
187. zk., 2024ko irailaren 25a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (221 KB - 16 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4424
EBAZPENA, 2024ko irailaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko 2024. urteko laguntzen deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko irailaren 18ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko 2024. urteko laguntzen deialdia onartu zuen. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoarekin bat etorriz, eta estatutu horiek aldatzen dituen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko 2024. urteko laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2024ko irailaren 18ko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio.
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen Erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.
Hirugarrena.– Jakitera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 19a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
LUZAROAN LANGABEZIAN DAUDEN 30 URTETIK GORAKO PERTSONAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANTOKIETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2024. URTEKO DEIALDIA
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko Eustaten inkestako datuen arabera, langabezia-tasak behera egin du azken urteetan: 2022ko laugarren hiruhilekoan % 8,4koa izan zen, eta 2023ko laugarren hiruhilekoan, berriz, % 7,2koa.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan 2023ko abenduko langabeziari buruz erregistratutako datuen arabera, langabeen ia erdia, % 49,5, luzaroan langabezian daudenak dira, eta arazo hori areagotu egiten da adinak gora egin ahala. Izan ere, 30 urtetik beherakoak kolektibo horretako % 9 dira, 30 eta 44 urte artekoak % 23,6, eta 45 urtetik gorakoak % 67,5. Generoaren araberako desoreka ere esanguratsua da, luzaroko langabeen % 60,1 emakumeak baitira eta % 39,9 gizonak. Desberdintasun hori adin-tarte guztietan agertzen da, eta, nolanahi ere, handiagoa da 45 urtetik beherakoen kasuan 45 urtetik gorakoen kasuan baino.
Berpiztu 2020-2024 programak biltzen du Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin ados jarrita eta gizarte-eragileekin lankidetzan, hartzen duen konpromisoa lehentasun estrategikoko ardatz gisa enplegua sortzeko eta jarduera ekonomikoa suspertzeko, eta, era berean, enpleguaren kalitatea hobetzeari eta genero-berdintasunari buruzko hirugarren ardatz edo zeharkako arlo bat ezartzen du.
Berpiztu Programak, EAEk dauzkan indarguneen azterketan oinarrituta (agertoki berri honetan sustatu beharreko trantsizioak indargune horien arabera bideratu eta finkatu behar baitira), nahitaez jorratu beharreko hainbat hobekuntza-arlo zehazten ditu, besteak beste enplegu-tasa, batez ere emakumeen enpleguarena, eta langabezia-tasa, batez ere gazteen langabeziarena eta luzaroko langabeziarena.
Hala, Europar Batasuneko Kontseiluak luzaroan langabezian dauden pertsonak lan-merkatuan integratzeari buruz emandako Gomendioan (2016/C 67/01) adierazten da luzaroko langabeziak Europar Batasuneko ekonomien hazkunde-ahalmena murrizten duela, eta gizarte-esklusioa eta desberdintasuna izateko arriskuak areagotzen dituela.
Esparru programatiko horrekin bat etorriz, luzaroan langabezian daudenentzako aukera zehatzak sustatze aldera, eta enplegurako eskumenak hobetzeko beste jarduera-ildo batzuekin lotuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hari dagozkion eginkizunak betez, luzaroan langabezian dauden pertsonak kontratatzeko laguntza-programa sustatzen du, EAEko enpresek pertsona horiek kontrata ditzaten.
Luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko laguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2023ko abenduaren 14ko bileran hartutako erabakiaren bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorreko 6. artikuluari jarraituz, eta Lanbideren webgunean argitaratu zen (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2024ko irailaren 18an egindako bilkuran, langabezian luzaroan dauden 30 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen.
1. artikulua.– Helburua.
Deialdi honen helburua da langabezian luzaroan dauden 30 urteko edo gehiagoko pertsonak kontratatzeko laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuan laneratzen laguntzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 705.000 eurokoak dira. Horietatik 352.500 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 352.500 euro, berriz, 2025eko konpromiso-kreditukoak.
2.– Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren lan-kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen babesean, kontratu mugagabeak eta gutxienez 6 hilabeteko iraupena duten aldi baterako kontratuak lagundu ahal izango dira diruz, baldin eta 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonekin Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan lanpostuak betetzeko badira.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatutako eta hasitako lan-kontratuei aplikatuko zaizkie, betiere deialdian ezarritako baldintza eta betekizunetara egokitzen badira.
Diruz lagundu daitekeen gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da aldi baterako kontratuetarako, eta 12 hilabetekoa iraupen mugagabeko kontratuetarako; nolanahi ere, 2025eko urriaren 31n bukatuko da epe hori.
2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak lan-arloko legeriak ezartzen duen edozein kontratu-modalitateren arabera formalizatu daitezke, betiere oinarri arautzaile hauetan ezarritako gutxieneko iraupena duten aldi baterako kontratuak edo kontratu mugagabeak badira. Hala ere, dirulaguntza jasotzetik salbuetsita geratuko dira hauek: txandakako prestakuntza-kontratuak, aldizkako kontratu finkoak eta aldi baterako laneko enpresek langileekin egindako kontratuak enpresa erabiltzaile bati lagatzeko, betiere aldi baterako kontratuak edo mugagabeak badira eta deialdi honetan ezarritako gutxieneko iraupenaren baldintza betetzen badute, bai eta beste baldintza hauek ere:
a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonaren lanbide-profilaren araberakoak izan beharko dute, hau da, ikasketa-maila edo prestakuntza-maila eta/edo lanbide-esperientziara egokitutakoak.
b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eredu ofiziala erabilita, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen prestakuntza edo kualifikazio profesionala, kontratuaren hasiera-data eta, hala badagokio, amaiera-data, kontratuaren iraupena, lanaldia eta bete beharreko lanpostua.
c) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke, baina, azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.
d) Urteko ordainsari gordina adierazi beharko da iraupen mugagabeko kontratuetan, eta hileko ordainsari gordina, berriz, gutxienez sei hilabeteko iraupeneko kontratuetan. Kasu batean zein bestean, eurotan zenbatuta, eta ordainsari horretan bildutako kontzeptuak eta zenbatekoak zehaztuta.
Deialdian eskatzen den gutxieneko soldata-ordainsari gordina zehazteko, oinarrizko soldata, aparteko ordainsariak eta soldata-osagarriak baino ez dira kontuan hartuko, eta berariaz geratuko dira zenbaketatik kanpo soldataz kanpoko bestelako ordainsari eta osagarriak.
Ez dira diruz lagunduko aplikatzekoa den hitzarmenean ezarritakoa baino ordainsari txikiagoa duten kontratuak.
Kontratuek dirulaguntza jaso ahal izateko, lanaldi osoko urteko soldata-ordainsari gordina ez da, ezein kasutan, taula honetan azaltzen diren zenbatekoak baino txikiagoa izango:
(Ikus .PDF)
3.– Halaber, diruz lagundutako kontratazioek enplegua sortzea eragin beharko dute, diruz lagunduko diren kontratuen xede diren langileak lanean hasi aurre-aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietako batezbesteko langile-kopuruarekin alderatuta. Kontratazioaren egunean, beraz, kontratu berri horrek gehikuntza ekarri behar du batezbesteko horrekiko.
Baldintza hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi objektiboengatik edo bidegabetzat jo ez diren kaleratzeengatik azkendutako kontratuak, langileen erretiro, dimisio, heriotza, ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik azkendu diren kontratuak, ezta langileak hasiera batean hitzartutako lan-denbora borondatez murriztutako kontratuak ere.
4.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren, zuzendaritza-karguetan ari direnen edo enpresen administrazio-organoetako kide direnen ezkontideari, izatezko bikotekideari edo bizikideari edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna duten ondorengo eta gainerako senideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa edozein dela ere, ez eta enpresetako administrazio-organoetako kideen beren kontratazioak ere.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.
c) Etxeko zerbitzuaren araubidean egindako kontratuak.
d) Enpresa berarekin lan-harreman mugagabea bukatu duten pertsonen kontratazioak.
e) Enpresa kontratatzailearekin aurretik iraupen mugatuko edo aldi baterako lan-harremana izan duten pertsonen kontratazioa, lan-harreman hori dirulaguntza eskatzen den kontratazioaren aurreko 3 hilabeteetan izan bada.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira bertan ezarritako baldintzetan lan-kontratuak egiten dituzten enpresak edo entitateak, edozein dela ere haien forma juridikoa, honako hauek izan ezik: administrazio publikoak eta organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateak. Onuradunek betekizun eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.
b) Enpresako langileen legezko ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri eman izana, kontratu-mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, berariaz adierazi beharko du eskaeran.
c) Kondenatuta ez egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
d) Epai edo administrazio-ebazpen irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin kondenatuta edo zigortuta ez egotea, edo hala egonez gero, kondenaren edo zehapenaren epea igaro izana.
e) Konkurtso boluntarioaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada, esku-hartze judizialaren mende ez egotea, edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaitua ez izatea, edo, desgaitua izanez gero, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu izana.
f) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, ez ebatzita izatea Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmorik.
g) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak bateraezintasun-egoera hauetakoren batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean ez egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
h) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.
i) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
j) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduko 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
k) Zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.
l) Ez edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:
– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarriak dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.
m) Administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez zehatua ez izatea, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, edo, hala izan bada ere, ezarrita izatea beharrezko neurri zuzentzaileak eta ordainduta izatea dagokion zehapena.
n) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartzea.
o) Elkarteen kasuan, elkartea ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.
p) Ez izatea inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat, legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu direlako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, edo, eten bazaio ere, eman izana ebazpen judizial irmoa eta, beraz, izatea dagokion erregistroan inskribatzeko aukera.
q) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).
r) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 49. artikuluan ezarritako eran.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 1. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago. Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da q) apartatuko eskakizuna:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, aurkezteko modurik badu, galdu-irabazien kontu laburtua. 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua, berriz, 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioa, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiria, letra horretako 1. apartatuan eskatutako edukia duena; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostena, aipatutako apartatuko 2. zenbakian eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatutako pertsonek bete beharreko baldintzak.
30 urte edo gehiago izan eta irizpide hauek betetzen dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdi hau:
a) Langabeak izan eta lan-eskatzaile gisa izena emanda eta altan egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo dagokion enplegu-zerbitzu publikoan, bai kontratuaren hasiera-dataren aurreko egunean, bai aurreko 540 egunetan 360 egunez gutxienez. Ondorio horietarako, langabetzat joko dira Gizarte Segurantzako ezein erregimenetan alta emanda ez dauden pertsonak.
b) Kontratuko lanpostua betetzeko profil profesional egokia edukitzea.
6. artikulua.– Kontratatutako pertsonen hautaketa.
1.– Kontratatzen diren pertsonak prozedura hauetako baten bidez hautatuko dira:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.
Hautaketa-mota honetarako, eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskaera hori horretarako ezarritako inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, eta, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFZ, enplegatzailearen kotizazio-kontuaren kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresaburuaren, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren sinadura.
Eskaintza kudeatzeko eskaera bakoitza hura jasotzen duen bulegoak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geratuko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.
Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira. Enpresara bidaliko dira Lanbiden edo dagokion enplegu-zerbitzu publikoan luzaroan langabezian inskribatuta dauden hautagaiak, eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituztenak, egingo zaien kontratua deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izateko.
Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.
b) Enpresaren bidez, zuzenean, Lanbideri enplegu-eskaintza kudeatzeko eskaerarik egin gabe.
Kontratatua izango den pertsonak Lanbideren txosten bat eskuratu ahal izango du bitarteko telematikoen bidez –Nire Lanbidenet erabiliz– edo enplegu-bulegoetara joanez, egiaztatzen duena kontratua hasi aurreko egunean luzaroko langabezian dagoela.
2.– Egiten den hautaketa-prozesua dena delakoa izanda ere, kontratatuko diren pertsonek beren enplegu-eskaera alta-egoeran eduki behar dute kontratuaren hasiera-dataren aurreko egunera arte.
7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa dirulaguntzaren xede den lanpostua betetzeko behar diren titulazio akademiko edo ikasketen eta kontratuaren iraupenaren arabera zehaztuko da, taula honekin bat etorriz:
(Ikus .PDF)
2.– Aipatutako dirulaguntza-zenbateko guztiak % 15 handituko dira, kontratatutako pertsonak ezaugarri hauetako bat gutxienez badu: 45 urte edo gehiago izatea edo emakumea izatea.
3.– Halaber, aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoak % 10 handituko dira, baldintza hauek betetzen badira: kontratatutako pertsonak kontratatzeko konpromisoa berekin dakarren prestakuntza-ekintzaren bat bukatu badu 2023. edo 2024. urtean eta ekintza hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu badu Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren babesean; formalizatzen den kontratua mugagabea bada, eta lanaldia, gutxienez, ezarritako lanaldiaren % 70ekoa bada.
4.– Kontratatutako pertsonak aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 handituko da.
Taula hauetan ageri dira dirulaguntzen zenbatekoak, bai eta dirulaguntza-ehuneko gehigarriak ere:
(Ikus .PDF)
5.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.
8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua, epeak, eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/19829006. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Luzaroko langabezian dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntzetarako eskabidearen inprimakiarekin batera, enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria, baldin eta ordezkaritza hori ez badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ordezkarien erregistroan.
b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia. Enpresaren identifikazio fiskaleko datuak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, salbu eta eskatzailea berariaz horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du eskatzaileak.
c) Egindako kontratuaren edo kontratuen fotokopia.
d) Eskaera langile autonomo batek egiten badu, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela egiaztatzeko dokumentazioa.
e) Bi txosten, «Alta-egoeran dauden langileen batezbesteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazio-egunari dagokiona.
Bi txosten horiek alderatuta, ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko da aurreko sei hilabeteetan kausa objektiboengatik, langileen erretiro, dimisio, heriotza, ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik edo bidegabetzat jo ez diren kaleratzeengatik kontratuak azkendu direla egiaztatzen duena, baita langileek hasieran itundutako lan-denbora borondatez murriztu izana egiaztatzen duen dokumentazioa ere.
3.– Eskaerak ez baditu betetzen oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak, edo osatu gabe badago edo akatsak baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean okerra konpon dezala edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzala; eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 25ean bukatuko.
9. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, eta dirulaguntza emateko eta ebazteko prozedurak.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da prozedura izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna.
2.– Aurkeztutako hurrenkeran aztertuko dira eskaerak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez emango da horren berri, ebazpena EHAAn eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratuta.
3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen espresu bidez onartu edo ukatuko dira.
Luzaroko langabeak kontratatzeagatik jaso daitezkeen dirulaguntzak emateko ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa.
Ebazpenean berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela dirulaguntza, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan, eta emandako laguntza «minimis» erakoa dela.
Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko da zergatik ezetsi den eskaera.
4.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea egongo da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat joko da.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio bukaeran ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinaraziko da eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda eta jasoko dituzten diru-zenbatekoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Halaber, erakunderen bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
10. artikulua.– Kontratua azkentzea.
1.– Lan-kontratua azkentzen bada kontratuan adierazitako probaldia ez gainditzeagatik, borondatezko lanuzteagatik, bidegabetzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, kontratatutako pertsonaren erretiro, heriotza, ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik diruz lagundu daitekeen gehieneko aldiaren barruan –aldi baterako kontratuetarako, 3.1 artikuluan ezarritakoa, eta kontratu mugagabeetarako, 15 hilabete–, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri, idatziz.
Komunikazio hori kontratua azkendu eta hilabeteko epean egin beharko da gehienez ere, kontrataziorako dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kontratatutako pertsonak lan egindako aldiaren zati proportzionalera doitzeko.
Doikuntza proportzional hori egiteko, artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako aldia eta kontratuaren bukaera-data hartuko dira kontuan.
2.– Artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako aldian lan-harremana azkentzen bada hor aurreikusi ez den beste kausaren batengatik, kontrataziorako emandako dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honetako 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
3.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, beste dirulaguntza-eskabide bat aurkeztu beharko du nahitaez, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere adierazitako epeetan baldin badago.
11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:
a) Emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da lehen ordainketan, dirulaguntza ematea onartzeko unean, 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.
Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du langilea Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela eta enpresako plantilla handitu egin dela.
b) Bigarren ordainketan gainerako % 50a edo dagokion zenbatekoa ordainduko da, 2025eko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatu ondoren, 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, entitate eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.
Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, horretarako inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.
1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak kontratatu dituen pertsona langabeen eta haien kontratuen iraupenen zerrenda aurkeztu beharko du.
2.– Hori aurkezteko epea hau izango da:
a) Aldi baterako kontratuen kasuan, hilabete bat, 3.1 artikuluan aipatzen den diruz laguntzeko gehieneko aldia bukatzen denetik.
b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, urtebete, kontratua hasten denetik.
Kasu batean zein bestean, zerrenda aurkezteko azken eguna 2025eko azaroaren 15a izango da, egun hori barne dela.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du aldi baterako kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeek gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, deialdiko 13. artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.
3.– Azkenean, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik –deialdi honetako 10.1 artikuluan jasotzen dira arrazoi horiek– kontratuaren iraupena ezarritakoa baino motzagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ere gutxitu egingo da, proportzioan.
4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez, kontratatutako langabeei, entitate onuradunen titularrei eta haien plantillari buruzko informazioa emango da dirulaguntzak ematerakoan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta.
13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, hauek:
a) Hasieran hitzartutako iraupena bete baino lehenago azkentzen diren kontratuen berri ematea, eta arrazoia jakinaraztea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari justifikatzea betetzen direla dirulaguntza emateko edo erabiltzeko eskakizunak eta baldintzak.
c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak bete ditzaten, entitate onuradunak gastuaren kontabilitate-erregistro bat izan behar du, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.
d) Helburu berberarekin administrazio honetatik edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dion edozein gorabehera ere.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedurak jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
g) Espresuki adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa –EAEko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.
Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduko 49. artikuluan jasotako webgunean.
h) Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunaren arloko betebeharrak:
– Lanpostuetarako probak edo elkarrizketak eta hautaketa egitean emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.
– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.
i) 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa helarazi beharko diete enpresa onuradunek kontratatutako langileei.
14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzeko eta kontratuen iraupena ezartzeko eskakizunak.
Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2031ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
16. artikulua.– Beste laguntza edo dirulaguntzekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuek kontzeptu eta helburu berberetarako emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketetan legez ezartzen diren hobariekin edo kuota-murrizketekin.
Era berean, bateragarriak dira 52 urtetik gorako langabeak kontratatzeagatiko onurekin. Onura horiek Langabeziatik babesteko sistema erreformatzeko eta lan-aukerak areagotzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko 45/2002 Legeko bosgarren xedapen iragankorraren 4. apartatuan ezarrita daude enpresentzat, maiatzaren 21eko 2/2024 Errege Lege Dekretuko laugarren xedapen iragankorra aplikatuz (2/2024 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 21ekoa, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira langabeziagatiko babesaren maila asistentziala sinplifikatzeko eta hobetzeko eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa osatzeko (2019/1158 Zuzentaraua, Gurasoen eta zaintzaileen familia-bizitza eta lanbide-bizitza bateragarri egiteari buruzkoa).
Aurrekoaren arabera, enpresa kontratatzaileari 52 urtetik gorako langabeak kontratatzeagatiko onurak aplikatzen bazaizkio eskaera egiteko egunean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, eta bertan adierazi beharko du onura hori kontratuaren iraupeneko hilekoetan aplikatu diola kontratuan ezarritako soldatari.
Bateragarritasun horrek, betiere, bermatu egin beharko du deialdiak dirulaguntzaren xede den lanpostu kontratatua betetzeko behar den titulazio akademikoko edo ikasketetako maila bakoitzerako ezarritako gutxieneko soldata-ordainsari gordina. Onura horrekiko bateragarritasunak deialdi honetako 3. artikuluan ezarritako gutxieneko soldata-ordainsari gordinaren baldintza ez betetzea badakar, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 36. artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 46. artikuluan jasotako araubideari jarraituko zaio.
2.– Diruz lagundutako lan-kontratuak 10.1 artikuluan ezarritako aldia baino lehenago azkentzen badira, artikulu horretan aurreikusi ez den beste arrazoiren batengatik, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, dagokion prozedura izapidetuta.
3.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.
Aurreko apartatuan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hori hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
4.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo haren zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epea izango da.
6.– Dirulaguntza borondatezko epean itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumenekoak diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.
Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei buruzko arauarekin, zeina erregelamendu honetan ezartzen baita: Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruz Batzordeak 2023ko abenduaren 13an egindako 2023/2831 (EB) Erregelamendua. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman «minimis» laguntzetan, hiru urteko edozein alditan. Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horretako 2.2 artikuluan.
2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.
20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere egongo dira. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude (hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua).