
176. zk., 2024ko irailaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (189 KB - 10 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4197
EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ermuko (Bizkaia) Bide Berdearen Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko uztailaren 11n, Ermuko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Ermuko (Bizkaia) Bide Berdearen Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2024ko ekainaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Ermuko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ermuko Bide Berdearen Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ermuko (Bizkaia) Bide Berdearen Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua, Ermuko udalerrian 2015etik indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) zehazten dena, bat dator Euskotrenen sareko Bilbo-Donostia trenbidearen trazadura zaharrarekin, San Antonio auzoa lotzen duen geltokitik Sallabente auzoraino, eta 18.386 m2-ko azalera du guztira. Trazadura Gipuzkoa etorbideko eraikinen atzealdeetatik igarotzen da.
Plana lurzoru urbanizaezinean garatzen da batik bat, baina hiri-lurzoruko bi eremurekin gainjartzen da bi muturretan: iparraldean, AEDP 010 San Antonio zuzkidura publikoen eremuarekin, aparkaleku gisa erabiltzen dena; eta, hegoaldean, AOD-02 Sallabente bizitegi-eremuarekin.
Plan Bereziak HAPOak definitutako Berdegune Publikoaren erabilera xehatua bi erabilera xehatutan banatzen du:
a) Oinezkoentzako espazio librea (11.569,71 m2): bide berdearen oinezkoentzako ibilbidea, loturak eta sarbideak hartzen ditu barne. Bizikleten erabilera bateragarria da oinezkoentzako erabilerarekin eta, beraz, oinezkoen eta txirrindularien arteko bizikidetza-espazio bat sortzen da.
b) Berdegunea (6.816,07 m2): bide berdearen inguruan dagoen berdegune loratua da. Gainerakoek baino landaredi-dentsitate handiagoa duten eremuak dira, eta, haren orografiagatik, ez dira egokiak beste erabilera batzuetarako.
Gainera, espazio horietan erabilera osagarri hauek baimentzen dira:
1.– Aisialdirako erabilerak.
a) Egonguneak: oinezkoentzako ibilbidearen eremu osagarriak, egonguneak, atseden-guneak eta begiratokiak sortzeko; horiek lorategiz hornituta egon daitezke, edo ez. Hiri-altzariak jarri ahal izango dira, hala nola eserlekuak eta paperontziak, edo azpiegitura-sareei dagozkien elementuak (kale-argiak eta iturriak, adibidez).
b) Jolaserako eremuak: aire zabaleko espazioetan haur-jolasetarako eremuak, hiri-altzariekin horretarako prestatuak.
c) Aire zabaleko kirol-guneak: aire zabalean kirola egiteko prestatutako eremuetan kirola aire zabalean egiteko makinak egon daitezke.
d) Lorategiak: lorategiz hornitutako berdeguneak, lehendik daudenak nahiz proposatu direnak. Horietan, landare eta zuhaitz autoktonoak landatu eta, hala badagokio, flora aloktono inbaditzaileko espezieak kendu ahal izango dira.
2.– Behin-behineko instalazioei dagokien erabilera: kultura edo jolaserako behin-behineko instalazioak ezartzeko aukera ematen duten eremuak dira, hala nola kioskoak, liburu-etxolak, aire zabaleko erakusketak, behin-behineko salmenta-postuak (izozkiak, edariak, janaria, etab.) eta terrazak.
3.– Jarduera zientifiko-kulturaletako eta jolas-erabilerako instalazioei edo eraikinei dagokien erabilera: eraikin eta instalazio osagarriak eta zerbitzuetakoak; kultura- eta aisialdi-instalazioak eta jatetxe-instalazioak.
Bide berdearen eremu osorako, 181,66 m2-ko gehieneko eraikigarritasuna ezarri da, eta azalera hori erabilera eraikigarriak ahalbidetzen dituzten ordenantzetan eskatzen den bezala banatuko da.
Sarbideei dagokienez, Planak jarduketa hauek aurreikusten ditu:
a) A1 zona: bide berdera sartzeko iparraldeko bidea: bidearen hasierako sarbidea da, Ermuko herrigunea eta bidea lotzen dituena. Gipuzkoa etorbideko espaloitik sarbide bat planteatzen da, sartzeko arrapala izango duena, betiere irisgarritasun-araudiarekin bat etorriz; hura behar bezala koordinatuko da San Antonioko eremuaren garapenarekin.
b) A2 zona: Eitzagako sarbidea. Eitzaga auzoa lotzen duen bide berdearen azken sarbidea da. 11,5 m eta 12 m arteko desnibela dago bide berdearen eta Eitzagara doan errepidearen artean. Azalera mugatu da, errepide horrekin egin daitekeen lotura hainbat modutan ebazteko. Mugaketa hori bide berdearen perimetroaren inguruan doitu eta aldatu ahal izango da, konexioaren kokapen hobea lortzeko. Planean orientazio modura erabiltzeko proposamen bat ageri da (ez da loteslea), eta bertan arrapala bidez lotzen da. Gainera, eskailera bidezko sarbide alternatibo bat proposatzen da.
c) Ze3 zona: Sallabenteko eremuarekin lotzeko aukera ematen duen eremua; gainera, beste sarbide alternatibo bat sor daiteke, Espilla baserrira doan bidearekin konekta baitaiteke.
Proposatutako planaren helburua da antolamendu xehatua Bide Berdearen Plan Bereziaren eremuan ezartzea, sistema orokorren eta tokiko sistemen sareko zuzkidura publikoak gauzatzeko jarduketen esparruan.
Lau fasetan garatzea aurreikusten da:
1. fasea: bidearen tarteko zatia hobetzeko eta egokitzeko lanak hartzen ditu barne, gaur egungo San Antonioko sarbidetik 2. eremu berezira (Ze2), tunela amaitu eta berehala.
2. fasea: sarbidea arrapalan (A1) garatzea aurreikusten da, San Antonioko eremutik bide berderaino.
3. fasea: bide berdearen tarte baten garapena barne hartzen du, 2. eremu berezitik (Ze2) Eitzagarako sarbideraino (A2).
4. fasea: Eitzagatik bide berdera sartzeko eremua (A2) garatzea barne hartzen du.
Planteatutako alternatibei dagokienez, 0 alternatibaz gain, bi garapen-alternatiba planteatzen dira.
Irizpide orokorrak:
– Erabilera eta arau egokiak ezartzea, trenaren trazadura zaharra oinezkoentzako bide berde gisa behar bezala egokitzeko.
– Bide osoan zehar oinezkoentzako ibilbidea bermatzea.
– Bidearen izaera naturala erakarpen-puntu gisa sustatzea, baita hirigintzaren eta naturaren arteko harremana ere.
– Bidearen balio naturala zaintzea eta ahalik eta esku-hartzerik txikiena sustatzea, ingurunearekiko modu koherentean.
1. alternatiba: alternatiba horretan bi sarbide proposatzen dira bide berdearen iparraldeko eremutik: bat Gipuzkoa etorbidetik, arrapalan, eta bestea Gipuzkoa etorbidea gurutzatzen duen pasabide bat, bide berdera geltokiko plazatik sartzeko. Gainera, eremuaren mugaketak titulartasun publikoko zenbait lurzoru hartzen ditu barne, bide berdearen zati gisa aprobetxatzeko. Sarbide alternatibo eta ez lotesle bat ere planteatu da Errotaberri plazatik, bidearekiko komunikazio bertikalen alternatiba bat. Sallabenteko eremuan bide berdera sartzeko eremu bat gaitu da, Eitzaga errepiderako bidetik. Era berean, hegoaldean sarbide bat planteatu da Eitzagatik doan bidearen amaieran.
2. alternatiba: alternatiba honetan sinplifikatu egiten dira biderako sarbideak. Bide berdearen iparraldean sarbide bat proposatzen da arrapalan; sarbideak irisgarritasun-araudia bete behar du, eta, beraz, alde batera utzi da Gipuzkoa etorbidea zeharkatzen duen pasaguneko sarbide alternatiboa. Horrela, inpaktu bisuala murrizten da. Gainera, sarbideak estalita geratu dira San Antonioko eremutik doan sarbidearekin; Gipuzkoa etorbidea ere lotzen du bide berdearekin. Alternatiba honetan sinplifikatu egiten da eremuaren mugaketa.
San Antonioko eremuan komunikazio bertikaleko nukleo bat aurreikusten da, eskailera eta igogailuarekin, Errotabarri plazatik nahiko gertu. Gainera, gaur egun eskailera bat dago, eta ibilgailuak sar daitezke bide berdearen kotaraino. Horregatik, baztertu egin da Errotabarri plazatik sartzeko planteatu den sarbidea (1. alternatiba).
Alternatiba honetan, 1. alternatiban deskribatutako gainerako proposamen guztiak mantenduko lirateke, hau da, Sallabenteko sarbidea eta Eitzagako hegoaldeko sarbidea. Gainera, alternatiba horrek honako irizpide hauek garatuko ditu erabilerei eta tunelari dagokienez:
Erabilerak:
– Izaera handiagoa eman nahi zaie bide berdeko eremu batzuei. Horretarako, zenbait baldintza partikular ezarri dira erabilera xehatuetan, oinezkoentzako ibilbide eroso eta segurua bermatzeko. Era berean, erabilera osagarriak sartzea proposatzen da, aldi berean, askatasuna emateko eta jardueren aniztasuna ahalbidetzeko, eta esku hartuko den ingurunearekiko koherentzia mantentzeko.
Tunela:
– Bideak zeharkatzen duen tunela arreta berezia jarri beharreko puntu bat izango da; erabilera jakin batzuekin arautzen da, espazio hori berezi bihurtzeko eta puntu beltz gisa duen izaera leheneratzeko.
– Tunelaren eremua birmoldatzea da asmoa, generoaren ikuspegitik eremu arriskutsua izan ez dadin eta puntu interesgarri bihur dadin. Horregatik, erabilera osagarri gisa jatetxe-instalazioak ahalbidetzen dituen eremu bakarra da; horrela, bada, tunelaren eremuan kafetegi bat jarri ahal izango da, adibidez, edo intereseko instalazio artistikoak edo bestelako esku-hartzeak.
Eremuan planteatutako proposamenak garatzeko eta gauzatzeko, kasuan kasuko hirigintza-jarduketako programa eta eraikuntza-proiektua formulatu beharko dira.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak edo programak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Plan Bereziak etorkizunean eremua urbanizatzeko proiektua baimentzeko esparrua ezartzen du. Proiektuaren kokalekua, eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta proposatutako garapenaren hedapen mugatua kontuan izanik, esan daiteke planak ez duela berezitasunik arrazoi horregatik ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izateko.
b) Neurriak nola eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planak lurzoru urbanizaezineko eremu baten antolamendu xehatua definitzen du bere azaleraren zatirik handienean –AEDP-10 San Antonio (hiri-lurzoruan) eta AOD-02 Sallabente (hiri-lurzoru finkatugabean) eremuekin gainjartzen denean izan ezik–. Euskotrenek Ermuan duen Bilbo-Donostia sareko trenbidearen trazadura zaharrarekin bat dator, 2015eko otsailean onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Bide Berdearen Plan Bereziaren eremuaren fitxan ezarritako zehaztapenak garatuz. Hala, ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Plan horri esker, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak har daitezke, eta, besteak beste, bero-boladek gizakion osasunean duten arriskua murrizten dute. Gainera, emisiorik gabeko mugikortasuna sustatzeko aukera ematen du, Euskotrenen trenbide-sareko Bilbo-Donostia trazadura zaharrarekin bat datorren hiriarteko korridore bat sustatuz, San Antonio auzoa Sallabente auzoarekin lotuz, eta Ermua iparraldetik hegoaldera oinezkoen zeharkatzeko aukera emanez.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kutsagarriak izan daitezkeen lurzoruei, kultura-ondareari, hondakinen eta isurien kudeaketari, urei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari, eta kutsadura akustikoari eta argi-kutsadurari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Eragindako eremua Ermuko udal-mugarteko hirigunearen hego-mendebaldeko mugan dago, eta bat dator trenbide zaharraren trazadurarekin. Eremuak 18.386 m2-ko azalera du. Iparraldean, Ermuko hirigunearekin muga egiten du; ekialdean, Gipuzkoa etorbideko eraikinekin; hegoaldean, AP-8 autobidearekin, N-634 errepidearekin eta Ariola ur-ibilguarekin (Aixola); eta, mendebaldean, lurzoru urbanizaezinarekin.
Hirigunetik hurbil dagoenez eta, neurri batean, eremua artifizializatu egin denez, eremu horrek, oro har, ez du natura-elementu garrantzitsurik. Eremuan ez dago naturagune babesturik, bestelako intereseko naturagunerik, interes geologikoko tokirik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik.
Hauek dira eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiak:
Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Debako Unitate Hidrologikoan dago. Ego ibaia jarduketa-eremuarekiko paraleloan igarotzen da Ermuko hirigunetik, eta Gipuzkoa etorbideak eta bertan oinarritzen diren eraikinek banatzen dute. Eremuaren iparraldeko muturrean, bidea Gipuzkoa etorbidearen gainetik igaroko da eta, hortik, Ego ibaia bideratuta igaroko da sestraren azpitik. Oinezkoentzako sarbide-arrapala bat aurreikusten da sestra gainean, Ego ibaiaren zortasun-eremuaren barruan. Bestalde, Ariola ibaia (Aixola) etorkizuneko bide berdearen hegoaldeko mugatik igarotzen da, eta ibaian behera isurtzen ditu urak, Ego ibaian.
Lurpeko hidrologiari dagokionez, eremua Bizkaiko sinklinaleko lurpeko ur-masaren gainean dago. Eremua ez dator bat interes hidrogeologikoko ezein eremurekin.
Landarediari dagokionez, trenbide zaharraren trazaduraren inguruan harizti azidofilo / baso misto atlantikoko orban sakabanatuak daude, baita koniferoen baso-landaketak, sastrakak, larreak eta baratzeak ere. Geoeuskadin erabilgarri dagoen informazioaren arabera, trenbidearen trazaduratik gertu dauden bi eremutan «4030 Txilardi lehor europarra» Batasunaren intereseko habitata dago.
Eremuko fauna hiri-periferiako eremuetako berezko espezieak dira; ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu. Hala ere, adierazi behar da Ego eta Ariola ibaiak bisoi europarrarentzat hobetu beharreko tartetzat hartzen direla, Bizkaiko Lurralde Historikoko espezie horren kudeaketa-planaren arabera.
Kultura-ondareari dagokionez, ibilbidearen ondoan Espilla baserria eta Bentaberri errota balizko arkeologia-guneak daude (1997ko ekainaren 5eko EHAA, 106. zk.). Era berean, Ondarearen arabera, eremuaren iparraldeko mugan beste elementu batzuk daude eraikita: Ermuko zubia, Ermuko geltokia eta Ermuko geltokiko biltegiak.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, azpimarragarriena da eremuan eraikuntza-baldintzak kaltegarritzat jo direla hiru tartetan. Ibilbidean zehar, mendiaren ezpondan lur-jausiak daude eta metalezko sarea erabili behar izan da lur-jausiei eusteko.
Eremuan oso txikia da akuiferoak kutsatzeko arriskua, zerrenda txiki batean izan ezik, arrisku ertainekoa da eta. Eremua ez dator bat uholde-arriskua duten eremuekin, eta ez dago kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kokalekurik.
Salgai arriskutsuen garraioari lotutako arrisku teknologikoak kontuan hartuta, lurzatia BI-3344 errepidearen eta A-8 autobidearen 100 metroko afekzio-bandan sartzen da. Arrisku oso txikikotzat eta oso handikotzat jotzen dira, hurrenez hurren.
Planaren eremuko hegoaldeko zati bat N-634 errepidearen (Ermuko saihesbidea) eta AP-8 errepidearen afekzio-eremuan dago (bi errepideak Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide Sarearen barruan daude). Gainera, eremuaren hegoaldeko muturreko zati bat Ermuko saihesbidearen azpitik igarotzen da, bide horren jabari publikoko eremuan.
Eremuaren hegoaldeko muturra Bilbo-Donostia trenbide-sarearen trazaduraren jabari publiko eta zortasuneko eremuen barruan dago. Era berean, horrek bidearen iparraldeko sarbideari eragingo lioke (trenbidearen trazaduraren mailatik behera dago).
Oinezkoen eta bizikleten ibilbide berria eraikitzeko lanek eta lotutako eraikin eta egonaldi-eremuak eraikitzeko lanek eragingo dituzte inpaktu gehien. Ekintza horien ondorioz, lur-mugimenduak, hondakinak, makinen joan-etorria, isurketak, zaratak eta abar sortuko dira, eta landarediari, azaleko eta lurpeko urei, lurzoruei (isurketen ondorioz), kultura-ondareari eta biztanleei eragin dakieke, baita inguruneari berari ere, atmosfera- eta soinu-isurketak direla eta.
Ildo horretan, azpimarratu behar da eremuan eraikuntza-baldintzak kaltegarritzat jo direla hiru tartetan. Ibilbidean zehar, mendiaren ezpondan lur-jausiak daude eta metalezko sarea erabili behar izan da lur-jausiei eusteko. Beraz, bidea diseinatzeko proiektuan behar bezala izan beharko da kontuan gangaren tratamendua, solte dagoen materialaren ondorioz sor daitezkeen lur-jausi txikiak saihesteko.
Bestalde, kultura-ondarearen hainbat elementurekiko gertutasuna dela eta, arlo horretan aplikatzekoa den araudia bete beharko da elementu horiei kalterik ez eragiteko.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Indarrean dagoen HAPOak bide berdea garatzea aurreikusten du, eta horretarako baldintza orokorrak ezartzen ditu. Plan Bereziak eremuaren antolamendu xehatua definitzen du eta gauzatu beharreko jarduketak zehazten ditu, betiere udal-plangintzan aurreikusitakoari jarraikiz.
Eremuaren gaur egungo egoera eta Planetik eratorritako jarduketak kontuan hartuta, eta aurrerago zehaztuko diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, urei, natura-ondareari, kultura-ondareari, hondakinei, isurketei, zaratari eta atmosfera- eta argi-isuriei dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
3.– Ebazpen honetan, Ermuko Bide Berdearen Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste erakunde batzuek ezarri ditzaketenak. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:
Urbanizazio-proiektuan ezarri beharreko neurri horiek loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk baliatzea, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, baliabideak beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, horren amaieran hondakinak modu efizienteagoan erabiliko dituen eraikuntza bat bultzatzeko.
Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.
– Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Ermuko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Loratutako berdeguneen edo «espazio libre berdeen» tratamendua: espazio horiek berriz landareztatzeko orduan kontuan hartu beharko da bidea kokatuta dagoen eremuko landaredia potentziala (harizti azidofiloa eta harizti / baso misto atlantikoa), baita «Lorategiak eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Udalsarea. 2017» ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak leheneratze-proiektua planifikatzeko sortua.
Gainera, espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Birlandaketa- eta lorategi-lanetan, ez dira erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak eta espezie arriskutsuak (Espezie apaingarriak hautatzeko gida. Udalsarea. 2017), eta lehengoratze-lanetan erabiltzen den landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: ahal den neurrian, eraikuntza jasangarriari buruzko gidaliburuetan jasotako ingurumenaren arloko neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, Planean baimendutako eraikin txikietan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesgarriak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Ermuko Bide Berdearen Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ermuko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Ermuko Bide Berdearen Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 12a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS