
164. zk., 2024ko abuztuaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 9 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4018
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Elgoibarren (Gipuzkoa) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko apirilaren 17an, Elgoibarko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honetan: Elgoibarren (Gipuzkoa) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2024ko maiatzaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Elgoibarko Udalari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren garai hartako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Elgoibarko Ekiola parke fotovoltaikoaren Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua da 21.129 m2-ko azalera duen hirigintza-eremu bat mugatu eta antolatzea, eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko Elgoibarren. Instalazioak 2 MWp-ko xede-potentzia izango du, eta 2.400 MWh-ko urteko ekoizpena, gutxi gorabehera.
Elgoibarko Ekiola parke fotovoltaikoa Elgoibar eta Mendaroko Ekiola KSk sustatzen du. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Krean Taldeak eta Elgoibarko eta Mendaroko Udalek osatzen dute, eta haien helburua energia-komunitate kooperatibo bat eratzea da.
Planaren eremua Elgoibarko hirigunearen ekialdean dagoen lurzati bat da, eta Elgoibar eta Azkarate gaina lotzen dituen GI-3321 errepidearen inguruan dago.
Elgoibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen du lurzatia. Eremuaren zatirik handiena baso-intereseko eremu bati dagokio, eta eremuaren zati txiki bat nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerako eremu batean dago.
Udalerrian indarrean dagoen hirigintza-araudiak lurzoru urbanizaezinean aurreikusitako parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzeko aukera ematen du, betiere hura landa-ingurunean ezartzeko dagoen beharra justifikatu eta haren interes publikoa deklaratu ondoren.
Plana bat etorriko litzateke Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialarekin (LPS), zeina, hasieran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko apirilaren 27ko Aginduaren bidez onartu baitzen. LPSaren 26. artikuluak zehazten du beti debekatuta egongo dela eskala ertaineko instalazioak ezartzea haiek jartzeko hautatutako kokapen-eremuetatik kanpo, LPSan energia mota bakoitzerako mugatutako esklusio-eremuetan eta gaitasun oso txikiko eremuetan. Aurreko puntuen arabera mugatutako guneetatik kanpo, eta, nolanahi ere, lurralde-plan partzialek edo HAPOek eskala ertaineko instalazioentzat hautatutako kokalekuak mugatu ez dituzten artean, instalazio horiek beste haien eremuetan jartzeko, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 28.5.a) artikuluan xedatutakoa eta LPSaren arauetako 10. artikulutik 12. artikulura jasotako energia berriztagarrien erabileraren erregulazio orokorrean ezarritakoa.
Planteatzen den instalazio fotovoltaikoa «instalazio ertain» gisa dago sailkatuta LPSan, eta ez dago hautatutako eremuetako ezeinetan, baina, halaber, ez dago esklusio-eremu ezeinetan, eta gaitasun fotovoltaiko txikia du (ez hain txikia, aurretiaz aipatutako araudian ezartzen den moduan); beraz, proposatzen den erabilera, printzipioz, onargarria da.
Instalazio fotovoltaikorako sarbidea bermatuta dago, iparraldean dagoen bide publikotik sartuko da; beraz, bide hori asfaltatzea eta iragazgaiztea saihestuko da. Gainera, parkearen barruko bideak, behar izanez gero, lur edo zagor trinkotuetan egingo dira –asfaltatzea saihestuko da horrela–.
Hesiaren barruan, abonatuaren transformazio-zentroa egongo da. Kanpoko sarbidea izan beharko du, eta, gainera, ebakitze-zentro bat egongo da (Planaren eremutik kanpo) elektrizitate-ekoizpena jasotzen duen dorre elektrikoaren inguruan.
Parkean sortutako energia ebakuatuko duen linea elektrikoa lurpetik joango da, 76 m-ko luzera izango du guztira, eta transformazio-zentroa eta ebakitze-zentroa lotuko ditu, eta azken hori eremuaren ipar-ekialdean dagoen 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoarekin.
Plakak hegoaldera begira jarriko dira, ahalik eta errendimendu handiena lortzeko. Egitura lursailaren orografiara egokituko da, zimendatzerik egin beharrik gabe, eraisten denean lursaila hasierako egoeran egon dadin.
Panelak lurrean jarriko dira, zoruan sartzeko sistema bat duen egitura finko batean, 21 eta 42 moduluko mahaietan, 7 eta 14 moduluko 3 ilaratan banatuta, hurrenez hurren, horizontalarekiko 10 graduko inklinazioarekin.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak 6 alternatiba aztertzen ditu: esku ez hartzeko 0 alternatiba, eraikinen estalkietan jartzeko 1. alternatiba, hiri-lurzoru industrialean kokatzeko 2. alternatiba eta lurzoru urbanizaezinean jartzeko 4 alternatiba.
0 alternatiba baztertu da, instalazio fotovoltaikoa trantsizio energetikoaren bidez lortu nahi diren helburuen ildoan baitago.
Eraikinetan plaka fotovoltaikoak jartzea ez da bideragarria Ekiola proiektuarentzat, batez ere proiektuak duen tamainagatik, eta instalazioak ez duelako funtzionatzen autokontsumoaren esparru arautzailearen barruan.
2. alternatiba baztertu da Elgoibarko Arriaga industrialdean, tamainari dagokionez ez delako nahikoa eta hiriko industria-lurzati baten prezioa lurzoru urbanizaezin batena baino askoz ere handiagoa delako, erabilera fotovoltaikoak eskatzen ez duen urbanizazio-maila bat eta zerbitzuak behar dituelako.
Lurzoru urbanizaezinean dauden alternatibei dagokienez, 3 kokaleku posible aztertu dira Elgoibarren barruan. 5. alternatibaren hautua justifikatzen da; izan ere, ez die nekazaritza-erabilerako edo balio agrologiko handiko lurzoruei eragiten (3. eta 4. alternatiben kasuan gertatzen den bezala), linea elektriko batetik hurbil dago eta bide publiko batetik sartzen da bertara. Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak lurzatia baso gisa kategorizatzen du; beraz, b motako azpiegiturak erabiltzea, besteak beste, parke fotovoltaikoak, bateragarria da. Gainera, egun, lurzatia ez da erabiltzen, pinudira bideratu zenetik.
Instalazioa non kokatu hautatu ondoren, ingurumen-dokumentuak bi antolamendu-alternatiba aztertzen ditu lurzatiaren barruan. 5A eta 5B alternatibak dira; ingurumenari dagokionez, oso antzekoak dira, plaka fotovoltaikoek okupatutako azaleragatik baino ez baitira bereizten, zeina handiagoa den 5A alternatiban, eta hori hautatu da, espazioaren okupazioa optimizatzen duelako eta energia gehiago sortzen duelako. Hautatutako alternatibaren arabera, Planaren eremuak 21.129 m2-ko azalera hartzen du, esparruaren hesiak mugatutakoarekin bat datorrena, baina instalazio fotovoltaikoaren eremuak 13.256 m2-ko azalera hartzen du.
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazio bat ezartzeko esparrua finkatzen du. Plana obrak gauzatzeko proiektu baten bidez garatuko da. Dokumentuak etorkizunean planaren edo programaren esparruan gauzatuko den proiektu motari buruzko informazioa jasotzen du, eta nahikoa da egiaztatzeko ez dela beharrezkoa izango haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Ingurumen-dokumentu estrategikoak aztertzen du ea Plana bateragarria den honako hauekin: Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin, Eibarko (Debabarrena) Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialarekin, Nekazaritza eta Basozaintzako eta Energia Berriztagarrietako Lurralde Plan Sektorialekin (azken hori hasieran onartu zen) eta Elgoibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin.
Bestalde, honela egiten du bat Energia Berriztagarrien LPSarekin: eskala ertaineko instalazio bat planteatzen da, iturri berriztagarrien bidez energia lortzeko, eta, gainera, instalazioa ez da egongo aipatutako LPSak esklusio-eremu gisa edo gaitasun oso txikiko eremu gisa zedarritutako eremuetan.
Nolanahi ere, Elgoibarren eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzea interes publikokotzat deklaratu behar da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ebazpen bidez, hala xedatuta baitago Euskadiko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 28.5 artikuluan eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan.
Aurrekoa kontuan hartuta, ez da bateraezintasunik ikusten hierarkian gorago dagoen plangintzarekin, betiere aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen badira.
c) Plana ingurumen-irizpideak barne hartzeko egokia den, bereziki garapen jasangarria sustatzeko: Planak energia berriztagarriko instalazio bat gauzatzea sustatzen du; hasiera batean, ingurumen-onurak dakartza, garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo nabarmenik eragingo, baldin eta afekzio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez, bai eta ebazpen honetan jasotako zehaztapenak eta zuzenketa-neurriak betez ere, eta bat etorriz ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen inguruaren ezaugarriak:
Plan Bereziaren eremuak 21.129 m2-ko azalera du. % 35eko malda duen lursail bat da, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doana; +240 kotatik +185 kotara jaisten da, eta lurzatiaren iparraldean dagoen bide publikotik sartzen da bertara.
Eremua ez dago ezein naturagune babestutan, ez eta geologia-intereseko gunetan ere. Halaber, ez dago beste katalogo batzuetan jasotako intereseko naturaguneetako ezeinetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako natura-intereseko guneen zerrenda).
Eremuan ez da katalogatutako edo inbentarioan jasotako interes kulturaleko elementurik identifikatzen, eta ez da sartzen EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan jasotako paisaien barruan.
Eremutik gertu (200 metro inguru hegoaldera) San Lorentzo ibaia dago. Ibai horren urak Deba ibaira isurtzen dira, Elgoibarko hirigunetik 1,5 kilometro ingurura. Deba ibaia Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan dago. Azterketaren eremuan ez da ur-ibilgurik hauteman, ez eta aldi baterako isurketarik ere. Era berean, ez da ur-punturik eta eremu babesturik ere aurkitu.
Planaren xede den eremua, tradizionalki, pinu-birpopulaketek okupatu izan dute, baina duela urte batzuk eremu hori moztu egin zen eta birkolonizazio naturala jasan zuen. Aztertutako dokumentazioaren arabera, landa-eremura bisitak egin dira, eremuan dauden landare-espezieak zehazteko, eta egiaztatu da Ulex minor espezieko zuhaixkak direla nagusi (ote beltza edo elorri-triska). Gainerako espezieen artean, Cytisus scoparius, Glandora prostrata, Daboecia cantábrica, Betula occidentalis, Quercus lusitánica, Quercus petraea eta Pinus radiata espezieen tamaina txikiko aleak dira nagusi. Ez da flora-espezie mehatxaturik identifikatu.
Aipatzekoa da baso naturaleko unada txiki bat dagoela, Fraxinus excelsior eta Quercus robur zuhaitzez osatua, baina Planaren eremuaren barruan egon arren, lurzatiaren mugan ez da jarduerarik aurreikusten eremu horretan, eta, beraz, unadari ez zaio eragingo.
Azterketa-eremuan, Batasunaren intereseko habitat bat hauteman da: «6510.– Altitude baxuko sega-belardi elkorrak». Eremu horretan ere ez da plaka fotovoltaikorik jartzea aurreikusten, lursailaren albo batean geratzen baita.
Bestalde, eremuko fauna landa-inguruneko eta hiri-periferiako berezko espezieez osatuta dago; ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak estatu-mailan egindako energia berriztagarrietarako ingurumen-zonakatzearen arabera, eremua ingurumen-sentsibilitate oso txikiko alde batean dago. Hala ere, geoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, lursaila energia fotovoltaikoko proiektuak ezartzeko sentsibilitate handiko eremu batean dago. Kalifikazio horren arrazoia «Ingurumen-kostua» deritzon faktorea da, eta maldan eta habitataren naturaltasunean oinarrituta kalkulatzen da. Faktore horren arabera, aldapa handiko eta irisgarritasun txikiko eremuetan energia berriztagarrien instalazioekin lotutako inpaktuek inpaktu garrantzitsuak sor ditzakete (lur-erauzketa handiak, higadura-arazoak, lurzoru-galera, eta habitatak eta landaredi naturala suntsitzea) artifizializazio-maila txikia izan ohi duten eremuetan.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da eremuan. Era berean, eremuan ez dago lursailik lurzorua kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoenik; ez du baso-suteen arriskurik, eta ez da kaltebera uholde-arriskuaren aurrean. Eremuaren inguruan ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzeko arriskua duen trenbide- edo errepide-trazadurarik.
Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak obra-fasean sortutakoak izango dira. Jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak airearen eta lurzoruaren kalitatean eragin dezake.
Plana garatzeko, 21.129 m2-ko lurzoru-azalera okupatu beharko da; azalera hori basoa izango da, eta batez ere zuhaixkaz osatua. Nolanahi ere, sustatzailearen esanetan, inpaktu hori txikia izango da; izan ere, lursailetara sartzeko, egun dagoen landa-bidea erabiliko da, eta, plaka fotovoltaikoen lerrokadurak instalatzeko, lur-mugimendu txikiak egingo dira, tinkatze bidez bermatuta. Ez dira kaltetuko balio handieneko landaredi-eremuak, hots, harizti-zuhaiztiak eta Batasunaren intereseko 6510 habitata, zeinak ugariak baitira lurzatiko zenbait eremutan.
Lurzatiaren zatirik handiena Nekazaritza eta Basogintzaren LPSak «baso» gisa izendatutako eremua da, eta, mendebaldean, «nekazaritza eta abeltzaintzako eremua: trantsizioko landa-paisaia» izendatutako beste sektore txiki bat dago. Lurzatiaren gaitasun agrologikoaren gaineko inpaktuak aintzat hartuta, eta kontuan hartuta lurzatia ez dela balio estrategiko altuko lurzoru gisa identifikatzen, inpaktu hori bateragarritzat jotzen du ingurumen-dokumentu estrategikoak. Plan Bereziak onura publikoko mendiei ere ez die eragiten.
Faunari dagokionez, aurreikusitako instalazio berriak ez du ekarriko abifaunari edo kiropteroei eragin diezaiekeen aireko linea elektriko berririk jartzea.
Ingurumen-dokumentuak zenbait zuzenketa-neurri jasotzen ditu proiektuaren garapenean sartzeko, ingurumenaren gaineko inpaktu-mailak murrizte aldera. Ustiapen fasean, positibotzat jotzen dira Planaren garapenetik eratorritako inpaktuak; izan ere, energia iturri berriztagarrien bidez ekoizteak bat egiten du trantsizio energetikorako helburuekin, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten du eta klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzen du.
Hori dela eta, jarraian aipatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, jasangarritasunaren aldekoak eta ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituenak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afekzio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenaren babesari, eta hondakinen eta isurketen kudeaketari dagokienez.
3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Elgoibarren (Gipuzkoa) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.
Plana garatzeko jarduketen eta eragindako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, jarduketa horiek gauzatzean aplikatu beharreko neurriek lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, obren okupazio-mugen kontrolarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, natura-baliabideen (landaredia eta fauna basatia) gaineko eraginen prebentzioarekin eta eragindako lurrak lehengoratzearekin.
Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:
– Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.
– Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Landaredia kentzeko egin behar diren lanak, kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landare-formazio interesgarriei eragitea saihestuko da.
– Ez da eraginik izango Fraxinus excelsior eta Quercus robur zuhaizti handiak osatutako baso naturaleko unadan (lurzatiaren mugan dagoena), ez eta Batasunaren intereseko «6510.– Altitude baxuko sega-belardi elkorrak» habitatak hartzen duen eremuan ere, lurzatiaren albo batean dagoena. Halaber, lurzatiaren barruan, egun dauden espezie autoktonoen zuhaixka-aleak kontserbatzeko ahalegina egingo da, instalazioko elementuen kokapena lehen aipatutako intereseko landarediarekin bateragarri eginez.
Eremu horiek in situ mugatu beharko dira, bai eta behar bezala babestu beharreko zuhaitz- eta zuhaixka-aleak ere, nahi gabeko kalterik jasan ez dezaten.
– Instalazio fotovoltaikoan sortutako energia elektrikoaren ebakuazio-linearaino doan konexioa lurpekoa izan beharko da, igorritako dokumentazioan zehazten den moduan, eta trazadura, ahal den guztietan, lehendik dauden bide edo pistetara egokituko da.
– Landare-lurra gaika kenduko da zangak, transformazio-zentroa, ebakitze-zentroa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.
– Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, instalazioaren eraikuntza-proiektuak honako alderdi hauek jaso beharko ditu, Plan Berezian jaso beharko direnak, hura egikaritzeko baldintzatzaile gisa:
• Hesiz inguratutako eremuaren barruan lehengoratzea nola egingo den zehaztea, kontuan hartuta dauden malda handiak eta higadura-prozesuak sortzeko aukera. Gainera, kontuan izan behar da gaur egun, eremu horretan, berroneratze naturaleko prozesu batzuk daudela, batez ere zuhaixken kasuan, ingurumen-dokumentu estrategikoak deskribatzen duen moduan; beraz, lehengoratzea funtsezkoa da soiltzeen ondoriozko natura-ondarearen galera neurri batean konpontzeko.
• Perimetroko zerrendari dagokionez, gutxienez 5 m-ko zabalerako landare-zerrenda bat jarri behar da, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak izango dituena.
• Proposatutako lehengoratzeen xehetasunak eman behar dira: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintza/hidroereintzaren dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak eta abar, aurrekontua barne.
• Egituren euskarriak tinkatzeko sistemak saihestu egiten du zimenduak jartzeko eta lur-bolumen handiak mugitzeko indusketa-beharra, baina ez makineria erabiltzeko beharra (tinkatzeko), ez eta ibilgailuak joan-etorrian ibiltzea ere. Hortaz, bertan dagoen landaredia desagerrarazteko eta lurzorua trinkotzeko prozesu bat gertatuko da. Instalazio fotovoltaikoa ezartzeko proiektuak zehaztu egin beharko luke nola saihestuko den lurzoru naturalaren gaineko eragin orokortua.
– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; orobat, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.
– Zaratari buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituenak eta arau osagarriek ezarritakora.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
• Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.
• Hondakinen isurpenak eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura saihestea.
• Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ganaduaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.
– Instalazio fotovoltaikoaren perimetro-hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du; hesi-efektua saihestu behar du, eta ingurunean integratu behar da. Ezaugarri hauek izango ditu:
• Ehiza- edo abeltzaintza-sarea, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena. Ez da erabiliko bihurdura soileko sarerik, ez eta txarrantxa edo bestelako elementu ebakitzailerik ere.
• Tamaina txiki eta ertainak igarotzeko moduko diseinua. Behealdean, sare-argi zabala, hesi osoaren behealdea 20-30 cm goratuz.
• «Katazulo» motako pasabideak gaitzea. Behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatuko da, inguruko landarediari eutsiz, bi norabideetan igaro ahal izateko moduan.
• Hesia hegaztiek talka ez egiteko gailuarekin seinaleztatzea.
– Proiektuak sortuko duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioko argiztapena egokitu beharko da, faunaren gaineko eragina saihesteko. Erabiliko diren argiek argiztapen jasangarriko irizpideak barne hartu beharko dituzte, instalazioetako energia-kontsumoa murrizteko eta gaueko argi-kutsadura gutxitzeko.
– Panelak abifaunari deigarri ez gertatzeko eta instalazioaren eragin bisuala murrizteko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, are ilargi beteko gauetan ere.
– Instalazioak uztea. Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuz egingo dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu beharko dira.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Elgoibarren Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Elgoibarko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Elgoibarko Ekiola Parke fotovoltaikoaren Plan Berezia onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 22a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat etorriz.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
AITOR ALDASORO ITURBE.
RSS