lagunduko eskabidean sartu gabeko materialik eta softwarerik.

2.c.– Artikulu honen 1.c puntuan jaso eta curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak kontratatzea, bai eta, hala badagokio, zabalkunde-ekitaldiei dagozkien gastuak ere (4. artikuluaren 1.d puntua): azpiegiturak alokatzea (espazioak, standak...), ekitaldiaren zabalkunderako eta komunikaziorako kanpaina, liburuxkak edo diptikoak, besteak beste.

3.– Diruz lagundu ezin diren gastuak:

Beharrezkoak ez diren edo enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuaren oinarrian dagoen produktuaren prototipo baten garapenarekin edo zerbitzuaren diseinuarekin zuzenean lotuta ez dauden tresna edo software espezifikoak eskuratzeko egindako gastuak; adibidez, enpresa-arloko simulaziorako softwareak.

Nolanahi ere, gastu horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua bete beharko dute.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Gehienez ere 10.000 euro emango dira ikastetxeko. Ikastetxeak eskatutako aurrekontua aurreko zenbatekoa baino handiagoa bada, ikastetxeak izango du zuzkidura ikastetxeko azpiproiektuen artean banatzeko ardura.

2.– Baldin eta 2. artikuluan adierazitako zuzkidura nahikoa ez bada onartutako eskaera guztiei erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatu egingo da, alegia, proportzionalki banatuko da onartutako eskaera guztien artean. Kasu horretan, ikastetxeak izango luke zuzkidura ikastetxeko azpiproiektuen artean banatzeko ardura.

3.– Zenbateko hauek bideratu daitezke:

– Gehienez ere, emandako laguntzaren % 40, 4. artikuluaren 1.c apartatuan jasotako prestakuntza-jardueretarako.

– Gehienez ere, emandako laguntzaren % 10, 4. artikuluaren 1.d apartatuan jasotako zabalkunde-jardueretarako.

Beraz, emandako laguntzaren % 50, gutxienez, ikasleek enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak egitera bideratu beharko da.

4.– Prestakuntza-jardueren kasuan, emandako prestakuntza-ordu bakoitzeko 100 euro finantzatu ahal izango dira gehienez.

6. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin edo laguntzekin.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, HAUTAKETA ETA PROZEDURA

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxeek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

Izapidetze elektronikoa ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan dago araututa (Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

2.– Eskabide-inprimakia eskuratzeko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak helbide honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/servicios/1068007

Eskaeraren osteko izapideak elektronikoki egingo dira helbide honetatik:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/1068007

3.– Eskabidea ikastetxeko legezko ordezkariak egin beharko du. Eskabidea Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari bideratu behar zaio.

4.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak zer aukeratzen duen. Hala bada, ikastetxe eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran zehar.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Ikastetxeko eskabide bat aurkeztuko da; eskabidea behar bezala beteta eta helbide honetan eskura dauden eranskinak soilik beteta aurkeztuko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1068007

Baztertu egingo dira aurreko deialdietako eranskinak edo eskaneatutako eranskinak.

1.– I. eranskina. Eskaera-formularioa.

2.– II. eranskina. Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuaren fitxa.

3.– III. eranskina. Prestakuntza- eta zabalkunde-jardueren fitxa.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean antzemandako akatsak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu eskakizunak betetzen, eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo beharrezko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio. Horretarako, hamar eguneko epea izango du. Hala egiten ez badu, eskabideari uko diola ulertuko da (hau da, aurkeztutako eskabidea indarrik gabe geratuko da), ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.

11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.

12 artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuazioa emateko irizpideak.

1.– Hauek dira hautaketa- eta puntuazio-irizpideak:

1.1.– Landutako ekintzailetza-gaitasunak (gehienez 5 puntu):

– Ekintzailearen ezaugarriak ezagutzea eta horiek ekintzailetzako gaitasun eta jarrera zehatzetan nola adierazten diren jakitea (puntu bat).

– Ekintzailetzaren arloko trebetasunekin bat datozen jarrerak eta portaerak garatzea: berrikuntza, sormena, autonomia, autokonfiantza, erantzukizun-sena, ekimena, erabakiak hartzeko gaitasuna, talde-lana eta lan-espiritua (puntu bat).

– Konturatzea nolako garrantzia duen ekintzailetzaren gaitasunak, erronkei aurre egiteko eta helburuak lortzeko (puntu bat).

– Modu kritikoan pentsatzen ikastea eta ikasleak prestatzea, ideiak garatzean arriskuak har ditzaten (puntu bat).

– Ikasleak egiten ari diren zikloarekin eta euren inguruarekin erlazionatutako enpresa-sarea ezagutzea, etorkizunean ekintzailetzarako aukera izan dezaten (puntu bat).

1.2.– Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuan landutako eremuak (gehienez 13 puntu):

– Horretan ari diren edo esparru horretan aurretiazko esperientzia duten ikasleen heziketa-zikloarekin erlazionatuta dago (puntu bat).

– Teknologia aurreratuen erabilerarekin erlazionatuta dago, hala nola: digitalizazioa (errealitate birtuala, errealitate areagotua, adimen artifiziala, etab.), konektagarritasuna, robotizazioa eta automatizazioa, zibersegurtasuna, datuen azterketa (2 puntu).

– Jasangarritasuna jorratzen du: energia-efizientzia, ekonomia jasangarria, ekonomia zirkularra, 4.0 osasuna, biozientzia eta bioteknologiak, etab (2 puntu).

– Proiektua industria-sektoreko enpresa bat sortzera bideratuta dago, edo zerbitzu aurreratuen arlokoa da (2 puntu).

– Garapen Jasangarriko Helburuen garapenarekin erlazionaturik dago, edo gizarte-ekonomiaren balioak jorratzen ditu (2 puntu).

– Dibertsitatea eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen laguntzen du, edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko osagai soziala dauka (2 puntu).

– Ez du genero-rolik eta -estereotiporik erreproduzitzen, edo emakumezkoen ekintzailetza sustatzen du: (2 puntu).

1.3.– Euskararen erabilera sustatzen du proiektua garatzeko prozesuan (2 puntu).

1.4.– Ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzea (gehienez 4 puntu).

– Azpiproiektuen % 30 baino gutxiagok ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzen dute (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 2 puntu.

– Azpiproiektuen % 30etik % 60ra bitarte ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzen dute (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 3 puntu.

– Azpiproiektuen % 60 baino gehiagok ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzen dute (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 4 puntu.

1.5.– Ikastetxearen proiektuaren eragina (gehienez 10 puntu):

a) Ikastetxeak eman eta ikastetxearen proiektuak ukitzen dituen heziketa-zikloen kopurua:

– Zikloen % 100-76 ukitzen baditu: 5 puntu.

– Zikloen % 75-51 ukitzen baditu: 3 puntu.

– Zikloen % 50-25 ukitzen baditu: 1 puntu.

b) Azken mailan egon eta enpresa-arloko simulazio-proiektuak egingo dituzten ikasleak:

– Kopurua ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 70 baino gehiago bada: 5 puntu.

– Kopurua ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 70 edo gutxiago eta % 40 baino gehiago bada: 3 puntu.

– Kopurua ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 40 edo gutxiago eta % 25 baino gehiago bada: 1 puntu.

2.– Gutxienez 20 puntu lortzen dituzten enpresa-arloko simulazio-proiektuek bakarrik jaso dezakete laguntza (34 puntu da gehieneko puntuazioa).

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Batzorde horrek kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta pertsona hauek osatuko dute:

a) Epaimahaiburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Batzordekideak:

– Pili Alonso, TKNIKAko Ingurune Estrategikoei Aplikatutako Berrikuntza Arloko zuzendaria.

– Ergiña Urzelai, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuko teknikaria (iTlent).

– Miriam Lasagabaster Herrarte, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Aurkezten diren eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak balorazio-txostena egin beharko du, egindako balorazioaren emaitza zehaztuz.

3.– Balorazio-batzordea osatzen duten kideak ezin izango dira interes-gatazkako egoera batean egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

4.– Erakunde eskatzaileek ebaluazio-batzordeko kideak errekusa ditzakete edo abstenitzeko eskatu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

14. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio laguntza ematea ebaztea, balorazio-batzordeak eginiko txostenean jasotakoaren arabera (13.2 artikulua).

2.– Ebazpenean emandako dirulaguntzak, ukatutakoak eta prozeduratik baztertutakoak jasoko dira. Emandakoei dagokienez, diruz lagundutako ikastetxeetako proiektuen izenak eta emandako kopuruak zehaztuko dira. Ukatutakoen kasuan, hartarako arrazoiak adieraziko dira.

3.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) eta hor argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

4.– Horrez gain, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari. Jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epea dago aurkezteko.

6.– Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaitu eta ikastetxeari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

– Lehenengoa, emandakoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da.

– Bigarrena, zenbatekoaren % 60, justifikatu ondoren (19. artikulua), IV. eranskineko (memoria ekonomikoa) eta V. eranskineko (amaierako memoria) dokumentazioa jaso ondoren.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada.

2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru kopurua itzultzeko aginduko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa eta dagokion berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, hauetako bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako amaierako memoriatik (V. eranskina) ondorioztatzen bada jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza betetzen ez bada.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar betetzen ez bada. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasota daude.

d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jasotzen bada, helburu bererako.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluetan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako deialdiko laguntzen onuradun diren ikastetxeek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ebazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean onuradunek onartzen ez badute, eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.

2.– Diruz lagundutako jarduerak ikastetxearen urteko planean sartzea.

3.– Emandako dirulaguntza justifikatzea, 19. artikuluan jasotakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza emakidan aurreikusitako helburu zehatzerako erabiltzea.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

6.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko dute: «Eusko Jaurlaritzak finantzatutako jarduera».

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

9.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek beren funtzioak betetzeko eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izateko.

10.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, ikastetxe onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honen bidez:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/

Izapide hori egin beharrekoa da ordainketa egin ahal izateko.

Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea erregistroan alta emanda dagoen.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzua; erabilgarri dago, halaber, egoitza elektronikoan ere:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

19. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

– Ikastetxe onuradunek 2025eko urtarrilaren 8a baino lehen aurkeztuko dute egindako gastuen justifikazioa, helbide honen bidez:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

– Dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

– Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena (V. eranskina). Emandako dirulaguntzari edo diru-hornidurari eslei dakizkiokeen fakturak eta legez onartutako beste edozein egiaztagiri erantsi behar dira. Fakturek eta egiaztagiri horiek jaulkipen-data adierazi behar dute, eta, hala badagokio, datu hauek: ordainketa-data, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, kontzeptua eta zenbatekoa.

Faktura eta ordainagiri horiek 2024ko abenduaren 23a baino lehenagokoak izango dira.

Dirulaguntza ematen duen organoak, ausazko laginketa sinplearen bidez, egokitzat jotako egiaztagiri oro aztertu ahal izango du, dirulaguntza modu egokian erabili dela ondorioztatzeko adinako ebidentzia bildu arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari. Halaber, salbuespen gisa, jatorrizko dokumentua aurkezteko eskatu ahal izango dio, edo aurkeztutako kopiak erkatzeko; horretarako, jatorrizko dokumentua erakutsi beharko da.

– Amaierako ebaluazio-memoria. Bilakaera eta emaitzak adieraziko ditu, aurreikusitako helburuekin alderatuta (V. eranskina).

20. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako enpresa-arloko simulazio-proiektuei, egiten direla bermatzeko. V. eranskina.

2.– Diruz lagundutako ikastetxe-proiektuaren garapenean gorabeheraren bat gertatuz gero, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuko langileek (iTlent) txosten bat egin dezake, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari bidali. Txostenaren edukiaren arabera, zuzendaritza horrek agindu hau betetzeko neurri egokiak har ditzake.

21. artikulua.– Ebaluazioa.

Proiektuaren amaierako memoriak (V. eranskina) hauek jasoko ditu:

– Erdietsitako lorpenak.

– Ikastetxeko azpiproiektuen garapena.

– Ikasleen parte-hartzea.

– Egindako prestakuntza-jarduerak.

– Egindako zabalkunde-jarduerak.

– Proiektuak ikastetxean izandako inpaktuari buruzko balorazioa eta ondorioak.

– eta, beharrezkoa bada, izandako gorabeherak eta egindako aldaketak.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Laguntza eta dirulaguntzak lanbide heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.

Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak eta interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileetarako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzeko eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Europar Batasuneko organoak.

– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Europako Batzordea.

Eskubideak:

Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio gehigarria:

Gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala